astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎18astea‎ > ‎

181astelehena

URTEAN ZEHARREKO XVIII. ASTELEHENA

   

I. IRAKURGAIA


Nik bakarrik ezin dot eroan herri guzti honen zama.


Zenbakiak liburutik   (Zen 11, 4b-15)   


    Egun hareetan, honan esan eben israeldarrek: «Nork emongo deusku haragia jateko? Gogoan dogu Egipton dohainik jaten genduan arraina, baita hango pepino, meloi, porru, kipula eta berakatzak ere? Orain, barriz, makaltzen dihardugu; "mana" baino ikusten ez dogula».

    Iturri-bedarraren haziaren antzekoa zan mana, erretxina-kolorekoa. Banatu egin ohi zan herria mana batzeko, eta, errotan eho edo motroiloan xehetu ondoren, lapikoan egosi eta orio-ogiaren gustuko opilak egiten ebezan. Gauez, kanpalekuan iruntza egitean, gainean agertu ohi zan mana ere.

    Jakin eban Moisesek herriak, senitarteka baturik, nor bere txabola atean negarrez ziharduala. Jauna biziro hasarratu zan; Moises ere mindurik egoan, eta Jaunari esan eutsan:

    «Zergaitik hartzen dozu txarto zeure zerbitzari hau? Zergaitik kentzen deustazu zeure konfiantzea eta botaten deustazu gainera herri oso honen zama? Nik sortu ete dot, bada, herri hau? Nik ekarri ete dot mundura, Zuk niri esateko: "Hartu egizu lepoan, inudeak umetxoa lez, eta eroan asabei berba emondako lurraldera"? Nondik atarako dot nik haragia, herri guzti honi jaten emoteko? Haragi eske hasi jataz-eta negarrez. Nik bakarrik ezin dot herri guzti hau eroan: zama astunegia da niretzat. Holan erabili behar banozu, hil nagizu, arren, begiko banozu behintzat, eta ez dot neure zorigaitza gehiago jasan beharko».



   

ERANTZUN-SALMOA

Sal 80, 12-13. 14-15. 16-17


R/.    Egin pozez oihu

    laguntzaile dogun Jainkoari


Baina nire herriak ez eustan jaramonik egin,

Israelek ez eustan obeditu.

Orduan zapuztu egin nituan euren burugogorkeriagaitik:

bizi daitezala euren gogara!


Ai neure herriak entzungo baleust!

Ai Israel nire bidetik balebil!

Bat-batean beheratuko neukez haren arerioak,

eskua luzatuko neuke haren zapaltzaileen aurka.


Menpean izango leukez Jaunari gorroto deutsoenak:

horra hareen zoria betiko!

Garirik onenaz janarituko neuke neure herria,

eztirik gozoenaz aseko.


   

EBANJELIOA


Agindu egidazu Zeugana joateko ur gainean.


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 14, 22-36)

   

    Jentea asetu ondoren, Jesusek bere ikasleak ontzian sartuazo ebazan eta bere aurretik bestaldera joateko agindu eutsen, Berak jenteari agur egin bitartean. Jentea bialdu eta gero, mendira igon eban Jesusek bakarrik, otoitz egitera. Ilundu ebanean, han egoan bakarrik.

    Txalupea, ordurako, lehorretik urrun joian, olatuek astinduta, haizea kontra eban-eta.

    Goizaldera, Jesus hareekana joan zan ur gainean oinez. Ikasleak, ur gainean ibilten ikusi ebenean, ikaratu egin ziran, mamuren bat zalakoan, eta bildurraren bildurrez deadarka hasi ziran. Baina Jesusek bat-batean berba egin eutsen: «Izan bihotz! Neu naz; ez izan bildurrik!» Orduan Pedrok esan eutsan: «Jauna, benetan Zeu bazara, agindu egidazu ur gainean Zugana joateko». Jesusek erantzun: «Zatoz!»

    Pedro ontzitik jatsi eta Jesusegana abiatu zan ur gainean oinez. Baina, haizearen indarra nabaritzean, bildurra sartu jakon eta, urperatzen hasi zala, deadar egin eban: «Jauna, salbau nagizu!»

    Bat-batean Jesusek, eskua emon eta heldu egin eutsan, esanez: «Sinesmen gitxiko hori! Zergaitik izan dozu zalantza?»

    Ontzira igon ebenean, haizea gelditu egin zan. Eta ontzian egozanak Jesusen aurrean ahuspez jarri ziran, esanez: «Benetan Jainkoaren Semea zara Zu!»

    Itsasoa igaro ondoren, Genesareten heldu ziran lehorrera. Bertakoek, Jesus ezagutu ebenean, inguruko lurralde guztian zabaldu eben barria, eta gaixo guztiak eroan eutsoezan. Soineko-ertza behinik behin ikutzen izteko eskatzen eutsoen, eta ikutzen eben guztiak osaturik gelditzen ziran.



   

ESKARIAK


†    Nahi eta nahi ezkoa dogu eragozpen eta beste era askotako olatuen artean ibiltea. Otoitzera joko bagendu holango uneetan…


—Elizearen alde: aldietako oztopo eta eragozpenen artean ibilten jakin daian, otoitzean eta apaltasunean indar hartuz, eskatu deiogun Jaunari.

—Guk egiten dogun Gizarte honen eztenkadak jasaten dabezanen alde: otoitzera jo daien Jainkoaren hurtasuna sentitzeko eta harei aurre egiteko behar daben adorea izateko, eskatu deiogun Jaunari.

—Otoitzaren beharrizanik ez daukenen alde; otoitza denbora galtzea dala uste dabenen alde; otoitza ulertzera edo aintzat hartzera ere heltzen ez diranen alde: Jesus gau guztian otoitz egiten ikusteak otoitzera bideratu daizan, eskatu deiogun Jaunari.

—Olatu artean bizi diran familien alde; zintzotasunari eutsi ezinean diharduen senar-emazteen alde: otoitzera hurreratu daitezan eta alkarregaz otoitz egiten ikasi daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Otoitzerako alkartzen garanok gure otoitzean Jesus izan daigun eredu, eta otoitzetik atara daigun egunerokoari Jainkoak nahi dauan lez erantzun ahal izateko adorea, eskatu deiogun Jaunari.


†    Jainko Jauna: baliokoa izan dakigula otoitza zu hurrean somatzeko eta gu zugandik hur. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.



Comments