"A" itsatsia
 

Euskal hitz batzuk berezkoa duten "a" letraz bukatzen dira: alaba (*alab),saltsa (*salts), azoka (*azok), ... Azken letra horri "a" itsatsia deitzen zaio. Gizon, zuhaitz, ... bezalako hitzak ere -a letraz amai daitezke (gizona,zuhaitza), baina badakigu -a hori artikulua dela eta behar ez dutenean ez dutela hartzen (gizon bat, zuhaitz hori). "a" itsatsi dutenek, ordea, beti berekin dute eta oso-osorik idatzi behar da (alaba bat, saltsa hori).

Baina zeintzuk dira "a" itsatsia duten hitzak?

1. Banakako hitz batzuk. Hona hemen zerrenda.

abantaila
agentzia
aisia
aitona
aitzakia
akademia
alegia
amona
anaia
animalia
antsia
arbola
arnasa
arroa
arroza
ausardia
axola
aza
balea
birjina
botila
burdina
dardara
denbora
dotrina
egia
ekonomia
eliza

erregina
erromeria
eskola
familia
feria
festa
gauza
gaztaina
giltza
gona
grazia
habia
harea
heriotza
hizkuntza
hontza
ideia
ikastola
imajina
inbidia
inportantzia
itxura
izkina
justizia
kaiola
kartzela
kontzientzia
koroa
kultura

labana
leihatila
literatura
lotsa
lotura
maila
makila
makina
malezia
meza
natura
neskatila
okela
ola
ordena
ostia
panpina
penitentzia
pertsona
pertsonaia
pezeta
politika
polizia
premia
probintzia
saltsa
teila
zalantza
zuhurtzia

Adib.: anaia zaharra, feriarik onena, gauza horiek

baina: Anai-arreba, ferietan, gauzek.


2. Honako atzizki edo amaierez osatutakoak:

-keria: alferkeria, handikeria...

-tura/dura: prozedura, abiadura, ohitura...

-tza: idazkaritza, agintaritza...

-kuntza: berrikuntza, irakaskuntza...

-(k)ada: besarkada, eskukada, kamioikada...

-kintza/-gintza: zapatagintza, kulturgintza...

-(t)eria: gazteria, tresneria...

-(k)era: harrera, bukaera, idazkera,...

-gura/-kura: logura, azkura,...

-bera: bihozbera, hozbera, sentibera,...

-aia: paisaia, bidaia, luzemetraia,...

-antza: mudantza, mesfidantza,...


3. jatorrizko erdaran "a" letraz bukatzen diren hitz guztiak

Adibidez: justizia, ironia, finantza, ekonomia, literatura....


Berezko "-a" noiz galtzen den

-A berezkoa duten hitz batzuk, hitz-elkartearen lehen osagaia direnean -a- gal dezakete:

  • -IA bukaera duten hitzak: biologi azterketa, geologi irakaslea, pedagogi berrikuntza, orografi arauak ...
  • Eliza, burdina, hizkuntza, kultura, natura eta literatura hitzak: eliz agintariak, burdin fabrika, hizkuntz gaitasuna...

Bi multzo horietako hitzak hiru eratan idazteko aukera dago hitz-elkarketan:

  • Berezko a gabe eta marratxorik gabe (bidai agentzia, kultur ekintza)
  • Berezko a-z eta marratxoz (bidaia-agentzia, kultura-ekintza)
  • Berezko a-z eta marratxorik gabe (bidaia agentzia, kultura ekintza)

Praktika