Komunztadura aposizioetan
 

Aposizioez hitz egingo dugu gaurkoan. Baina zer da aposizio bat? Izen-sintagma bati beste izen-sintagma bat justaposizioz lotuz egindako eraikuntza, batak bestea azaldu edo zehazten duelarik (ikus Harluxeten). Askotan zalantza handiak izaten ditugu aposizioak idaztean, batez ere, komunztadurari dagokionean; hori dela eta, ematen diren kasu ezberdinak azaltzen saiatuko gara. Euskaltzaindiaren azalpenak bere horretan utzi ditugu; dena den, azalpenetan galtzen bazarete (ez dira oso samurrak), zuzenean adibideetara jotzea aholkatzen dizuegu. Amaieran, beti bezala, praktikatzeko ariketa bat topatu ahal izango duzue. Has gaitezen, bada.

1. Aposizioa izen sintagmaren barneko izenen artean egiten denean ez da komunztadura arazorik sortzen, hondarkia (desinentzia) ez baita sintagma osoaren azken buruan baizik ageri:

  • Unibertsitateko Errektoreorde Edurne Mendiluzek aurkeztu du txostena.
  • Edurne Mendiluze Unibertsitateko Errektoreordeari aurkeztu diote txostena.

Horrelakoetan, bistan da, lehen izenak ez darama mugatzailerik (asteriskoak erabilera okerra adierazten du):

  • Unibertsitateko Errektoreorde(*a) Edurne Mendiluzek aurkeztu du txostena.
  • Zure lagun(*a) Dublinen bizi denari sari bat eman diote.

Mugatzailea izenaren beraren osagai egina duten izen bereziek, ordea – Antso Azkarra edo Pernando Amezketarra bezalakoek, alegia–, gorde egiten dute hura aposizioan ere:

  • Antso Azkarra errege ausartari (*Antso Azkar errege ausartari).
  • Pernando Amezketarra bertsolari ezagunaren ibilerak (*Pernando Amezketar bertsolari ezagunaren ibilerak).

2. Izen sintagma osoak aposatzen direnean, berriz, komunztadura egitea da ohikoena, hondarkia sintagma aposatuetan ere ipiniz:

  • Nire lagun Ferminek, piano jotzaile trebeak, kontzertu asko eman ditu aurten.
  • Fermin Garro irakasleari, lizentziadun berri denari, eman diote lanpostu hori.
  • Zure lagunarekin, Unibertsitateko irakaslearekin, mintzatu naiz gaur.

Komunztadurarik gabeko aposizioak lekukotasun urriagoa du tradizioan, batez ere perpaus barruan kokatua dagoenak, eta, hortaz, ez da gomendatzekoa :

  • ?? Nire lagun Ferminek, piano jotzaile trebea, kontzertu asko eman ditu aurten.
  • ?? Fermin Garro irakasleari, lizentziadun berri dena, eman diote lanpostu hori.
  • ?? Zure lagunarekin, Unibertsitateko irakaslea, mintzatu naiz gaur.

Zenbaitetan, perpausaren joskeratik aparteko eranskin edo tarteki aske gisa ematen da bigarren sintagma eta ez sintagma aposatu gisa. Areago gertatzen da etenak, tartekiak eta horrelakoak maiz samar dituen euskara mintzatuan, jardun egituratuagoa izan ohi duen idatzian baino. Horrelakoetan, jakina, benetako aposiziorik ez dagoenez, ez da komunztadura egiten. Errazago onartzen dira horrelakoak, tarteki izaera argia denean:

  • Gure herriko alkateak –musikazale amorratua bera– begi onez ikusi du kontzertu gela berria egiteko proiektua.
  • Haren etxean –aski zabala, ene ustez– erraz kabituko gara denok.
  • Datorren larunbatean –hilak zortzi– hasiko da ehiza garaia.

Araua osorik.

praktika