-ari(-lari)/-ario/-go atzizkiak
 

Jakintza

Gaurkoan, hainbat atzizkiren forma egokiaz hitz egingo dugu. Atzizkiek batzuetan buruhauste handiak ematen dizkigute: ekonomiari ala ekonomialari, gramatikari ala gramatikalari? Bada, arau gutxi batzuk menperatzea baino ez da behar hauek guztiak ondo erabiltzeko. Jarraian, aipatutako -ari/-lari bikotearen artean nola hautatu aztertuko dugu. Halaber, gaztelaniazko -ario (parlamentario) atzizkia bere horretan mailegatu behar dela ere ikasiko dugu eta, amaitzeko, izen multzokariei buruz Euskaltzaindiak arautu duenari buruzko hausnarketa egingo dugu. Prest? Goazen, bada, gaia atalez atal miatzera.

 

-ARI (-LARI) ATZIZKIAZ

-ari eta -lari formen arteko banaketari dagokionez:

  • -ari forma, -a bokalaz amaitzen diren izen oinarriei eransteko erabiliko da, batez ere bi silabatik gorakoak direnean: dantzari, tabernari, gramatikari, politikari, kritikari, e.a.

Hala ere, oso sartuak dauden pentsalari eta hizkuntzalari bezalako hitzak ontzat ematen dira.

  • -ia amaiera duten hitzetan, -ialari hobesten da: historialari, zientzialari, ekonomialari, e.a.

Oinarriaren kategoriari dagokionez:

  • -ari atzizkia izenekin erabiliko da, eta -le edo -tzaile atzizkiak aditzekin: hezle edo hezitzaile, ikertzaile, e.a.
  • Aditz batek adiera bat baino gehiago izan dezakeenean, ordea, zilegi izan daiteke adiera batean -le edo -tzaile erabiltzea eta -ari beste adieran: idazle/idazkari, zuzentzaile/zuzendari, zaindari/zaintzaile…

praktika

 

ERDAL -ARIO, EUSKARAZ -ARIO (ETA EZ -ARI)

Erdal -ario/-aire atzizkiez osatutako izen-izendondoak -ario forman, eta ez -ari forman, mailega bitez:

  • Izenetan: notario, komisario, unibertsitario, funtzionario, kortsario, mertzenario… (salbuespenak hiztegi batuan zehaztuko dira).
  • Izenondoetan:(talde) parlamentario, (sistema) planetario, (jokabide) sektario… Baina ahal dela, maileguz hartutako erdal izenondoen ordez, hobe euskal egituraren araberako ordainak erabiltzea:
      parlamentu(ko) talde (talde parlamentarioren ordez)
      planeta-sistema edo planeta sistema (sistema planetarioren ordez)
      unibertsitate(ko) aldizkari (aldizkari unibertsitarioren ordez), e.a.

 

-GO IZEN MULTZOKARIAK SORTZEKO

Euskaraz askotan ez dago izen multzokariaren beharrik, nahikoa da plurala erabiltzea: ikastetxe honetako irakasle eta ikasleak, herri bateko biztanleak, hizkuntza bateko hiztunak, etab.

  • Izen multzokaria beharrezkoa denean, -eria atzizkia erabiltzea gomendatzen da: langileria, gazteria, biztanleria edo bezeria.
  • -go atzizkia kasu hauetan erabiliko da:
      ofizioa, lanbidea adierazteko: artzaingoa, zurgingoa…
      -tasuna adierazteko: euskaldungoa, ahaidegoa…

    praktika