GOGOETA

Erlaxazioa: ikasgelako tentsio eta nekeak saihesteko bidea

 

Jakina da Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculumaren helburua hau dela: gizarte-mailako edozein egoerari modu eraginkorrean aurre egiteko gaitasuna izango duten pertsonak heztea. Baina, litekeena al da hori, arrazoizko ezagutza eta edukietan oinarritutako ikasketak nagusi badira?; ikasleen  heldutasun- eta ezagutza-mailaren arteko desoreka nabaria bada?

Aurreko horri guztiari irakasleon lan-karga gehitzen badiogu, nola ez da, bada, gela barruko dinamika motelduko, edota zapuztuko, nekea eta estresa nagusi badira eta ikasteko motibaziorik ez badago! Halakoetan, energia alferrik xahutzeko arriskua handia izaten da.

Orduan, hartu, bildu eta orekatu dezagun energia hori guztia, ezagutzak eskuratzeari uko egin gabe. Erlaxazioak lagunduko digu horretan.

Hasteko, arreta jarriko dugu ariketen gunean, gero gure barnealdera murgilaldia egin eta energia-erreserbak betetzeko. Ondoren, behaketarekin eta arnasketarekin lotutako kontzentrazio–jardunak egingo ditugu. Izan ere, zientifikoki egiaztatuta dago lan-etekin hobeak ditugula lasai eta emozionalki orekatuta gaudenean.

Beraz, erlaxazioa izango da kanpoaldea gure barruarekin lotuko duen zubia, tentsio fisiko eta psikikoak ekidin eta beharrezko dugun harmonia lortzeko bidea.


      Idoia Goikoetxea Iturriagagoitia

R400 ikastaroa. Artazugoikoko IRALE

“Heztea ez da bizitzeko lanbide bat lortzea, bizitzari aurre egiteko arima lasaitzea baizik”.Pitagoras.