Siglak

Jatorria:

  • ORTOTIPOGRAFIA (PDF) : letrakera arrunta, etzana, lodia, kakotxak, siglak, laburdurak... (Estilo-liburuaren lehen atala)
  • Euskal Gramatika Osoa. I.Zubiri-E. Zubiri. 84-85. orriak

1. Letra larriz, letrakera arruntez eta punturik gabe idazten dira siglak; baita izen osoa letra etzanez idatzi beharreko izenen siglak ere.

EAE, HPS, HABE, AEK, EHU, EUTG, MCC, ELA, LAB, UGT, BBK, BBVA, BEZ, CD, DVD...
Orduan hasi zen EGLU argitaratzen: alegia, Euskal Gramatika: Lehen Urratsak.

Bada, ordea, salbuespenik:

1. Erabiliaren erabiliz izen arrunt bihurtu direlako letra xehez idazten direnak: adibidez, radar (radio detecting and ranging).
2. Letra xehez ere idatzi ohi den zenbait sigla eta akronimo: UNESCO/Unesco, RENFE/Renfe, SEAT/Seat, ICONA/Icona...
3. Testu osoa letra larriz dagoenean (tituluetan eta), puntu eta
guzti idatz daitezke siglak: U.E.U./UEU LAGUNTZA
ESKE, A.E.B./AEB KINKA LARRIAN...

2. Siglak laburbiltzen duen izena osorik adierazten da testu bakoitzeko lehen agerraldian, irakurlearentzat oso sigla ezaguna denean izan ezik.

EAE (Euskal Autonomia Erkidegoa) aipatu ondoren, EUTG (Estudios Universitarios y Técnicos de Gipuzkoa) eta MCC (Mondragón Corporación Cooperativa) goraipatu zituen atzerritarrak.
Europar Batasuna (EB) eta Ameriketako Estatu Batuak (AEB) elkar zaintzen ari dira.
OEH (Orotariko Euskal Hiztegia) lagungarri ona da EGAtik gorako agiria eskuratzeko.
Aldizkarien sailean, begiratu RIEV (Revista Internacional de Estudios Vascos) eta BRSVAP (Boletín de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País).

3. Deklinatzerakoan (eta ahoskatzerakoan), kontuan izan sigla batzuk letraka irakurtzen direla, eta beste batzuk, silabaka.

EHU (e-hatxe-u): Euskal Herriko Unibertsitatea EGA (e-ga): Euskararen Gaitasun Agiria
Oharra:
Bada zati bat letraka eta bestea silabaka irakurtzen den siglarik ere: PSOE (pe-so-e).

4. Sigla eta deklinabide-atzizkia marratxorik gabe batzen dira, salbu eta siglaren azken letra berberaz hasten denean atzizkia ere.

UEUn, hizlarietako batzuk ETBko kazetariak dira; beste batzuk, berriz, EHUtik joandako irakasleak.
BBK-k adierazi du AEK-ko ikasleek gogotik eskertu dutela BBKren dirulaguntza.

Oharrak:

1. Siglaren azken letra R gogorra denean, ez da “r” errepikatu behar lotura egiteko. Beti ere, atzizkiaren berezko “r”ari eutsi egin behar zaio.

ELKARen lana goraipatu du RPRko diputatu ohiak.
RPR-ren izenean dator.

2. Testu osoa letra larriz dagoenean, hona aukerak: U.Z.E.I.REN GUNE BERRIA / UZEI-REN GUNE BERRIA

5. Deklinatzerakoan, izen berezitzat hartzen da sigla, eta leku izen bereziak bezala deklinatzen, izen arrunt gisako siglak izan ezik.

EUDELeko arduradunak AEBra joan dira, Renoko agintariei-eta hemengo udalen berri ematera.
EUTGko irakasle asko Deustuko Unibertsitateko ikasle ohiak dira.

Oharra:

Sigla batek izen bereko hainbat subjektu baldin baditu, orduan sigla hori pluralean deklinatuko da hala dagokionean. Horixe da, esate baterako, EKT (Euskal Kultura Taldea) siglaren kasua, honako adibide honetan ikus daitekeenez:
Ahozkotasuna ikertzen ari dira Durangoko EKTn eta Gipuzkoako EKTetan.

6. Izen arrunt gisako siglak, ordea, hitz arruntak bezalaxe deklinatuko dira.

Sail horretakoak dira NA (Nortasun Agiri), BEZ (Balio Erantsiaren Zerga), CD (Compact Disc), PC (Personal Computer), GKE (Gobernuz Kanpoko Erakunde) eta abar, eta baita hiztegi berezietako DM (datu mota), DMA (Datu Mota Abstraktu) eta beste asko ere.

Non grabatu duzu CDa?
Nork itzali ditu PCak?
Zenbat ordaindu duzu BEZa?
Esan berriro zure NA-aren zenbakia.
Bihar hastekoa da GKE-en biltzarra.
Dakizunez, datu mota (DM) guztiak ez dira datu mota abstraktuak (DMA); beraz, ongi bereizi behar dira DMak. Esaterako, DM hori DMA bat da, oso ugariak baitira DMak eta DMA-ak.


Hona hemen euskarazko zenbait sigla erabilgarri:


AE Autonomia Estatutua
AEB Ameriketako Estatu Batuak
AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea
AHT Abiadura Handiko Trena
BEZ Balio ERantsiaren gaineko Zerga
BPGb Barne-Produktu Garbia
BPGd Barne-Produktu Gordina
DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
DBHO Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza Ondorengoa
EAE Euskadiko Autonomia Erkidegoa
EEE Europako Ekonomia Elkartea
EH Euskal Herria
EHAA Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria
EHBO Euskal Herriko Buletin Ofiziala
EHE Euskal Herrian Euskaraz
EHU Euskal Herriko Unibertsitatea (EAEkoa)
EI Eusko Ikaskuntza
EIE Euskal Idazleen Elkartea
EITB Euskal Irrati Telebista
EJ Eusko Jaurlaritza
EKB Euskal Kulturaren Batzarra
ELB Eusko Legebiltzarra
ET Eusko Trenbideak
ETA Euskadi Ta Askatasuna
FFAA Foru aldundiak
HAEE Herri Ardularitzaren Euskal Erakundea
HIES Hartutako Inmuno-Eskasiaren Sindromea (SIDA)
HPIN Hizkuntz Politikarako Idazkaritza Nagusia
IFZ Identifikazio Fiskalaren Zenbakia (NIF)
IFK Identifikazio Fiskalaren Kodea
IK Iparretarrak
IRALE Irakaslegoaren Alfabetatze-Euskalduntzea
KEM Kontzientzi Eragozpen Mugimendua
KPI Kontsumorako Prezioen Indizea
LH Lanbide Heziketa
LK Langile Komisioak
LPEZ Lan Pertsonalaren Errendimenduaren Zerga
NAN Nortasun Agiri Nazionala
NATO Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundea (OTAN)
NBE Nazio Batuen Erakundea (ONU)
NUIZ Norbanakoen Urteko Irabazien gaineko Zerga
OHE Objektu Hegalari Ezezaguna (OVNI)
PFEZ Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga
PVP Publikoarentzako Salneurria (PSN)
SA Sozietate Anonimoa (SA)
SK Sozietate Kooperatibo
SM Sozietate Mugatu (SL)
TAO Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamendua (OTA)
TB Telebista
UEU Euskal Herriko Unibertsitatea
UZEI Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea