Mihura izendatzeko hitzak

Artikulu nagusira joateko

EUSKARAZ, mihura izendatzeko hainbat hitz daude:
a) mihura/mihula/bigura
b) lika
c) biska
d) ustura/usta

miura edo lika (G-Mutriku), miura/mirura/migura/bigura (Eibar), miura (GN, G, L-Senpere), miru (G-Gabiria), mihura (L), mihula, bibora (Abadiñoko Mendiola auzoa), biguri (Abadiño), bigura (B-Elorrio-Bergara, G-Andoain, L-Ainhoa), puhure (Z), biska (G), ustura (B-Arratia-Galdakao-Orozko-Txorierri), usta (B-Laudio-Orozko)...

Mihura, hitzaren jatorria:

Hugo Schuchardt-en iritziz, hegoaldeko frantsesezko hitzetik letorke, brioule; *bireule > *bieule > *buila > miula. Beste ikerlari batzuk feneculum hitzetik eratorri dute (‘mihilua’); feneculum > mihuli (Hubschmid, Gamillscheg, Rohlfs...).

Lika berez, txoriak harrapatzeko mihuraren fruituez egindako produktuari esaten zaio, hedaduraz zenbait tokitan landarea izendatzeko erabiltzen da. Gaztelaniazko liga hitzaren jatorri berekoa da: latinez, ligo, -are (‘lotu, elkartu’).

Biska hitza ere, lika hitzaren moduan, txoriak harrapatzeko gaia izendatzeko erabiltzen da askotan. Latinezko viscum (‘mihura’) hitzetik dator.

GAZTELANIAZ, hiru hitz nagusi dira:

a) muérdago
b) liga
c) visco

Liga, latinetik: ligo,-are (‘lotu, elkartu’).

Visco, mihura izendatzeko latinezko hitzetik viscum.

Muérdago hitz ezagunaren jatorria ez dago hain garbi... Bi aukera daude:
A) Latinezko mordicus, (haginka edo haginkaria).
B) Latinezko mors folicum (heriotzaren hostoa).

Eguzkiaren omenez, Erroman (abenduaren 25ean), egiten ziren jaietan mihura-adarrak esekitzen ziren. Eskandinavian, berriz, Frigga, maitasunaren jainkosaren omenezko jaietan mihura-adar baten azpikoek elkarri musu ematen zioten. "Mordago" zen X. mendeko hitza, latinetik datorrena, mordicus ('haginkaria'). Gaur egun, gaztelaniaz, muerdo hitza darabilgunean haginkada arin batekin lagundutako musuaz ari gara.

LATINEZko zientzia-izena, Viscum album, L.

Viscum (latinezko izena) eta album (zuria). Viscum latinezko izenaren familiako hitza da viscosus (gaztelaniaz viscoso, ‘likatsu, lingirdatsu’).

Hauek dira
euskara batuan gehien erabiltzen diren izendapenak:
- Mihura (landarea).
- Biska edo lika (landare honekin egiten den produktua, txoriak harrapatzeko).
- Grimua (mihuraren fruituak).