Arazi aditz arazlearen erregimena
 

Aurrekoan, arazi zertarako erabiltzen dugun eta zeri/nola lotzen zaion ikasi genuen. Gaurkoan, berriz, bere erregimenari buruz arituko gara. Erregimena hitz jakin batek eskatzen duen kasua da (adib., esker postposizioak aurreko hitzak -i deklinabide-atzizkia eramatea eskatzen du).

Arazi erabiltzen dugunean, aditz arazlearen laguntzailea aldatu egiten da. Halatan, nor motako adizkiak nor-nork bihurtzen dira; nor-nork motako adizkiak, ordea, nor-nori-nork. Bestela esanda, adizkian beste pertsona-marka bat sartzen dugu. Baina gatozen harira eta ikus dezagun zehaztasun osoz Euskaltzaindiak honi buruz araututakoa:

  1. Araziren subjektua beti NORK kasuan doa: Koldok etorrarazi du Mikel.
  2. Oin aditzaren objektua beti NOR kasuan doa: Koldok etorrarazi du Mikel.
  3. Oin aditza iragankorra denean, subjektua NORI kasuan darama: Niri liburua irakurrarazi zidaten.
  4. Oin aditzaren subjektua NOR kasuan doanean, NOR kasuan ageri da perpaus kausatiboan ere: Mikel jarrarazi dute.
  5. Oin aditzaren subjektua ergatiboa baldin bada eta agerian objekturik ez badu, bi egoera bereizi behar dira:

    a) Objektua ezabatua edo aditzari atxikia duten aditzekin datiboa eskatzen du subjektuak:

    Mikeli janarazi diote; Mikeli irri eginarazi diote.

    b) Sekula objekturik hartzen ez duten aditz deponenteekin, aditzaren izaera semantikoa kontuan hartu behar da. Aditzak subjektu biziduna eskatzen duenean, NORI kasuan ageri da:

    Inori ez diogu pairarazi behar.

    Baina subjektua bizigabea bada, Nor kasuan jarriko da:

    Ura irakinarazi dute.

Egia esan, ez dago gizagaixorik aurreko guztia ulertuko duenik; beraz, ur sakonegietan sartu gabe erregimenaren arazo hau ulertzeko, egokiagoa iruditzen zait ondorengo hau kontuan izatea:

ARAZI:
  • Aditzoinari eransten zaio zuzenean.
  • Aspektu-markak arazi-ren atzean eransten dira.
  • Aditz laguntzailea aldatu egiten da beste pertsona bat sartuz:
    • nor → nor-NORK                          etorri DA → etorrarazi DUT
    • nor-nork → nor-NORI-nork             ekarri DU → ekarrarazi DIOT

praktika