Deklinabidea eta aditza

Ariketak 1 eta 2

Atal honetan ezin sailkapenik eman. Kontua da deklinabidea aldatzean ohikoa dela aditza aldatzea eta alderantziz. Hona hemen maiz egiten diren aldaketa batzuk:

  • Zarata arraro horrengatik kezkatu naiz / Zarata arraro horrek kezkatu nau
    • Berdin BELDURTU, HARRITU, HASERRETU... aditzekin
  • Nire autoa hartu du / Autoa hartu dit (niri)
  • Hori arazo kezkagarria dela uste dugu / Arazo kezkagarritzat dugu/daukagu
  • Irakaslea agurtu zuen / Irakasleari agur egin zion (eta antzeko lokuzioak: dantzatu naiz ni / dantzan egin dut nik, borrokatu naiz ni/ borrokan egin dut nik...)
  • Lanean hasiko naiz / Lanari ekingo diot
  • Nire iritziz, umea han uztea guztiz desegokia da / Umea bertan uzteari guztiz desegoki(a) deritzot/irizten diot
  • Nik egin behar dut lan hori / Niri dagokit lan hori egitea
  • Iturginari esker konpondu zuten arazoa / Iturginari zor diote arazoa konpondu izana
  • Oraintxe bukatu dugu lana / Bukatu berri dugu lana

Beste horrelako asko dago. Tankera honetako berridazketak oso erne egin behar dira deklinabidea eta aditza ongi taxututa uzteko (sing/plur, nor/nork...)

BERRIDAZKETAK 

DEKLINABIDEA, ADITZA, DEKLINAB-ADITZA (I)

  1. Seme hura mutil handia zen, baina herritar askok erdi txorotzat zeukaten ( iritziz )
  2. Bere jokamoldea zuzentzen ez zuen bitartean ezin esan zitekeen elkartekide leiala zenik (_____ ezean _____...tzat.)
  3. Umea negar-malkotan zegoen. (zerizkion)
  4. Nire mendizaletasunaren jatorria umetan aitonarekin egin ohi nituen joan-etorrietan dago. (datorkit)
  5. Batak besteari "Aurkituko ote dugu konponbidea?" galdetuz amaitu zuten solasaldi luzea (elkarri)
  6. Aspaldian dabil hori lanean (berria.)
  7. Zenbaitek droga legeztatzea ez du bidezkotzat jotzen (deritzo.)
  8. Esango nuke txakur hau ez dela hori bezain gaiztoa. (ematen.)
  9. Neska lirain horrek zoratu egingo luke bat bere edertasunaz. (izanda, )
  10. Agintariek hartu behar dituzte erabaki zorrotz horiek eta ez beste inork. (hartzea)
  11. Miren eta Ane bata bestearen antzekoak omen ziren txikitandik. (antza)
  12. Unibertsitateko irakasle bati esker murgildu nintzen ikerketa zirraragarri hartan (zor)
  13. Hamaika dira gurasoek eta irakasleek bultzatuta aurrera atera direnak (esker)
  14. Ixiltasun oro esan ez diren hitzez dago osatua. ( osatzen dituzte.)
  15. Fruituak, gazta eta arrain errea eramaten nizkion. Ordainetan ahuntz-esnea eta ahate-arraultzak ematen zizkidan. (truke)
  16. Zorrak kitatzeko bakoitzak milioi bat pezeta jarri behar izan genuen. (...na)
  17. Jon igandean ezkondu zen, baina guk astelehenera arte ez genuen jakin (berri.)
  18. Liburu horren euskal bertsioa zorioneko itzultzaile horrek egin du. ( duzu.)
  19. Bere urtebetetzeko opari gisa huskeria bat eman zioten. (...tzat.)
  20. Oraindik korrikalari horri uste baino gehiago falta zaio munduko errekorra ontzeko. (falta du)
  21. Haurrek amarekin euskaraz eta aitarekin arabieraz hitz egiten dute. (mintzatzen dira.)
  22. Tabernak ordu txikietan irekita egoteari desegokia deritzot. (Ez dut uste )
  23. Luze gabe iritsiko dira Bartzelonako gure lagunak, beren fardel eta guzti. (...tear)

DEKLINABIDEA, ADITZA, DEKLINAB-ADITZA (II)

  1. Motorzale eta txirrindulari askok ez dakite kaskoa ez erabiltzea arriskutsua dela. (dakarrela.)
  2. Lagunek dirua ordaintzera behartu ninduten. (...arazi )
  3. Liburugintzan hasi zirenean bakoitzak hiru milioi jarri zituen. (____ ekin ___...na _____)
  4. Zuk proposatutakoa ondo iruditzen zait. (deritzot.)
  5. Erretzea denontzat da kaltegarria. (denoi)
  6. Gure ikastetxera etorri den irakasle berriak asko daki informatikaz. (jantzia)
  7. Patxi ez ezik, Olatz eta Julene ere etorriko dira. (...tzekoak)
  8. Bidegabekeriek eta gizalegez ez jokatzeak tristetu egiten naute. (___ dira ____sortarazten ___)
  9. Arazoa ez onartzea da irtenbidea atzeratzearen eragile. (du)
  10. Gaixotasunaren diagnostikoa garaiz egitea garrantzitsua da adituen ustez. (irizten)
  11. Une honetan bide horretatik ez goaz inora. (horrek)
  12. Halako batean hasi ziren guk agindutako lanetan. (____ekin_____...n______)
  13. Irakasleok eman behar dizkiezue ikasleei azalpenak eta ez gurasoek. (Irakasleoi)
  14. Gurasoek aginduta etorri zara medikuarenera. (...arazi)
  15. Lanean gogor ari denak begirunea merezi du. (zor)
  16. Ez zen erraza izango ni berriro zoritxarreko toki hartan gaueko ordu txikietan ikustea. (Nekez)
  17. Ez nuen bihotzondoko makala hartu zu egoera triste hartan ikusi zintudanean! (zidan)
  18. Zuei esker hartu izan dugu atseden orain arte. (___ zor ___ izana.)
  19. Era horretako arazo bat antzeman ondoren, haurdunaldiarekin jarraitu ala ez gurasoen esku gelditzen da. (___ gurasoei ____ erabakitzea.)

 Erantzunak jaitsi.