Orduak nola esan

 

Kaixo, lagunak! Aurreko eguneko zenbakien hariari jarraituz, gaurkoan, orduei buruz hitz egingo dugu. Arau erraza badirudi ere, berehala konturatu zarete ez dela batere samurra. Esaterako, nork ez du inoiz erabili bostak eta erdi egitura? Aldamenekoak seguro asko ordua ulertu, ulertuko zuen, baina komeni da jakitea erabilera hori ez dela egokia euskara batuan… Azter dezagun,bada, araua atalez atal.

 

1. Orduak honela ematen dira:  

Ordu bata, ordu biak, hirurak, laurak, bostak, seiak, zazpiak, e.a. Ordu hitzaren ordez oren ere erabil daiteke; halere, azalpena errazte aldera, bigarren aukera hau ondorengo adibidean baino ez dut erabiliko: oren bata, bi orenak (biak), hirurak, e.a. Aurreko adibideak honela deklinatuko dira: ordu batean, bietan (ordu bietan/bi orenetan), hiruretan, e.a. (Adi! Hirurak eta laurak r dute; beste guztiek, ez!)

 

2. Erdia honela adierazten da: 

Ordu bat eta erdiak, ordu bi eta erdiak, hiru eta erdiak, bost eta erdiak, ordu bat eta erdietan, ordu bi eta erdietan, hiru eta erdietan, bost eta erdietan, e.a. (Adi! Zenbakia ez da deklinatzen; beraz, ordu biak eta erdi gaizki legoke.)

 

3. Laurdena honela adierazten da:  

Ordu bat eta laurdenak, ordu bata eta laurden, ordu bi eta laurdenak, ordu biak eta laurden, hirurak eta laurden, hiru eta laurdenak, hirurak eta laurdenetan, hiru eta laurdenetan, bostak laurden gutxi(ago), e.a. (Adi! Bietara eman daiteke)

 

4. Minutuak:

Hamarrak hamar gutxi edo gutxiago, hamarrak hamar gutxitan edo gutxiagotan, seiak eta bostean, laurak eta hogeian, hirurak eta hemezortzian, e.a. (Adi! Minutuak singularrean deklinatzen dira).

 

5. Zifretan ematen direnean: 

Bi punturekin bereizten dira orduak eta minutuak, eta bakoitzeko bi zifra erabili behar dira beti: 00:12, 12:10, 09:25, e.a. Deklinatzen direnean, orduei plurala erantsi, eta minutuei singular marka, dagozkien lotura bokalekin: 15:00etan, 15:03an, 15:04an, 15:30ean, e.a. Irakurtzeko orduan hobe da, hala ere, honela irakurtzea: hiruretan, hirurak eta hiruan, e.a. Erabilera formaletan ontzat ematen dira, dena den, hamabostak eta bostean, hamabostak eta hamabostean, e.a.

 

6. Egitarau, kartel eta horrelakoetan: 

Ez da eragozpenik erdiko bidea hartzeko: arratsaldeko 5etan, goizeko 11,30etan, iluntzeko 8etatik 11k arte, arratsaldeko 3etatik gaueko 12ak arte, e.a.

Araua osorik.

Ñabardura ugari, ezta? Bada, jar dezagun praktikan ikasitakoa. Zalantzaren bat baduzu, galdetu lasai. :smile: