Euskara batuaren ahoskera zaindua
 

Bokalak

1. <a, e, i,o, u> idatzi bezala ahoskatu: [a, e, i, o, u]; sei bokaleko sistema duten Iparraldeko euskaretan <u>ren ahoskera biak onartzen dira ([u] eta [ü]) hala eskatzen duten hitzetan eta baita ere euskalkiaren erabilera zainduan.

Bokal- bilkurak

2. Bokalak bokalen ondoan daudenean ere idatzi bezala ahoskatuko dira hizkera maila zainduetan: etxea , geroago, mendia , burua .

Gainera aintzat hartu behar da:

      2.1. <ea, oa> idazten direnen bestelako ahoskerak egoki eta zuzen direla gainerako hizkera mailetan (hala nola: etxia, etxie; geruago, telefonua eta kidekoak).

      2.2. <ia, ua> idazten direnen bestelako ahoskerak egoki eta zuzen direla gainerako hizkera mailetan (hala nola, zerbait tartekatuz: mendiya, mendixa, mendiza;buruba eta kidekoak edo, bigarren bokala aldatuz edo kenduz: mendie, mendi; burue, buru eta kidekoak).

3. Bokal bi elkarren segidan daudenean, lehenengoa <i> edo <u> bada, bokal bilkura bi silabatan ahoskatuko da (hala nola: abi.an, sozi.ala, zi.ur). Dena den, badira hitz batzuetan ui diptongoak.

     3.1. Bokal bilkura hauek silaba bakarrean (diptongoan) ahoskatzen dituzten Ekialde eta Iparraldeko euskalkietako hiztunengan hizkera zaindutzat hartuko da ahoskera hori.

4. Bokal biren artean <h>idazten denean, <h> ahoskatzen ez den euskalkietako hiztunek ere bokal bakoitza silaba batean ahoskatzera joko dute hizkera maila zainduan (hala nola:za.harra; na.hi du; bi.hurturik; a.hula; be.hi).

Kontsonanteak

5. Idatzi bezala ahoskatuko dira hizkera maila zainduan

<b, d, f, g, k, l, ll, m, n, ñ,p, r, rr, s, t, ts, tx, tz, z>

Beraz:

     5.1. <g> <e> eta <i> bokalen aurrean beste bokalen aurrean bezalaxe ahoskatu behar da ahoskera zainduan behintzat (hala nola geologia). Azken orduko maileguetan, salbuespenak banan-bana markatuko dira. Esaterako, dagoeneko onartua dugun gin (edaria).

      5.2. <s, z> eta <ts, tz> Hizkera zainduenetarako pare hauek bereiztea hobetsiko da. Bestalde <z> euskaraz beti (eta areago hizkera zainduetan) zistukaria da eta gaitzetsi egin behar da gaztelaniazko ahoskera hortzartekoa (gaztelerazko zapato hitzaren lehen kontsonantea, alegia). Beraz,eskizofrenia hitzaren lehen eta hirugarren kontsonanteak zistukariak dira (bata apikaria eta bestea bizkarkaria); halaber soziologia hitzaren lehena eta bigarrena.

      5.3. <b, d, g, r> bokalartean gertatzen direnean, hurrenkera honetan handiagotzen den oparotasunaz desager edo alda daitezke hizketa arduragabean (hala nola: ari naiz ai naiz, horiek (h)oiek, egon eon, edan ean, eran, etab.). Ahoskera horiek erabat egoki eta bidezko dira gainerako hizkera mailetan, baina hizkera zainduan bokalarteko kontsonanteak ahoskatu egin behar dira.

      5.4. <r, rr> euskaraz beti (eta areago hizkera zainduetan) hortzobikari dira etagaitzetsi egin behar da frantsesezko ahoskera ubularra (frantsesezko ruehitzaren lehen kontsonantea, alegia).

      5.5. <h> letra hau hostuna den Iparraldeko euskalkietako hiztunek idatzi bezala ahoskatuko dute hizkera zainduan. Letra hoskabea den Hegoaldeko euskalkietako hiztunen ahoskera zainduan ere <h> ez da ahoskatuko. Letra horren mututasunaren salbuespen bakarra Hegoaldekoen ahoskeran zihoan, zihoazen bezalakoetan gertatzen da, hor <h> [x] belarraz ahoskatzen delarik (gaztelaniazko jamón hitzaren lehen kontsonanteaz, alegia).

           5.5.1. <h>az esanak berdin balio du<ph, th, kh> ahoskeretarako: erabat egoki da ebakera hasperenduna halakoa duten Iparraldeko euskalkietako hiztunengan (hala nola eperra epherra eta kidekoak).

      5.6. <il, in> letra bilkura hauek <(i)ll> eta <(i)ñ> (hala nola: mila milla edo mailua mallua, bina biña edo baino baño) ahoskatzen diren euskalkietako hiztunengan bustikuntza hori ahoskera zainduan ere egoki da (ahoskera zaindua <ll> —milla— da eta ez <y> — miya—). Bustikuntza hori ez duten euskalkietako hiztunengan, noski, bustidurarik gabea izango da ahoskera zaindua ere (hala nola: mila mila edo mailua mailua, bina bina edo baino baino).

      5.7. <j> letraren euskarazko ahoskera oinarrizkoa <y> da eta hori da hizkera zaindurako hobesten den ahoskera oro har. Halaz ere eta beraz:

5.7.1. <j> hitz hasieran <y> ahoskatuko da (hala nola jateko yateko, jokalariak yokalariak).

5.7.2. Badira [x] belarraz ere ahoska daitezkeen hitzak. Hitz horietako batzuk hizkera maila zainduetan gertakortasun urrikoak dira, beste batzuk (Heg. marka daramatenak) Hegoaldean erabiltzen dira (hala nola jertse, jipoi, jira).

5.7.3. <j> hitz barruan gertatzen denean, <y> izango litzateke ahoskera zainduena. Hala ere, gaurko egoera kontuan izanik, Hegoaldeko [x] belarra (gazt. jamón) eta Iparraldeko <> sabaiaurrekoa ere (fr. jambon) onartzen dira hizkera zainduan garaje, ijito bezalako hitzetan.

      5.8. <x> Ahoskera sabaikaria du lehengo euskal hitzetan: xagu, xoxo, Xabier.

5.8.1. <x> Maileguetan bokalartekoa <ks>ahoskatzea hobesten da hizkera zainduan (hala nola: sexua seksua, taxian taksian, faxez faksez). Hitz amaieran oso gutxitan agertzen da eta hitz bereziak dira. Horietan  ere [ks] ahoskera egin daiteke.

Kontsonante bilkurak

6. <zb, zd, zg> Ahoskera zaindurako ere ez adberbioaren ondoren ondorengo <d> kontsonantea (aditz formen hasieran agertuko dena) ahoskabe ebaki behar da (hala nola ez da: ezta). Ez adberbioaren ondorengo <b, g> kontsonanteak ere ahoskabe ebakitzea hobesten da (hala nola: ez gara: ezkara; ez bada: ezpada). Hortik kanpo ere <z> eta <b, d, g> ahoskeran biltzen diren guztietan ahoskabetzea onargarria da hizkera maila zainduan ere.

7. <zz> Ahoskera zaindurako ere ez adberbioaren azkeneko <z>kontsonantea eta ondorengo <z> (aditz formen hasieran agertuko dena) batera ebaki behar dira afrikatua osatuz (hala nola: ez zara: etzara; ezzetozela: etzetozela; ez zenion: etzenion; ez zuen: etzuen).

8. <nz, lz, rz> eta <ns, ls, rs> Letra bilkura horietako zistukaria (<z, s>) afrikatu (<tz, ts>) egin ohi da euskaraz (hala nola unibertsitate, Frantzia, faltsua). Hitz mugan ere ordezkatze hori egiten den euskaretan afrikatzea onartzen da ahoskera zainduan (hala nola esan zuen: esantzuen; eman zion: emantzion).

9. <zn, zl, zh> Ahoskera zaindurako ere ez adberbioaren ondoren <n, l, h>kontsonantez hasitako aditz formak agertzen direnean, euskara batzuetan <z> ez da ahoskatzen. Ahoskera zaindutzat hartuko da horrelakoetan <z> ahoskatzea eta baita ez ahoskatzea ere (alegia, ez naiz: eznaiz edo enaiz; ez luke: ezluke edo eluke; ez haiz: ezaiz edo ehaiz).


* Adibideetan hitzen forma ortografikoa letra etzanean agertzen dena da: jateko yateko. Bigarren formak ahoskera adierazten du. Batuaren ortografian ez dauden ikur batzuk erabili behar izan dira ahoskera islatzeko: <>: sabaiaurreko ahostuna (Lekeitioko ogia azken kontsonante hori); <y>: <j> letrarenahoskera sabaikaria adierazteko gardentasunaren izenean eta askotan egiten den<j>-[x] belarrarekiko loturaren haustea grafikoki nabarmentzeko; [x]igurzkari belarra da (gazt. jamón hitzaren lehen kontsonantea).

 

Araua osorik.