mateorena


 Mt 15—28




AURKEZPENA: DAVIDEN SEME ETA

JAINKOAREN SEME dan JESUSEN MISTERIOA (1,1—4,16)


Jesus birjinagandik jaioa.

Gurtua. Pertsegitua (1,1—2,23)


Jesusen genealogia

(Lk 3,23-28)


    1,1 Abrahamen eta Daviden ondorengo dan Jesus Mesiasen arbasoen zerrendea*:

    2 Abrahamek Isaak sortu eban; Isaakek Jakob; Jakobek Juda eta honen anaiak; 3 Judak Fares eta Zara, Tamarrengandik; Faresek Esrom; Esromek Aram;  4 Aramek Aminadab; Aminadabek Naason; Naasonek Salmon; 5 Salmonek Booz, Rahabengandik; Boozek Obed, Rutengandik; Obedek Jese, 6 eta Jesek David erregea.

    Davidek Salomon sortu eban, Uriasen emazte izanagandik; 7 Salomonek Roboam; Roboamek Abias; Abiasek Asaf; 8 Asafek Josafat; Josafatek Joram; Joramek Ozias; 9 Oziasek Joatam; Joatamek Akaz; Akazek Ezekias; 10 Ezekiasek Manases; Manasesek Amos; Amosek Josias, 11 eta Josiasek Jekonias eta honen anaiak, israeldarrak Babiloniara erbesteratu ebezan garaian.

    12 Babiloniako erbestealdiaren ondoren, Jekoniasek Salatiel sortu eban; Salatielek Zorobabel; 13 Zorobabelek Abiud; Abiudek Eliakim; Eliakimek Azor; 14 Azorrek Sadok; Sadokek Akim; Akimek Eliud; 15 Eliudek Eleazar; Eleazarrek Matan; Matanek Jakob, 16 eta Jakobek Jose, Mariaren senarra; eta Mariagandik jaio zan Jesus, Mesias deritzona.

    17 Hona, beraz, zenbat gizaldi guztira: Abrahamengandik Davidengana hamalau; Davidengandik Babiloniako erbestealdira beste hamalau, eta Babiloniako erbestealditik Mesiasengana beste hamalau.


Jesusen sortzea

(Lk 2,1-7)


    18 Jesus Mesiasen sortzea honela gertatu zan: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko berbea emonda egoan; eta, alkarregaz bizi izaten hasi aurretik, seindun gertatu zan Espiritu Santuaren egitez. 19 Jose, Mariaren senarra, gizon zuzena zan; ez eban ha salatu nahi, eta isilean iztea erabagi eban. 20 Asmo horregaz ebilala, Jaunaren aingerua* agertu jakon amesetan eta esan eutson: «Jose, Daviden ondorengoa, ez izan bildurrik Maria zeure emaztetzat hartzeko, harengan sortua Espiritu Santuagandik dator-eta. 21 Semea izango dau, eta zuk Jesus* ezarriko deutsozu  izena, berak askatuko dau-ta bere herria pekatuetatik».

    22 Hau guztia, Jaunak profetearen bidez esana bete zedin jazo zan: 23 Hara, birjineak seindun gertatu eta semea izango dau, eta emonuel jarriko deutso izena* (emonuel izenak «Jainkoa gugaz» esan nahi dau).

    24 Esnatzean, Jaunaren aingeruak agindua egin eban Josek, eta Maria emaztetzat hartu eban. 25 Eta ez eben ezkon-hartuemonik izan, Mariak semea izan eban arte, eta Josek Jesus izena ipini eutson.


Ekialdeko jakintsu batzuk Jesus gurtu


    2,1 Jesus Judeako Belen herrian jaio zan, Herodes erregearen aldietan. Jesus jaio ondoren, sortaldeko jakintsu* batzuk azaldu ziran Jerusalemen, 2 galdezka:

    —Non da juduen errege jaiobarria? Haren izarra ikusi dogu sortaldean eta gurtzera gatoz.

    3 Barri honegaz larritu egin zan Herodes erregea, bai eta Jerusalem uri osoa ere. 4 Orduan, herriko abadeburu eta lege-maisu guztiak batu eta Mesias non jaiotekoa zan galdetu eutsen. 5 Hareek erantzun eutsoen:

    —Judeako Belenen, holan idatzi eban-eta profeteak:


6 Eta zu, Judako Belen, ez zara, ez,

Judako urietan txikiena;

zeugandik urtengo dau-ta buruzagiak,

Israel nire herria gobernatuko dauanak*.


    7 Orduan, Herodesek, jakintsuei isilean deiturik, izarra noiz agertu jaken jakin eban zehatz. 8 Gero, Belenera bialdu ebazan, esanez: «Zoaze eta jakin zuzen umearen barri eta, aurkitu ondoren, jakinazo niri, neu ere gurtzera joan nadin».

    9-10 Erregearen hitzok entzunik, abiatu egin ziran. Bidean, sortaldean ikusitako izarra agertu jaken eta biziro poztu ziran. Izarra aurretik joan jaken, umea egoan toki gainean gelditu arte.

    11 Etxean sarturik, umea ikusi eben Maria bere amagaz eta, ahozpezturik, gurtu; ondoren, euren kutxatilak zabalduz, eskuerakutsiak eskeini eutsoezan: urrea, intsentsua eta mirra*.

    12 Gero, Herodesengana ez bihurtzeko oharra amesetan harturik, beste bide batetik bihurtu ziran euren herrialdera.


Egiptora ihesi


    13 Jakintsuek alde egin ondoren, Jaunaren aingerua agertu jakon amesetan Joseri eta esan eutson: «Jagi, hartu umea eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora. Egon han neuk esan arte, umearen bila ibiliko da-ta Herodes, hilazoteko».

    14 Hartu ebazan, beraz, Josek umea eta ama gauez, eta Egiptora alde egin eban. 15 Han bizi izan zan, Herodes hil arte. Horrela, Jaunak profetaren bidez esana bete zan: Egiptotik etorteko dei egin neutson nire semeari.


Belengo umeen hilketa


    16 Herodes erregea, jakintsuek engainatu egin ebela oharturik, biziro haserretu zan, eta Belenen eta inguruetan urte bitik azpiko ume guztiak hilteko agindu eban, jakintsuek adierazitako denborea kontuan harturik. 17 Holan bete zan Jeremias profeteak esana:


18 Entzun! Aieneak eta negar samina Raman!

Rakelek dihardu bere haurrekaitik negarrez:

ez dau kontsolatu nahi,

ez dira-ta bizi.


Egiptotik bihurtu eta Nazareten bizi


    19 Herodes hil ondoren, Joseri Jaunaren aingerua agertu jakon amesetan Egipton, 20 eta esan eutson: «Jagi, hartu umea eta ama, eta zoaz Israelera, hil dira-eta umea hil nahian ebilzanak».

    21 Hartu ebazan Josek umea eta ama, eta Israelera joan zan. 22 Baina jakin eban, Herodesen ordez honen seme Arkelao* egoala Judean errege, eta bildurra sartu jakon hara joateko. Eta, amesetan adierazi jakolarik, Galileara jo eban, 23 eta Nazaret izeneko herrian jarri zan bizi izaten; horrela bete zan Jainkoak profeten bidez esana: «Nazaretarra* esango deutsoe».


Jesus Joanek iragarria eta bateatua.

Tentatua (3,1-4,16)


Joan Bataiatzaileak Jesusen etorrerea iragarri

(Mk 1,2-8; Lk 3,1-18; Jn 1,19-28)


    3,1 Sasoi haretan agertu zan Joan Bataiatzailea, Judeako basamortuan* holan hots eginez: 2 «Bihozbarritu zaiteze, gainean dozue-eta Jainkoaren erregetzea*».

    3 Joan honi buruz esan eban, hain zuzen, Isaias profeteak:


Ahots batek oihuka dihardu basamortuan:

Prestatu bidea Jaunari,

zuzendu bide zidorrak hari.


    4 Joanek gamelu-ulezko jantzia eban soineko eta narruzko ugela gerriko, eta saltamatxinoak eta basa eztia ebazan janari.

    5 Jerusalem uriko, Judea osoko eta Jordan inguru guztiko jendea joaten zan harengana, 6 eta, euren pekatuak autortzen ebezela, Joanek bateatu egiten ebazan Jordan ibaian. 7 Fariseu eta saduzear askori, bateatzera etozela ikustean, holan esan eutsen Joanek: «Sugekumeok! Nork esan deutsue gainean dozuen haserre-zigorrari ihes egingo deutsozuela? 8 Agertu eizue zeuen jokabideaz bihozbarrituak zagozela, 9 eta ez pentsa nahikoa dozuenik ‘Abrahamen ondorengo gara’ esatea. Egia esan, honako harri honeetatik ere atara daikez Jainkoak Abrahamen ondorengoak. 10 Prest dago aizkorea zuhaitza hondotik joteko: frutu onik emoten ez dauan zuhaitz guzti moztu eta sutara botako da. 11 Nik urez bateatzen zaituet bihozbarritu zaitezen; baina nire ondoren datorrena ni baino ahaltsuagoa da, eta ni ez naz inor hari oinetakoak eranzteko ere; horrek Espiritu Santuaz eta suz bateatuko zaitue. 12 Eskuan dauka sardea, eta garia garbitzera doa: garaua mandioan jasoko dau; lastoa, barriz, inoiz amatatuko ez dan sutan erreko».


Jesus bateatua

(Mk 1,9-11; Lk 3,21-22; Jn 1,29-34)


    13 Jesus Galileatik Jordanera etorri zan, Joanengana, honek bateatu eian. 14 Joanek ez eutson itzi nahi eta esan eutson:

    —Neu naz zuk bateatu beharrekoa, eta zeu zatoz nigana?

    15 Baina Jesusek erantzun eutson:

    —Itzi eidazu orain, holantxe bete behar dogu-eta osoan Jainkoaren nahia*.

    Orduan, amore emon eban Joanek.

    16 Bateatu eta berehala, urten eban Jesusek uretatik. Horretan, zerua zabaldu egin zan, eta Jainkoaren Espiritua ikusi eban Jesusek uso-itxuran jaisten eta beragana etorten. 17 Eta abots hau etorri zan zerutik: «Hauxe da nire Semea, nire maitea; berau dot atsegin».


Jesus basamortuan tentatua

(Mk 1,12-13; Lk 4,1-13)


    4,1 Orduan, Espirituak basamortura eroan eban Jesus, deabruak tentatu eian. 2 Berrogei gau eta berrogei egunez egon zan han, barau eginez, eta azkenik gosetu egin zan. 3 Hurreratu jakon, orduan, tentatzailea eta esan eutson:

    —Jainkoaren Semea zaranez, agindu harri honeik ogi bihurtzeko.

    4 Jesusek erantzun eutson:

    —Liburu Santuetan idatzita dago: Gizakia ez da ogi hutsez bizi, Jainkoak esaten dauanetik ere bai baino.

    5 Ondoren, deabruak uri santura, Jerusalemera, eroan eban eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik, 6 esan eutson:

    —Jainkoaren Semea zaranez, bota zeure burua behera, idatzita dago-ta: Bere aingeruei aginduko deutse zu zaintzeko. Eta besoetan eroango zaitue, harriekaz estropezu egin ez daizun.

    7 Baina Jesusek erantzun:

    —Hau ere idatzita dago: Ez tentatu Jauna, zure Jainkoa.

    8 Barriro, deabruak hartu eta mendi garai batera eroan eban; munduko erreinu guztiak euren handi-ederrean erakutsi 9 eta esan eutson:

    —Hori guztia emongo deutsut, ahozpezturik gurtzen banozu.

    10 Jesusek, orduan:

    —Alde hemendik, Satanas! Idatzita dago-ta: Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera baino ez gurtu.

    11 Orduan, deabruak itzi egin eban, eta aingeruak etorri jakozan zerbitzu egitera.


Jesus Galileara

(Mk 1,14; Lk 4,14-15)


    12 Joan Bataiatzailea kartzelan sartu ebela jakitean, Galileara joan zan Jesus. 13 Baina Nazaret itzirik, Zabulon eta Neftaliren lurraldean jarri zan bizi izaten, aintzira-bazterrean* dagoan Kafarnaum herrian. 14 Holan, Jainkoak Isaias profetearen bidez esana* bete zan:


15 Zabulonen lurraldea

eta Neftaliren lurraldea,

itsas ondoko bidea,

Jordanez haranzko lurraldea,

jentilen Galilea!

16 Ilunpetan egoan herriak

argi handia ikusi dau.

Itzalpean bizi ziranei

argiak egin deutse distira.



JESUSEN EGITEKOA:

ERREGETZEA IRAGARRI ETA AGERTZEA (4,17-16,20)


Jesus barriona iragarten hasi

(Mk 1,15)


    17 Une haretatik hasi zan Jesus honela iragarten: «Bihozbarritu zaiteze, gainean dozue-ta Jainkoaren erregetzea*».


Jesusek lehen ikasleei dei

(Mk 1,16-20; Lk 5,1-11)


    18 Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar ebilala, anaia bi, Simon, Pedro deitua, eta Andres ikusi ebazan, sarea uretara botaten, arrantzaleak ziran-eta. 19 Jesusek esan eutsen: «Zatoze neugaz eta giza arrantzale egingo zaituet».

    20 Hareek, besterik barik, sareak itzi eta jarraitu egin eutsoen.

    21 Aurrerago, beste anaia bi ikusi ebazan, Santiago eta Joan, Zebedeoren semeak, aitarekin untzian sareak konpontzen. Eta dei egin eutsen. 22 Hareek, untzia eta aita itzirik, jarraitu egin eutsoen.


Jesus eta jende-taldea

(Mk 1,39; Lk 6,17-18)


    23 Jesus Galilea guztian zehar ibili zan, hango sinagogetan irakasten. Jainkoaren erregetzearen barriona iragarten eban eta herriko gatxak eta gaixotasun guztiak osatzen. 24 Siria* guztian zabaldu zan Jesusen entzutea. Edozein gatx edo oinazek jotakoak —deabrudun, epileptiko nahiz elbarriak— eroaten eutsoezan, eta Harek osatu egiten ebazan. 25 Jende-talde handiek jarraitu eutsoen alde guztietatik: Galilea, Dekapolis*, Jerusalem eta Judeatik eta Jordanez beste aldetik.


Erregetzea hitzez iragarria:

mendiko hitzaldia (5,1—7,29)

Sarrerea


    5,1 Jendetzea ikusirik, Jesusek mendira igon eban. Jesarri eta ikasleak hurreratu jakozan. 2 Orduan, holan hasi jaken irakasten:


Zoriontasunak

(Lk 6,20-23)


    3 «Zorionekoak bihotzez behartsu diranak, hareek Jainkoa dabe-ta errege.

    4 «Zorionekoak negarrez dagozenak, hareik Jainkoak kontsolatuko dauz-eta.

    5 «Zorionekoak bihotz gozokoak, eurak jabetuko dira-ta Jainkoak agindutako lurraz*.

    6 «Zorionekoak Jainkoaren nahia beteteko* gose-egarri diranak, hareik Jainkoak asetuko dauz-eta.

    7 «Zorionekoak errukitsu diranak, harei Jainkoak izango deutse-ta erruki.

    8 «Zorionekoak bihotz-garbiak, eurek ikusiko dabe-ta Jainkoa.    

    9 «Zorionekoak bakegileak, eurak dauz-eta Jainkoak seme-alabatzat hartuko.

    10 «Zorionekoak Jainkoaren nahia beteteagaitik* erasotuak, hareek Jainkoa dabe-ta errege.

    11 «Zorionekoak zuek, nigaitik madarikatuko zaituenean, erasoka eta guzurrez txarto-esaka erabiliko zaituenean. 12 Poztu zaiteze eta alaitu, handia izango da-ta zuen saria zeruan; zuen aurreko profetak ere halaxe erabili ebezan.


Munduarentzat gatz eta argi

(Mk 9,50; Lk 1,4343-5)


    13 «Zuek munduarentzat gatza zaree. Baina gatza gezatzen bada, zelan gazitu barriro? Ez dau ezertarako balio, botateko baino eta jendeak zapaltzeko.

    14 «Zuek munduarentzat argia zaree. Ezin daiteke ezkutatu mendi gainean dagoan uria. 15 Kriseilua ere ez da bizten ontzipean ipinteko, argimutilaren gainean baino, etxeko guztiei argi egiteko*. 16 Era berean, zuen argiak danen  aurrean egin behar dau argi, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita goretsi daien.


Jesus eta legea


    17 «Ez uste izan Moisesen legea edo profeten esanak* huts bihurtzera etorri nazanik; ez naz huts bihurtzera etorri, euren betera eroatera baino. 18 Benetan dinotsuet: Zeru-lurrek dirauen bitartean legearen berba batek edo zeinurik txikienak ere ez dau baliorik galduko, dana bete arte*. 19 Beraz, agindurik txikienetako bat hausten dauana edota hausten irakasten, txikien lez hartuko dau Jainkoak bere erreinuan; beteten dauana, barriz, edota beteten irakasten handitzat hartuko dau Jainkoak bere erreinuan. 20 Hara zer dinotsuedan: Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeto beteten ez badozue, ez zaree sartuko Jainkoaren erreinuan.


Senideen arteko hartuemonak


    21 «Badakizue legean aurrekoei agindu jakena: Ez hil inor; eta hiltzailea kondenatua izango da. 22 Nik, barriz, hauxe dinotsuet: Bere senidearekin haserretzen dana, kondenatua izango da; bere anaia iraintzen dauana, batzar nagusian kondenatua izango da, eta berbaz mintzen dauana*, infernuko sutara kondenatua izango da.

    23 «Beraz, aldarean zure oparia eskeintzerakoan, zure senideak zure kontra ezer badauala gogoratzen bajatzu, 24 itzi oparia han, aldare aurrean, eta zoaz lehenengo senidearekin bakeak egitera; bihurtu gero zure oparia eskeintzera.

    25 «Konpondu zaitez lehenbailehen zure etsaiagaz, beragaz auzitegira zoazan bitartean; bestela, epailearen eskuetan jarriko zaitu eta epaileak ertzainaren eskuetan, eta kartzelara botako zaitue. 26 Benetan dinotsut: Ez dozu handik urtengo azken txanpona ordaindu arte.


Adulterioa eta dibortzioa

(18,8-9; 19,7-9; Mk 9,43-47; 10,4-5,10-12; Lk 16,18)


    27 «Badakizue legean agindua: Ez egin adulteriorik. 28 Nik, barriz, hauxe dinotsuet: Emakume ezkondu bati irrikaz begiratzen deutsonak, egin dau adulterioa bere bihotzean.

    29 «Eskoiko begia galbide bajatzu*, atara eta bota zugandik urrun: hobe dozu gorputz-atal bat galtzea, oso-osorik infernura jaurtia izatea baino. 30 Eskoiko eskua galbide bajatzu, moztu eta bota zugandik urrun: hobe dozu gorputz-atal bat galtzea, oso-osorik infernura joatea baino.

    31 «Legeak agindua dau beste hau ere: Bere emaztea izten dauanak emon deiola dibortzio-agiria. 32 Nik, barriz, hauxe dinotsuet: Bere emaztea izten dauanak —legearen kontra alkartuak ez badira behintzat*— adulteriora bultzatzen dau emaztea; eta itzitako emakume horregaz ezkontzen danak adulterio egiten dau.


Zinak


    33 «Badakizue legean aurrekoei agindu jaken beste hau ere: Ez egin guzurrezko zinik, eta bete Jaunari egindako zinak. 34 Nik, barriz, hauxe dinotsuet: Ez egin ezelango zinik, ez zeruagaitik, Jainkoaren tronua da-ta; 35 ez lurragaitik, haren oinaulkia da-ta; ez eta Jerusalemegaitik ere, Errege handiaren uria da-ta. 36 Ez egin zinik zeure buruagaitik ere, ezin dozu-ta zure ule bakar bat ere zuri edo baltz bihurtu. 37 Esan eizue ‘bai’, bai danean, eta ‘ez’, ez danean*; gainerakoa gaiztoagandik dator.


Mendekua

(Lk 6,29-30)


    38 «Badakizue legean agindua: Begia begiaren ordain, hagina haginaren ordain. 39 Nik, barriz, hauxe dinotsuet: Gaizkileari ez txarto erantzun; bestetara baino, eskoiko masailan joten zaituanari eskeini beste masaila ere; 40 soinekoa kentzeko auzitara eroan nahi zaituanari emon soingainekoa ere; 41 batenbatek kilometro bat egitera behartzen bazaitu* egin bi beragaz. 42 Eskatzen deutsunari emon, eta dirua izteko eskatzen deutsunari ez ukatu.


Etsaiak maitatu

(Lk 6,27-28,32-36)

    43 «Badakizue legean agindua: Maitatu lagun hurkoa eta gorrotatu etsaia. 44 Nik, barriz, hauxe dinotsuet: Maitatu etsaiak eta egin otoitz pertsegitzen zaituenen alde; 45 holan, zeruko zuen Aitaren egiazko seme-alaba izango zaree, Harek zintzoentzat eta gaiztoentzat urtenazoten dau-ta eguzkia, eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat isuriazoten euria. 46 Izan ere, maite zaituenak baino maite ez badozuez, zer sari zor jatzue? Zergalariek* ere ez dabe beste horrenbeste egiten? 47 Eta zeuen senideak baino agurtzen ez badozuez, zer egiten dozue berezirik? Jentilek ere ez dabe beste horrenbeste egiten? 48 Izan zaiteze, ba, guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona dan lez.


Limosna


    6,1 «Ez egin gero zuen erlijio-betebeharrak* jendaurrean, jendeak ikusi zaiezan; horrela, ez dozue saririk jasoko zeruko zuen Aitagandik. 2 Beraz, limosna egitean, ez ibili turuta joka, itxurazaleek sinagogetan eta kaleetan egiten daben lez, jendearen txaloak irabazteko. Benetan dinotsuet: Hartu dabe euren ordaina. 3 Zuk limosna egitean, ez bei jakin zure ezkerrak zer egiten dauan eskoiak; 4 horrela, zure limosnea ezkutuan geldituko da, eta ezkutukoa ere ikusten dauan zeure Aitak emongo deutsu ordaina.


Otoitza. «Gure Aita»

(Lk 11,2-4)


    5 «Otoitz egitean, ez egin itxurazaleek lez: gogoko dabe sinagoga eta plazetan zutunik otoitz egitea, jendearen agerian. Benetan dinotsuet: Hartu dabe euren ordaina. 6 Zu, barriz, otoitz egiteko, sartu zaitez zeure gelan, itxi atea eta egin otoitz ezkutuan dagoen zure Aitari, eta ezkutukoa ere ikusten dauan zeure Aitak emongo deutsu ordaina.

    7 «Otoitz egitean, ez jardun esan eta esan, jentilek egiten daben lez, euren hitz-jarioari esker entzungo deutsela Jainkoak uste dabe-ta. 8 Ez izan horreen antzeko, badaki-ta zuen Aitak zeren beharra dozuen, zuek eskatu baino lehen. 9 Zuek, egizue otoitz honela*:


«Gure Aita zerukoa,

agertu santu zeure izena,

10 etorriazo zeure erregetza;

bete lurrean zeure nahia,

zeruan beteten dozun lez.

11 emoiguzu gaur egun honetako ogia,

12 eta parkatu gure erruen zorra,

guk ere geure zordunei

parkatu deutsegun ezkero;

13 ez itzi gu tentaldian jausten,

eta gorde gaizuz gaiztoagandik*.


    14 «Izan ere, besteei euren hutsegiteak parkatzen badeutsezuez, zeuei ere parkatuko deutsuez zeruko Aitak; 15 baina besteei parkatzen ez badeutsezuez, zeuei ere ez deutsuez parkatuko zuen hutsegiteak zeruko Aitak.


Baraua


    16 «Barau egitean, ez zaiteze agertu aurpegi ilun, itxurazaleek egiten daben lez: aurpegia iluntzen dabe, barau egiten dabela jendeari azaltzeko. Benetan dinotsuet: Hartu dabe euren ordaina. 17 Zuk, barriz, barau egitean, igurtzi usain-gozoz burua eta garbitu aurpegia, 18 zure barauaz jendea ohartu ez daiten, ezkutuan dagoan Aita baino. Eta ezkutukoa ere ikusten dauan zeure Aitak emongo deutsu ordaina.


Zeruan aberats

(Lk 12,33-34)

    19 «Ez pilatu mundu honetan zuen aberastasunak, sitsak eta ugerrak jaten dabez-eta hemen, eta lapurrak etorten harrapatzera. 20 Pilatu zeruan zuen aberastasunak, han ez dauz-eta ez sitsak, ez ugerrak jaten, ez eta lapurrak harrapatzera joaten ere. 21 Zure aberastasuna non, zure bihotza hantxe dago-ta..


Barruko argia

(Lk 11,34-36)


    22 «Begia da gorputzari argi egiten deutson kriseilua. Begia onik badozu, zure gorputz osoa argitan ibiliko da. 23 Begia gaixo badozu, barriz, zure gorputz osoa ilunpetan ibiliko da. Beraz, zeure barruan argi izan behar leukeana iluna bada, a zelango ilunpea zurea!


Jainkoa ala dirua

(Lk 16,13)


    24 «Ezin da inor nagusi biren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango dau eta bestea maite, edota batari men egingo deutso eta bestea gorrotatuko. Ezin zaitekeze Jainkoaren eta diruaren morroi izan.


Zertaz arduratu

(Lk 12,22-34)


    25 «Horregaitik dinotsuet: Ez kezkatu bizi izateko zer jan edo edango, edota gorputza zerez jantziko. Ez ete da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago? 26 Begira aireko hegaztiei: ez dabe ereiten, ez uztarik batzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zeuen Aitak janaritzen ditu. Ez ete dozue horreik baino askoz gehiago balio zuek? 27 Asko arduratu arren, zuetako nork luzatu daike bizitzea apurtxo bat ere?

    28 «Eta jantziaz, zertan kezkatu? Begira zelan hazten diran lorak zalaietan: ez dira lanean penatzen, ez dabe iruten; 29 baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zan janzten horreetako baten pare. 30 Beraz, gaur landan dagoen eta bihar sutan erreko dan bedarra Jainkoak horrela janzten badau, ez ete askoz gehiago zuek, sinismen gutxikook? 31 Ez kezkatu, ba, zer jango, zer edango, zer jantziko dozuen pentsatuz. 32 Fedegabeak arduratzen dira guzti horreetaz; baina zeruko zuen Aitak badaki guzti hori behar dozuena. 33 Arduratu zaitezte, batez ere, Jainkoaren erregetzeaz eta haren nahia beteteaz*, eta beste guzti hori gehigarritzat emongo deutsue Jainkoak. 34 Ez arduratu, ba, biharko egunaz, biharkoak ere ekarriko dau-ta bere ardurea. Nahikoa dauz egun bakotxak bere buruhausteak.


Ez gaitzetsi inor

(Lk 6,37-38.41-42)


    7,1 «Ez gaitzetsi inor, Jainkoak ere ez zaizen gaitzetsi; 2 izan ere, zuek besteak zelan epaitu, halan epaituko zaitue Jainkoak, eta zuek zein neurriz neurtu, neurri beraz neurtuko zaitue Jainkoak. 3 Zelan ikusten dozu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko hageaz ohartzen ez? 4 Eta zelan esan zeikeozu senideari: ‘Itzi begian dozun lasto-izpia ataraten’, zuk zeurean hagea dozula? 5 Itxurazale hori! Kendu lehenengo zeure begitik hagea, eta orduan ikusiko dozu garbi, senidearen begitik lasto-izpia aterateko.

    6 «Ez emon txakurrei gauza sakratuak, zeuen kontra bihurtu eta zatikatu ez zaizen; ez bota txarriei zuen harribitxiak, hankapean erabili ez daiezan.


«Eskatu, bilatu, jo atea»

(Lk 11,9-13; 6,31)


    7 «Eskatu, eta emongo deutsue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko dozue; jo atea, eta zabalduko jatzue. 8 Eskatzen dauanak hartu egiten dau-ta, bilatzen dauanak aurkitu, eta atea joten dauanari zabaldu egiten jako-ta.

    9 «Zuetako inork, semeak ogia eskaturik, harria emongo ete deutso? 10 Edo, arraina eskaturik, sugea emongo ete deutso? 11 Beraz, zuek, gaiztoak izanik, seme-alabei gauza onak emoten badakizue, zenbat gehiago ez deutsez zeruko zuen Aitak gauza onak emongo eskatzen deutsoezanei?

    12 «Holan ba, besteek zuei egitea nahi zeukeen guztia, egin zeuek ere besteei: horretantxe datza Liburu Santuek irakatsia*.


«Sartu zaiteze ate estutik»

(Lk 13,24)


    13 «Sartu zaiteze ate estutik; zabala da-ta hondamenerako atea eta lasaia bidea, eta asko dira hortik doazenak. 14 Baina bai estua dala bizirako atea eta meharra bidea, eta gitxi dira aurkitzen dabenak.


«Euren frutuetatik antzemongo deutsezue»

(Lk 6,43-44)


    15 «Kontuz sasiprofetekin! Ardi-narruz jantzirik bajatortzuez ere, otso harrapari dira barrutik. 16 Euren egintzetatik antzemongo deutsezue. Batzen ete da elorritik mahatsik edo gardutik ikorik? 17 Zuhaitz onak frutu ona emoten dau, eta zuhaitz txarrak frutu txarra. 18 Zuhaitz onak ezin dau frutu txarrik emon, ez eta zuhaitz txarrak ere frutu onik. 19 Frutu onik emoten ez dauan zuhaitza moztu eta sutara botaten da. 20 Beraz, euren frutuetatik antzemongo deutsezue sasiprofetei.


Benetako ikasleak

(Lk 13,25-27; 6,46-49)

    21 «Ez da nahikoa niri ‘Jauna, Jauna!’ esatea, Jainkoaren erreinuan sartzeko; zeruko nire Aitaren nahia behar da egin. 22 Epai-egunean askok esango deuste: ‘Jauna, Jauna! Ez ete gendun zure izenean hitz egin eta zure izenean deabruak bota eta zure izenean mirari asko egin?’ 23 Baina nik erantzungo deutset: ‘Ez zaituet inoiz ezagutu; alde nigandik, gaizkileok!’

    24 «Beraz, nire hitzok entzun eta beteten dauzana, etxea harkaitz gainean eraiki eban gizon zuhurraren antzekoa da. 25 Euri-jasak izan ziran, uholdeak etorri, mendebalak jo, eta etxeari eraso eutsoen; baina ez zan jausi, oinarriak hatxean abazalako. 26 Nire hitzok entzun bai, baina beteten ez dauzana, barriz, etxea hondar gainean eraiki eban gizon zentzugabearen antzekoa da. 27 Euri-jasak izan ziran, uholdeak etorri, mendebalak jo, eta etxeari eraso eutsoen; eta jausi egin zan eta dana hondatuta gelditu».


Jesusen irakaspenaren jatortasuna

(Mk 1,22; Lk 4,32)


    28 Jesusek hitzaldi hau amaitu ebanean, haren irakaspenez txunditurik gelditu zan jende guztia; 29 nagusitasunez irakasten eutsen-eta, eta ez euren arteko lege-maisuek lez.


Erregetzea mirarien bidez agertua (8,1—9,34)


Jesusek legenduna osatu

(Mk 1,40-45; Lk 5,12-16)


    8,1 Jesus menditik jatsi zanean, jende askok jarraitu eutson. 2 Legendun bat hurreratu jakon eta, aurrean ahozpezturik, esan eutson:

    —Jauna, nahi badozu, garbitu naikezu.

    3 Orduan, Jesusek eskua luzatu eta ikutu egin eban, esanez:

    —Nahi dot, izan zaitez garbi.

    Berehala, legena garbitu egin jakon.

    4 Jesusek agindu eutson:

    —Kontuz gero! Ez esan inori. Zoaz, halan ere, azaldu abadeagana eta eskeini Moisesek agindutako oparia zeure garbitasunaren ezaugarri*.


Erromatar ehuntariaren sinismena

(Lk 7,2-10; Jn 4,46-54)


    5 Jesus Kafarnaum herrian sartu zanean, erromatar ehuntari bat hurreratu jakon 6 erreguka:

    —Jauna, elbarri eta oinaze gorritan dot morroia etxean.

    7 Jesusek esan eutson:

    —Neu joango naz osatzera.

    8 Ehuntariak erantzun eutson:

    —Jauna, ni ez naz inor zu nire etxean sartzeko; nahikoa dozu hitz bat esatea, nire morroia osatzeko. 9 Neuk ere, menpekoa izanagaitik, soldaduak dodaz menpean, eta batari joateko agintzen badeutsot joan egiten da, besteari etorteko agindu eta etorri, morroiari zeozer egiteko esan eta halan egiten dau.

    10 Hau entzutean, harritu egin zan Jesus eta ondoren etorkozanei esan eutsen: «Benetan dinotsuet: Israel guztian ez dot aurkitu horrelako sinistedunik. 11 Egia esan, asko etorriko dira sortalde eta sartaldetik, Abraham, Isaak eta Jakobegaz Jainkoaren erreinuko mahaikide izateko; 12 erreinuaren oinordeko ziranak*, barriz, kanpora, ilunpetara, botako ditu Jainkoak. Negarra eta hagin-ikarea izango dira han».

    13 Ondoren, ehuntariari esan eutson:

    —Zoaz etxera, eta jazo bekizu sinistu dozun lez.

    Eta ordu haretan bertan osatuta gelditu zan morroia.


Jesusek Simonen amaginarrebea osatu

(Mk 1,29-31; Lk 4,38-39)


    14 Ondoren, Pedroren etxera joan zan Jesus, eta haren amaginarrebea oheratuta aurkitu eban sukarrez. 15 Jesusek eskua hartu eutson eta sukarrak alde egin; orduan, emakumea jagi eta zerbitzen hasi jakon.


Gaixo asko osatu

(Mk 1,32-34; Lk 4,38-39)


    16 Iluntzean, deabrudun asko ekarri eutsoezan Jesusi. Honek deabruak bere hitzez bota eta gaixo guztiak osatu ebazan. 17 Holan bete zan Jainkoak Isaias profetearen bidez esana:


Harek gure makaltasuna

hartu eban bere gain,

gure txarkerien zamea jasan.


Jesusi jarraitzeko baldintzak

(Lk 9,57-62)


    18 Bere inguruan jendetza handia ikusirik, beste aldeko aintzira-ertzera igaroteko agindu eban Jesusek. 19 Orduan, lege-maisu bat hurreratu jakon, esanez:

    —Maisu, edonora jarraituko deutsut.

    20 Jesusek esan eutson:

    —Azeriek badaukez zuloak eta aireko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, barriz, ez dauka burua non ezarri.

    21 Beste batek, ikasleetakoa zanak, esan eutson:

    —Jauna, itzi eidazu lehenengo aitaren hiletak egitera joaten.

    22 Baina Jesusek erantzun:

    —Jarraitu niri, eta itzi hilei euren hildakoen hiletak egiten.


Jesusek ekaitza baretu

(Mk 4,35-41; Lk 8,22-25)


    23 Jesusek txalupara igon eban eta ikasleek jarraitu egin eutsoen.

    24 Bat-batean, ekatx gogorra sortu zan aintziran, eta olatuek txalupa ia azpian hartuta euken. Jesus, barriz, lo egoan. 25 Ikasleek hurreratu eta iratzartu egin eben, esanez:

    —Salbatu gaizuz, Jauna! Galtzera goaz!

    26 Harek esan eutsen:

    —Zergaitik zaree hain bildur, sinismen gutxikook?

    Eta, zutundurik, haserre egin eutsen haizeari eta aintzirari, eta dana bare-bare gelditu zan. 27 Ikasleek, harriturik, holan inoen: «Nor ete dogu gizon hau, esana egiten dautsoe-ta haizeak eta aintzireak ere?»


Jesusek Gadarako deabrudunak osatu

(Mk 5,1-20; Lk 8,26-39)


    28 Jesus aintziraz beste aldera, gadaratarren lurraldera* heldu zanean, deabrudun bik urten eutsoen hilobi artetik bidera. Hain ziran-eta gaiztoak, ez zan inor ausartzen bide haretatik ibilten. 29 Eta deiadarka hasi jakozan:

    —Zer dozu gugaz, Jainkoaren Seme horrek? Sasoia orduko etorri zara hona guri oinaze emotera?

    30 Handik urrun barik, txarri-talde handi bat ebilen uxarrean. 31 Deabruek eskatu eutsoen Jesusi:

    —Botatekotan, bialdu gaizuz txarri-taldera.

    32 Jesusek esan eutsen:

    —Zoaze.

    Hareik urten eta txarriengan sartu ziran, eta txarri-talde osoa trokan behera aintzirara jausi zan, eta danak uretan galdu.

    33 Txarrizainek ihes egin eben eta, herrira joanik, dana kontatu eben, bai eta deabrudunarena ere. 34 Orduan, herri guztiak urten eban Jesusengana eta, ikusi ebenean, euren lur-mugetatik alde egiteko eskatu eutsoen.


Jesusek elbarria osatu

(Mk 2,1-12; Lk 5,17-26)


    9,1 Jesus, txalupara igon, aintziraz beste aldera igaro eta bere herrira* etorri zan. 2 Elbarri bat ekarri eutsoen, esku-ohean etzunda. Jesusek, lagun hareen sinismena ikusirik, esan eutson elbarriari:

    —Izan bihotz, seme! Parkatuak dituzu pekatuak.

    3 Orduan, lege-maisu batzuk hauxe inoen euren barruan: «Biraoka diharduk honek*». 4 Hareen gogoetak igarririk, Jesusek esan eutsen:

    —Zergaitik dozuez gogoeta txar horreik zeuen barruan? 5 Zer da errezago: «Parkatuak dozuz pekatuak» esatea ala «Jagi eta ibili zaitez» esatea? 6 Oraintxe ikusiko dozue, ba, Gizonaren Semeak badauala mundu honetan pekatuak parkatzeko ahalmena.

    Eta esan eutson elbarriari:

    —Jagi, hartu esku-ohea eta zoaz etxera.

    7 Ha jagi eta etxera joan zan. 8 Hau ikustean, bildurrak jota gelditu zan jendea eta Jainkoa goresten eben, gizakiei horrenbesteko ahalmena emon eutselako.


Mateori deia. Jesus pekatariekin bazkaltzen

(Mk 2,13-17; Lk 5,27-32)


    9 Jesusek, handik urten eta bidez joiala, Mateo eritxon gizon bat ikusi eban zergak* batzeko mahaian jesarrita, eta esan eutson:

    —Jarraitu niri.

    Mateok zutundu eta jarraitu egin eutson.

    10 Geroago, Mateoren etxean egoan Jesus mahaian; bazan beste zergalari* eta pekatari asko ere Jesusegaz eta honen ikasleekaz batera mahaian. 11 Fariseuek, hori ikustean, esan eutseen ikasleei:

    —Zer dala-ta jaten dau zuen maisuak zergalari eta pekatariekaz?

    12 Jesusek entzun eta esan eutsen:

    —Ez dabe osasundunek behar osagilea, gaixoek baino. 13 Hobe zeukee Jainkoak esandako honetaz jabetuko bazinee: Nahiago dot errukia sakrifizioak baino. Ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino*.


Barauari buruz. Zaharra eta barria

(Mk 2,18-22; Lk 5,33-39)


    14 Behin baten, Joan Bateatzailearen ikasleek Jesusengana joan eta esan eutsoen:

    —Zer dala-ta egiten dogu fariseuek eta guk hainbeste barau* eta zure ikasleek ez?

    15 Jesusek erantzun eutsen:

    —Ezteguetara deituak* egon ete daitekez ilun, senar-barria eurekaz daben artean? Etorriko jake, bai, senar-barria kenduko deutseen eguna; orduan egingo dabe barau.

    16 «Inork ez deutso jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten, adabakiak jantzia behartu eta tarratadea handiagoa egingo leuke-eta. 17 Zahagi zaharretan ere ez da ardau barririk sartzen; bestela, zahagiak lehertu egingo lirateke, eta ardaua isuri eta zahagiak galdu. Ez! Ardau barria zahagi barrietan sartzen da, eta batak eta besteak irauten dabe».


Odol-jarioa eban emakumea eta buruzagiaren alabea

(Mk 5,21-43; Lk 8,40-56)


    18 Jesus holan hitz egiten eukela, buruzagietako bat etorri jakon eta, ahozpezturik, esan eutson: «Hil barria dot alabea; baina zatoz hari eskua ezartera, eta bizi izango da».

    19 Jagi zan Jesus eta ondoren joan jakon bere ikasleekaz. 20 Orduan, hamabi urte hareetan odol-jarioz egoan emakume bat atzetik hurreratu jakon Jesusi eta soineko-ertza ikutu* eutson; 21 holantxe inoan-eta bere barruan: «Jantzia ikutzen badeutsot, besterik barik osatuko naz».

    22 Bihurtu zan Jesus eta, emakumea ikustean, esan eutson: «Izan bihotz, ene alaba! Zeure sinismenak osatu zaitu». Eta une haretatik osatua gelditu zan.

    23 Buruzagiaren etxera heldu eta hango erostariak eta jendearen istilua ikustean, Jesusek 24 esan eutsen: «Alde hemendik! Neskatxa ez dago hilda, lo dago». Hareek barre egiten eutsoen.

    25 Jesusek, jendea kanpora bialdu ebanean, sartu eta neskatxeari eskutik heldu eutson, eta neskatxea jagi egin zan. 26 Eskualde guztian zabaldu zan gertatuaren barri.


Jesusek itsu bi osatu


    27 Jesusek handik urten ebanean, itsu bik jarraitu eutsoen deiadarka: «Daviden Semea, erruki zakiguz!»

    28 Etxeratu zanean, itsuak hurreratu jakozan, eta Jesusek galdetu eutsen:

    —Sinesten dozue hori egin daikedana?

    —Bai, Jauna —erantzun eutsoen.

    29 Orduan, begiak ikutu eutsezan, esanez:

    —Jazo bekizue sinistu dozuen lez.

    30 Eta begiak zabaldu jakezan. Jesusek zorrotz agindu eutsen:

    —Kontuz gero! Ez daiala inork ere jakin!

    31 Hareek, barriz, uten orduko, eskualde guztian zabaldu eben Jesusen barri.


Jesusek deabrudun mutua osatu


    32 Itsuek urten ebeneko, deabruaren menpe egoan mutu bat ekarri eutsoen Jesusi. 33 Jesusek deabrua bota egin eban eta mutua berbetan hasi zan. Jendeak, harriturik, inoan: «Ez da Israelen gaur arte holakorik ikusi!»

    34 Fariseuek, barriz, inoen: «Deabruen buruzagiaren indarrez botaten ditu honek deabruak».


Ikasleak Jesusen egitekoaren jarraitzaile (9,35—10,42)


«Uzta ugaria da, baina langileak gitxi»

(Mk 6,34; Lk 10,2)


    35 Jesus herri eta auzo guztietan zehar ibili zan, sinagogetan irakasten. Jainkoaren erregetzearen barriona iragarten eban eta txarkeria eta gaixotasun guztiak osatzen. 36 Jendetzea ikustean, errukitu egin jaken Jesus, nekatuak eta lur jota egozan-eta, artzain bako ardiak lez. 37 Orduan, bere ikasleei esan eutsen: «Ugaria da uzta, baina langileak gitxi. 38 Erregutu, ba, uzta-jabeari bialdu daizala langileak bere uztara».


Jesusek hamabi apostoluak izentatu

(Mk 3,13-19; Lk 6,12-16)


    10,1 Jesusek, bere hamabi ikasleei dei eginik, ahalmena emon eutsen espiritu txarrak* botateko eta jasapen eta gaixotasun guztiak osatzeko.

    2 Hona hemen hamabi apostoluen izenak: lehenengoa Simon —Pedro deritzona— eta haren anaia Andres; Santiago Zebedeorena eta haren anaia Joan; 3 Felipe eta Bartolome; Tomas eta Mateo, zergalaria; Santiago Alfeorena eta Tadeo; 4 Simon Zelote eta Judas Iskariote*, Jesus saldu ebana.


Jesusek Hamabiak bialdu

(Mk 6,7-13; Lk 9,1-6)


    5 Hamabiok bialdu ebazan Jesusek, oharpenok eginez: «Ez joan jentilen lurraldeetara, ez sartu Samaria herrialdean* ere; 6 joan ostera Israel herriko ardi galduengana. 7 Bidez zoazela, iragarri Jainkoaren erregetzea gainean dala. 8 Osatu eizuez gaixoak, biztu hildakoak, garbitu legendunak, bota deabruak. Doan hartu dozue, emon doan.

    9 «Ez eroan urrerik, ez zidarrik, ez dirurik gerrikoan, 10 ez zorrorik biderako, ez soinekorik aldatzeko, ez oinetakorik, ez eta makilarik ere, zor jako eta langileari behar dauan janaria.

    11 «Edozein herri edo auzotara heltzean, jakizue ba ete dan konfiantzako inor zuek etxean hartzeko, eta gelditu zaiteze eurenean herri haretatik urten arte.

    12 «Etxe baten sartzean, esan: ‘Bakea zuekin’; 13 etxekoak duin badira, heldu bekie zuen bakea; duin ez badira, barriz, galdu bedi hutsean zuen agurra*.

    14 «Onartzen ez bazaituee eta zuen mezua entzun nahi ez, etxe edo herri haretatik urtetean, astindu zuen oinetako hautsa*. 15 Benetan dinotsuet: Auzi-egunean, Sodomak eta Gomorrak zigor bigunagoa izango dabe herri harek baino.


Erasoaldiak izango

(Mk 13,9-13; Lk 21,12-17)


    16 «Hara, ardiak otso artera lez bialtzen zaituet. Izan zaiteze, ba, sugeak bezain zuhur eta usoak bezain xalo.

    17 «Kontuz jendearekin! Auzitegi* eta sinagogetara eroango zaituee eta zigortu egingo; 18 agintari eta erregeen aurrera eroango zaituee nigaitik, eta autorpen egingo dozue hareen eta jentilen aurrean. 19 Eroango zaitueenean, ez egon zer eta zelan esango dozuen kezkatan: une haretan bertan adieraziko deutsue Jainkoak zer esan; 20 ez dozue zeuek berba egingo, zuen Aitaren Espirituak egingo dau berba zuen bidez.

    21 «Anaiak anaia emongo dau heriotzara, eta aitak semea; seme-alabak gurasoen kontra jagiko dira eta hil egingo dabez. 22 Mundu guztiak gorroto izango deutsue nigaitik; baina azkeneraino sendo irauten dauana, horixe izango da salbatua. 23 Herri baten pertsegitzen bazaituee, egin ihes beste batera. Benetan dinotsuet: Gizonaren Semea etorri aurretik, ez dozuez Israelgo herri guztiak igaroko.

    24 «Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, ez eta morroia ere nagusia baino gehiago. 25 Nahikoa dau ikasleak irakaslea adina izatea, eta morroiak nagusia adina. Etxejaunari Beeltzebul esan badeutsoe, zer ez ete deutsee sango haren etxekoei?


Nori izan bildur

(Mk 8,38; Lk 12,2-9)


    26 «Ez izan jendearen bildur! Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez danik, ez eta ezer ezkutuan ere jakingo ez danik. 27 Gau-ilunez esaten deutsuedana, esan zuek egun-argiz; eta belarrira entzuten dozuena, iragarri etxe gaineetatik. 28 Ez izan bildurrik gorputza hil bai, baina bizia hondatu ezin dabenei; izan bildur, gorputza ez ezik, pertsona osoa infernuan hondatu daikeanari.

    29 «Ez ete dira txori bi txanpon baten saltzen? Hala ere, ez da bat bakarra ere lurrera jausten zuen Aitaren baimenik barik. 30 Zuen buruko uleak ere danak daukaz zenbatuta Jainkoak. 31 Ez izan, ba, bildur: zuek txori guztiek baino gehiago balio dozue.

    32 «Jendearen aurrean autortzen nauana autortuko dot neuk ere Aita zerukoaren aurrean; 33 baina jendearen aurrean ukatzen nauana ukatu egingo dot neuk ere zeruko Aitaren aurrean.


Jesusek banaketea sortu

(Lk 12,51-53; 14,26-27)


    34 «Ez uste izan munduari bakea ekartera etorri nazanik; bakea ez, banaketa baino ekartzera etorri naz. 35 Bai, semea aitagandik, alabea amagandik eta erraina amaginarrebagandik banatzera etorri naz. 36 Eta bakotxak bere etxekoak izango ditu arerio.

    37 «Aita nahiz ama ni baino maiteago dauana ez da niretzat gai; semea nahiz alabea ni baino maiteago dauana ez da niretzat gai. 38 Bere kurutzea hartu eta jarraitzen ez deustana ez da niretzat gai. 39 Bere biziaren jabe izan nahian dabilanak galdu egingo dau; bere bizia nigaitik galtzen dauanak, barriz, eskuratu egingo dau.


«Zuek onartzen zaituanak neu onartzen nau»

(Mk 9,41)

    40 «Zuek onartzen zaituanak neu onartzen nau, eta ni onartzen nauanak bialdu nauana onartzen dau. 41 Profeta bat profeta dalako onartzen dauanak profeteari zor jakon saria jasoko dau; eta gizon zuzen bat zuzena dalako onartzen dauanak gizon zuzenari zor jakon saria jasoko dau; 42 eta txiki honeetako bati, nire ikasle dalako, ontzitxo bat ur fresko besterik ez bada ere emoten deutsona, benetan dinotsuet ez dela saririk barik geldituko».


Harrerea eta ukapena:

Jesus eta haren gizaldia alkarren aurka (11,1—12,50)


    11,1 Jesus, bere hamabi ikasleei argibideok emotea amaitu ebanean, joan egin zan handik, herriz herri irakastera eta mezua iragartera.


Joan Bateatzailearen galdera eta Jesusen autorpena

(Lk 7,18-35)


    2 Joan Bataiatzaileak Mesiasen egintzen barri izan eban kartzelan, eta bere ikasle batzuk bialdu eutsozan 3 galdetzera: «Zu zara ‘Etortekoa*’, ala besteren baten zain egon behar dogu?»

    4 Jesusek erantzun eutsen:

    —Zoaze eta esan Joani entzuten eta ikusten dozuena: 5 itsuek ikusi egiten dabe eta herrenak badabiz, legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten dabe, hildakoak biztu egiten dira eta behartsuei barriona emoten jake. 6 Eta zoriontsua sinisteko oztoporik nigan aurkitzen ez dauana*!

    7 Hareek alde egitean, Jesus Joani buruz berba egiten hasi jakon jendeari: «Zer ikustera urten zenduen basamortura? Haizeak kulunka darabilan kainaberea? 8 Zer ikustera urten zenduen bestela? Soineko apainez jantzitako gizona? Jantzi apainekoak errege-jauregietan bizi izaten dira. 9 Zer ikustera urten zenduen, ba? Profetaren bat? Bai, jakina, eta profeta baino ere handiagoa. 10 Haretaz dago idatzita Liburu Santuan: Begira, neure mezularia bialtzen dot zure aurretik; Berak prestatuko deutsu aurretik bidea. 11 Benetan dinotsuet: Ez da amaren semerik sortu Joan Bateatzailea baino handiagorik; hala ere, Jainkoaren erreinuko txikiena ere ha baino handiagoa da.

    12 «Joan Bataiatzailea agertu zanetik gaur arte Jainkoaren erreinua indarrez hartzen da, eta indar egiten dabenek eskuratzen dabe*. 13 Profeta guztien eta Moisesen agintzarien epea Joan Bateatzaileagaz amaitzen da*. 14 Joan hau dozue, nahi badozue onartu, etortekoa zan Elias. 15 Ulertzeko gauza danak ulertu bei*.

    16 «Nogaz konparatuko dot oraingo gizaldi hau? Plazan jesarrita dagozan mutikoen antzekoa da, holantxe dinotsoe-ta alkarri: 17 ‘Txistua jo deutsuegu eta zuek dantzarik ez; hiletak jo eta zuek aienerik ez’. 18 Etorri zan Joan, ez jan eta ez edan egiten ez ebala, eta burutik eginda dagoala* dinoe. 19 Etorri da Gizonaren Semea, jan-edan egiten dauala, eta holantxe dinoe: ‘A zer tripazain eta mozkorra, zergalari eta pekatarien laguna!’ Baina egiteek autortzen dabe Jainkoaren jakinduria zuzena dala».


Jesusek Galileako herriak madarikatu

(Lk 10,13-15)


    20 Gero, miraririk gehienak egin ebazaneko herriak madarikatzen hasi zan Jesus, bihozbarritu ez ziralako.

    21 «Ai zu, Korozain! Ai zu, Betsaida! Izan ere, Tiro eta Sidon uri jentiletan zuengan adina mirari jazo izan balitz, aspaldi bihozbarrituak zirateken, dolu-jantziz eta hautsez estaldurik*. 22 Horregaitik, hona zer dinodan: Auzi-egunean, Tiro eta Sidonek zigor bigunagoa izango dabe zuek baino. 23 Eta zu, Kafarnaum,


«zeruraino jagiko zara?

Lurraren hondoraino jausiko zara!


    «Izan ere, zugan adina mirari jazo izan balitz Sodoman, oraindik gaur zutunik iraungo zeukean. 24 Horregaitik, hona zer dinodan: Auzi-egunean, zuk baino zigor bigunagoa izango dau Sodomak ».


Ebanjelioa jende xumeari agertua. Aita eta Semea

(Lk 10,21-22)


    25 Behin baten, Jesusek honela ziharduan: «Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza honeik jakintsu eta ikasiei ezkutatu deutsezuzalako eta jende xumeari agertu. 26 Bai, Aita, goretsia zu, horixe izan dozu-ta gogoko.

    27 «Nire Aitak neure esku itzi dau dana. Eta inork ez dau Semea ezagutzen, Aitak baino; ez eta Aita ere inork ezagutzen, Semeak baino eta Semeak agertu nahi deutsonak.


«Zatoze nigana...»


    28 «Zatoze nigana, nekatu eta zamapetu guztiok, eta neuk emongo deutsuet atseden. 29 Hartu eizue nire buztarria eta ikasi nigandik, ni gozoa eta bihotz-apala naz-eta, eta aurkituko dozue bizitzarako atsedena; 30 eroangarria da-ta nire buztarria eta arina nire zamea».


Jaiegunari buruzko eztabaidea

(Mk 2,23-28; Lk 6,1-5)


    12,1 Behin baten, zapatuz, gari-solo baten zehar joian Jesus. Ikasleak gose ziran, eta galburuak hartu eta jaten hasi ziran. 2 Hori ikustean, fariseuek esan eutsoen Jesusi:

    —Begira, zapatuz zilegi ez dana* egiten dihardue zure ikasleek.

    3 Harek erantzun:

    —Ez al dozue inoiz irakurri zer egin eban Davidek, bera eta bere lagunak gosetu ziranean? 4 Zelan Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskeinitako ogiak jan ebezan, legez ez berak eta ez bere lagunek ezin jan eikeezanak, abadeek baino izan ezik? 5 Eta ez al dozue Liburu Santuetan irakurri abadeek tenpluan zapatuero hausten dabela atseden-legea*, horregaitik errudun izan gabe? 6 Ba, neuk dinotsuet: Bada hemen tenplua baino gehiago dan bat. 7 Ulertu bazendue zer esan nahi dauan Jainkoak esandako honek: Nahiago dot errukia sakrifizioak baino, ez zeukee errugabeok gaitzetsiko. 8 Zapaturen nagusi da-ta Gizonaren Semea.


Elbarria zapatuz osatua

(Mk 3,1-6; Lk 6,6-11)


    9 Handik alde egin eta sinagogara joan zan Jesus. 10 Bazan han besoa elbarri eukan gizon bat. Fariseuek, zertan salatuko, galdetu eutsoen:

    —Zilegi da zapatuz inor osatzea?

    11 Jesusek erantzun eutsen:

    —Zuetariko nork, ardi bakarra euki eta zapatuz zulora jausten bajako, ez dau hartu eta atarako? 12 Eta zenbat gehiago ez da gizakia ardia baino! Legezko da, beraz, zapatuz on egitea.

    13 Orduan, gizonari esan eutson:

    —Luzatu beso hori.

    Harek luzatu, eta osaturik gelditu jakon, bestea bezain ondo.

    14 Handik urten ebenean, fariseuek alkar hartu eben Jesusen kontra, zelan hilgo.


Jesus, Jainkoaren zerbitzaria


    15 Horretaz jabeturik, handik aldendu egin zan Jesus. Jende askok jarraitu eutson, eta Harek danak osatu ebazan, 16 bera nor zan inori ez esateko aginduz. 17 Holan, Jainkoak Isaias profetearen bidez esana* bete zan:


18 Hona hemen nire zerbitzaria,

nik hautatua,

nire maitea, atsegin dodana.

Beronen gain ezarriko dot

neure espiritua:

nazinoei justizia iragarriko deutse.

19 Ez dau haserrerik sortuko,

ez dau oihu egingo,

ez da kaleetan haren berbetea entzungo.

20 Kainabera arrakaldua ez dau hausiko,

amatatu hainean dagoan argi-metxea ez dau amatatuko,

justizia nagusi ezarri daian arte.

21 Bera izango dabe itxaropen nazinoek.


Jesus eta Beeltzebul

(Mk 3,20-30; Lk 11,14-23; 12,10)


    22 Deabruaren menpe egoan gizon bat ekarri eutsoen Jesusi, itsua eta mutua. Harek osatu egin eban eta gizona berbetan eta ikusten hasi zan. 23 Jende guztiak, harriturik, inoan: «Ea Daviden Semea dogun hau!»

    24 Fariseuek, barriz, hori entzutean, esan eben: «Deabruen buruzagi dan Beeltzebulen indarrez botaten dauz honek deabruak».

    25 Igarri eutsezan Jesusek gogoetak eta esan eutsen: «Bere barruan zatiturik dagoan erreinua errauts bihurtuko da. Bere barruan zatiturik dagoan herri edo familiak ez dau iraungo. 26 Beraz, Satanasek Satanas botaten badau, zatiturik dago eta bere buruaren aurka dihardu; zelan iraun daike haren erreinuak? 27 Eta nik deabruak Beeltzebulen indarrez botaten badodaz, noren indarrez botaten dabez zuen ikasleek? Horregaitik, zeuen ikasleak izango dozuez epaile. 28 Deabruak Jainkoaren Espirituaren indarrez botaten badodaz, barriz, argi dago Jainkoa zuen artean errege izaten hasia dela.

    29 «Izan ere, zelan sartu daiteke inor indartsu baten etxera lapurretara, aurretiaz ha lotzen ez badau? Orduan bai, harrapa daikez haren etxeko ondasunak.

    30 «Nire alde ez dagoana nire kontra dago, eta nigaz batzen ez dauanak sakabanatzen dihardu.

    31 «Horregaitik dinotsuet: Pekatu eta birao guztiak parkatuko deutsoz Jainkoak gizakiari, baina Espiritu Santuaren kontrako biraorik* ez deutso parkatuko.

    32 «Inork Gizonaren Semearen kontrako ezer esaten badau, parkatuko deutso Jainkoak; baina Espiritu Santuaren kontra berba egiten dauanak ez dau parkamenik izango, ez mundu honetan ez eta datorrenean ere.


Zuhaitza eta frutua: bihotza esanetan nabaritu

(Lk 6,43-45)


    33 «Egizue zuhaitza ona dala: frutua ere ona izango da. Edota zuhaitza txarra dala: frutua ere txarra izango da. Zuhaitza frututik ezagutzen da. 34 Sugekumeok! Zelan esan zeikee gauza onik, zeuek gaiztoak izanik? Ahoak esan, bihotzari gainezka dariona esaten dau-ta. 35 Ona danak, bere ontasun-altxorretik, ona ateraten dau; eta txarrak, bere txarkeria altxorretik, txarra.

    36 «Hona zer dinotsuedan: bakotxak esan dauzan alperreko berba guztien kontu emon behar izango dau auzi-egunean. 37 Zeuen berben arabera zuzenetsiko zaitue-ta Jainkoak, eta zeuen berben arabera gaitzetsiko».


Lege-maisu eta fariseuak mirarizko seinale baten eske

(Mk 8,11-12; Lk 11,29-32)


    38 Lege-maisu eta fariseu batzuk holan hasi jakozan Jesusi: «Maisu, zuk egindako mirarizko seinaleren bat ikusi nahi geuke».

    39 Jesusek erantzun eutsen: «Seinale eske dihardu gizaldi gaizto eta desleial* honek, baina ez jako seinalerik emongo, Jonas profetearena besterik. 40 Jonasek arrainaren sabelean hiru egun eta hiru gau egin ebazan lez, halan egingo dauz-eta Gizonaren Semeak ere hiru egun eta hiru gau lurraren barruan. 41 Ninivetarrek, auzi-egunean gizaldi honen kontra jagi eta kondenatu egingo dabe, eurak bihozbarritu egin ziran-eta Jonasen hitzaldiez, eta badozue hemen Jonas baino handiago dan bat. 42 Hegoaldeko erregineak ere auzi-egunean gizaldi honen kontra jagi eta kondenatu egingo dau, munduaren bazterretik etorri zan-eta Salomonen jakituriazko berbak entzutera, eta badozue hemen Salomon baino handiago dan bat.


Espiritu txarraren bihurtzea

(Lk 11,24-26)


    43 «Espiritu txarra, nonorgandik urten ondoren, leku idorretan zehar ibilten da atseden bila; baina, aurkitzen ez eta, 44 bere buruari esaten deutso: ‘Noan barriro, urten nebaneko neure etxera’. Heltzean, etxea hutsik, garbituta eta apainduta aurkitzen dau. 45 Orduan, joan eta beste zazpi espiritu hartzen dauz beragaz, bera baino txarragoak, eta gizakiagan sartu eta bertan jarten da bizi izaten; horrela, pertsona horren azken egoerea lehenengoa baino okerragoa gertatzen da. Gauza bera jazoko jako gizaldi gaizto honi ere».


Jesusen egiazko familia

(Mk 3,31-35; Lk 8,19-21)


    46 Oraindino Jesusek jendeari berbetan ziharduala, haren ama eta anai-arrebak* azaldu ziran kanpoan, beragaz berba egin guran. 47 Batek esan eutson:

    —Ama eta anai-arrebak dozuz kanpoan, zugaz berba egin guran*.

    48 Jesusek, barriz, erantzun eutson:

    —Nor da nire ama eta nortzuk nire anai-arrebak?

    49 Eta, bere ikasleengana eskua luzatuz, esan eban:

    —Honeexek dodaz nik ama eta anai-arreba. 50 Izan ere, zeruko nire Aitaren nahia egiten dauana, horixe dot nik anaia, arreba eta ama.


Erregetzeari buruzko parabolak (13,1-52)


Ereilearen parabolea

(Mk 4,1-9; Lk 8,4-8)


    13,1 Egun baten, Jesus etxetik urten eta aintzira-ertzean jesarri zan. 2 Eta txalupa batera igon eta jesarri egin zan, ondora hainbeste jende batu jakon-eta. Jende-taldea, barriz, hondartzan egoan. 3 Eta luzaroan egin eutsen berba parabola bidez. Holantxe inotsen: «Urten eban behin ereileak hazia ereitera. 4 Ereitean, garau batzuk bide-bazterrean jausi ziran, eta txoriek etorri eta jan egin ebezan. 5 Beste batzuk harri artean jausi ziran, lur handirik ez zan tokian, eta axaleko lurra izanik, berehala erne ziran; 6 baina eguzkiak jo orduko, erre egin ziran eta, sustrairik ez ebenez, ihartu. 7 Beste garau batzuk sasi artean jausi ziran, eta sasiek, haztean, ito egin ebezan haziak. 8 Gainerakoak lur onean jausi ziran, eta frutua emon eben: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar. 9 Ulertzeko gauza danak ulertu bei».


Zergaitik egiten deutsen berba Jesusek parabola bidez

(Mk 4,10-12; Lk 8,9-10)


    10 Ondoratu jakozan ikasleak Jesusi eta galdetu eutsoen:

    —Zergaitik egiten deutsezu berba parabola bidez?

    11 Jesusek erantzun eutsen:

    —Zuei Jainkoaren erregetzearen misterioak ezagutzea emon jatzue; horrei, ostera, ez. 12 Izan ere, badaukanari emon egingo jako, eta gainezka izango dau; ez daukanari, ostera, daukan apurra ere kendu egingo jako. 13 Hona zergaitik egiten deutsedan berba parabola bidez: begiratu bai, baina ikusten ez dabelako; entzun bai, baina ez aditzen, ez ulertzen ez dabelako.

    14 «Horrela, Isaias profeteak esana beteten da horreengan:


«Entzungo dozue, bai, baina ulertu ez;

ikusiko dozue, bai, baina ohartu ez;

15 Izan ere, herri honek

gogortu egin dauz buru-bihotzak,

gortu belarriak, itsutu begiak.

Ez beie euren begiez ikusi,

ez belarriez entzun,

ez eta buruaz ulertu ere,

horrela niregana bihurtu ez daitezen

eta salba ez daidazan.


    16 «Zorionekoak, barriz, zuen begiak, ikusten dabelako, eta zuen belarriak, entzuten dabelako! 17 Benetan dinotsuet: Profeta eta gizon santu askok ikusi gura izan eben zuek ikusten dozuena, baina ez eben ikusi, eta entzun gura zuek entzuten dozuena, baina ez eben entzun.


Jesusek ereilearen parabolea argitu*

(Mk 4,13-20; Lk 8,11-15)


    18 «Entzun eizue, beraz, ereilearen parabolearen esangurea. 19 Erregetzearen mezua entzun bai, baina ulertzen ez dauanari, gaiztoa etorten jako eta bihotzean erein jakona kendu egiten deutso. Hori mezua ‘bide-bazterrak’ hazia lez hartzen dauana da. 20 ‘Harri-arteak’ lez hartu dauana hauxe da: mezua entzutean, berehala pozik onartzen dauana; 21 baina sustrairik bakoa eta iraupen gutxikoa izanik, mezua dala-eta estuasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, jausi egiten da*. 22 ‘Sasi-arteak’ lez hartzen dauana hauxe da: mezua entzun bai, baina bizitza honetako ardurek eta diru-goseak mezua ito egiten deutsoena, fruturik barik itziz. 23 ‘Lur onak’ lez hartzen dauana hauxe da: mezua entzun eta ulertzen dauana; honek frutua emoten dau: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar».


Gari arteko galbedarraren parabola


    24 Beste parabola bat proposatu eutsen Jesusek: «Jainkoaren erregetzeagaz, gizon batek soloan hazi ona erein ebanean lez jazoten da. 25 Etxeko danak lo  egozala, arerioak soloan sartu eta gari artean galbedarra erein eban eta alde egin. 26 Garia hazi eta burutu zanean, galbedarra ere agertu zan. 27 Joan ziran, orduan, morroiak etxeko nagusiari esatera: ‘Jauna, ez zendun hazi ona erein soloan? Nondik dau, ba, galbedarra?’ 28 Harek erantzun eutsen: ‘Arerioaren lana da hori’. Eta morroiek: ‘Joango gara galbedarra batzera?’ 29 Baina nagusiak: ‘Ez, ez dadila jazo galbedarra batzean garia ere ateratea. 30 Itzi biak batera hazten uzta-aroa heldu bitartean; orduan, igitariei esango deutset: batu lehenengo galbedarra, lotu eta erre; garia, barriz, jaso nire mandiora’».


Mostaza-haziaren eta legaminaren parabolak

(Mk 4,30-32; Lk 13,18-21)


    31 Jesusek beste parabola hau kontatu eutsen: «Jainkoaren erregetzea gizon batek soloan ereiten dauan mostaza-haziaren antzekoa da. 32 Hazi guztietan txikiena da; baina, hazten danean, beste ortuari guztiak baino handiago bihurtzen da, eta zuhaitz egiten, txoriek etorri eta adarretan habiak egiteko moduko zuhaitza».

    33 Beste parabola bat ere esan eutsen: «Jainkoaren erregetzea legaminaren antzekoa da: emakume batek anega bat urunetan nahasten dau, eta oraldi guztia harrotzen da».


Parabola bidezko irakaspenaren zergatia

(Mk 4,33-34)


    34 Irakaspen guztiok parabola bidez emon eutsozan Jesusek jendeari, eta ez eutsen ezer irakasten parabolaz izan ezik. 35 Holan bete zan Jainkoak profetearen bidez esana:


Parabola bidez egingo dot berba,

munduaren hasieratik gordeta egoana

azalduko.


Jesusek galbedarraren parabolea argitu


    36 Jesus jendetzea agurtu eta etxeratu egin zan. Hurreratu jakozan, orduan, ikasleak eta eskatu eutsoen: «Argitu eiguzu soloko galbedarraren parabolea».

    37 Jesusek esan eutsen: «Hazi ona ereiten dauana Gizonaren Semea da; 38 soloa, mundua; hazi ona Jainkoaren erreinuko seme-alabak dira; galbedarra, barriz, gaiztoarenak; 39 galbedarra ereiten dauan arerioa deabrua da; uzta, munduaren azkena; eta uzta-batzaileak, aingeruak. 40 Galbedarra batu eta sutan erreten dan lez, halantxe gertatuko da munduaren azkenean ere: 41 Gizonaren Semeak bere aingeruak bialduko dauz, eta haren erreinutik bananduko dabez gaizkileak eta besteentzat gaizpide* gertatzen diranak, 42 eta su-labara botako. Negarra eta hagin-ikarea izango dira han. 43 Orduan, zintzoek eguzkiak lez egingo dabe distira euren Aitaren erreinuan. Ulertzeko gauza danak ulertu bei!


Altxorraren eta harribitxiaren parabolak


    44 «Jainkoaren erregetzearekin, landan ezkutatuta dagoan altxorrarekin lez jazoten da. Nonork, aurkitzen dauanean, barriro ezkutatu egiten dau, eta pozaren pozez joan, daukazan guztiak saldu eta landa ha erosi egiten dau.

    45 «Era berean, Jainkoaren erregetzeagaz, harribitxi bila dabilan tratulariagaz lez jazoten da. 46 Balio handiko bat aurkitzen dauanean, joan, bere gauza guztiak saldu, eta erosi egiten dau ha.


Sarearen parabolea


    47 «Jainkoaren erregetzeagaz, uretara botaten dan eta era guztietako arrainak batzen dauzan sareagaz lez jazoten da. 48 Beteta dagoanean, lehorrera ataraten dabe; gero, jesarri eta onak otzarara batzen dabez eta txarrak kanpora botaten. 49 Bardin izango da munduaren azkenean: aingeruek etorri eta gaiztoak zintzoen artetik bananduko dabez, 50 eta su-labara botako. Negarra eta hagin-ikarea izango dira han».


Parabolen ondorenak


    51— Ulertu dozue guzti hau? —galdetu eutsen Jesusek ikasleei.

    —Bai —erantzun eutsoen.

    52 Harek esan eutsen:

    —Beraz, Jainkoaren erregetzearen jakinduriaz jantzita dagoen lege-maisua, bere altxorretik zahar eta barriak ataraten dauzan etxeko jaunaren antzekoa da.


Jesus, jendetzea itziz,

ikasleengana bihurtu (13,53—16,20)


Jesus bere jaioterrian gaitzetsia

(Mk 6,1-6; Lk 4,16-30)


    53 Jesusek, parabolok amaitu ebazanean, alde egin eban handik. 54 Bere herrira* heldurik, irakasten hasi jaken sinagogan. Jendeak, harriturik, holan inoan: «Nondik dau honek horrelako jakituria, eta nondik mirari horreik? 55 Ez da, ba, arotzaren semea? Honen amak ez ete dau izena Maria, eta honen anaiek Santiago, Jose, Simon eta Judas? 56 Eta honen arrebak ez ete dira danak geure artean bizi? Nondik dau, beraz, hori guztia?»

    57 Eta honeekaitik, ezin eben sinistu harengan*.

    Jesusek esan eutsen: «Profeta bati, edonon emoten jako ohore, bere herrian eta etxean izan ezik».

    58 Eta ez eban han mirari askorik egin, ez eben-eta sinisten.


Herodesek Joan Bataiatzailea hilazo

(Mk 6,14-29; Lk 9,7-9)


    14,1 Sasoi haretan, Herodes* Galileako gobernariak Jesusen barri jakin eban, 2 eta bere zerbitzariei esan eutsen: «Joan Bateatzailea da! Hilen artetik biztu da, eta horregaitik dauka mirariak egiteko ahalmen hori».

    3 Izan ere, Herodesek Joan harrapatu eta loturik kartzelan sartua eban, Herodias zala eta (Herodias Herodesen anaia Feliperen* emaztea zan). 4 Holan esaten eutson-eta Joanek Herodesi: «Ez jatzu zilegi Herodias emaztetzat eukitea».

    5 Herodesek hil egin gura eban, baina jendearen bildur zan, Joan danek profetatzat euken-eta. 6 Baina Herodesen urtebetetzekoan, Herodiasen alabeak dantzan egin eban mahaikideen aurrean, eta atsegin izan jakon Herodesi. 7 Horregaitik, zin eginez agindu eutson neskatxeari eskatu ahala guztia emongo eutsola. 8 Neskatxeak, bere amaren aholkuari jarraituz, esan eutson: «Emoidazu oraintxe berton Joan Bateatzailearen burua azpilean».

    9 Goibel jarri zan erregea, baina, mahaikideen aurrean egindako zinagaitik, eskatua emoteko agindu eban, 10 eta Joani lepoa moztu eutsoen kartzelan. 11 Azpil baten ekarri burua eta neskatxeari emon eutsoen, eta honek amari.

    12 Joanen ikasleek haren gorpua jasotera etorri eta lur emon eutsoen; gero, Jesusi barri emotera joan ziran.


Jesusek jendetzeari lehenengoz jaten emon

(Mk 6,30-44; Lk 9,10-17; Jn 6,1-14)

    13 Haren barri jakitean, Jesus bazter batera joan zan bakarrik txalupaz. Baina jendea ohartu egin zan, eta, herrietatik urtenik, oinez jarraitu eutsoen. 14 Txalupatik jatsi zanean, jendetza handia ikusi eban Jesusek eta, errukiturik, gaixoak osatu eutsezan. 15 Ilunabarrean, ikasleek hurreratu eta esan eutsoen:

    —Toki hau oso urrun dago eta orduak aurrera doaz. Bialdu eizu, ba, jendea, auzoetara joan eta jatekoa erosi daian.

    16 Baina Jesusek erantzun eutsen:

    —Ez dauke joan beharrik; emon zeuek jaten.

    17 Hareek, orduan:

    —Ez daukagu hemen bost ogi eta arrain bi besterik.

    18 Eta Jesusek:

    —Ekarri hona.

    19 Jendeari zelaian jesarteko agindu ondoren, hartu ebazan bost ogiak eta arrain biak eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazioa esan, ogiak zatitu eta ikasleei emon eutsezan, eta ikasleek jendeari. 20 Asetzeraino jan eben danek, eta gelditutako hondakinez hamabi otzara bete ebezan. 21 Bost mila gizon inguru izan ziran jan ebenak, emakumeak eta umeak aparte.


Jesus ur gainean oinez

(Mk 6,4552; Jn 6,16-21)


    22 Berehala, Jesusek ikasleak txalupan sartuazo eta bere aurretik beste aldera joateko agindu eutsen, berak jendeari agur egin bitartean. 23 Jendeari agur egin ondoren, mendira igon eban, bakardadean otoitz egitera. Ilundu ebanean, hantxe egoan bakarrik.

    24 Txalupa, ordurako, lehorretik urrun joian, olatuek astindua, haizea kontra eukan-eta. 25 Goiz aldera*, ikasleengana joan zan Jesus, ur gainean oinez. 26 Ur gainean ibilten ikusi ebenean, ikasleak izutu egin ziran, mamuren bat zalakoan; eta bildurraren bildurrez oihuka hasi ziran. 27 Baina Jesusek berehala hitz egin eutsen eta esan:

    —Lasai! Neu naz. Ez bildurtu!

    28 Orduan, Pedrok esan eutson:

    —Jauna, benetan zeu bazara, agindu eidazu joateko ur gainean zuregana.

    29 Jesusek erantzun:

    —Zatoz.

    Pedro untzitik jatsi eta Jesusengana abiatu zan ur gainean oinez. 30 Baina, haizearen indarra nabaritzean, bildurra sartu jakon, eta, hondoratzen hasi zanez, deiadar egin eban:

    —Jauna, salbatu naizu.

    31 Jesusek eskua emon eta oratu egin eutson, esanez:

    —Sinismen gutxiko hori! Zergaitik izan dozu zalantza?

    32 Txalupara igon ebenean, haizea baretu egin zan. 33 Eta untzian egozanak Jesusen aurrean ahozpez jarri ziran, esanez:

    —Egiaz Jainkoaren Semea zara zu!


Genesaret aldean osakuntzak

(Mk 6,53-56)


    34 Aintzira igaro ondoren, Genesaret lurraldera* heldu ziran. 35 Bertakoek, Jesus ezagutu ebenez, inguruko lurralde guztian zabaldu eben barria, eta gaixo guztiak ekarri eutsoezan. 36 Soineko-ertza behintzat ikutzen izteko eskatzen eutsoen, eta ikutzen eben guztiak osatzen ziran.

Subpáginas (1): mt_15-28
ĉ
MATEO.doc
(315k)
Txo Mikel,
12 ene. 2017 0:41
Comments