astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎18astea‎ > ‎

185barikua

URTEAN ZEHARREKO XVIII. BARIKUA

   

I. IRAKURGAIA


Zure asabak maite izan ebazan,

eta hareen jatorria aukeratu eban.


Deuteronomio liburutik   (Dt 4, 32-40)

   

    Hau esan eutsan Moisesek herriari: «Itaundu antzinako sasoiei, zu baino lehenago izandakoei, Jaunak gizakia munduan sortu ebanetik hasita; itaundu ea inoiz holakorik jazo edo entzun izan dan munduaren ertz batetik besteraino. Ba ete da herririk, zuk lez Jainkoa suaren erditik berbetan entzun eta bizirik gelditu danik? Izan al da inoiz jainkorik, herri bat beste herri baten menpetik atara eta Beretzat hartzen ahalegindu danik? Bada, horixe egin eban Jaunak, zuen Jainkoak, zuen begi-bistan Egipton: ezaugarri, mirari eta egintza harrigarriez, burrukaren bidez, ahalmen handiz, esku indartsuz eta izua zabalduz askatu zinduezan. Jauna dala Jainkoa jakin dagizun ikusiazo jatzu guzti hori, eta ez dala Ha besterik.

    Bere ahotsa entzunazo eutsun zerutik zure irakaspenerako, eta lurrean bere su handia erakutsi eutsun, eta suaren erditik Harek esandako berbak entzun zenduzan. Zure asabak maite izan ebazalako eta hareen ondorengoak aukeratu ebazalako atara zaitu Egiptotik ahalmen handiz; zurea baino herri handiago eta ahaltsuagoak bota ditu, zu hareen lurraldean sartuazoteko eta hareen lurraldea zuri ondare emoteko, gaur jazoten dan lez.

    Autortu, beraz, gaur, eta izan beti gogoan Jauna dala Jainkoa, goian zeruan eta behean lurrean: ez da besterik. Bete gaur emoten deutsudazan lege eta aginduak, zoriontsu izan zaitezen zeu eta zure ondorengo seme-alabak eta luzaro bizi, Jaunak, zeure Jainkoak, betiko emongo deutsun lurraldean».



 
 

ERANTZUN-SALMOA

Sal 76, 12-13. 14-15. 16 eta 21


R/.    Gogoan ditut, Jauna, zure egintza handiak.


Gogoan ditut, Jauna, zure egintza handiak,

gogoan, bai, aspaldiko zure mirariak.

Buruan darabildaz Zuk egindako guztiak,

hausnartzen ditut zure egintza handiak.


Santua da, oi Jainko, zure jarduerea!

Zein jainko Zu baizen handia?

Zeu zara Jainko mirarigile bakarra,

Zeuk erakutsi deutsezu herriei zeure indarra.


Zeure beso ahaltsuaz askatu zenduan herria,

Jakoben eta Joseren ondorengoak.

Artaldea lez eroan zenduan zeure herria

Moises eta Aaronen eskutik.


 
 

EBANJELIOA


Zer emon daike gizakiak, bere bizia eskuratzeko?


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 16, 24-28)

   

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Nire ondoren etorri gura dauanak uko egin begio bere buruari, hartu begi bere kurutzea eta jarraitu beist. Izan ere, bere bizia gorde gura dauanak galdu egingo dau; bere bizia Nigaitik galtzen dauanak, ostera, eskuratu egingo dau.

    Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badau? Eta zer emon daike gizakiak barriro bizia eskuratzeko? Izan ere, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzaz beterik etorriko da aingeruekin, eta orduan bakotxari bere jokabidearen arabera ordainduko deutso. Egia dinotsuet: hemen diranetako batzuk ez dira hilgo, Gizonaren Semea errege lez etorten ikusi arte».


 
 

ESKARIAK


†    Jesusek jarten deuskuzan eskakizunak (esijentziak) handiegiak eta sakonegiak emoten dabe; ezin doguz geuretu laguntza barik; jo daigun otoitzera:


—Elizearen alde: apaltasunez, samurtasunez eta amatasunez iragarri deiozan gaurko gizakiari Jesusen biztuereak dakartsozan onurak, eskatu deiogun Jaunari.

—Jesukristogan bateatuak haren heriotza-biztuereaz bat egin daien, eroapenezko eta itxaropenezko bizitzea garatzeko gauza izan daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Hil-zorian edo baztertuta edo bortxatuta edo beste era askotara sufritzen dabenak zuzengabekeriaren salapen-oihu izan daitezan, eta beste guztiok euren salapen-lagun egin gaiezan gizarte zuzenagoa lortzeko, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure eliztarren siniskerea sakontzen, sendotzen eta Jesusek eskatzen dauan erro-errokoa izaten joan daiten, eskatu deiogun Jaunari.

—Otoitzean alkartzen garanok azaleko izatetik aldendu gaitezan, eta lotsakizunen bildur barik besteen arduraz bizi izan daigun Jesus maitatzea, eskatu deiogun Jaunari.


†    Inoiz ere bertanbehera izten ez gaituzun Jainkoa: beti somatu zaiguzala gure ondo-ondoan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

   



Comments