1. PhotoScape

1.1. Zergatik PhotoScape?

Gaur egun irudiak eraldatzeko dozenaka programa daukagu, batzuk lizentzia ordaindu beharrekoak, beste batzuk doakoak. Lehen multzoan ezagunena PhotoShop dugu eta bigarrenean, doakoen artean, Gimp da, ziurrenik, ezagunen eta osotuena.
    Guk, berriz, gure blogean jarriko ditugun irudiak eraldatzeko PhotoScape hautatu dugu, alde batetik doakoa delako, baina baita ere honako ezaugarriengatik: Zabaltze librekoa da, beraz, ikasleriaren artean zabal daiteke era legalean; ikusiko dugunez, gure beharrei egokitua da, eskola mailan sortzen diren beharrei erantzuten diena; beste alde batetik, fidakorra da, gaur egun saretik software libre asko dabil, baina, guk egonkorra eta ondo funtzionatzen duena lehenesten dugu; azkenik, baina ez garrantzi gutxiagokoa, erabilpen erreztasunagatik, bai programa instalatzean, bai erabiltzean oinarrizko funtzionamendua bereganatzea konplikazio maila handirik gabekoa delako.
    Hala ere, muga batzuk dituela ezin ukatu. Adibidez, programatik zuzenean ezin da eskaneatu, beste programa batez egin behar dugu eta, ondoren, eraldatzeko PhotoScapera eraman. Hau da, urrats bat gehiago burutu behar dugu, gaitzerdi, azken finean.
    Irudi bat ebakitzeko tenorean, horri dagokion atalean ikusiko dugun bezala, ezin da modu librean egin, beti lauki edo zirkuluaren ezaugarrietara egokitu behar da ebakina.
    Ezin da GIF gardenik egin, hau da hondorik gabeko irudiak. Horretarako, oso bailabide sinple eta praktikoa dago helbide honetan:online-image-editor
    Arestian aipatu ditugun PhotoShop edo Gimp programek duten hainbat funtzio falta ditu, baina programa hauek erabiltzea zaila eta konplexua da eta gure asmoa ez da diseinuan aditu bihurtzea, gure blogeko irudiak (eta, bide batez, irudiak erabiltzen ditugun gainerakoetan)  era egokian aurkeztea.
    Aldekoa, berriz, gordetzeko duen lehenetsitako sistema, jatorrizko kopia eta aldatutakoa gordetzen baititu beti.

1.2. Non eskuratu eta zelan instalatu

Esan dugun bezala, PhotoScape zabaltze libre eta doako programa da, beraz, sarearen hainbat tokitan eskura dezakegu. Toki fidagarriena, berriz, euren web orrialdera jotzea da, www.photoscape.org, bertan deskargatzeaz gain, programaren ezaugarriak eta lanabes zein efektuen inguruko azalpenak daude, hori bai, ingelesez.
    Instalatzeko, deskargatu dugun artxibategiaren gainean klikatu eta agertzen diren urratsak betetzen joan behar dugu, edozein programaren instalazioarekin bezala. Nahiko azkar burutzen da eta, berez, gure disko gogorreko programen karpetan instalatuko du guk kontrakoa esan ezean.
    Instalatzen ari garenean, ordea, doako programek google, ask edo antzeko bilatzaileak eta atazak instalatu nahi dizkigute nabigatzailean. Komeni da ezetz esatea.
   
1.3. Zer egin dezaket PhotoScaperekin?

Izenburuko galdera beste modu batez plantea genezake: zertarako behar dut PhotoScape? Irudiak hobetzeko, horrelaxe laburbil daiteke erantzuna.
    Guk egindako argazkiak zein saretik jeitsitakoak ez ditugu dauden moduan  ezertan erabili behar. Batzuetan jatorrizko tamaina egokia da, baina beste batzuetan laukiago edota luzangagoa behar dugu gure lanean ondo kokatzeko.
    Beti ez zaizkigu koloretan interesatzen, agian zuri-beltzera edota sepiara (euskal jaietako irudiak, kasu) pasatu nahi ditugu eta, gainera, zaharkitu itxura eman filtroren bat erabiliz.
    Irudietan markoa edo itzala jartzeko. Edo Polaroid kamera mitikoaren argazkien itxura emateko.
    Testua idatzi, bai argazkian data eta tokia jartzeko, nola komikietako bunbuiloak erabiliz bertan ageri diren pertsonei hitza emateko. Saretik jeitsi eta erabili nahi dugun irudi horretan ageri den testua euskaratzeko.
    Irudi serio bat barregari bihurtzeko.
    Gure blogean txertatzeko GIF animatuak sortzeko.
    Gidaliburu honen xedea blogeko edukietarako kalitatezko irudiak sortzen laguntzea da, baina irudiak ez ditugu webgunean bakarrik erabiltzen, eguneroko testu idatzietan edo diapositiba-aurkezpenetan ere kalitatzekoak erabiltzen lagundu nahi dugu.
    Txosten honen azken atalean ezagutuko ditugun hainbat baliabide, filtro eta abarrekoak lantzeko ariketak daude, batzuk oinarrizkoak, beste batzuk konplexuagoak, guztiak gure blog zein lanetan erabiltzeko modukoak.

1.4. Irudi motak, Bereizmena, Tamaina

Programak eskeintzen dizkigun baliabideak ezagutzen eta erabiltzen ikasten hasi aurretik, argazkigintzan garrantzizkoak diren hainbat kontzeptu eta ideia azalduko ditugu, besteak beste, irudi mota ezberdinen ezaugarriak, bereizmena (erresoluzioa) edo tamaina.
    Kontzeptu hauek garrantzia dute. Adibidez, blogean txertatzeko irudi batek ez du bereizmen handiegirik behar eta, neurriei dagokienez, pantailan ikusteko besterik ez da behar. Inprimatzeko, ordea, zenbat eta bereizmen handiagoa hobe, jarraian ikusiko dugun bezala.
    Gehiegi sakondu gabe, hona hemen jakitea interesgarria diren datu batzuk.

    Irudi motak: Argazki kamera digitalek hainbat formatu ezberdin erabiltzen dituzte eta irudiak eraltzeko programek irudiak formatu ezberdinetan gordetzeko aukera ere ematen dute. Hauek dira eraiblienak, PhotoScapek eskeintzen dituenak:
    - JPEG: (Joint Photographic Experts Group) formaturik erabiliena da. Hemen argazkiaren jatorrizko informazioa konprimituta dago. Formatu honek duen abantailetako bat konpresio-maila guk definitu ahal izatea da. Guk formatu hau lehenetsiko dugu.
    - PNG: (Portable Network Graphics) kolore-sakonera handiagoko irudiak gordetzeko aukera ematen duena. Askoz be gehiago okupatzen du, guk ez dugu erabiliko.
    - GIF: (Graphics Interchange Format) irudi estatikoez gain, animazioak sortzea ere ahalbidetzen du formatu honek. Guk horretarako erabiliko dugu, hain zuzen.
    - BMP: (Bitmap) irudia puntu askoren multzotzat hartzen da. Desabantaila ugari du eta asko okupatzen du.
    - TIFF: (Tagged Interchange File Format) publizitatean eta auto-edizioan oso erabilia. Batzuetan, artxibategi honen informazioa ez dute programa guztiek ulertzen.
    - RAW: (gordina esan nahi du ingelesez) kamararen sentsore digitalak harrapatutako irudiaren datu guztiak gordetzen ditu. Negatibo digitala deitzen zaio. Formatu profesionala da. Guk ez dugu erabiliko.
   
    Bereizmena: Honetaz hitz egitean bi kasu bereizi behar ditugu. Alde batetik, irudiaren bereizmena, hau da, zer-nolako zehaztasun maila ikus daitekeen irudian. Zenbat eta bereizmen handiagoa izan, irudi horrek kalitate handiagoa izango du. Argazki kamerek adierazten duten megapixelen araberakoa da bereizmena.
    Beste alde batetik, irudi hori inprimatu nahi dugunean, bereizmenaz hitz egiten da ere. Kasu honetan, hazbete bakoitzean zenbat puntu agertzen diren adierazten dira eta 200 ppp-tik aurrera bereizmen ona dela esaten da.

    Tamaina: Irudiaren neurriak dira, zabalera eta altuera. Normalean, bereizmenaren araberako neurriak lortzen ditugu, hau da, bereizmen handiko argazki batetik tamaina handia lor dezakegu kalitatea mantenduz. Halere, guk JPEG formatuko irudi bat nahiko konprimi dezakegu eta, beraz, neurriak mantenduko dira, baina kalitatea jeitsiko da.
photoscape lasterbidea
blogger eskuliburua
audacity eskuliburua
videopad esteka
movie maker esteka
scribus esteka
photoscape pdf jeitsi