astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎17astea‎ > ‎

176zapatua

URTEAN ZEHARREKO XVII. ZAPATUA

   

I. IRAKURGAIA


Jubileu urtean, bakotxa

lehen bereak ebazanen jabe egingo da barriro.


Levitarren liburutik   (Lv 25, 1. 8-17)

   

    Hau esan eutsan Jaunak Moisesi Sinai mendian: «Kontau egizuz zazpi asteko egunak adina urte: zazpi bider zazpi, hau da, berrogeita bederatzi urte. Aldi horren buruan, zazpigarren hilaren hamarrean, Parkamen-egunean, adarra joazoko dozu ozen lurralde guztian. Berrogeita hamargarren urtea urte santutzat hartuko dozue eta jubileu-urtea izango da. Urte horretan askapena iragarriko dozue lurraldeko biztanle guztientzat: nork bere lurren jabetza berreskuratuko dau eta bere senitartera bihurtuko da. Holan, bada, berrogeita hamar urtetik berrogeita hamar urtera jubileu-urtea ospatuko dozue: urte horretan ez dozue ezer ereingo, ez berez ernetakorik ebagiko, ezta batuko ere inausi barik itzitako mahastietan. Jubileu-urtea izango da-eta, urte santua zuentzat. Lurrak berez emoten dauana jango dozue.

    Jubileu-urtean, zuetako bakotxak bere lurren jabetza berreskuratuko dau. Beraz, herritarren artean ezer saltzean edo erostean, ez egin kalterik batak besteari. Salerosketak egitean, izan kontuan azken jubileu-urtetik hona igarotako urteak eta hurrengora arte falta diranak: zenbat eta urte gehiago falta, hainbat eta handiagoa prezioa, eta zenbat eta urte gitxiago falta, hainbat eta txikiagoa prezioa; saltzen dana gelditzen diran uztak dira-eta.

    Ez begio inork herritarrari kalterik egin; holan erakutsiko dozu begirunea deutsazula zeure Jainkoari. Neu naz Jauna, zuen Jainkoa.



 
 

ERANTZUN-SALMOA

Sal 66, 2-3. 5. 7-8


R/.    Ene Jainko, ospatu zagiezala herriek,

    ospatu zagiezala herri guztiek


Erruki bekigu Jainkoa eta bedeinkatu gagizala,

agertu deigula aurpegi argia,

ezagutu dagien munduan zure bidea,

nazino guztietan Zugandiko salbamena.


Poztu bediz kantari nazinoak,

zuzentasunez dozuz-eta gobernatzen herriak,

Zuk gidatzen munduan nazinoak.


Lurrak bere uzta emon dau,

Jainkoak, gure Jainkoak, bedeinkatzen gaitu.

Bedeinkatu gagizala Jainkoak,

izan begio begirunea mundu osoak.


 
 

EBANJELIOA


Herodesek Joani samea ebagiazo eutsan;

eta haren ikasleak Jesusi barri emotera joan ziran.


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 14, 1-12)

   

    Aldi haretan, Jesusen barri jakin eban Herodes Galileako gobernariak, eta esan eutsen bere zerbitzariei: «Joan Bateatzailea da! Hildakoen artetik biztu da, eta horregaitik dauko mirariak egiteko ahalmen hori».

    Izan ere, Herodesek Joan harrapatu eta, loturik, kartzelan sartuta eukan, Herodias zala-eta. Herodesen anaia Filiporen emaztea zan Herodias. Joanek honan esaten eutsan Herodesi: «Ez jatzu zilegi emazte hori eukitea». Herodesek hil egin nahi eban, baina jentearen bildur zan, profetatzat euken-eta danek.

    Baina Herodesen urtebetetean, Herodiasen alabeak dantzan egin eban guztien aurrean eta atsegin izan jakon Herodesi. Haregaitik, eskatu ahala guztia emongo eutsala agindu eutsan neskatileari zin eginez. Neskatileak, bere amaren aholkuari jarraituz, esan eutsan Herodesi: «Emoidazu oraintxe bertan Joan Bateatzailearen burua platerean». Ilun jarri zan erregea; baina mahakideen aurrean egindako zinagaitik, eskatutakoa emoteko agindu eban, eta Joani samea ebagi eutsoen kartzelan. Platerean burua ekarri eta neskatileari emon eutsoen, eta neskatileak amari.

    Joanen ikasleek haren gorpua jasotera etorri eta lur emon eutsoen; gero, Jesusi barri emotera joan ziran.


 
 

ESKARIAK


†    Salbagarria da Jainkoaren Hitza, txarkeria salatzen eta zuzentasuna iragarten dauana. Eskatu daigun bere esaneko izaten ahalegindu gaitezela:


—Elizearen alde: mundu honetako zuzengabekeriak, eta batez ere txikien eta ahulenen aurka egiten diranak, salatzen jakin daian eta bide onera deitzen, eskatu deiogun Jaunari.

—Herria zerbitzeko berbea emon daben politikarien alde: benetan ahalegindu daitezan besteen ona bilatzen eta batez ere ahulenen alde egiten, eskatu deiogun Jaunari.

—Diru-goseak iruntzitakoekaitik, euren etxe barik edo lanik barik edo osakuntza eta irakaskintza barik gelditu diranen alde: sistema ekonomiko honen aurkako aldarri bihurtu daitezan eta ha ezabatzera bultzatu gaiezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Euren ezkon bizitzan arazoak eta gora-beherak daukezan bikoteen alde: parkatzen jakin daien eta euren arteko berotasuna eta maitasuna landu daiezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Eukaristiarako eta otoitzerako alkartzen garanok itxaropentsu agertu gaitezan zuzengabekeriaren aurka ahotsa jasoterakoan, eta salatubeharrekoak bildur barik salatu daiguzan, eskatu deiogun Jaunari.


†    Guztion Aita/Ama zaitugun Jainkoa: atara gaizuz geurekeriaren atzaparretatik beti besteen ona bilatzen ahalegindu gaitezan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.



Comments