astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎17astea‎ > ‎

175barikua


URTEAN ZEHARREKO XVII. BARIKUA

   

Urtean zeharreko XVII. asteko barikua



I. Irakurgaia


Jaunaren jaietan batzar santuak egingo dozuez.


Levitarren liburutik   (Lv 23, 1. 4-11. 15-16. 27. 34b-37)


Hau esan eutsan Jaunak Moisesi: «Hona hemen batzar santua eginez ospatuko dozuezan Jaunaren jaiburuen egutegia: Lehenengo hilaren hamalauan, ilunabarrean, Jaunaren Pazkoa ospatuko dozue. Hilabete beraren hamabostean Legamina bako Ogien Jaia ospatuko dozue Jaunaren omenez. Zazpi egunez legamina bako ogia jango dozue. Astearen lehenengo egunean batzar santua egingo dozue eta ez dozue ohiko lan arruntik egingo. Asteko egun bakotxean opariak erreko dozuez Jaunaren omenez; zazpigarrenean batzar santua egingo dozue barriro eta ez dozue ohiko lan arruntik egingo».

Hau esan eutsan Jaunak Moisesi: «Esan israeldarrei: "Nik emongo deutsuedan lurraldean sartu eta bertako uzta batzen dozuenean, lehenengo gari-sorta abadeari emongo deutsazue. Abadeak Jaunari aurkeztuko deutso, gari-sortea haren aurrean kulunkatuz, zuen eskeintza atseginez onartu dagian. Zapatu-biharamunean aurkeztuko dau.

Gari-sorten oparia aurkeztuko dozuen egunetik, hau da, zapatu-biharamunetik hasita, zazpi aste zenbatuko dozuez; berrogeita hamar egun izango dira, beraz, zazpigarren zapatu-biharamuna arte; orduan, beste labore-opari bat eskeiniko deutsazue Jaunari.

Zazpigarren hilaren hamarrean, Parkamen-eguna ospatuko dozue. Batzar santua izango dozue, barau egingo eta oparia erreko Jaunaren omenez.

Zazpigarren hilaren hamabostean hasita, Txabola-jaia ospatuko dozue zazpi egunetan, Jaunaren omenez. Lehenengo egunean batzar santua egingo dozue, eta ez dozue ohiko lan arruntik egingo. Zazpi egun horreetan opariak erreko dozuez Jaunaren omenez; zortzigarrenean batzar santua egingo dozue barriro ere eta era berean oparia erreko Jaunaren omenez; ez dozue ohiko lan arruntik egingo.

Horreek dira Jaunaren jaiburuak, eta horreetan batzar santua egingo dozue eta opariak eskeiniko Jaunaren omenez: erre-opariak eta labore-opariak, alkartasun-opariak eta isur-opariak, jai bakotxaren ohikuneari jagokon eran"».


 

Salmoa

Sal 80, 3-4. 5-6ab. 10-11ab



R/.    Egin pozez ohiu laguntzaile dogun Jainkoari.


Ekin kantuari, jo danbolina,

jo zitara gozoa eta harpea.

Jo turuta ilbarrian,

ilbeteko gure jaiegunean. R/.


Horixe da-eta Israelen legea,

Jakoben Jainkoak erabagia,

Joseren familiari ezarritako araua,

Egiptotik urten ebanean. R/.


Ez izan zeure barruan beste jainkorik,

ez gurtu jainko arrotzik.

Neu naz Jauna, zure Jainkoa,

Egiptotik atara zinduzana. R/.


 
 

Ebanjelioa


Hau ez al da arotzaren semea?


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 13, 54-58)


Aldi haretan, Jesus bere herrira joan zan eta irakasten ziharduan sinagogan. Jenteak, harriturik, honan inoen: “Nondik ditu Honek holako jakituria eta nondik mirari horreek? Hau ez al da, ba, arotzaren semea? Honen amak ez al dau izena Maria, eta honen anaiek Santiago, Jose, Simon eta Judas? Eta honen arrebak ez al dira gure artean bizi? Nondik dau, beraz, Honek guzti hori?” Eta ezin eben sinestu Haregan.

Jesusek esan eutsen: “Profeteari edonon emoten deutsoe ohore, bere herrian eta etxean izan ezik”. Eta, hareen sinesgogorkeriagaitik, ez eban han mirari askorik egin.



 
 

ESKARIAK


†    Jesusek bere herrian aurkitzen dauz bere irakaskintzarako trabak eta oztopoak. Izan daigun kontuan gure eskariok egiterakoan:


—Elizearen alde: Jainkoaren Hitza zabaltzerakoan, bere eginbehar behineneko lez, lehenengo entzule arretatsu izan daiten eta Espirituaren esanetara jarri, eskatu deiogun Jaunari.

—Gaurko gazteen alde: ingurukoen zerresanei begira, edo hareekaitik bildurtuta, egon ez daitezan Jeusen berbea entzuterakoan eta haren ikasle agertzerakoan, eskatu deiogun Jaunari.

—Haserrean bizi diran senide edo senar-emazteen alde: azaleko usteetatik barrurago begiratzen jakin daien, parkatzen eta bakeak egiten, eskatu deiogun Jaunari.

—Euren ministeritzan hagaitik edo horregaitik bazterkuntzara eta lotsakizunera eroanak izan diranen alde: damua agertu daien, eta parkamenaz eta laguntzaz erantzun dakien, eskatu deiogun Jaunari.

—Jesusen irakatsien gozotasuna hartzen dogunok inoioz ez daigun azalkeriaz inor epaitu, eta beti begitu daigun barrurago sinismen begiez, eskatu deiogun Jaunari.


†    Zure Semearen autorle egitren gaituzun Jauna: ez eiguzu itxi etsipenean jausten gure hutsak eta makaltasunak dirala-ta. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.


 

Comments