Sarrera

Zientzia-aurrerapen eta -ezaguerak toki eta denbora jakinetan sortu ohi dira. Zientzia-garapenaren zergatia, zertarakoa eta hura noren onurarako ote den argitzen laguntzeko, baliagarria izango zaigu zientzia-ikerketa non, noiz eta nork egiten duen jakitea; eta horrela, gure gizartea eta haren garapena hobeto ezagutuko ditugu.

Izan ere, informazio horiek irakasleon tresnak izan behar dutelakoan bideratu dugu webgune hau, ikasleei zientzia-ezagueren ikuspegi orokor bat emateko helburuz.

Lan honen nondik norakoak nolabait zehaztearren, honako hauek aipatuko ditugu:                      Alde batetik, irakasgai bi, garai historiko bat eta leku bat aukeratu ditugu: FISIKA ETA KIMIKA XVIII. MENDEKO EUSKAL HERRIAN; hortaz, lan mugatua da, baina zabalago bihurtzea du jomuga. Horretarako, webgunea zabalik geratuko da hala nahi duenak ekarpenak egin ditzan, bai gaiei dagokienez, bai garai historikoei edo lekuei dagokienez ere. Beste alde batetik, lanaren beraren sortze-prozesuaz eta egituraz ere zertxobait esan gabe ez dugu gelditu nahi: gaiei eta garaiei dagozkien testuak aurkitzea izan da gure lehenengo lana; ondoren, horiek dagokien testuinguruan jartzea eta euskaratzea etorri da; eta azkenik, Jarduerak izendatu dugun atala gehitu dugu. Azken horretan, zenbait ariketa proposatu dugu irakaskuntza ertaineko ikasleei begira. Izan ere, hemen aurkezten dugun materialaren espiritua osagarria izatea da, eta gure ikasleen aniztasunari aurre egiteko lagungarri xumea izan nahi du. Horrela, bada, irakaslearen esku geratzen da bere ikasleentzat egokienak diren ariketak aukeratzea.

Comments