Ikastetxeko liburutegia: irakurketa planaren bultzatzaile

Ander Arana Albeniz. Intxixu Ikastola. Bilbo.

Liburutegia. Irakurketa planaren bultzatzaile

Eskola liburutegiaren kontzeptua jorratuko dugu, bertan egin behar den lanaz jabetzeko. Era berean, mintzatuko gara antolamenduaz eta liburutegian falta ezin diren liburuen eta gainerako materialen horniketaz, hau da, zer erosi, zer lehenetsi.

Ingurunea zaindu behar dugu liburutegia atsegina egiteko eta bestetik, honek urteetan zehar bertan bizi izan diren esperientzien aztarnak jaso behar ditu, erabiltzaileek propio senti dezaten. Liburutegia gainera, gero eta modu autonomoagoan erabiltzeko gai izan behar dute gure ikasleek. Horrek ere ekarriko dizkigun beste zeregin batzuetaz mintzatuko gara: antolamendua, katalogazioa eta erabiltzaileen prestakuntza.

Liburutegiaren zeregina, dudarik gabe, irakurketarekin eta idazketarekin dago lotuta, baina baita ahozkotasunarekin eta entzuketarekin ere. Ekimen horiek irakasle baten esku egon behar dute, eta honek urtero plana eratu behar du gainontzeko irakasleak eta gurasoak beren egitasmoarekin bat egiteko. Horri emango diogu garrantzirik handiena hitzaldian eta, noski, egindako lanaren zabalkundeari, egiten ari den lana eta dauden materialak eskolan agerian egoteko. Era honetan, ikasleen arreta eta interesa areagotzea ere lortuko dugu, liburutegira gustura etor daitezen.