1. Bloga


1.1. Zer da Blog bat?

Hauxe da Wikipediak blogari buruz ematen digun azalpena: Blog (edo weblog) bat, ohar, istorio edo artikuluak argitaratzen diren Interneteko webgune bat da. Blogariak mezuak egunkari edo bitakora moduan idazten ditu eta hauek kronologikoki argitaratuz doaz bere blogean. Egitura aldetik goiko markoak bloga identifikatzen du, zutabe nagusian mezuak eta erantzunak agertzen dira, eta alboko zutabean, besteak beste, egilearen deskripzioa, estekak, etiketak, kategoriak, mezuen artxiboa eta harpidetzeko loturak egon ohi dira. Goazen, bada, zatika azalduz.
    Lehenik eta behin, bloga interneteko gune bat da, munduko edozein bazterretatik
ikusgarri eta eskuragarri dagoena. Bertan artikuluak (1) idazten dira, blogaren toki nagusia hartzen dutenak, eta kronologikoki antolatzen dira, hau da, berriena beti lehena izango da. Artikulu hauek, jakina, ez dira testu idatzietara mugatzen: argazkiak, audioak, bideoak, estekak... ager daitezke artikulotan.
    Bestetik, eta testu horien osagarri bezala, alboko zutabeko menuan era ezberdinetako hainbat eduki jar daiteke (2): bideoak, estekak, egutegia, argazki diaporamak, artxiboa, bilatzailea, albisteak, etiketak, inkestak... besteak beste. Hauek guztiak Blogger programak berak eskeintzen dizkigun tresna txikiak dira eta ingelesezko izenez dira ezagunak: gadget.
    Eta azkenik, baina ez horregatik garrantzi txikiagokoa, guk idatzitako artikuluei jendeak egin diezaizkiekeen iruzkinak (3) daude, elkarreragitea, informazio edo iritziak trukatu, gure bloga zerbait bizitzat hartu.
    Hemen azaldutako honetaz guztiaz hitz egingo dugu zehatzago aurrerago, zelan sortu, zelan kudeatu eta zertarako erabili.

1.2. Zergatik blog bat ikasgelan?

Agerikoa da gaur egun IKTek hezkuntza munduan duten garrantzia, horren adibide argia Eskola 2.0 egitasmoa bera delarik, etorkizuneko (eta hein handi baten, gaur egungo) oinarrizko lanabesa baita. Beraz, eta premisa horretatik abiatuta, ingurune digitalera hurbildu behar dugu erabiltzaile zein sortzile gisa. Gelako bloga horretarako tresna ezin egokiagoa da.
    Ikasgelako Blogak hiru ardatz edota erabilera nagusi izan ditzake: lehenik eta behin, ikasleen ekoizpenak azaltzeko erakusleihoa da. Esan dugun bezala, gaur egun ikasleen ekoizpenak ezin dira testu idatzietara mugatu, baliabide teknologikoak erabiliz oso erreza baita eduki multimediak sortzea (audioa eta bideoa, kasu). Non erakutsi lan horiek, bada? Blogean. Gelan bertan, etxean eta beste ikastetxe batzuetan ikus eta erabil ditzaten. Horra hor Gelako Blogak ematen digun beste aukeretako bat, elkarri edukiak eta ezagutzak trukatzea. Guk beste gune batzuetatik informazioa eskuratzen dugun era berean, beste batzuek berdin egingo dute guk eskegitako edukiekin.

blog erlaitzak

    Azken honetatik tiraka, bigarren ardatzera -edo agian lehenengoa izan beharko- iristen gara: ikasleen ikaste-prozesuan lagungarri izatea. Alde batetik, ikasleen motibazioa handiagoa da baliabide informatikoak erabili eta eduki mutimediak sortzean eta hori profitatu behar dugu gelan. Bestetik, gelan landutako materialen zein eduki osagarrien biltegiaren funtzioa beteko du blogak, ikasleek etxean ikaste-prozesuan erabil dezaten. Hor izango dituzte eskuragarri gelan ikusitako bideo eta animazioak, material osagarriak, ariketak... edo horietara zuzenean iristeko estekak.
    Azkenik, gurasoekiko komunikazio bide azkar eta iraunkorra da gelako bloga, oharrak eta edonolako informazioa (eta berriro diogu, ez bakarrik testu idatziak) helarazteko bidea.
    Hiru ardatz hauek antolatzeko hainbat ideia eta proposamen aurkeztuko dizkizuegu ikasgelako bloga osatzen joan ahala.

1.3. Zer egin dezaket gelako blogean?

Aurreko puntuan azaldu diren hiru ardatz horietako lehenengoan, ikasleen ekoizpenei dagokienean, ikasgelan egin ohi diren ekintza ia guztiek dute tokia blogean, bai irakasleak eginikoak zein ikasleek eurek sortutakoak. Adibidez, Lehen Hezkuntzako gela guztietan esperimentu txikiak egiten dira eta argazkiak atera ere. Zer egin, ordea? Horman eskegitzeko txartelez gain, esperimentu horien kronika idatzi eta irudiak jarri; irudi horiekin egindako bideotxoa; ikasleen ahozko azalpena gehitu... Lan bera edo antzekoa egin daiteke burutzen den edozein irteeratan, bai museora zein mendira doazelarik. Edo idazle bat (edo kirolaria, edo aitite/amama, edo herriko alkatea) eskolara datorrenean egin ahal zaion elkarrizketa. Lasai egon, bideo edo grabazio horiek zelan egin azalduko dizuegu.
    Bigarrenari dagokionez, ikasleen ikaste-prozesuan lagungarri izatekoan, bertan eskegi ahal ditugu gelan ikusitako bideo eta animazioak (edo hauetara zuzenean heltzeko estekak) etxean berriro ere ikus ditzaten, testuliburuen osagarri; gure blogaren alboko zutabean jarri ditugun baliabideak erabiltzeko aukera emango diegu, direla hiztegiak, direla gune interesgarrien helbideak. Azken finean, gela etxera eramango diegu.
    Gurasoenean, berriz, esan dugun bezala, oharrak, egutegiak, irteeren berri, eurentzako materialak... beti ere idatzizko testuetatik haratago (deskargatzeko dokumentuak, bideo interesgarriak, beste gune batzuetarako estekak...).
    Has gaitezen, bada, gure gelako bloga sortzen.

blogger lasterbidea
audacity esteka
videopad esteka
movie maker esteka
scribus esteka
blogger pdf jeitsi