Getxon ikus daitezkeenak

Urrutira joan gabe paraje ederrak daude geurean

Kantarepen, itsasoaren marmarra

 

Portu zaharreko arrantzale zaharrenentzat esanahi berezia dauka harrizko kala honek. Hainbeste aldakuntza izan ditu Getxoko kostaldeak ezen ehunka urteetan bere horretan dirauen inguruaren erreferentzia bilakatu baitzaigu algortar askori kala honen labarretara inguratzea.

Bolueko lasaitasuna

Fadura ondoko hezegune lasaia dugu Bolue. Lasaitasun ederra eskaintzen du berau inguratzen duen ibilbidean ibiltzeak... Ahate ugari, martin arrantzaleak, ur-oiloak eta hainbat espezie gehiago ikus daitezke begiak ondo zabalduz gero.

Hegazti ugari daude Bolueko hezegunean; dortokak ere ez dira falta, bertakoak zein inbaditzaileak. Ahateei jaten ematea,  etxeetako dortoka amerikarrak askatzea bezain debekatuta egon arren, asko dira ogi-zatiak aldean dutela Bolue zoologiko bihurtu nahiko luketenak, espezieak bertakoak ala urrunagokoak diren bost axola zaienak...

Bolue deiturari eustea eskatzen dit barrenak. Ahozko forma zahar ezezagunek bizitasuna galtzen dutenean herriak darabilenari eustea iruditzen zait zuzenena. Nork daki, bada, orain, "Bolua" modura estandarizatu nahi duten forma horren atzean errota edo eihera dagoela?

 Arrigunaga edo Areatxu?

Izen-izanek harmonia goxoan bizi ziren garai batean. Leku-izen gehienek erraz-erraz identifika zitezkeen herriko euskara eta historia apur bat ezagutuzta... Baina, gaur egun honetan ere -izena eta esana- bakoitza bere aldetik dabil sarri-askotan. Getxoko hirugarren hondartza dugu Arrigunaga, hirugarrena itsasadarretik hasita. Uda partean, ehunka sugandila eguzkizale erakartzen ditu zorioneko hondartza honek: bilbotar, erandioztar, barakaldarrak... Bidezabaleko metro-geltokian jaitsi eta badoaz maldan behera itsas-ertza helburu. Euretariko askoren ahoetatik Bidezabaleko hondartza izendapena entzun daiteke. Algortar eta getxoztar askoren artean Arrigunaga eta Areatxu hondartza beraren izen ezberdinak direlako ustea dago. Baina galde diezaiegun bertako adinekoei, horiek -gehienetan- ez baitira bizi mapa eta kartelek jartzen dutenaren pentsura hau edo bestea esan, idatzi, onartu edo gaitzesteko. Areatxu, Arrigunaga hondartzaren ezkerraldeko zatitxoa baino ez da (itsasoratz begira gaudela). Arrigunaga  inguruan zegoen baserri baten izena ere bazen, gaur egun edadekoek baserri hura gogoratzean Arrune (Arrigune) darabilte eta hondartzaz aritzean Arrigunaga. Oinarrian dagoena izen berbera da, baina -gauza jakina da- hiztunok mundua bereizi beharrean egoten garenez... Algortan Areatxu txokoa eta Kutxus Areatxu fanfarria daude. Elkarteen izenetan erreparatu beharra dago jakiteko herri batean zerk daukan garrantzia!

Maria Cristina erreginaren parkea

 Igeretxe paretik Maria Cristina Erreginaren parkerainoko igoera ederra da benetan. Bide hau erraz egin dezake, zuhaitzen itzalpean , eguzkiak berotzen duen orduetan, presarik gabe doanak. Zuhaitz artetik, urrutian haize-errotak zelata daitezke zeruak eta itsasoak bat egiten duten ostertzean, XXI. mendko haize-errotak. Behin igogailu ondora iritsita Greziako Thira edo Santoriniren akordua ekarriko digute arrastiriko zeru gorrixkek.

Tellagorri, bizitasunaren epizentro

Aldai patronatua, Alkartetxea, Ugartena, Tellagorri eta erdian zabuak, dindandoak ume jostarien asialdiaren epizentro.

Satistegiko giroa

Satistegi, Tellagorri plazarekin batera Getxoko berbalagunen oinarrizko kanpamentu bilakatu da.

Aretxondoko kaki-arbola

Betoz araba-zozoak (gaztela-zozoak) Aretxondo kaleko kaki-arbolak urtero eskaitzen dien fruitu-festara. Moztuko balute arbola hau, nora lihoazke zozook?

Balanar edo La Bola hondartza

Getxoztar, algortar, nahiz areetar orok jakin beharko luke non dagoen hondartza txiki hau...