astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎17astea‎ > ‎

173eguastena


URTEAN ZEHARREKO XVII. EGUAZTENA

   

I. IRAKURGAIA


Moisesi begiratzen eutsoenak,

bildur ziran haregana hurreratzeko.


Urteera liburutik   (Ur 34, 29-35)

   

    Moises Sinai menditik jatsi zan legearen harlauza biak eskuetan ekarzala. Ez ekien aurpegia distiratsu ebala, Jaunagaz berba egiteagaitik. Aaronek eta israeldar guztiek ikusi eben Moisesek aurpegia distiratsu ebala, eta bildur ziran haregana hurreratzeko. Moisesek dei egin eutsen. Aaron eta herriko buruzagiak Moisesegana bihurtu ziran eta berba egin eutsen honek. Ondoren, israeldar guztiak hurreratu jakozan, eta Jaunak Sinai mendian emondako agindu guztiak adierazo eutsezan Moisesek.

    Berba egiten amaitu ebanean, zapi batez estaldu eban aurpegia. Jaunagaz berba egiteko beraren aurrera sartzen zanean, zapia kendu egiten eban urten arte. Urtetean, Jaunak agindutakoa adierazoten eutsen israeldarrei. Moisesen aurpegia distiratsu ikusten eben Israeldarrek, eta zapiaz aurpegia estaltzen eban Moisesek, barriro Jaunagaz berba egitera sartu arte.



 
 

ERANTZUN-SALMOA

Sal 98, 5. 6. 7. 9


R/. Santua zara Jauna, gure Jainkoa


Goratu Jauna, gure Jainkoa,  

ahuspeztu haren oinaurki aurrean.

Santua da Jauna.


Haren abadeen artean ziran Moises eta Aaron,  

haren izenari dei egiten eutsoenen artean Samuel:

dei egiten eutsoen Jaunari, eta Harek erantzun.


Laino-adarretik berba egin eutsen,  

eta hareek gordeten ebezan

haren aginduak eta Harek emondako legea.


Goratu Jauna, gure Jainkoa,

ahuspeztu haren mendi santuaren aurrean.

Santua da Jauna, gure Jainkoa!


 
 

EBANJELIOA


Saltzen ditu daukozan gauza guztiak,

eta soloa erosten dau.


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 13, 44-46)

   

    Aldi haretan, esan eutsen Jesusek ikasleei: «Zeruetako erreinuagaz soloan ezkutauta dagoan altxorragaz lez jazoten da. Norbaitek, aurkitzen dauala, barriro ezkutau egiten dau eta, pozaren pozez joan, dituan guztiak saldu eta solo ha erosten dau.

    Era berean, zeruetako erreinuagaz, harri bitxi bila dabilen merkatariagaz lez jazoten da. Balio handiko bat aurkitzen dauanean, joan, bere gauza guztiak saldu eta erosi egiten dau.


 
 

ESKARIAK


†    Ondasun eta altxor ederra dogu sinismena eta Jesus ezagutu ta maitatzea: konfiantzaz aurkeztu deioguzan gure beharrizanak Jainkoari haren bitartez:


—Elizearen alde: sinismena dan altxor paregabea bere seme-alabei aintzat hartzen, lantzen eta eskertzen irakatsi deien, sinisgabeentzat ere deigarri izateraino, eskatu deiogun Jaunari.

—Gurasoen alde: euren seme-alabak Jainkoagazko hartu-emonetan hazten ahalegindu daitezan, eurentzat eredu izanez, eskatu deiogun Jaunari.

—Zaharrak, gaisoak eta ezertarako ez diranak zaintzen eta laguntzen diharduenek hur sentitu daien behartsuaren ondoan bere bizitza emon eban Jesus, eskatu deiogun Jaunari.

—Ondasun galkorrekaitik alkar hilten diharduen herrialdeek bake-eguna bilatu daien, parkamenera eta alkar onartzera zabalik egonez, eskatu deiogun Jaunari.

—Alkartean Eukaristia ospatzezko gauza garanok esku artean daukagun altxor paregabe hau aintzat hartu, landu eta eskertu daigun, eskatu deiogun Jaunari.


†    Ondasunik ederrenez janzten gaituzun Aita/Ama maitalea: emoiguzu bihotz zabala eta argitasuna gugandik itxaroten dozun lez erantzun deizugun. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.




Comments