ttiki-ttaka berria

 free hit counter

    Arabar Errioxako eta Vianako euskaldunon elkartea 1992an sortu genuen. Garai hartan
15 urte inguru zeramatzaten euskaltegi eta ikastolek, eta kasik euskaldunik ez egotetik
100 euskaldun inguru izatera paseak ginen aipatutako urterako.
    Ezin uka hau lortzea aurrerapausu handia zena, baina bazegoen eskualde honetan
hutsune nabarmen bat euskaldun berrion kontra jotzen zuena. Hau da, ingurua, harremanak
eta bizitzako esparru guztiak gazteleraz ziren eta horrela oso zaila egiten zen ikasitako
euskara erabiltzea eta mantentzea
.
    Egoera horri aurre egin nahian bertako zenbait euskaldunek beste herri batzuetako
eskarmentua aztertu eta talde bat sortzea erabaki genuen: TTIKI-TTAKA.
   
     Taldearen ezaugarriak ere zehaztu genituen:
        Euskalduna: taldeak euskaraz funtzionatuko zuen. Partaideek ulertu eta hitz egiten
        moldatu beharra zuten.
        Independientea: euskara izango zen bilduko gintuen elementu bakarra; hortaz, ez
        genuen izango lotura organikorik inolako alderdi edo elkarteekin.
        Jokaera zabala: arrakasta irekitasunez eta zabaltasunez jokatzean zetzalakoan
        geunden, alegia, jokaera eta pentsakera askotako jendeak izango zuen lekua.
 
    Egin ere gauza asko egin ditu Ttki-ttakak: aldizkaria 17. alera iritsi da, ekitaldi pila bat gauzatu dugu (hitzaldiak, bertso-afariak, antzerkiak, dantzaldiak...), gazteek ere ikastaro dezente izan dituzte (txalaparta, pandero, dj, graffiti...), begirale titulua lortzeko ikastaroak ere antolatu ditugu, udan herri askotan udaleku ireki euskaldunak antolatu ohi dira haurrentzat, Arabar Errioxako euskara eguna urte pila batez antolatu dugu herriak txandakatuz...
    
    Hala ere, beti dago hobetzea eta Ttiki-ttakan hausnarketak etengabe gauzatu ditugu.
    Duela hiruzpalau urte zonaldeko euskararen diagnosia gauzatu genuen. 10 urte bete zituen elkarteak eta sorreran egin genuen bezalaxe, azterketa sakon samar bat gauzatu genuen.
    Zonaldeko ezagutza eta erabilera datuak aztertzeaz gain, Nazio Batuen Erakundearen lanak, Unescorenak, Eusko jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailak eginikoak, Euskal Soziolinguistika Institutuak buruturikoak... kontrastatu genituen. Garbi zegoen, pausu handiagoen beharra du euskarak.
    
    25 urte baino gehiago dira euskararen inguruko lanean eta ezin dela dena motibazio pertsonalean utzi ikusi dugu, denon inplikazioa behar-beharrezkoa da: gizabanakoona, hasieratik euskararen motorra osatu dugun ikastola, eskola, euskaltegi eta zenbait elkarterena, eta nola ez, Administrazioarena.
 
    Momentuan 60 bazkidek, ikastola guztiek, eskola batek, euskaltegiak eta zenbait elkartek osatzen dugun TTIKI-TTAKA BERRIAk helburua ez du aldatu: gure eskualdean euskara normalizatzea, biziberritzea, hau da, euskarak hizkuntza batek bete ohi dituen funtzio guztiak esparru guztietan betetzea, lana, familia, harremanak...
 
    Elkarteak lau esparrutan egingo du lan:
    Bakoitzak bere zentroetan: dela ikastola kanpoko jardueretan, dela ikastola barruko erabilera areagotu nahian. Zentro bakoitzeko bazkideen jarrera eta jokaera hobetzeko asmoz...
    Herri bakoitzean: ikasleekin, ikasle ohiekin, ikastola eta euskaltegiko ikasleak harremanetan jarri, herritarren inplikazioa eta konplizitatea lortu...
    Eskualdean edo zonaldean: gure zentroak harremanetan jarri. Euskara Eguna, kanpotik datozen kontuak (Korrika, Ikastolen festetako autobusak antolatu, ...), euskara sustatzeko plana...
Topaguneko bazkide ere bada Ttiki-Ttaka , beraz Euskal Herri mailako ardura ere badugu.
Funtzionamendu egokia eta arina izan dezan elkarteak, 6 lan-multzo egin ditugu eta zentruen artean banatu. Ardura nagusiak Lantziegoko eskolak, Oiongo ikastolak, Vianako ikastolak, Lapueblako ikastolak, euskaltegiak eta Bastidako ikastolak hartu dituzte.
 
29ko afaria dugu ikasturte honetako lehenbiziko ekintza, abenduaren 8an Durangora joango gara autobusez azoka ikustera, Mintzalagun egitasmoan parte hartzeko fitxak eskuragarri daude, begirale titulua nahi duenak ere oraindik badu izena emateko beta... laster izango duzue bazkideok 2008ko ekitaldien berri.

TTIKI-TTAKAko bazkide fitxa
Izena:
Abizenak:
Helbidea:
Herria:
Posta kodea:
Lanbidea:
Telefonoa:
E-maila:
Banku edo aurrezki kutxako 20 zenbaki