Detaile txikien handitasuna

Begiratzen ikasiz... 

 


Josu Larrañaga Arrieta



"Aldapeko sagarraren adarraren puntan..." Euskaldunok mundutik etxerako bidea patxadaz egiten dugu. Gauzen eta egoeren testuinguruari egundoko garrantzia ematen diogu. Horrela, askoz hobeto kokatzen ditugu esaten ditugunak. Non, noiz... eta azkenean zer eta nork!! Gaztelaniaz, gertaerari, esandakoari ematen zaio arreta hasieratik, gerorako utziz testuinguru eta azalpenak. Sarritan, lehen hitzak nahikoak izaten dira gauzak era partzialean, testuingurutik kanpo ulertzeko... "La manzana que he comido me la ha dado el amigo del herrero de la casa más alta del pueblo"...  Honi batek baino gehiagok "euskaldunon ikuspegi panoramikoa"  esan diote.

Neure buruaz hitz egin baino nahiago izaten dut ingurukoaz jardun, ez nire baitatik urrundu eta errealitatea kanpotik ikusteko. Naturak, gizabanakoon jarrerek eta hizkuntzak asko esaten digute gutaz, nitaz. Bizi garen errealitateak egiten nau naizen bezalakoa, eta jaten ditudanak osasuna baldintzatzen didaten legez gehien darabiltzadan hizkuntzek begirada eraldatzen didate.