Azalpen on bat emateko jarraitu beharreko urratsak
 

Jendaurreko Azalpena

PARTAIDEAK:

1) Hizlaria:

Azalpena ematen duen hiztuna da. Jakitunaren papera edo rola betetzen du, ontzat ematen da azalpena ematera doan gai horretan jakitun dela (eta hala ez bada ere, badakienarenitxura egin beharko du jendaurrean).

2) Entzuleak:

Entzuleek beraiek hala nahita hartu dute entzule papera, ez dute kasualitatez entzungo azalpena edo hitzaldia. Entzule hauek, hizlariari jakitunaren rola eman diote, eta honenbestez, beren buruari gutxiago dakienarena (inor ez da hitzaldi batera joaten, zerbait berria ikasteko esperantzarik ez badu).

HELBURU OROKORRA:

Jendaurreko Azalpenaren helburua zera da: entzulearen jakintza maila (aurretik azalpenaren edukia ezagutzen ez zuena) azalpena ematen duen hizlariaren (edo jakitunaren) mailara jasotzea. Hau da, entzuleak zenbait informazio bereganatzea, edo, ikastea.

EZAUGARRIAK:

Jendaurreko Azalpena (hitzaldi bezala ezagunagoa) gizartean maiz ikus dezakegun ahozko praktika formala da. Daukan izaerarengatik, iraupen jakinekoa izan ohi da (antolatzaileekin adostutako denbora), eta, hizlariak aldez aurretik prestatuta izaten du.

Egoera komunikatibo bezala, Jendaurreko Azalpena bakarrizketa bat da (askotan, azalpenaren ostean galdera-erantzunen tartea izaten bada ere, hau ez dugu azalpenaren beraren barruan sartuko). Bestalde, egiten den hizkuntzaren erabilera publikoa da.

JENDAURREKO AZALPENA ESKOLAN

Eskolan leku nabaria du jendaurreko azalpenaren praktikak, bertara hurbiltzen denak norbere jakintza maila jasotzea baitu helburu.

Praktika oso baliagarria da, eduki edo informazio jakin bat barneratzen laguntzen baitio entzuleari. Dena dela, eskolaren eremura ekarrita, askoz ere interesgarriagoa da hizlariaren paperetik begiratuta, honek, jendaurrean hizketan hasi aurretik, gai baten edukiak barneratu eta antolatu egin baititu.

Jendaurreko azalpenak emanez, alor jakin bateko edukiak ez ezik, ahozko praktika formal baten teknikak ikasteko aukera dago (informazioa antolatzen, diskurtsoa egituratzen, hitza hartzen, jendaurrean egoten, ahoskatzen, etab.), eta hau oso garrantzitsua da edonoren heziketan.

Jendaurreko Azalpen on bat emateko egin beharrekoa

Jendaurreko Azalpenak (gizarteko praktika formal bat izanda) egitura jakin bat betetzen du, beti errespetatzen dena. Ondorengo lerroetan egitura hau azalduko dugu, eta baita atal bakoitzean hizlariak kontuan hartu behar dituenak ere:

PRESTAKETA

Helburua : Hizlariak alorraren edukiak barneratzea eta planifikatzea, gero informazioaren transmisioa zuzen egiteko.

Pausoak :

1) Irakurketa burutuko duen ingurunea aztertu, komunikazio markoa.

2) Edukiak aukeratu, pilatu eta jerarkizatu. Ideiek kohesioa mantendu behar dute.

3) Diskurtsoa antolatu (eskema moduan zein testu eran): ideia garrantzitsuak eta bigarren  mailakoak; mamia eta ondorioa; azalpena, deskripzioak eta adibideak etab.bereizi.

4) Denborara egokitu .

5) Dauden baliabide guztiak biltzen saiatu (gardenkiak, grafikoak, aipuak, arbela, marrazkiak, bestelako tresnak...), eta hauek gure azalpenean izango duten lekua zehaztu.

Azalpen garaian erabiltzeko eskemaren bat egin daiteke, baita irakurri nahi den pasarteren bat, erakutsi nahi den marrazkiren bat etab. bildu ere. Hau guztia lagungarri baino ez da izango, Jendaurreko Azalpena bat-bateko jarioa izango baita.

JENDAURREKO AZALPENA BERA

1.atala: hizlariaren aurkezpena

Aurkezleak (gure kasuan irakasleak) azalpenaren aurkezpena egingo du, horretarako “jakitunari” merezi adinako garrantzia emanez. Aurkezpen honek azalpenari behar duen itxura emango dio, jendaurreko diskurtso formalarena. Hizlariaren lehen agerpena atal honetan izango da, isilik egongo bada ere.

2.atala: hizlariaren ekoizpena

Atal honek bere baitan hiru zati ditu, hona hemen hurrenez hurren azalduta:

1) Hitzartzea edo azalpenaren aurkezpena

Helburuak:

* entzulearekinlehen kontaktua izatea, hitzartzea

* bataren(jakitunaren) eta besteen (entzuleen) rolak definitzea edo zehaztea.

* entzuleakerakartzea

Pausoak:

  •   hizlariak gaiaren gaineko bere espektatibak azaltzen ditu, zergatik aukeratu duen gai hau, zergatik hitz egingo duen horren gainean...
  •   entzulea erakartzeko, txisteren bat edo anekdotaren bat kontatu, objekturen bat erakutsi etab. egin dezake.

Garrantzitsua da hiztunak egoeraren kontzientzia izatea, bere komunikatzeko gaitasunarena, jakintza transmititzeko helburuarena, hartzailearena...

2) Muina: edukiak igortzea

Egitura : Muinak bere baitan hiru zati izango ditu

1. Gaiaren sarrera: gai osoari gainbegirada bat ematea

2. Gaiaren garapena

3. Ondorioa: beti ez da konklusio bat izango, debaterako galdera bat
edo duda bat ere plantea daiteke. Baina beti ere, hizlariaren helburuen muina izango da, entzulea bideratu nahi duen tokia.

Helburuak :

  •  informazio jakin bat entzuleei helaraztea.
  •  esaten ari dena ulergarri gertatzea.
  •  esaten ari dena gustagarri eta erakargarri gertatzea.
  •  Erakartzea: entzulearen atentzioa mantentzea.

Pausoak : pauso guztiak aldi berean bete beharko ditu.

  •  Adibideak jarri, entzulearengandik gertukoak eta bisualak. Hobeto uler dezaten eta atentzioa mantendu dezaten.
  •  Ahots aldaketak egin: maila ezberdinetako edukiak markatzeko, deskribapen edo adibideetan... atentzioa mantentzen lagunduko du.
  •  Galdera erretorikoak egin atentzioa manten dezaten.
  •  Entzulearen jarrerari eta keinuei adi egon, ulertu ote duten, aspertzen ari ote diren etab. jakiteko. Ulertu ez badute, esandakoa errepikatu zehaztasun gehiagoz, adibide gertukoagoekin, pausa gehiago egin informazioa barnera dezaten... Aspertzen ari badira, berriz, lehen esan bezala ahotsarekin jokatu, galderak egin...
  •   Material lagungarria erabili
  •   Denbora zaindu
  •   Hizkuntza egokia erabili (entzuleen eta egoeraren arabera)
  •   Hizkuntza zuzena erabili.
3) Hitzuztea edo azalpenaren bukaera:

Helburuak :

  •  entzulearekin kontaktua etetea, hitzuztea
  •  entzuleak eskertzea.

Pausoak :

  •  Bere hitzaldia bukatu dela adieraziko du, jendeari eskerrak emanez, “gustatu zaizuela espero dut” edo “ez al zenuten lorik hartuko!” bezalakoekin...

Kontuan hartu beharreko beste zenbait arau:

Azalpen osoan zehar, hizlariak edozein hizketa ekintzatan betetzen diren arauak bete beharko ditu:

  • Entzulearen aurrean patxadan jartzea, nerbioek eragindako mugimendurik egin gabe (lasai gaudenaren itxura egin behintzat).
  • Entzuleari begira hitz egin.
  • Entzuteko moduan hitz egin, ez ahopean.
  • Ondo ahoskatu.
  • Hitzari eutsi, ez egin behar ez den isilunerik zer esan ez dakigulako edo soltura faltarengatik.
  • Keinuak eta gorputzeko mugimenduak erabili komunikazio hobea lortzeko.

3.atala: hitzaldiaren bukaera

Aurkezleak edo moderatzaileak egingo du. Hizlariari eskerrak eman, eta, hala nahi izanez gero, galdera-erantzunen tartea zabaldu eta gidatu.