Historia

Onddi mendiaren azpialdean aurkitzen da Osiñaga bailara eta auzoa, 65 bat baserrik osatua.
Onddi mendiaren oinetan Urumea ibaiak du bere uharka edo bidea egina, han barrena doaz antzinatik bere urak haran ederra ureztatuz. Urumea ibaiaren ezkerraldean Loidi eta Osiñaga daude, eta eskuinaldean Eziago eta Zikuñaga.
Egun Hernani herriaren erdigunetik gertu dagoen arren, mende hasieran, bide horiek oinez zeharkatu behar zirenean, urruti geratzen zen bertako bizilagunentzat.
Erribera aldean artasoro zabal eta ugariak zeuden; eta baserri ondoan, etxerako pasabidean, baratzeak, garaian garaiko barazkiak izateko. Baserriko nagusiak ganaduaren ardura eta zaintza zuen orduan. Etxekoandreak, berriz, esnea eta barazkien salmentarena. Salmenta egiteko astoa hartu eta herrian edo Donostian etxez-etxe ibiltzen ziren, eta jasotako diruarekin azukrea, olioa, haragia... ekartzen zituen etxera.



Garai bateko kontuak dira horiek. Orain gauzak dezente aldatu dira eta bizimodua bestelakoa da Osiñaga auzoan ere. Baina hainbat ohitura edo bizimodu aldatu diren arren, bizilagunen arteko elkarbizitzak bizirik jarraitzen du.

Comments