astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎18astea‎ > ‎

182martitzena

URTEAN ZEHARREKO XVIII. MARTITZENA


   

I. IRAKURGAIA


Moises ez da beste profetak lakoa:

zelan ausartu zaree beraren kontra txarto esaten?


Zenbakiak liburutik   (Zen 12, 1-13)

   

    Egun hareetan, Miriam eta Aaronek txarto-esaka jardun eben emakume etiopiar bategaz ezkonduta egoan Moisesen aurka (Moisesen aurka, emakume etiopiar bategaz ezkonduta egoalako). Hau inoen: «Moisesegaz bakarrik berba egin ete dau Jaunak? Ez ete deusku, bada, geuri ere berba egin?» Eta Jaunak entzun eban kexua. Moises oso gizon apala zan, munduko gizonik apalena. Bat-batean honan berba egin eutsen Jaunak Moisesi, Aaroni eta Miriami: «Zoaze hirurok alkarketa-txabolara.»

    Joan ziranean, Jauna jaitsi zan lainozko habean eta txabolako sarreran kokatu. Eta Aaroni eta Miriami dei egin eutsen. Hurreratu ziran biak, eta Jaunak esan eutsen: «Entzun esan behar deutsuedana:

Zuen artean Jaunaren profetarik bada,

ikuskaritan agertzen najako

eta amesetan berba egiten.

Ez, ostera, neure zerbitzari Moisesi:

konfiantza osoko gizona dot neure etxean;

ahotik ahora berba egiten deutsat,

aurrez aurre, eta ez berba erdika.

Harek Jaunaren irudia ikusten dau.

    Zelan ausartu zaree, bada, Moises nire zerbitzariaren kontra txarto esaten?»

    Biziro hasarratu zan Jauna hareen aurka eta alde egin eban. Eta lainoa txabolearen gainetik aldentzean, Miriam legenarrak jota agertu zan, edurra baizen zuri. Miriamgana bihurturik, legenarrak hartuta ikusi eban Aaronek, eta esan eutsan Moisesi: «Parkatu, Jauna! Ez egiguzu jaurti burubakokeriaz egin dogun pekatua. Ez bedi izan Miriam amaren sabeletik urten orduko haragia erdi-janik dauan hilaurraren pareko». Moisesek oihu egin eutsan Jaunari: «Arren, Jauna, osatu egizu!»



 
 

ERANTZUN-SALMOA

Sal 50, 3-4. 5-6. 12-13


R/.    Erruki, Jauna, pekatu egin dogu-eta.


Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,

hondatu nire hobena, zeure neurribako errukiz.

Garbitu nagizu zeharo neure errutik,

garbitu neure pekatutik.


Autortzen dot, bai, neure hobena,

begi aurrean dot eten barik neure pekatua.

Zure aurka, zure aurka bakarrik, egin dot pekatu,

zure begietan oker dana egin dot.

Horregaitik, arrazoia izango dozu salatzean,

errubakoa izango zara epaia emotean.


Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,

barritu arnasa sendoa nire barruan.

Ez nagizu bota zeure aurretik,

ez kendu niri zeure arnasa santua.


 
 

EBANJELIOA


Nire Aitak landatu ez dauan landarea

zuztarretik atarako dabe.


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 15, 1-2. 10-14)


    Aldi haretan, Jerusalemetik etorritako lege-maisu eta fariseu batzuk hurreratu jakozan Jesusi eta itaundu eutsoen: «Zergaitik hausten dabe zure ikasleek zaharren ohiturea? Ez dabe eskuen garbikuntza egiten jan aurretik».

    Jenteari dei egin eta esan eutsan Jesusek: «Entzun eta ulertu ondo: Gizakia ez dau ahotik sartzen jakonak kutsatzen; ahotik urteten deutsonak, horrexek kutsatzen dau gizakia».

    Hurreratu jakozan orduan ikasleak eta esan eutsoen: «Ba al dakizu berba horreekin fariseuak suminduta itzi dozuzana?» Jesusek erantzun eutsen: «Zeruko nire Aitak landatu ez dauan landarea zuztarretik atarako dabe. Itziezue! Itsuak dira, eta itsu-gidariak. Eta itsuaren gidaria itsua bada, biak zulora jausiko dira».


 
 

ESKARIAK


†    Jesusengana gogo onez hurreratzen bagara harek bizitzeari arretaz begiratzen irakatsiko deusku, ezeren bekaizkeriarik (edo inbidiarik) ez eukiten. Izan daigun gogoan eskariok egiterakoan:


—Elizearen alde: zintzotasunez bilatu daian Jesusen irakatsia, azaluskerian, legekerian edo betekizunkerian geratu barik, eskatu deiogun Jaunari.

—Legezaleen alde, batez ere legearen pisua besteei ezartearen aldeko diranen alde: legera errukitasunezko barrauz hurreraturik, huts egiten dauana zelan salbatu bilatu daien eta ez zelan hondatu, eskatu deiogun Jaunari.

—Gurasoen alde: euren seme-alabak errukian eta maitasunean, eta ez zigorraren bildurrean, hezi daiezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Herri agintarien alde: legeak egiterakoan txiki eta ahulenei begiratu deieen eta ez ahaltsuak zelan garaileago izan leitekezan hareen lepotik, eskatu deiogun Jaunari.

—Behin eta barriz Jainkoaren Legea aitatzen dogunok huts egiten dauanarenganako errukia izan daigun nagusi inor epaitzerakoan, eskatu deiogun Jaunari.


†    Jainko errukitsua: aldendu gaizuz bekaizkeriatik eta emoiguzu bihotz errukitsu eta maitalea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.



Comments