Larraitz Uria Garin                                   English

Euskal Herriko Unibertsitateko IXA taldeko kide naiz 2001. urtetik.

IXA taldean, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduaren (HAP) alorrean dihardugu lanean, euskara ordenagailu bidez tratatzeko teknikak eta aplikazioak garatzeko helburuarekin.

HAPen alorrean, azpi-talde desberdinetan lan egin dut urte hauetan guztietan, horrek hizkuntzaren azterketa eta prozesamenduaren hainbat alor, gai edota maila ezagutzeko aukera eman didalarik.

2009ko abenduaren 9an doktore-tesia aurkeztu nuen. Informatika Fakultateko Montse Maritxalar eta Euskal Filologia Saileko Igone Zabalaren zuzendaritzapean idatzi nuen, izenburu honekin: Euskarazko erroreen eta desbideratzeen analisirako lan-ingurunea. Determinatzaile-erroreen azterketa eta prozesamendua.

Ondoren, IKER (UMR-5478) taldearekin lankidetzan hasi nintzen, 2009-2011 bitartean, TSABL (Towards a Syntactic Atlas of the Basque Language) proiektuan, Iparraldeko hizkeren artean dagoen alternantzia sintaktikoa aztertzeko helburuarekin. 2011an Eusko Jaurlaritzaren doktorego-ondoko beka (postdoc) lortu nuen eta IKER (UMR-5478) taldean ikertzen jarraitu nuen, "Iparraldeko hizkeren azterketa eta prozesamendua" bideratzeko lanetan, eta beti ere IXA taldearekin lankidetzan.

Postdoc-aren azkeneko urtean, 2013an, IXA taldera itzuli nintzen Frantzian hasitako proiektua bukatzera. Eta bertan jarraitzen dut, egun, nire iker-lerro nagusiak hauexek direlarik: testu dialektal nahiz historikoen azterketa eta prozesamendua (hau da, euskara ez-normalizatuarena), euskarazko zuhaitz sintaktikoen osaketa eta testuen arteko antzekotasun semantikoaren interpretazioa. Eta hasi berria naiz, baita ere, Soziolinguistika konputazionalaren alorrean ikertzen.

Ingeniaritza linguistikoa da, hain zuzen ere, nire ikerketa-lerroa, Eusko Jaurlaritzak 2001-2004 eta 2005-2088 urteetako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planetan definitutako 30 lerro estrategikoen artean dagoena eta Europar Batasunak I+Grako aurrekontuetan garrantzitsuenen artean sartua duena.