Ahozko hizkuntza: hitz egin, solasean aritu eta entzun

Ahozko hizkuntza, askotan, ahaztuta edo baztertuta egon da ikastetxeetan, testuak jasotzea eta prozesua kontrolatu eta ebaluatzea zaila suertatzen baitzen. Baina, egun, IKTek oso tresna erabilgarriak eskaintzen dizkigute ikasleen ahozko testuak grabatzeko, eta askotariko testuak entzuteko. Horrez gain, IKTen bidez, gelara eraman ditzakegu hizkuntzaren aldaera eta estilo desberdinak, erregistroak, euskalkien laginak...; irakasleek errazago diseina ditzakete gelako jarduerak; eta ikasleek testuak antolatu, eta hartzaile errealei komunikatu baino lehen, berregokitu eta zuzendu ditzakete.

Elkarreraginari lotuta, IKTek komunikazio-bide berriak —eta horietako batzuk, aldiberekoak— irekitzen dituzte. Web 2.0 aplikazioek erabiltzaileak igorle eta hartzaile bihurtzen dituzte, elkarrizketa eta eztabaida bultzatu eta ezagutza partekatzeko aukera ematen dute: bideo-elkarrizketak, bideo- eta audio-txatak... harreman-tresnak dira globaltasuna ezaugarri duen mundu honetan. Beraz, errentagarritasun didaktiko handia ematen dute.

Honako hauek dira, besteak beste, ahozko hizkuntzari lotuta proposatu daitezkeen proiektuak:

(*Kontuan izan, halaber, webgune honetako beste hizkuntzen atalean bildutako proiektuak.)

  
Gure irratia
 
Hiruhileko proiektu gisa proposa daiteke honako hau. Ikasleek irrati saio bat egingo dute beren intereseko gaien inguruan. Irrati-testuak lantzeko, kazetaritza-generoak mugatu daitezke eta albisteak, soilik, landu (edo genero bat baino gehiago —elkarrizketak, esaterako—); betiere, ikastaldearen ezaugarrien arabera. Grabazioak blog batean edo beste euskarri digital batean txerta daitezke.
 
Jardueren sekuentzia:
  • Proiektua aurkeztu ikasleei, helburuak azaldu eta egitekoak zehaztu.
  • Irrati saioetako testu-generoaren (generoen) ezaugarriak aztertu.
  • Ereduak entzun eta kontrol orria(k) sortu denon artean.
  • Grabazioak planifikatu eta egutegia proposatu.
  • Testuak idatzi, kontrol-orriak baliatuta.
  • Testuen zuzenketa eta berrikusketa egin koebaluazioaren bidez.
  • Testuak grabatu eta blogean txertatu.
  • Ikaskuntzaren ebaluazioa egin, eta proiektuarena ere bai.
 
Ereduak
 
Material didaktiko osagarria
 
Tutorialak
 
 
 
Eskolako gaiei buruzko ahozko azalpena
 
Edozein arlotako gaiak lantzeko baliagarria izan daiteke honako proiektu hau. Euskara saioetan, esaterako, ahozko euskal literaturaren inguruko azalpena egitea proposa dakieke ikasleei, beheko material osagarrian aurkezten den bezala, edo, proiektu zabalagoa eginez, beste ikasgai batean ikasleak lantzen ari diren unean uneko gaia, edozein arlotakoa, erabil daiteke azalpen gai. Proiektuaren helburu nagusia da azalduko den gaiaren inguruko ezagutza zabaltzea eta informazioa partekatzea. Azalpenak bideoz grabatu, eta ikastetxeko webgunean jar daitezke ikusgai.
 
Jardueren sekuentzia:
  • Proiektua aurkeztu ikasleei, helburuak azaldu eta egitekoak zehaztu.
  • Gaiak aukeratu. Horien inguruko informazioa bilatu, hautatu, eta ahozko azalpenera egokitu.
  • Ahozko azalpenak aztertu, eta hizkuntza ezaugarriei erreparatu. Kontrol-orria egin denen artean.
  • Informazioa antolatu kontrol-orriaren arabera. Material osagarria (irudiak, ppt-a…) prestatu.
  • Entseguak egin. Ikaskideen arteko koebaluazioa egin, eta horren arabera zuzendu.
  • Ahozko azalpena grabatu, eta Vimeora igo. Gero, blogean txertatu.
  • Ikaskuntzaren ebaluazioa eta proiektuarena egin.
 
Ereduak
 
Material didaktiko osagarria
 
Tutoriala
 
  
Mahai-ingurua
 
Asko dira mahai-ingurua egiteko proposa daitezkeen gaiak. Asko dira, baita, ikasleei bururatu dakizkiekeen gaiak. Horregatik, askatasuna ematen zaie proiektu honetan. Hala ere, proiektuak helburu komunikatibo erreala izan dezan, pil-pilean dauden gaiak proposatu beharko lirateke eta testuinguru egokian txertatu (jai ospakizunak, gai baten inguruko kanpaina...). Ikasleek mahai-ingurua grabatuko dute eta ikusgai jarri, dela ikastetxeko blogean, dela ikasgelakoan, edo beste euskarri batean.
 
Kontuan hartu behar dugu proiektuak ibilbide zehatz bati eutsi behar diola, ikasleek eraginkortasunez hitz egin eta eztabaida dezaten gizartean eta eskolan dauden arazoez nahiz euren kezka diren beste makina bat gairen inguruan.
 
Hauxe izan liteke jardueren sekuentzia:
  • Proiektuaren berri eman, eta helburuak eta egitekoak zehaztu ikasleekin.
  • Mahai-inguruen ereduak ikusi, eta elkarrekin aztertu. Ezaugarriak antzeman.
  • Argudioak adierazteko bideak eta hizkuntza-baliabideak aztertu. Kontrol-orriak egin.
  • Informazioa bilatu mahai-inguruan jorratuko den gaiari buruz. Informazioa partekatu google docs-en bidez.
  • Elkarreraginerako arauak aztertu, ez-hitzezko komunikazioaren ezaugarriak aztertu eta adostu.
  • Mahai-ingurua planifikatu. Moderatzailea eta parte hartzaileak. Entseguak egin.
  • Mahai-ingurua grabatu, eta blogean/ikastetxeko irrati gunean... txertatu
  • Proiektuaren ebaluazioa eta talde ebaluazioa egin.
 
Eredua
 
 
Material didaktiko osagarria 
 
Tutoriala:
 
 
 
Ikasturte hasiera: ezagutu zeure ikastetxea
 
Proiektu hau ikasturte hasieran proposatu dakieke ikasleei. Ikastetxean kokatzeko eta leku berria ezagutzeko, argazkiak atera eta espazioaren eta bertako baliabideen deskribapena/azalpena egiteko eskatuko zaie. Helburua da ikastetxea ezagutzea, eta, beraien moduan, hurrengo ikasturtean bertaratuko diren ikasle berriei informazio baliagarria helaraztea.
 
Honakoa izan liteke jardueren sekuentzia:
  • Proiektua aurkeztu eta ezaugarriak ikasleekin zehaztu.
  • Ikastetxeko webgunean nabigatu eta informazioa bilatu. Informazioa hautatzeko prozedurak landu.
  • Informazioa bilatu eta bideokliparen ezaugarriak zehaztu talde handian.
  • Ereduei erreparatu eta deskripzioak eta azalpen testuen ezaugarriak landu. Kontrol-orriak egin.
  • Testuak idatzi. Kontrol-orriak erabili.
  • Ikaskideen arteko  testuak zuzendu koebaluazioaren bidez.
  • Testuak eta musika grabatu, Audacity programaren bidez.
  • Irudiekin bideoa egin Movie Maker programarekin.
  • Dena muntatuta, arbel digitalean aztertu, azken ukituak eta doiketak egiteko.
  • Ikastetxeko blogean eskegi.
  • Proiektuaren balorazioa egin.
 Tutorialak
 
 
 Norberaren ahozko testuen portafolio digitala
 
Proiektu honetan, hauxe proposatzen da: ikasleek nork bere ahozko testuen portafolio digitala egitea Voxopop tresnaren bidez. Hala, ikasturtean zehar edo aldi motzago batean zehar, egin dituzten testu-genero askotarikoen grabazioak igoko dituzte sarera, eta ahozko hizkuntzaren erabileraren inguruko autoebaluazioa egingo dute: zer hobetu behar duten, zeri erreparatu behar dioten, non dituzten zailtasunik handienak…
 
Honako hau izan liteke jardueren sekuentzia:
  • Proiektua aurkeztu, helburuak azaldu eta egitekoak beraiekin zehaztu.
  • Ahozko testuak sailkatzeko irizpideak elkarrekin zehaztu.
  • Materiala karpetetan antolatu.
  • Gogoetarako galderen atala denen artean erabaki. Ideia jasa, elkarrizketa bultzatu.
  • Voxopop gunearen ezaugarriak aztertu.
  • Materiala sareratu.
  • Talde handian azaldu norberaren portafolio digitala: edukia eta gogoeta.
  • Ikaskuntzaren ebaluazioa eta proiektuarena egin.
 
Eredua
 
Material lagungarria
 
Tutoriala
 
 
   
Beste zenbait ideia
 
Askotariko ahozko testuen bilduma
 
Proiektu honetan, ikasleek DIIGO erremintaren bidez, sarean bilatu dituzten eta beren iritziz interesgarri suertatu dakizkiekeen ahozko testuen bilduma egingo dute. Ikasleek, lankidetzan, ahozko testuak bilatu, etiketatu, testuen inguruko datuak idatzi eta partekatu egingo dituzte. Erreminta horri esker testu horiek guztiak  “hodeian”  eta eskueran izango dituzte.
 
Biografiak
 
Ikasturte hasierako proiektu gisa proposa dakioke ikastaldeari honako proiektu hau. Ikasleek norberaren biografia grabatuko dute. Proiektuan, biografiak aztertu eta ereduak irakurri behar dituzte, hizkuntza ezaugarriei erreparatu eta, kontrol-orria sortuta, nork bere biografia idatziko dute. Azkenik, Audacity edota Voxopop programen bidez, grabatu eta sarera igoko dituzte biografien grabaketak.
 
Bideo-klipak
 
Ikastetxean jorratuko den edozein gairen inguruko informazioa bideo-klip erakargarria izan daiteke. Irudiak editatzeko eta bideo bihurtzeko programak behar dira, eta testuak grabatzekoak. Hizkuntza saioetan, testu-genero askotarikoak landu daitezke (ipuinak, bertsoak, albisteak...). Testua, irudiak eta musika bateratu daitezke. Ekoizpen ikusgarria eta, aldi berean, hizkuntza lantzeko berebizikoa; betiere proiektu moduan antolatzen bada, eta helburu komunikatibo erreala ematen baldin bazaio (ekitaldiren batean, ospakizun batean,  urteurren batean...).