KONBERTSIO PASTORALA ETA ELIZAREN BERRIKUNTZA

(J. A. PAGOLA)


    Bada zerbait, azken urte hauetan, barru-barruan daramadana eta zuen artera ekarri nahi dudana. Galderak eta kezkak dira; seguru asko, zuek ere izango dituzue, nola edo hala: Posible al da, berrikuntza-prozesu bati heltzeko behar den indar espirituala Eliza barruan aurkitzea? Zein da kapaz Elizaren indarrak mugiarazteko, Jesusi leialago jarraitzeko? Posible al da zuzentzen hastea? Zabalduko al du Frantzisko aita santuak helmuga berri bat? Eta guk, zer egin dezakegu guk?


  1. Konbikzio batzuk

Aurren-aurrena, nire gogoeten azpian dauden uste sakon batzuk azaldu behar ditut.


  1. Hogei mendeko kristautasuna eta gero, Elizaren bihotza barne-muinetatik berritu beharra dago. Errotik. Kristauok lehenbailehen geureganatu behar dugu nor garen, gure benetako nortasuna: Jesusen ikasleak eta jarraitzaileak gara. Jesusengana errotik bihozberritzea, horixe dugu hurrengo hamarkadetako gertakizunik nagusiena. Eliza ez bada gai Jesusengana itzultzeko, eta bere fedea egia eta zintzotasun handiagoz oinarritzeko Jesusengan, haren mezuan eta Jainkoaren erregetzan, gure artean kristau fedea itzali egingo da datozen urteetan.


  1. Garai hauetan inoiz ez bezalako aldaketak ari dira gertatzen gizartean eta kulturan, eta Elizak sekula ez bezalako berritua behar du etorkizunari heltzeko. Kristauok ez badugu ikasten gure fedea gizarte modernoaren kultura sekularrean bizitzen, kristautasuna, pixkanaka-pixkanaka, iraganeko erlijio bilakatuko da urte gutxian. Kristau fedearen ordez, nagusituko dira erlijio-era batzuk gainbehera bizian, gero eta sektarioagoak eta aldenduagoak Jesusek sortu eta nahi izandako mugimendutik.


  1. Gure arteko fedearen etorkizuna gure parrokietan eta kristau elkarteetan jokatuko da, neurri handian. Erabakigarria ez da izango hierarkiaren jokaera, hurrengo urteetan ere sinesgarritasuna galduz joango da eta; Vatikanoan gertatuko dena ere ez da izango funtsezkoa. Vatikano baino askoz gehiago da Eliza. Frantzisko aita santuak eraberrituko ditu, pixkanaka-pixkanaka, Elizaren maila nagusiak, baina ezin du gure lana egin. Aldi honetan, gure parrokietan eta elkarteetan, fedea dago lozorroan edo galtzen edo erne muinetan. Hori da erabakigarriena.


  1. Parroki eta kristau elkarteetako berritua ez da etorriko erakundearen bidez: ez da iritsiko Erroman sinatutako dekretuek bultzatuta, ezta ere elizbarrutietako Gotzainek egindako pastoral planen bitartez. Jesusen Espirituak irekitako bideetatik etorriko da behar dugun berritua. Gure parrokietan bizi den, otoitz egiten duen, sufritzen eta isiltzen den kristau herri horretan dago Elizaren onena. Jesusen garaian bezalaxe, herri xume horrek arazorik gabe onartzen du Jainko onaren mezua eta ez dauka eragozpenik bere fede erlijiosoa bizitzeko guztiontzat mundu zuzenago eta zoriontsuago baten alde lan eginez. Herri horretan has daiteke Jesusenganako bihozberritzea.


  1. Zuzentzeko garaia da. Seguru asko ez da denbora asko geratuko. Gizaldi honetan, zirt edo zart egin beharko da. Hogei edo hogeita hamar urte barru, parrokia asko ixten ariko dira. Elizak are gutxiago erakarriko du. Oraindik ez da antzemango jarrera berritzaile nahikorik hierarkian. Parrokietan eta kristau elkarteetan, oraintxe bertan erantzun behar dugu, atzera begira egon gabe. Mugitu eta indarrak batu. Luzamendurik gabe. Urte batzuk barru, berandu izan daiteke.


  1. “Krisi erlijiosoa” esaten diogun hau, garaien ezaugarri handia da  eta kristauok ez dugu asmatzen irakurketa profetikoa egiten. Eliza egoera berri batera darama Jainkoak, are gure gogoz kontra. Hustu egingo du boteretik, ospetik eta munduko segurtasunetik. Urte gutxi barru, Eliza askoz txikiagoa izango da, behartsuagoa eta ahulagoa. Bere larrutik ikasiko du zer den galtzaile izatea eta baztertua, gizarte modernoan. Egoera horretatik  bakarrik egin ahal izango ditu Ebanjeliora daramaten bene-benetako urratsak.


  1. Giro honetan, ezaugarri itxaropentsua da Benedikto XVI.a aita santuaren dimisioa eta Frantzisko aita santuaren aukeraketa. Honek, “Ebanjelioaren poza” Aholku-hitz Apostolikoan deitzen gaitu “Jesusen pozak markatutako aldi ebanjelizatzaile berri bat” bizitzera (EG 1). Frantziskoren buruan ez dago aldi triste bat, ezinbestean igaro beharrekoa bizirik iraungo badugu, emaitza handirik espero gabe. Frantziskok dio “eskuzabaltasunez eta ausardiaz” eragin behar dugula berrikuntza: ez dira eskaskerian eta koldarkerian ibiltzeko garaiak. Dei egiten digu “debekurik eta beldurrik gabe” lan egin dezagun (EG 33). Eta dio, beldurrak menderatzen bagaitu, “geldialdi antzu bat besterik ez dugula ikusiko Elizan” (EG 129).


Ez da nire asmoa Eliza goitik behera berritzeko alderdi guztiak jorratzea. Nahi dudana da pastoral mailako gako batzuk aletu, parroki eta kristau elkarteen ikuspegitik.


  1. Kristau esperientzia berritu

Kristautasunaren sorreran ez dugu aurkitzen erlijio-doktrinaren bilduma bat, ez moral araudi bat, ez erritoen tradizio bat. Hasieran pertsona bat dago, Jesus, eta harekin topo egin zuen gizon-emakume talde batek bizitako esperientzia. Belaunaldiz belaunaldi igarotako esperientzia baten historia da kristau fedearen historia.


  1. Jesus aurkitzetik hasten da dena

Guztia abiarazi duena da, emakume eta gizon talde batek Jesus ezagutu ondoren, aurkikuntza harrigarri eta berritzailea bizi izan dutela harekin. Dena hasten da ikasle haiek Jesusekin harremanean jarri ondoren iristen direnean, honela laburbil dezakegun zerbait esperimentatzera Jesusengan: “Jainkoaren hurbiltasun salbatzailea” (E. Schillebeeckx). Aurkikuntza hau gabe, guztia lehen bezala izango zen gero ere. Jesu Kristorekin izandako harremanaren esperientzia horrek aldatu ditu gizon-emakume horien bizitzak, beren izateari zentzu eta norabide berria emanez.

Esan dezakegu, Jesusekin ibiliz, sumatzen dutela, konturatzen direla eta bizi dutela Jainkoak “bizia maite duela”, Presentzia adiskidetsu eta hurbila dela, bere seme-alabentzako bizitza duin eta zoriontsua nahi eta posible egiten duena. Ez dute bakarrik aldaketa nabari baizik eta, gainera, bihotza sutan eta pozaren pozez ekiten diote esperientzia berritzaile, humanizatzaile eta askatzaile hori munduan txertatzeari.

Esperientzia hori une desberdinetatik igaroko da; ezingo ditugu xehe-xehe aztertu baina aipa ditzagun labur bada ere: aurrena, zalantzak, gaizki ulertuak, gauzak onartzeko zailtasunak Jesusekin bizi izandako denboran Galileako bideetan barrena; gero, koldarkeria, ahuldadea, ukapena, nahasmena eta ihesa gurutzeko orduan; ondoren, Jesus Biziarekin topatzearen indarra eta sakontasuna. Azpimarratu behar da Jesu Kristorekin topo egiteak hautsi egin duela Yahveri buruz zeukaten irudia, munduaz eta bizitzaz zeukatena … “Mundu zaharra” blaust erori da eta hasi da zerbait berri-berria sortzen. Paulo Tartsokoak hitz hauekin adierazten du: “Kristorena dena sorkari berri da; zaharrarenak egin du, berria sortu da”.

Funtsezkoa Jesus bera da, bizitza gizakoiagoa egitera osotoro emana dagoen gizonaren misterioa; guztiak onartuz, baita gizarteak eta erlijioak  mespretxatuak ere; Jainkoaren barkamena eskainiz, dohain eta merezi gabe; gaixoak sendatuz eta sufrimendua arinduz; pobreak eta baztertuak defendituz; harreman zuzenagoak eta senidekorragoak sortuz; lege itxikeria, zurikeria eta maitasunik gabeko erlijio zorrozkeria gaitzetsiz; gizaki guztiak maitatuz lege erlijioso edo sozial ororen gainetik, bere bizitza heriotzaraino emanez.


  1. Hasierako esperientziaren berri eman

Jesusen ikasleek ezin dute isildu bizi dutena. Berri eman beharra daukate. Halaxe diote argi eta garbi Pedrok eta Joanek Sanedrinaren aurrean: “Guk ezin dugu, inola ere, entzun eta ikusi duguna isilik gorde”. Beraz ba, ebanjelizatzea hasten da Kristorekin bizi izandakoa adieraztetik. Ondo azaltzen du Joanen lehenengo Gutunak: “Hasieratik zen biziaren hitza, entzun eta gure begiz ikusi duguna, begiratu eta geure eskuz ukitu duguna … zuei ere iragartzen dizuegu, zuek ere gurekin elkartasunean bizi zaitezten”.

Hasierako ikasle hauek hiru bidetatik azaltzen dute beren esperientzia: 1) Jainkoaren Berri Ona eta Jesusi entzun dioten  erregetzaren egitasmoa,  mundurako gizatasun-txertoa; 2) bizimodu berri bati ekiten diote Jesusen arrastoan; 3) aldi  berean, Jaunaren Afaria ospatzen dute, Jesusen oroigarri. Eta elkarrekin biltzen diren bakoitzean, Jesusen izenean elkartzen dira eta bere hitzak oroitzen dituzte: “Nire izenean bizpahiru lagun nonbait biltzen badira, han nago ni beraien artean”. Denboraren joanak, ezinbestean, aldatu egingo du lehenengo esperientzia hau.

  • Hasieran, talde horietan, Galilean Jesusekin bizi izandakoei entzuten diete haren mezua esaten (parabolak, Aitagurea, Zoriontasunak …). Jesusen lekuko zuzen hauek hil ahala, mezu hura lau idazkitxotan bilduko dute, “ebanjelioak” deitzen ditugunak. Berehala erantsiko dizkiete beste idazki eta gutun batzuk, elkarteetan barrena dabiltzanak eta, horrela, Kristau Esku-izkribuak sortuko dira (Itun Berria). Itun Berri hau, gero, Elizaren Gurasoek aztertu, azaldu eta zabalduko dute. Tradizio hori guztia, aurrerago, bateko eta besteko eskola eta joeratako teologoek garatuko dute. Gizaldiz gizaldi, fedearen muina jasoko duten kredoak edo sinboloak osatuko dira; Kontzilioak egingo dira dogmak zehazteko eta heresiak gaitzesteko. Gaur egun, Fedearen Doktrinarako Kongregazio erromatarrak zorrotz begiratzen dio, ez kristauen fedeari eta Jesusi egiten zaion jarraipenari, baizik eta “fedearen doktrinari”. Oso urruti geratu da Jesusen mezuaren lehenengo esperientzia hura.


  • Gauza bera gertatzen da bizitzeko moduarekin. Hasieran, Jesusen bizitzeko era ikasten dute, hura bertatik bertara ezagutu duten lekukoei entzunez. Gogoan dituzte Jesusen lehenengo aginduak: “maita ezazue elkar nik maite izan zaituztedan bezala”, “barkatu elkarri zazpi milatan zazpi aldiz”. Zoriontasunak ikasten dira; “Aitagurea” nola errezatzen zuen gogoratzen da; nola esaten zuen jarraitzeko berari … Gero, idatziz jarriko dute garrantzitsuena eta lau ebanjelioetan jasoko. Aurrerago, jokabiderako beste arau batzuk erantsiko dira. Hurrena, moral-sistema bat idatziko da (hirugarren mendearen hasieran, moralaren lehenengo ituna idatziko du Origenesek). Gizaldiz gizaldi, morala garatuz joango da teologoen lanari esker eta Kontzilioetako doktrinak eraginda. Hala, hasieran Jesusi jarraitzea eta bizitza ebanjelikoa zena, moral-sistema handi batean bukatuko da, katiximatan edo kristau ikasbidetan jasoa eta fedearen Doktrinarako Kongregazio erromatarrak begiratua.


  • Azkenik, Jaunaren Afaria, Jesusen oroimenari bizirik eusteko eta jarraitzaileek Berpiztuarekin bat eginda irauteko ospatzen zutena, handituz eta zabalduz joango da mendez mende; zazpi sakramentuak garatuko dira (Trentoko Kontzilioa) dagokien doktrinarekin; Urte Liturgikoaren ospakizuna, Maria eta Santuak gurtzeko araudia, debozioak, adibidez, Aldareko Jaunaren Gurtza … Hasieran, Jaunaren Afariaren esperientzia bizia zena, gaur egun liturgia bilakatu da, diziplina- eta erritu-aginduen araupean, sakramentuen eta Gurtza santuaren Kongregazioak kontrolatua.


Kristautasuna honela dagoen arren, ez dugu ahaztu behar kristau fedea ez dela, ez aurrena ez funtsean, onartu beharreko doktrina bat, ezta ere bete beharreko sistema moral bat, eta gurtzen jardun behar bat ere ez. Lehenik eta behin, kristau fedea da esperientzia bat,  Jainkoaren Berri Ona bizi, eskaini eta adierazi behar duena.


  1. Ondorio larriak dituzten zenbait gertaera

Historian zehar, alderdi teologiko eta pastoraletik ikusita, ondorio larriak dituzten gauzak gertatu dira. Hona hemen batzuk.

  • Jesusen bizitza zehatzaren arrastorik ez dago “Kredoetan” edo Elizak aitortzen duen muina biltzen duten sinboloetan. Hala gertatzen da “apostoluen kredoak” izenekoetan. Ikus dezagun adibide deigarriena, Nizeako Kontziliotik datorren sinboloan (325.urtea):


“Sinesten dugu Jaun bakarra, Jesu Kristo; Jainkoaren Seme bakar; Aitagandik sortua gizaldi guztiak baino lehen; Jainkoagandik Jainko; Argitik Argi; egiazko Jainkoagandik egiazko Jainko; sortua, ez egina; Aitaren izate berekoa; hargatik guztia egin zena; gu gizonongatik eta gu salbatzeko zerutik jaitsi zena; eta Espiritu Santuaren egitez Maria Birjinagandik jaio zena eta gizon egin zena … eta Pontzio Pilatoren garaian gugatik gurutziltzatua izan zena; nekaldua, hila eta hobiratua izan zena; eta hirugarren egunean piztu zena …”.

Jesus bera ahazten da, bere bizitzeko era, Jainkoaren erregetzari emana bizi izan zela, pobreak defendituz, bekatariei dohain barkatuz. Ez dago Jesus maisuaren arrastorik, desagertuta dago nola bizi eta jarraitu erakusten zuen Jesus hura. Ahaztura horrek betirako arrastoa utziko du Elizaren predikazioan, izan ere, Kredoan oinarrituko baita gero eta gehiago, Ebanjelioan beharrean; teologian ere berdin garatuko da, Kristologia dogmatikoa ikasiz (De Verbo incarnato), ez Jesus zehatza; gauza bera kristau ikasbideak egitean …

  • Jainkoaren erregetzaren ordez, Eliza. Jesus desagertzean, Jainkoaren erregetza ahazten da. Nahiz eta Jesusek esan zuen: “gainean duzue Jainkoaren erregetza. Bihozberri zaitezte eta sinetsi Berri Ona”. Bateko eta besteko kredoetan, ordea, Elizaren fedea aitortzen da, ez Jainkoaren erregetza: “Sinesten dugu Eliza bat, santu, katolikoa eta apostolikoa” (Nizeatar sinboloa).


Jakina, predikazioak alde batera utziko du Jainkoaren erregetza eta Elizari helduko dio; teologiak erruz garatuko du eklesiologia eta, batez ere, hierarkiologia. Gauza bera gertatuko da katiximekin, eta abar.


  • Zuzenbide Kanonikoaren menpe. Nahiz eta bere jatorria eta zabalkundea oso urruti dauden hasieran bizi izandako kristau esperientziatik, Zuzenbide Kanonikoa teologikoki justifikatzen da: esaten da beharrezkoa dela eliz batasunaren bizitza eta egitura arautzeko, eta “Jaunaren sorrerako borondatean dagoela oinarritua”. Zuzenbide Kanonikoak gauza bat egingo du: Elizan sartu Erromako Zuzenbidearen kutsu juridikoa, espiritu ebanjelikoarekin zerikusirik ez daukana. Bere helburua ez da Jainkoaren erregetza baizik Eliz erakundea. Bere legediaren luze-zabalean ezin da aurkitu barkamenaren irizpidea ez errukia; bai, ordea, zigor-prozesuak, auzitegiak eta epaileak, eskomunioak eta gainerako zigorrak delitu egiteagatik.


  • Kristau sarbidea pobretzen joango da. Gizaldiz gizaldi, aldi desberdinetatik igaro da helduen eta haurren kristau sarbidea. Batez ere bi gertaera aipatu behar ditugu: 1) Kristau izaten, dotrina ikasiz hasten da, ez Jesus ezagutuz; 2) Eliztarrak, sakramentuak hartzeko prestatzen dira, ez Jesusi jarraitzeko Jainkoaren erregetzaren alde lan eginez. Bestetik, katiximek, Ebanjelioaren lekua hartzen dute. Katixima horiek zer sinetsi behar den erakusten dute (doktrina); zer bete behar den (morala); zer praktikatu behar den (kultua). Esan daiteke, Elizak ez duela era egokian hasten kristau esperientzia.



  1. Gure arazoa gaur egun

Kristau fedearen historia, belaunaldiz belaunaldi jasotzen den esperientzia baten historia da. Esperientzia hori ez bada etengabe berritzen, haustura larria sartzen da kristautasun barrura. Teologoek doktrina garatzen jarraituko dute; predikatzaileek eta katekistek, moral kristaua gogoratuko dute eta esango dute premia handia dagoela; parrokietan, sakramentuak hartzeko prestatzen da eta praktika erlijiosoak behar bezala betetzen direla zaintzen da. Baina, esperientziaren berri ematea moztu ezkero, ardatza faltako da, kristau fedeari bizia ematen diona.

Erabakigarria “esperientzia egitea” da, hasieran bizitakoaren muina bizitzea. Jesus, gorputzez ez daukagu gure artean, baina lehenengo lekukoek hari buruz utzi zuten “kontaketa” daukagu. Ezin dugu zuzenean Jesusen ahotik entzun bere mezua, baina ebanjelioak irakur ditzakegu eta bere hitzak “espiritu eta bizia” direla esperimentatu. Ezin gara Jesusekin eseri bere mahaian, baina eukaristia ospa dezakegu berari leial jarraitzeko janaria hartzeko eta Jainkoaren erregetzarren alde lan egiteko.

Baina bada zerbait ahaztu behar ez duguna. Lekukorik gabe ezin da transmititu Jesusengan bizitako Jainko esperientzia. Horregatik, Jesusek bere misioa ikasleen esku uzten duenean, ez die agintzen dotrina baten berri emateko, ezta erlijio bat antolatzeko ere: dei egiten die esperientzia berri baten lekuko izan daitezen, eraberritutako bizitza batena: “Zuen gain jaitsiko den Espiritu Santuaren indarra hartuko duzue, eta nire lekuko izango zarete Jerusalemen, Judea osoan, Samarian eta lurraren bazterreraino”.


  1. Pastoralgintzan aldaketa garrantzitsua

Orain urte batzuk, Hans Küngek hau zioen: “Kristautasunaren aurkako arrazoibide indartsuena kristauak dira: kristau ez diren kristauak. Eta kristautasunaren aldeko arrazoibide indartsuena kristauak dira: kristau modura bizi diren kristauak”. Halaxe da. Urte batzuk lehenago, argi aitortu zuen Vatikano II. Kontzilioak: behin baino gehiagotan, kristauek “erakutsi beharrean Jainkoa eta erlijioa egiaz nolakoak diren, ezkutatu egin dituzte”. Horregatik, Paulo VI.ak pentsatzen du testigantza dela “funtsezko alderdia, eskuarki aurren-aurrenekoa, ebanjelizaziorako”.


  1. Pastoral eredu desegokia

Honek guztiak, fedearen transmisioa nola ulertzen eta bizi dugun aztertzera behartzen gaitu. Elizan guk geuk ezagutu eta bizi izan dugunak baldintzatuta gaude eta hori dela eta, arriskua daukagu lekukotasuna eta Jainko esperientzia neurri handian alde batera uzten duen jarduera pastorala beste gabe onartzeko.

Ia beti uste dugu garrantzitsuena dela pertsona baliotsuak eta ondo prestatuak izatea, halako eta bestelako eginkizunak ondo egiteko kapazak. Pertsona kementsuak, biziak, langileak, kristau elkartea batean eta bestean indartzeko gai direnak. Hortik dator halako garrantzia ematea prestaketa-prozesuei, teologia eskolei eta pastoral gaitasunetarako ikastaroei. Zeinek ukatuko du hori?

Baita ere uste dugu garrantzi handikoa dela baliabide eraginkorrak edukitzea, beste ideologien aurrean kristau mezua egoki zabaltzeko, eta baita Eliza finkatzeko ere. Horregatik jotzen da inportantea pastoral egitura sendoak izatea, gizartean zeresana edukitzeko: parrokiak, pastoral barrutiak, ikastetxeak, komunikabideak, argitalpenak … Nola ez gara ba horretaz arduratuko, gaur egungo urritasuna jakinda?

Gainera, beharrezkoa dugu gero eta gehiago hobetzea pastoral egiturak eta antolakuntza. Horregatik ematen zaie garrantzia planifikazio burutsu eta eraginkorrari, pastoral bide egokiei, ondo pentsatutako estrategiari. Nola ariko gara bakoitza bere kasa, indarrak batu gabe eta ekintzak elkartu gabe?

   

Bestetik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu konprometitutako pertsonen kopurua. Beti gabiltza eskas. Beti jende bera, gauza guztietarako. Esan liteke, azken finean zera uste dugula: zenbat eta jende gehiago, orduan eta hobeto ibiliko litzatekeela dena, eta pastoral lana behar bezala egingo luketela eskura balituzte prestakuntza, antolaketa eta baliabide onenak. Baina, egiaz, zer aurreratuko genuke orain herrenka eta ezinean egiten duguna, egokiago eta indar handiagoz eginda?

Garrantzitsua da, zalantzarik gabe, pertsona baliotsuak izatea, antolakuntza pastoral eraginkorra behar dugu, konprometitutako pertsona gehiago, bitarteko egokiak, prestaketa hobea, baina ari al gara Jainko Salbatzailearen esperientzia berri eta on hori komunikatzen, gaur egungo gizon-emakumeentzat hain beharrezkoa?


  1. Ikuskera ebanjelikoago baterantz


Goraxeago genioenez, ebanjelizatzea zera da: Jesu Kristogan eta haren bidez hasten den esperientzia salbatzaile, eraberritzaile eta humanizatzailea komunikatzea eta posible egitea; ez besterik. Beraz, jarduera pastoralaren azken helburua hauxe da: Jesu Kristoren baitan dagoen eta gertatzen den esperientzia salbagarri hori eta indar humanizatzaile eta askatzaile hori oraingo pertsonen bizitzan txertatzea, elkarbizitza sozialaren sarean eta herrien historian sartzea. Oso bestela ulertu eta biziko genuke ebanjelioaren araberako lana.

Garrantzitsua da pertsona baliosoak eta ondo prestatuak izatea, baina funtsezkoa lekukoak dira, izan ere, lekukoen bizitzak laguntzen du Jesu Kristogan dagoen indar salbagarriaz eta humanizatzaileaz jabetzen, hura fede biziz eta maitasunez hartzen denean. Izan asko edo gutxi, gazteak edo zaharrak, behar duguna da beren esperientziaren berri emango duten fededunak eta Jesu Kristogan “errotuta” bizi diren “gizon eta emakume berriei” darien itxaropena eta bizitzeko era berezia.

Garrantzitsua da baliabide onak edukitzea, baina erabakigarria Jesusek berak erabilitako bitartekoak dira. Itxuraz, bitarteko soilak, baina ordezka ezinak Jainkoaren Berri Ona oraingo bizialdian sartzeko: pertsona bakoitza goxo hartu; gizakiaren bizi-premietatik hurbil egon; ahaztuenak eta baztertuenak babestu; bakardadetik eta sufrimendutik askatu; errudunak hartu eta merezi gabeko barkamena eman; harreman bidezkoagoak eta senidetsuagoak sortu; pertsona ororen duintasuna baldintzarik jarri gabe defenditu; gizaki oro irrikaz maitatu; Jainko Lagun eta Salbatzaileari konfiantza osoa izatera gonbidatu. Behar duguna zera da: “Jesus bizia” berriro gure artean dagoela antzemango zaien elkarteak eta fededunak.

Bestetik, beharrezkoak dira egitura eta antolakuntza, baina soilik lekukoei eusten eta arnasa ematen dietenak. Ebanjelioak, antolakuntza ebanjelikoa bakarrik onartzen du. Egitura soilak behar dira, beharrezkoak besterik ez, arinak, hezitzaileak, senidekoiak, gardenak, kristau esperientzia bizitzen laguntzen dutenak eta testigantzaren zerbitzura egongo direnak.

Azkenik, erabakigarria ez da kopurua baizik eta fededunek eta kristau elkarteek erakutsiko duten bizi-kalitatea. Garrantzitsua ez da zenbatekoa. Ezta “gauzak egitea” ere, edo “asko egitea”, baizik eta egiten dugunaren kalitate ebanjelikoa hobeto zaintzea, gure kristau esperientzia garbitzea, testigantza lantzea.

Garrantzitsua zera da: hasierako esperientzia biziberritzea, lekukoen bizitza piztea eta Jainkoaren Berri Ona apal-apal adieraztea, gaur egun makina batek uzten duten Jainkoaren oso bestelakoa.


  1. Bihozberritze erabakigarria: Jesusengana itzultzea

Parrokiak eta kristau elkarteak ditugu lekurik onenak Jesusengana itzultzen hasteko. Pastoral bihozberritze honek esan nahi du kristau elkartearen bizitza bene-benetan eta leialtasun handiagoz Jesusengan oinarritu beharra dagoela, bere mezuan eta Jainkoaren erregetzaren egitasmoan. Elizan eta gure parrokietan hurrengo urteetan gerta daitekeen gauzarik inportanteena, Jesusenganako itzulera hau dugu.

  1. Elizak Jesusengana eraman behar du

Frantzisko aita santuak, aukeratu zutenetik hilabete gutxira, hitz hauek esan zituen: “Elizak Jesusengana eraman behar du: hau da Elizaren bihotza, Jesusengana eramatea. Inoiz gertatuko balitz Elizak ez duela Jesusengana eramaten, hilik legoke Eliza”. Argi dago zer pentsatzen duen aita santuak. Jesusengana ez daraman elizbarrutia, elizbarruti hila da. Jesusengana ez daraman parrokia, parroki hila da. Horregatik, “Ebanjelioaren poza” Aholku-hitz Apostolikoan, zera dio: “Jesu Kristok, bere egiaren bidez, beti berritu ahal dezake gure bizitza eta gure elkartea … Jesu Kristok hautsi ditzake bera hesitzeko asmoz darabiltzagun eskema aspergarriak ere”.


  1. Kristau bizitzaren bestelako maila baten bila

Helburua da, datozen urteetan, Jesusen kutsu eta ukitu handiagoa duen kristau bizitzara jotzea; hobeto antolatutako elkarteak behar dira, Jainkoaren erregetzari bideak zabaltzen aritzeko. Nire iritziz, helburu eta ikuspegi hori izan behar dugu parrokietan eta kristau elkarteetan. Jesusen esperientzia berri batek zizelatutako parrokiak behar ditugu. Parrokiek, Jesusi fede eta irrika handiagoz erantzuten ez badute, haienak egin du: itzaltzeko zorian egongo dira hurrengo urteetan.

  1. Bihozberritzeko giroa sortu lehenbailehen

Jesusengana bihozberritzea, liturgiaren ospakizunean edo pastoralgintzan ukitu batzuk egitea baino askoz gehiago da. Aldatu beharra daukagu, barru-barrutik bihozberritu. Parrokiak Jesusen gainean oinarritu, bere egia baita kristauontzako bizi-iturri bakarra. Parrokietan, Jesusen bizi osoari indarra eman zion Espiritua sartu, Jesusek bere jarraitzaileei kutsatzen zien Espiritua.

Jesus erdizka ezagutzen eta gutxi maite duten kristauz osatutako parrokiak baldin badira, Jesus era abstraktuan eta noizean behin aitortzen badute, Jesus mutu baldin badaukate, gaurko mundualdirako ezer entzuten ez diotela, Jesus itzalia, erakartzen ez duena, dei egiten ez duena eta bihotzak ukitzen ez dituena … orduan, parrokia horiek ihartu egingo dira. Eta, gainera, zertarako behar ditu munduak halako parrokiak?

Jesusen egitasmoa arrotza bazaigu, ez bagara ohartu Jesus su eta gar ibili zela mundu duin eta osasuntsuago bat eraikitzen, guztiontzako mundu zuzen eta zoriontsuago bat, babesgabe eta baztertuenetatik hasita, hori ez badakigu, ez diogu antzik emango gure eginkizunari. Bizitza, pertsonak, mundua … Jesusek begiratzen zituen errukiaz begiratzeko gai ez bagara, elkarte itsuak izango gara. Jendearen aieneak Jesusek entzuten zituen bezala entzuteko gai ez bagara, parroki gorrak izango gara, Jesusen itxaropena gaur zabaltzeko ezgauza.

  1. Oraintxe bertan ekin

Egungo belaunaldiak oraintxe hasi behar dugu Jesusengana bihozberritzen. Guk ez daukagu errezeta pastoralik hurrengo belaunaldiei uzteko. Inork ez daki zehatz-mehatz zer egin behar den. Baina gauza bat badago gure esku: Jesusi askoz gehiago begiratzen dioten parrokiak utz ditzakegu hurrengoentzat. Ez dugu etsi behar. Gauza bat da garrantzitsua: ez gara makurtu behar bihozberritzerik gabeko kristautasuna bizitzera. Ekin diezaiogun oraintxe. Has gaitezen lehenbailehen bihozberritze-giroa sortzen, bilaketa eta azterketa-giro berria.

Bereizi beharra daukagu zer dagoen egiazkoa eta zer gezurrezkoa gure ospakizunetan, asmoetan eta nahietan, gure pastoral  lanean. Izena jarri behar diogu izanari: zer dagoen ebanjeliokoa eta zer, ebanjeliotik kanpokoa gure artean. Ez errua elkarri botatzeko, baizik eta Elizan eta gure parrokietan dagoen bekatua gure bizkar hartzeko. Denok ez daukagu erantzukizun bera, baina denok lagundu dugu neurri batean egoera hau gertatzen, geldi egonean, isilik edo erdipurdi ibili garelako. Orain, eraikitzeko garaia dugu.


  1. Ebanjelioarekin harreman zuzenaren bila, kristau  herriarekin batera

Frantzisko aita santuarentzat, Ebanjelioaren jatorrizko freskotasuna berreskuratzea da Elizaren berrikuntzaren motorra. Hauek dira bere hitzak: “Iturrira itzuli eta Ebanjelioaren berezko freskotasuna berreskuratzen saiatzen garen bakoitzean, bide berriak ernetzen dira, sormena duten moduak, beste era bateko hizkera, etorri handia, gaurko munduarentzat esanahi berriz jantzitako hitzak”.

  1. Ebanjelioa, krisian dagoen erlijioaren menpean

Gure arteko krisi erlijiosoaren sintomarik larriena zera da: Eliza utzi dutenak urrundu eta urrundu ari direla, eten gabe. Zuztarrera jo dezakegu zergatia jakiteko. Baina gauza bat dago argi: Elizari ahitzen ari zaio erakartzeko indarra. Are gehiago. Oraintsu arte kristau zirenei eusteko ere, dagoeneko ez dauka indarrik. Datu honek galdera bat dakarkigu: Zer egin dezakegu? Beti bezala ibili, Elizara datozenen beharrei erantzuten saiatuz, baina, jakina, erakartzeko ahalmena eta sinesgarritasuna galtzen ari den Elizatik? Ala Ebanjelioak erakartzeko dauzkan indarra eta ahalmena jarriko ditugu Elizaren eta kristau elkarteen erdian?

Non da gaur egun Ebanjelioa? Parroki batera inguratzen direnek ez dute zuzenean aurkitzen Jesusen Ebanjelioa. Ikusten dutena da gizaldiz gizaldi etorritako erlijio baten jarduera, zahardadeak jota. Ebanjelioa ezkutuan geratu da, egintza, ohitura eta debozioak tarteko, hizkera, doktrina eta errituak medio, askori gero eta ulergaitz eta onartezinagoak iruditzen zaizkionak. Beste alde batetik, parrokia horien barruan bizi direnek, oro har, “bigarren eskutik” besterik ez dute ezagutzen Ebanjelioa. Jesusi eta bere mezuari buruz dakiten guztia, katekistei eta predikatzaileei, zatika eta puskaka entzundakora mugatzen da. Kristau hauek Ebanjelioarekin harreman zuzen eta pertsonalik gabe bizi dute fedea.

Datua, honako hau da: krisian dagoen erlijioaren atzaparretan harrapatua, itota dago Ebanjelioaren indarra, ez bide ez leku, gaur egungo andre-gizonekin harremanean jartzeko. Ebanjelioa ezinean dabil bere indar salbagarria, askatzailea eta humanizatzailea bete-betean zabaltzeko, eta hori gertatzen da, erakarmenik ia ez daukan erlijio bateko ordezkari ofizialek ematen dutelako bere berri, krisian murgildutako tradizio kultural eta erlijiosoaren barrutik. Homilia, herria mutu esaten da, jendeak bere kezkak, galderak eta minak azaldu gabe; predikazio horrek ez du balio gizarte modernoan Elizaren berrikuntzarako. Ez al da iritsi unea Jesusen Ebanjelioa atzera begira egon gabe Elizaren erdi-erdian jartzeko eta, zehazki, parroki eta kristau elkarteen erdian?


  1. Ebanjelioa kristau elkartearen erdian jarri

Vatikanoko II. Kontzilioak baieztapen garrantzitsu hau egiten du: “Ebanjelioa, Elizarentzat, bere bizitza osoaren funtsa da aldi guztietan”. Parrokiarako, gauza bat da garrantzitsua: Ebanjelioa hartzeko toki izan dadin pentsatu eta antolatu beharra dago. Parrokiak izan behar du toki bat non, gauza bat zaindu behar den, beste ezer baino lehen: Ebanjelioarekin harreman pertsonala izatea. Jendeak Ebanjelioaren esperientzia zuzena edukiz eman behar diegu sortzea parroki eta kristau elkarteei: esparru berri bat zabaldu beharra dago Ebanjelioa elkarrekin entzuteko. Esparru bat, eukaristia-ospakizunetik kanpo, talde txikitan elkartzeko laikoak eta apaizak, emakumeak eta gizonak, fededunak, erdi fededunak, nola-halako fededunak edota, besterik gabe, Jainkoaren bila dabiltzan pertsonak edo Jesusen jakin-mina dutenak. Helburua argia da: Ebanjelioa elkarrekin entzutea, gaur egungo gizon-emakumeen zalantza, nahi eta arazoetan murgilduz.

Bidea eman behar diogu Ebanjelioari oraingo andre-gizonekin harreman zuzenean jartzeko. Bere indar salbagarria eta humanizatzailea sar dadila jendearen bizitzetan, arazo eta beldurretan, eta itxaropenetan. Ebanjelioaren egarria sortu behar dugu herri apalaren barruan: ezagutu dezatela Ebanjelioa, gozatu eta eskatu hierarkiari. Herri xumea Ebanjelioaz jabetzen bada, guztiok eramango gaitu bide horrek. Fededun egin zen Michel Legaut frantsesak zioen: “Kristau herria izango da kristautasuna salbatuko duena, ez bere buruzagiak, izan ere, azken batean, herriari jarraitu besterik ezin dute egin”.


  1. Ebanjelioa, kristau nortasun berriaren hasiera

Kristau nortasun berri baten hasiera izan daiteke Jesusen Ebanjelioarekin harremanean jartzea, eta Elizak behar duen berrikuntzaren lehen urratsa. Ebanjelioak deitzen ditugun lau idazkitxoak, ez dira liburu didaktikoak. Ez dute Jesusi buruzko dotrinarik erakusten. Ez dira katiximak. Ebanjelioetan ikasten dugun aurreneko gauza da Jesusen bizitzeko era, munduan nola egon zen, nola aztertu eta eraiki zuen historia, nola egin zuen bizitza gizakoiagoa. Jesusen Ebanjelioa elkarrekin entzutera biltzen diren elkarte hauetan, esperientzia berri bat bizi da:

  • Fedez hazi egiten da, ez “doktrinamendua” medio edo “ikasbide” modura, baizik eta eraberritze gisa, bihozberritze gisa, Jesusekin harremana izatean.


  • Fedea bizitzen ikasten da, ez egia-sorta bati doktrinaren bidez lotuz, baizik eta bizitzeko eraz, denbora eta garai guztietan gauzatzeko modukoa.


  • Fedea bizitzen ikasten da, ez hala behar delako, baizik eta erakarri egiten duelako; kristau bizitza bizitzen ikasten da, ez erlijio baten arabera arituz baizik eta Jesusi sutsu jarraituz eta Jainkoaren erregetzaren alde lagunduz.


  1. Jainkoaren erregetzaren egitasmo humanizatzailea berreskuratu

Frantzisko aita santuak ondo baino hobeto daki, Ebanjelioaren mezua hitzez aldarrikatzea baino askoz gehiago dela ebanjelizatzea: “Jesusen egitasmoa, Aitaren erregetza eratzea da”. Horregatik, “eredu horrek liluraturik, gizartean murgildu nahi dugu, bizitza denekin konpartitu, guztien kezkak entzun, materialki eta espiritualki laguntzen diegu beren beharretan, poz hartzen dugu pozik daudenekin, negar egiten negarrez daudenekin eta mundu berri baten eraikuntzan konprometitzen gara, besteekin batera lan eginez”. Hala ere, gure parrokietan, kristau asko dago ez dakiena “Jainkoaren erregetza eta justizia bilatzea” izan zela Jesusen bizitza osoari eragin zion sua, bere jarduerari izatea eman zion arrazoia, bere eginahal guztien helburua: hau da, guztiontzako mundu bidezkoago, osasungarri eta zoriontsuago baten alde lan egitea, azkenekoak aurrena jarriz.


  1. Jainkoaren erregetzaren egitasmoa

Markosen ebanjelioak honela laburbiltzen du Jesusen mezua Jainkoaren erregetzaz: “Betea da garaia, eta gainean duzue Jainkoaren erregetza. Bihozberri zaitezte eta sinetsi Berri Ona”.

“Betea da garaia”. Garai  berri bat hasi da. Ez da atzera begiratu behar. “Gainean duzue Jainkoaren erregetza”. Jainkoak ez gaitu bakarrik utzi nahi gure gatazka, arazo eta sufrimenduetan. Jainkoak ez du ‘hor konpon’ esaten. Gure artera etorri nahi du, gurekin eta gure ondoan lan egitera, mundu berri, duin, zuzen eta zoriontsuagoa eraikitzeko.

“Bihozberri zaitezte”. Pentsaera eta jokaera aldatu behar ditugu, Jainkoaren erregetzaren arrastoan sartzeko. Gu aldatzen ez bagara, Aitak ezin du mundua aldatu. Esnatu beharra daukagu gure ardura. Posible da Gizateriaren indarrak norabide berri baterantz begira jartzea, izan ere Jainkoak gizatasun handiagoko mundu batera garamatza gu denok.

“Sinetsi Berri Ona”. Serio hartu behar dugu Berri Ona. Ez dator sistema politiko batetik ez erlijio batetik, baizik Jainko Aitagandik. Sinetsi behar dugu gizakiak ahalmena duela eraberritzeko, Jainkoak bizitza duinagora erakarria. Ez gaude bakarrik. Mundua ez doa hutsaren hutsetik hutsaren hutsera. Jainkoa gurekin dugu, gizabide beteagoko mundua eragiten.

“Jainkoaren erregetza” ez da erlijio bat. Askoz gehiago da. Edozein erlijiotako sineste, agindu eta errituak baino haratago doa. Bizitzeko eta Jainko esperientzia izateko modu berri bat da, denok lanera bultzatzen gaituena mundu humanoago baten alde. Esan dezakegu “Jainkoaren erregetza” dela bizitza, Jainkoak nahi bezala eraikia. Garbi izan behar dugu gauza bat: ebanjelizatzea ez dela erlijio bat garatzea, baizik eta mundu humanoagoa nahi duen Jainkoa iragartzea eta hari bideak zabaltzea. Jainkoaren erregetza ez da eraikuntza erlijioso bat. Ez da eraikitzen jarduera erlijioso hutsekin, baizik eta mundu hobeago baten alde lan eginez.

Baina, Jesusentzat bere bizitzako helburua zena, bere eginahal guztien arrazoi betea, bere mezuaren muina, bere bizitzari hasieratik heriotzaraino arnasa eman ziona … gaur egun ez da gure parroki eta kristau elkarteen indarra, akuilua, helburua. Egia da Elizak laguntzen duela Jainkoaren erregetza eraikitzen, bizitza humanizatzen sarri asko esku hartuz, baina guk ez diogu Jesusi jarraitzen, begiak mundu humanoago baten bila jarrita. Maiz, gure interes erlijiosoetan itxita aritzen gara, gure erakunde, ospakizun, eliztar eta etorkizunari adi. Elizan eta parrokietan Jainkoaren erregetzaren egitasmoa berreskuratzeko, zer egin dezakegu?


  1. Ez berdindu Jainkoaren erregetza eta Eliza

Aurren-aurrena, ez da pentsatu behar gauza bera direla Jainkoaren erregetza eta Eliza. “Eliz-zentrismoa”, gizaldietan zehar sartu den heresiarik larrienetako bat da, izan ere Eliza Jainkoaren erregetzaren ordezko bihurtu baita, haren lekua hartzeraino. Eskertu beharrean gaude azkeneko aita santuei argi eta irmo gogorazi digutelako Vatikano II.aren doktrina. Paulo VI.ak dio: “Jainkoaren erregetza bakarrik da absolutua. Gainerako guztia, erlatiboa da”. Joan Paulo II.ak: “Elizaren berezko helburua ez da Eliza bera, Jainkoaren erregetzan baitauzka begiak jarrita, Jainkoaren erregetzaren hazia, ezaugarria eta bitartekoa delarik”. Frantzisko: “Ez dut nahi zentroa izan beharrean dabilen Eliza, azkenean obsesio eta jarduera mordoilo batean itxita bukatuko duena”.

  1. Ez nahastu Jainkoaren erregetza erlijio batekin

Mendeetan zehar, Jesusen mugimendua erlijio gisa eratu da, bere apaiz, gurtza, sineste eta jarduera erlijiosoekin. Hori zilegi da eta, agian, beharrezkoa. Baina garaia da esateko kristautasuna ez dela beste erlijio bat, Jesusek sortua gizakiaren behar erlijiosoei bakarrik erantzuteko, baizik eta kristautasuna dela erlijio profetikoa, Jesusen Espiritutik jaioa, lurrean mundu zuzen eta solidarioagoa eraikitzeko, eta horrela doala salbamen betiereko eta behin betikorantz, fededunok “Jainko” esaten diogun azken errealitatearen Misterioan.

Kristau erlijioa horrela hartu ezkero, errotik berrituko luke Eliza  gizarte sekularraren barruan. Jarduera erlijiosoak ez lioke soilik begiratuko zeruko betiko salbamenari, baizik eta lurrean bizitza humanoagoa eraikitzeko fedea eta itxaropena elikatzeari. Bestetik, apaizen eginkizun zehatza izango litzateke kristau elkartearen buruari dagokion zerbitzua ematea eta Jainkoa goratu eta esker ona eragitea “izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion”; baina, horiek horrela, laiko emakumezko eta gizonezkoek lehen mailako garrantzia berreskuratuko lukete Jainkoaren erregetzari bideak zabaltzeko konpromisoagatik, mundu gizakoiago bat eginez hainbat esparrutan, familian, kulturan, gizartean eta politikan.

  1. Jainkoaren erregetzaren alderdi historikoa eta soziala berreskuratu

Lehenbailehen berreskuratu behar dugu Jainkoaren erregetzaren dimentsio historikoa eta soziala. Kristau (eta predikatzaile) askorentzat, Jainkoaren erregetza “zeruetako erreinua” da, eta kito. Egiaz, garrantzitsua da gure mundualdia betiko bizitzan burutzea, baina zerura daraman bidea, lurrean gizatasun beteagoa eraikiz egiten da. Jesusek ez digu erakutsi otoitz egiten “Eraman gaitzazu zerura”, baizik eta “Etor bedi zure erreinua”, “Egin bedi zure nahia zeruetan bezala lurrean ere”. Betiko salbamena, mundu honetako gaixoei osasuna emanez iragartzen du Jesusek, eta zeruko zoriona, lur honetako sufrimendua arinduz.

Beste kristau batzuek (eta predikatzaileek), Jainkoa pertsonak bere bihotzean hartzean gertatzen den barne-esperientzian uzten dute Jainkoaren erregetza. Jainkoa Jaun eta Aita bakartzat hartzen dugunean, egia da Jainkoaren erregetzara zabaltzen garela, baina sendiko, gizarteko, politikako … bizikidetza zenbat eta bidezkoagoa, senidekorragoa eta solidarioagoa egin, orduan eta gehiago gauzatzen da Jainkoaren erregetza gizartean.


  1. Parrokietako aldaketa erabakigarria

Gure parroki eta elkarteek ia dena kultu eta katekesira bideratu ordez, mundura irekiagoak izatera igaro behar dute, gaur egungo arazo, borroka eta ezinen artean Jainkoaren erregetzari bidea zabalduz. Hori da aldaketa erabakigarria.

  • Gure erlijioaren sakramentuak eta Jainkoaren erregetzaren ezaugarriak

Elizetan ospatzen ditugun sakramentuek (ezaugarri erlijiosoak) ez dituzte ordezkatu behar Jesusek bizitzan egiten zituen ezaugarri askatzaileak: pertsonen duintasuna defenditzea; pobreei egindako injustiziak eta gehiegikeriak gaitzestea; pertsona bakoitzari harrera beroa egitea; harreman zuzen eta senidekorragoak sortzea; maitasun solidarioaren arrastorik ez daukan erlijioa salatzea; gizonak emakumea mendean izango ez duen gizartea egiten saiatzea; gizakiaren funtsezko beharrez arduratzea. Sakramentuek eta, bereziki, eukaristiak, mundura atera arazi behar gaituzte, bizitza humanoagoa egitera. Frantzisko aita santua eskatu eta eskatu ari zaigu, “bizitzaren ertz-mugetara ateratzeko”: “Nahiago dut kalera ateratzeagatik kolpea hartu, min hartu eta zikindua dagoen Eliza; ez itxita dagoena eta,  bertan goxo, eroso egoteagatik, gaixorik dagoen Eliza”.

  • Bestelako “eliztarra”: Jainkoaren erregetzaren alde lan egiten duena

Jainkoaren erregetzari bidea ematen ariko den eliztar estiloa garatu behar dugu, “eliztar erlijiosoa” ez bezalakoa. Beharrezkoa da kristau elkarteetatik pobreen harrera eta defentsa bultzatzea; kanpaina humanizatzaileen aldeko konpromisoa; gizarteko ekimenetan esku hartzea; baztertuekin eta etorkinekin elkartasunez jokatzea … Giro desberdina sortu behar dugu parrokietan. Arrazoi du Joan Bautista Metzek salatzen duenean, kantu gehitxo dagoela gure elizkizunetan eta haserre-garrasi gutxitxo; atsegin gehitxo eta gizatasun gehiagoko munduaren egarri gutxitxo; kontsolamendu gehiegi eta justizia gose gutxiegi.


  1. Jesusen mugimenduaren espiritu profetikoa berpiztu


  1. Elizan espiritu profetikoa itzaltzen

Jesus ez da apaiz bat, erlijioa zaindu eta bultzatzen ari dena. Ezta lege-maisu bat ere, Israelgo lege eta ohitura erlijiosoak azaldu eta gauzatzera emana. Bere ezaugarri askatzaileetan eta suzko hitzetan, Jainkoaren Espirituak eraginda ari den profeta ikusten dute Galileako nekazariek: “Profeta handi bat sortu da gure artean”.

Horregatik, Jesusen inguruan sortzen hasi den elkartetxoa ez da talde erlijioso berezi-berezi bat, Qumrangoa bezalakoa. Ezta errabino-eskola bat ere. Jesusek ez ditu deitu Legea ikasteko ez beste erlijio bat sustatzeko. Deitu ditu berarekin batera aritzeko Jainkoaren erregetza egiten. Beren misioa ematen dienean, ez die agintzen erlijio berri bat bultzatzeko. Beti, misio pare hau jartzen die: Jainkoaren erregetza hots egitea eta bizitza sendatzea.

Mendekostean Elizaren jaiotzan, Espiritu profetikoa isuri zela esanez azaltzen du gertaera hura Lukasek. Narratzailearen arabera, Joelen liburuan iragarrita zegoena bete da. “Gizaki guztiei isuriko zaie” espiritu profetikoa: profetizatuko dute ez gizonek bakarrik baizik eta baita emakumeek ere; ez zaharrek bakarrik, baita gazteek ere; ez jaunek bakarrik, baita morroi eta mirabeek ere. Lehenengo elkarteetan bizi-bizi dago profeziaren karisma. Apostoluekin batera, profetak dira elkarteen oinarria. Paulok denei esaten die zaintzeko espiritu profetikoa: “Ez itzali Espirituaren indarra, ez gutxietsi profezi dohainik”. “Saia zaitezte elkarrenganako maitasunean. Espirituaren dohainei dagokienez, irrika ezazue batez ere profezi dohaina”.

Hala eta guztiz ere, Hans Urs von Balthasar-ek dioen bezala, II. mende amaiera aldera  “Eliza izotz zuri baten azpian geratu zen, eta oraindik ez du erabat kendu”. Espiritu profetikoa izoztua dago oraindik dezente, edo beste egiteko eta ministerio batzuek irentsi dute. Vatikano II.a eta gero, Karl Rahner-ek eskatu du berriketarik gabe “benetako espiritualtasuna daukan Eliza”, hau da, Espirituaren ekintzari irekia, ez soilik erakundearen bitartez, baizik baita erakundetik kanpora eta erakundearen ondoan ere.

  1. Jesusen espiritu profetikoa berpiztu Jainkoaren erregetzaren zerbitzura

Aipa ditzagun labur-labur Jesusen espiritu profetikoaren oinarrizko hiru ezaugarri:

Bestelako presentzia. Gizarte bidegabea zen Jesusen garaikoa, Galileako nekazariei zirenak eta ez zirenak zurrupatzen zizkieten Erromako zerga-biltzaileek eta Seforis eta Tiberiadesko lur-jabe handiek. Jesusek, bere jokabideaz eta bizitzaz, egoera hura ulertzeko eta bizitzeko era desberdin bat sartu zuen, errukiaren eta Jainkoaren justizia-gosearen argitan. Jesus hor dabil herrixkaz herrixka, Galilean barrena, Jainkoaren Espirituak indar ematen dio eta bere bizitza garrasi bat da: gauzak ez dira Jainkoak nahi bezala. Galilean ez da zuzenbiderik. Jainkoaren seme-alabak lurrik gabe ari dira geratzen. Eta bitartean, tenpluko erlijioak ahaztu egin du pobreen Jainkoa eta honen ordez, legearen eta gurtzaren Jainkoa ezarri du.

Jesusen jarraitzaileok bestela bizitzen ikasi behar dugu, kulturaren aurka eta konformatu gabe mundu hotz eta zorrotz honetan. Galileako Profetaren antzera bizi behar dugu, pobreen kausarekin bat eginda, axolagabekeria astinduz eta gure buruak engainatzen ibili gabe. Gure bizitza osoak mundu desberdin bat adierazi behar du. Mundu bidegabe batean gaude, baina ez dugu horkoak izan nahi. Aukera egin beharra daukagu. Era profetikoan bizi behar dugu, eta Jainkoaren erregetzaren zuzentasunarekin bat datorren bizimoduari heldu behar diogu. Ezin gara izan Jainkoaren eta Diruaren esaneko. Ezin dugu txoro-txoro irabazi, gastatu, erosi edo gozatu, mundu honetan milioika gizon, emakume eta haur goseak dauden bitartean, gaizki elikatuta eta miserian.

Haserre profetikoa. Jesusi haserrearen sua ere pizten zaio. Hori da Profetaren bat-bateko erantzuna, errugabeen aurkako zapalketa eta gehiegikeriak ikusita. Biktimen amorrazioa eta ezina adierazten du haserre horrek, beren minaren azpian dauden arrazoi gordeak ateratzen ditu argitara. Haserre hori beharrezkoa da, biziarekiko konfiantza eta Jainkoarekiko itxaropena itzaliko ez badira gure munduan. Buruzagi erlijiosoak larunbata eta garbitasun-legeak betetzeaz arduratuta dabiltzan bitartean, besteak isiltzen badira, konturatzen edo ausartzen ez direlako, Jesusek bere bizitzaz eta protestaz oihukatzen du bere sumindura: serio hartu beharra dago errurik ez dutenen negarra, Jainkoak ezin baitu halakorik eraman. Europa ez dabil ondo, munduan gose direnak gaizki badabiltza.

Jesusen jarraitzaileok  ikasi behar dugu haserretzen. Jon Sobrinok dioen bezala, sarri izan behar dugu “hitzik ez dutenen hitza, eta hots gehiegi egiten dutenen aurkako hitza”. Elizatik eta parrokietatik eta elkarteetatik, Jesusen garrasi bera entzun behar da: “Ezin zaitezkete izan Jainkoaren eta diruaren morroi”. “Ez eman inoiz inolako Zesarri Jainkoarena dena.”, alegia, txikiak, behartsuak, txiroak: horiena da Jainkoaren erregetza. Ez dago inoren bizia eta duintasuna sakrifikatzerik inolako botere politiko, ekonomiko edo erlijiosoren mesedetan.

Itxaropenerako deia. Honela dago Galilea: batetik, Erromako inperioak nahi duena da “pax romana” izatea bake betea eta betikoa, herri garaituak zapalduz eta esplotatuz. Bestetik, Jerusalemgo erlijioak dio Moisesen legea aldaezina dela eta betierekoa. Horiek horrela, Erromako Inperioaren biktimak eta Jerusalemgo erlijio ofizialak ahaztutakoak, kondenatuta daude itxaropenik gabe bizitzera. Agian hobetuko da apur bat “pax romana” delakoa, kontu handiagoz bete ahal izango da Moisesen legea, baina biktimen bizitza, funtsean, ez ba batere aldatuko. Munduak ez du gizatasunik irabazi.

Gizarte eta erlijio horretan ezinezkoa da ezer berririk has daitekeenik pentsatzea. Nagusi den kulturak ez du uzten inolako berrikuntzarik. Ez dago jakiterik nola eta nondik sor daitekeen itxaropen berri bat pobreentzat eta behartsuei izerdia zurrupatu eta bide bazterrera botatzen dituen gizartearentzat. Jesusek hautsi egingo du mundu itxi hori, eta bidea zabalduko dio itxaropenari. Mundu hori (ordezkorik eta esperantzarik gabea), gezurrezkoa da. Erromaren politika zapaltzaileak eta pobreekin ahaztuta dagoen erlijioak ez diote Jainkoaren egiari erantzuten. Posible da “pax romanatik” eta “Moisesen legetik” haratago doan mundu berri baten alde borrokatzea. Posible da mundu justuago baten alde lan egitea, fededunek Jainko deitzen dioten errealitatearen azken Misterioa, hor ari delako fededunak gizatasun handiagoko mundu batera erakartzen.

Hauxe da gaur ere kristau elkarteek adieraz dezaketen itxaropena, Jainkoaren erregetza hots eginez ari badira, eta horretarako bideak zabaltzen. Erregetzaren aldeko konpromisoan bizi ezkero, guk ere oihukatuko ditugu Jesusen oihuak: “lehenengo diren asko azkeneko izango dira”; “bere burua goratzen duena beheratu egingo du Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu”; zergalariak eta emagalduak lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan buruzagi erlijiosoak baino. Eta aurrerantzean lehenengo izango da zerbitzaria.

  1. Bideak zabaldu Jainko herriaren jarduera profetikoari

Guk ezin diogu Espirituari erakutsi zein bidetatik jo behar duen, baina gauza bat egin dezakegu: parrokietan eta kristau elkarteetan Espiritua hartzeko giroa erraztu.

  • Isiltasunak hautsi. Gure parrokiak kristau mutuz beteta daude, hitz erdirik egiten ez duten gizon-emakumeak. Iritsi da garaia Jainko herriari hitza emateko, mendeetan zehar isildua. “Aginpidearen erlijioa” izan dugu, jendea besoak gurutzatuta eduki duena, umeen erara ohituta. Hori utzi eta “dei egiten duen erlijiora” igaro behar dugu, erantzukizuna, parte hartzea eta sormena eragiten duena. Jende xeheak eta onak esan ditzala ahots ozenez hitz ebanjelikoak, berritzaileak, askatzaileak …; hitz horiek ez daukate beti zertan bat etorri beharrik iraganean egiten zenarekin, ohitura, tradizioa edo erakundea dela medio; alderantziz, mintzo bat jaio dadila Jesusen Espiritutik eta Jainkoaren erregetzaren alde ari diren gizon-emakume laikoengandik.


Hau dio Frantziskok: “laikoak dira Jainko Herriaren gehiengo nagusia” baina sarri asko “ez dute lekurik aurkitzen beren tokiko Elizetan zer pentsatzen duten azaltzeko eta lan egiteko, erabakietatik kanpo uzten dituen gehiegizko klerikalismoaren ondorioz”.


  • Beldurretatik askatu. Bigarren, gainetik kendu behar ditugu kateatzen gaituzten beldurrak eta ez dugu etsi behar beti egin izan denaren arabera bizitzera. Ez dugu sentitu behar nahitaez bete behar dugula beste garai eta gizarte baterako pentsatua izan zen iragan zurruna. Behar bada, beldurra dugu bekaturik larriena, parroki eta kristau elkarteetan konfiantza-giroa sortzen uzten ez diguna, eta oztopoa jartzen diguna ausardia izateko eta Ebanjelioaren egia benetan bilatzeko. Honela mintzo da Frantzisko: “Espero dut, huts egiteari baino beldur handiagoa izango diegula, adibidez, euskarri faltsua ematen diguten egituretan itxita geratzeari, epaile gogor bihurtuko gaituzten arauei, lasai uzten gaituzten ohiturei; hor kanpoan jendetza baitago goseak eta Jesus esan eta esan ari zaigu: “Emaiezue zeuek jaten” (Markos 6, 37).


  • Itxaropena berpiztu. Ezin gara ibili ezkortasun antzurik gizentzen, berrikuntza profetikoaren indarra errotik suntsitzen baitu. Garaia dugu konfiantzari atea zabaltzeko, itxaropenari eta aldi berrien prestaketari bidea emateko. Nola begiratuko diogu etorkizunari, etorkizunik ez dagoela badirudi? Ez da nahikoa adore-hitzak esatea. Beharrezkoa da oinarri berriak eraikitzea itxaropena ahalbidetzeko.


Ez dakigu Jainkoak nola, noiz eta zein bidetatik eramango duen bere erregetzaren egitasmoa. Baina ezin gara aurrera begira jarri, gure kontuak eta aurreikuspenak bakarrik eginez. Elizak ezin du bere geroa erabaki. Jainkoak bakarrik dauka bere historiaren azken hitza. Salbatu, Jainkoak bakarrik egiten du. Ez sekulartze modernoak ez Jesusen jarraitzaileen bekatuak geldituko dute Jainkoaren jarduera salbatzailea. Eliza, oraindik hamaika ustekabeko ikusteko dago. Kristau historiaren hogei mendeak ez dira Jesusen mugimenduaren bertsio onena. Jesus, bere onena emateko dago oraindik. Itxaropena ez da etorriko jarrera fundamentalistetatik edo erantzun fanatikoetatik; horiek beldurra, segurtasun eza eta fede falta besterik ez dute adierazten.


Bizi dugun garai hau, graziazkoa eta bihozberritzeko garaia da eta uste onez hartu behar dugu. Konfiantzazko bi jarrera aipatuko ditut. Lehendabizi, Ebanjelioa bizitzen, aldatuz ikasi behar dugu. Honek esan nahi du, ikasi behar dugula “adio” esaten jada ebanjelizatzen ez duenari eta Jainkoaren erregetzari bidea zabaltzen ez dionari, nahiz eta garai batean balioko zuten. Bigarren, bide berriak saiatu eta urratu, gogoan hartuz garrantzitsuak ez direla egiturak baizik eta gure bizitzeko era; garrantzitsua ez da zenbat kristau, baizik nolako kristauak, Jesusi nola jarraitzen diogun; inportantea ez da jende ikasia, baizik eta lekukoak. Denbora gutxiago eman behar diegu krisiaren azterketari, bitartekoen eskasiari edo zailtasunei eta, alderantziz, denbora gehiago, otoitz, arreta eta indar gehiago jarri behar ditugu dei berriak eta bihozberritzea nondik datozen antzematen.

J. A. Pagola ('15)



Comments