Gai bati buruzko ahozko azalpena

Teoria 

GAI BATI BURUZKO AHOZKO AZALPENA

Ahozko jardunak elkarrizketak, debateak eta azalpenak izan daitezke:

  • Azalpenean pertsona bakarrak hitz egiten du. Elkarrizketa eta debatean, berriz, batek baino gehiagok.
  • Elkarrizketa eta debatean, hitz egiten dugunean kontuan hartu behar dugu
    gainerakoek esan dutena. Besteei erantzun, kontra egin, agindu, etab. egiten dugu. Besteek eten egiten dute gure jarioa. Hau da, norbaiti hitz egiten diogu eta berak guri, esaten duguna gainontzeko partaideen araberakoa izango da.
  • Azalpenetan, ez digu inork gure jarduna eteten. Gure hitzaldia ez dago
    entzuleen menpe, hasieratik pentsatu bezala hitz egingo dugu, inork moztu
    digulako aldatu gabe. Nahiz eta norbaiti zuzendutako jarioa izan hau ere.
  • Azalpenak luzeagoak dira. Beraz, jarioa egituratu eta ordenatu beharko
    dugu, koherentzia zainduz.

Azalpena bakarrizketaren barruan

Azalpenaren ezaugarri nagusia hizlari bakarrak parte hartzen duela da, bakarrizketa bat izatea, alegia. Hala ere, ez da azalpena ezaugarri hau betetzen duen diskurtso bakarra. Bakarrizketa estiloaren barruan, diskurtso mota bat baino gehiago dago.

Bakarrizketa motak

  •   Kontaketa: ipuina zein bestelakoak
  •   Azalpena: gai baten esplikazioa
  •   Iritzizko testua : zerbaiten inguruan adostasuna edo desadostasuna agertzea.

Bakarrizketaren oinarrizko egitura

Aurreko batean ikasi genuen (ARGUDIO TESTUA IDAZTEN) edozein diskurtsok “sarrera-garapena-bukaera/ondorioa”egitura jarraitzen duela.

Sakoneko egitura

Bakarrizketaren oinarrizko egitura aztertu berri dugu (edozein hitz jariok duen oinarrizko egitura). Orain, sakoneko egiturari ekingo diogu, iritzizko bakarrizketaren sakoneko egiturari, hain zuzen.

Zein izango ote dira iritzizko bakarrizketaren ezaugarri nagusienak?
  • Pertsona baten iritzia azaltzea. (ad. Jertsea itsusia da)
  • Iritzi horrekin entzulea konbentzitzen saiatzea. (Amak ez erostea nahi dugu)
  • Konbentzitzeko zerbaiten alde edo kontra arrazoi ezberdinak ematea.

(Handiegia daukat. Kolorea ez da egokia.Erosiz gero, armairuan ustelduko da. Etxean badaukat antzeko bat)

Ezaugarri hauek, iritzi bakarrizketaren sakoneko egitura baldintzatuko dute.

  •  Sarreran : hiztunen arteko lehen kontaktua (oinarrizko egituraren ezaugarria)
    Iritzia (iritzizko bakarrizketaren ezaugarria)
  •  Garapena : gure iritziaz entzulea konbentzitzeko arrazoi ezberdinak. Norbait konbentzitzeko hitz egiten dugu. Iritzizko bakarrizketen funtzioa horixe da. Baldin badakigu amak ez digula kasurik egingo eta jertse itsusi hori erosiko digula (esaten duguna entzun gabe), ez gara saiatu ere egingo gure iritzia ematen, zer pentsatzen dugun esplikatzen.
Hizkuntzak beti balio du zerbaiterako. Ez dugu alferrik hitz egiten, hitz egite hutsagatik. Anaia txikiak ez badigu kasurik egiten matematika esplikatzen ari garenean, ez diogu azalpenik emango.

Berdin iritzi bakarrizketarekin, gure jarioak ez badu ezertarako balio, ez dugu iritzirik emango eta kito.
  •   Bukaera : Ondorioa. Garapenean emandako arrazoiak kontuan izanda, ondorio batera iritsiko gara: arrazoi dugu, gure iritzia zuzena zen.

Gogoratu:

Argudio testuaren inguruan esandako guztia baliagarri gerta dakizuke iritzi diskurtsoa eratu eta pentsatzerakoan.