1. Gaiak‎ > ‎

1.1. Ilustrazioa Euskal Herrian

Europako XVIII. mendeari Argien mendea edo Ilustrazioaren mendea deitu diote askotan; baina Zientziaren mendea ere dei diezaiokegu, zientzia esperimentalak eta teknikoak asko garatu baitziren mundu hobea lortzeko asmoz.

Mende hartan, edozein aktibitate kontrolpean mantentzen saiatu ziren Europako estatuak          —Despotismo Ilustratua izena eman zioten gobernatzeko era horri. Era berean, Elizaren boterea murriztuz joan zen, eta Nazioaren hezkuntza-maila jasotzeari berebiziko garrantzia eman zioten, batez ere, hezkuntza horretan ezaguera erabilgarriak sartzen baziren.

Espainiar estatuko unibertsitateak Elizaren esku zeuden —Oñatiko Unibertsitatea horren adibide da—, eta, antza denez, haiek ez zituzten prestatzen Estatuak eta Gizarteak eskatzen zituzten profesionalak nekazaritza, industria edo merkataritza arloetan. Beraz, gabezia hori gainditzeko, ekonomia-elkarteak sortu ziren, eta horietan, askotariko jarduerak egin: atzerriko irakasleak eta profesionalak kontratatzea, bekadunak atzerrira bidaltzea, ikastetxeak fundatzea, edo ikastetxeak diruz laguntzea garapenerako beharrezkoak ziren ezaguerak eman zitzaten.

Samaniegoren[1] biografoak honako hau dio: “Garai hartan, hezkuntza oso atzeratua zegoen Espainian, eta Erresumako barnealdearekin komunikatzea zaila zen, bideak ez baitziren egokiak. Hori dela eta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zaldunek, Frantziako mugatik hurbil bizi zirenez gero, errazago bidaltzen zituzten beren semeak Baionara edo Tolosara[2] heztera Madrilera baino.”

Hura izan zen biderik errazena gure herriko burgesak eta handikiak entziklopedista frantziarrekin kontaktuan egoteko eta haien ideiak Euskal Herrian barrena zabaltzeko. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortzea   —espainiar estatuko lehenen ekonomia-elkartea— testuinguru historiko horretan kokatu behar dugu.



[1] Felix Maria Samaniego (1745-1801). Idazle eta ilustratu arabarra, alegialari lanagatik  da ezaguna batez ere (Fábulas).

[2] Okzitaniako Tolosa.  Frantsesez, Toulouse.