markosena


 

    1,1 Hona hemen zelan hasi zan Mesias eta Jainkoaren Seme dan Jesusen barriona.

    2 Isaias profeteak idatzia eukan:

Begira, neure mezularia bialtzen dot zure aurretik

zuri bidea prestatzera.

3 Ahots bat oihuka dabil basamortuan:

Prestatu bidea Jaunari,

zuzendu bidexkak hari.

    4 Honela ba, agertu zan Joan Bateatzailea basamortuan. Bihozbarritzeko eta bateatzeko iragarten eban, pekatuen parkamenerako. 5 Judea herrialde osoa eta jerusalemdar guztiak harengana joiazan eta, euren pekatuak autortzen ebezala, Joanek bateatu egiten ebazan Jordan ibaian.

    6 Joanek gamelu-ulezko jantzia eukan soineko eta narruzko uhala gerriko; saltamatxinoak eta basa eztia jaten ebazan. 7 Honela iragarten eban: «Nire ondoren dator ni baino ahaltsuagoa dana, eta ni ez naz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. 8 Nik urez bateatu zaituet; harek, ordea, Espiritu Santuaz bateatuko zaitue».

    9 Egun hareetako baten, Jesus etorri zan Galileako Nazaretetik, eta Joanek bateatu egin eban Jordanen. 10 Jesusek, uretatik urteterakoan, zerua urratzen ikusi eban eta Espiritua, uso-tankeran, beregana jaisten. 11 Eta ahots hau etorri zan zerutik: «Zeu zaitut nire Semea, nire maitea, zeu zaitut atsegin».

    14 Joan Bateatzailea kartzelan sartu eta gero, Jesus Galileara etorri zan eta Jainkoaren barriona iragarten eban. 15 Honela inoan: «Betea da garaia, eta gainean dozue Jainkoaren erregetzea. Bihozbarritu zaiteze eta sinistu barriona».

    16 Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar joiala, Simon eta honen anaia Andres ikusi ebazan sareak uretara botaten, arrantzaleak ziran eta. 17 Badinotse Jesusek: «Zatoze neugaz eta giza arrantzale egingo zaituet».

    18 Hareek, besterik barik, sareak itzi eta jarraitu egin eutsoen.

    19 Aurreraxeago, Santiago eta Joan anaiak, Zebedeoren semeak, ikusi ebazan; sare-konponketan ziharduen euren untzian. 20 Ikusiaz batera, dei egin eutsen. Hareek, euren aita Zebedeo eta mutilak untzian itzirik, Jesusen ondoren abiatu ziran.

    21 Kafarnaumen sartu ziran. Eta, zapatuan sinagogara joanik, irakasten hasi zan Jesus. 22 Haren irakaspenaz txunditurik egoan jende guztia, nagusitasunez irakasten eutsen eta, eta ez legemaisuek lez.

    23 Bazan, hain zuzen, sinagoga haretan espiritu gaiztoaren menpe egoan gizon bat. Eta oihuka ekin eutson:

    24—Zer dok gurekin, Nazareteko Jesus? Gu hondatzera al hator? Bajakiat nor hazen: Jainkoaren Santua.

    25 Jesusek gogor eraso eutson:

    —Isildu hadi eta urten horrengandik!

    26 Espiritu gaiztoak astinaldi gogorra emon eutson eta, garrasi handia eginez, urten egin eban harengandik. 27 Guztiz ikaraturik gelditu ziran danak, alkarri galdezka: «Zer dogu hau? Irakaspen barria, eta zalango nagusitasunez emona gainera! Espiritu gaiztoei ere agintzen deutse eta honeek esana egiten!»

    28 Laster zabaldu zan Jesusen entzutea Galilea aldeko bazter guztietara.

    29 Jesus sinagogaitik urten eta Simon eta Andresen etxera joan zan zuzenean, Santiago eta Joanegaz. 30 Simonen amaginarrebea oheratuta egoan sukarrez; berehala, haretaz hitz egin eutsoen Jesusi. 31 Joan jakon ondora, eskutik hartu eta jagiazo egin eban. Sukarrak alde egin eutson eta zerbitzatzen hasi jaken.

    32 Iluntzean, eguzkia sartu ondoren, gaixo eta deabrudun guztiak eroan eutsoezan Jesusi. 33 Herri osoa batu jakon atarian. 34 Eta harek gaixo asko osatu ebazan, edozein zala ere hareen gatxa, eta deabru asko bota ere bai. Deabruei ez eutsen hitzik egiten izten, baekien-eta nor zan.

    35 Goizean goiz, oraindik ilun egoala, Jesus herritik urten eta bazter bakarti batera joan zan; han otoitzean ziharduan. 36 Simon eta lagunak haren bila hasi ziran; 37 aurkitzean, esan eutsoen:

    —Jende guztia dabil zeure bila.

    38 Harek, ordea, erantzun:

    —Goazen beste nonora, inguruko auzoetara, horreetan ere barriona iragartera, horretarako urten dot-eta.

    39 Eta Galilea guztian barru ibili zan, hango sinagogetan barriona iragarten eta deabruak botaten.

    40 Legendun bat etorri jakon erreguka, eta belauniko esan eutson:

    —Nahi badozu, garbitu naikezu.

    41 Errukiturik, Jesusek eskua luzatu eta ikutu egin eban, esanez:

    —Nahi dot, izan zaitez garbi.

    42 Berehala alde egin eutson legenak, eta garbi gelditu zan.

    43 Jesusek bialdu egin eban, zorrotz aginduz:

    44—Kontuz gero! Ez esan inori ezer. Zoaz, hala ere, azaldu abadeagana eta eskeini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa, ezaugarri izan dagien.

    45 Ha, ordea, urten orduko, gertatu barria goraki iragarten eta zabaltzen hasi zan. Eta harrezkero, ezin zan Jesus inongo herritan agerian sartu, eta kanpoan gelditzen zan, bazterretan. Hala ere, edonondik etorkon jendea.



    2,1 Egun batzuk geroago, barriro Kafarnaumen sartu zan Jesus. Eta etxean egoaneko barria zabaldu zan. 2 Batu zan jendetzeagaz, ez egoan inon tokirik, ez eta atarian ere. Eta mezua adierazten eutsen. 3 Haretan, elbarri bat ekarri eutsoen lau lagunen artean. 4 Baina jendetzeagaitik ezin eben eroan Jesusenganaino. Orduan, bera egoan parean etxe gaina zulatu eta zulotik behera eraitsi eben elbarria, etzunda egoan ohatilan. 5 Jesusek, hareen sinismena ikusirik, esan eutson elbarriari:

    —Seme, parkatuak doduz pekatuak.

    6 Bazan han jesarrita zenbait legemaisu, eta hauxe inoen euren barruan: 7 «Zer dabil hori horrela? Biraoka dihardu. Nork parkatu daikez pekatuak, Jainkoak berak baino?» 8 Baina Jesusek bere barruan hareen gogoetak igarri eta esan eutsen:

    —Zergaitik dozuez gogoeta horreik zuen barruan? 9 Zer da errazago, elbarriari «Parkatuak dozuz pekatuak» esatea ala «Jagi, hartu zure ohatila eta zabiz» esatea? 10 Oraintxe ikusiko dozue, ba, Gizonaren Semeak badauala mundu honetan pekatuak parkatzeko ahalmena.

    Eta esan eutson elbarriari:

    11—Zeuri dinotsut: Jagi, hartu ohatila eta zoaz etxera.

    12 Berehala jagi, ohatila hartu eta guztien aurrean urten eban. Harriturik gelditu ziran danak, eta Jainkoa goresten eben, esanez: «Ez dogu sekula horrelakorik ikusi».

    13 Jesusek barriro aintzira aldera urten eban. Jende guztia beragana etorren eta irakasten hasi jaken.

    14 Bidez joiala, Lebi Alfeorena ikusi eban zerga batzeko mahaian jesarrita, eta esan eutson:

    —Jarraitu niri.

    Lebik zutundu eta jarraitu egin eutson.

    15 Geroago, Lebiren etxean egoan Jesus mahaian. Bazan beste zergalari eta pekatari asko ere Jesusegaz eta honen ikasleekaz mahaian; izan ere, asko joiakozan ondoren. 16 Fariseu legemaisu batzuk, pekatari eta zergalariekin jaten ziharduala ikusirik, esan eutseen ikasleei:

    —Zelan jaten dau zergalari eta pekatariekaz?

    17 Jesusek entzun eta esan eutsen:

    —Ez dabe osasundunek behar sendagilea, gaixoek baino; ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino.

    18 Behin baten, Joanen ikasleek eta fariseuek barau-eguna eben. Jesusengana joan eta esan eutsoen:

    —Zelan egiten dogu barau Joanen ikasleok eta fariseuok, eta zure ikasleek ez?

    19 Jesusek erantzun eutsen:

    —Ezteguetara deituek egin ete daikee barau senar-barria berekin dabelarik? Senar-barria eurekin daben bitartean, ezin daikee baraurik egin. 20 Etorriko jake, bai, senar-barria kenduko deutseen eguna; orduan, egun haretan, egingo dabe barau.

    21 «Inork ez deutso jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten; bestela, adabaki barriak jantzi zaharra behartu eta zarratada handiagoa egingo leuke. 22 Zahagi zaharretan ere ez dau inork ardau barririk sartzen; ardoak zahagiak lehertu egingo leukez eta, orduan, ez ardau eta ez zahagi. Ardau barriarentzat zahagi barriak!»

    23 Behin baten, zapatuz, gari-solo baten zehar joian Jesus. Eta ikasleak, bidenabar, galburuak hartzen hasi ziran. 24 Fariseuek esan eutsoen Jesusi:

    —Zelan dabilz egiten, zapatuz zilegi ez dana?

    25 Harek erantzun:

    —Ez al dozue inoiz irakurri zer egin eban Davidek beharraldi baten, bera eta bere lagunak gosez aurkitu ziranean? 26 Zelan, Abiatar abade nagusi zala, Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskeinitako ogiak jan ebazan, legez apaizek bakarrik jan eikeezanak, eta zelan beragaz egozanei ere emon eutsen?

    27 Eta, gainera, esan eutsen:

    —Zapatua gizakiaren onerako egin eban Jainkoak eta ez gizakia zapatuaren onerako. 28 Beraz, zapatuaren beraren nagusi da Gizonaren Semea.



    3,1 Beste behin, Jesus sinagogara joan zan. Bazan han besoa elbarri eukan gizon bat. 2 Zelatan egokozan ea zapatuz osatzen ete eban, zertan salatuko ebiltzan-eta. 3 Jesusek beso-elbarriari esan eutson:

    —Jagi eta zatoz hona erdira.

    4 Eta besteei, barriz:

    —Zapatuz zer dogu legezko, on egitea ala txar egitea, bizia salbatzea ala kentzea?

    Hareek, ordea, isilik. 5 Jesusek, inguruko guztiei haserre begiraturik eta euren setakeriaz mindurik, honela esan eutson gizonari:

    —Luzatu beso hori.

    Harek luzatu, eta osatu egin jakon.

    6 Handik urten ebaneko, fariseuek Herodesen alderdikoekaz alkar hartu eben Jesusen kontra, zelan hilgo.

    7 Jesus aintzira-bazterrera joan zan bere ikasleekin. Galileatik etorritako jendetza handiak jarraitu eutson. 8 Eta berak egiten ebazanak entzunik, Judea, Jerusalem, Idumea, Jordanez beste alde eta Tiro eta Sidon aldetik ere jende-talde handia batu jakon. 9 Harek txalupa prest eukiteko agindu eutsen ikasleei, hainbeste jenderen artean zapaldu ez eien. 10 Izan ere, asko ebazan osatuak, eta gatxen bat eben guztiak gainera etorkozan ikutu nahiez. 11 Espiritu gaiztoek, ikusten ebeneko, haren oinetara jausi eta ozenki esaten eutsoen: «Jainkoaren Semea zara zu».

    12 Harek, ordea, zorrotz agintzen eutsen, ez eiela ezagutzera emon.

    13 Gero, mendira igo eban, eta berak nahi ebazanei dei egin eutsen. Eta hareik hurreratu egin jakozan. 14 Hamabi izendatu ebazan, beragaz bizi izateko eta barriona iragartera bialtzeko, 15 deabruak botateko ahalmena emonez. 16 Hamabi honeexek izendatu ebazan: Simon —honi Pedro izena jarri eutson—, 17 Santiago Zebedeorena eta Joan, Santiagoren anaia —honei Boanerges izena jarri eutsen, hau da, «Trumoikume»—, 18 Andres, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Tadeo, Simon Zelote 19 eta Judas Iskariote, Jesus saldu ebana.

    20 Jesus etxera bihurtu zan. Barriro ere jendetza handia batu zan, eta ezin eben otordurik ere egin Jesusek eta ikasleek. 21 Jesusen senitartekoak, jakin ebenean, hartu eta eroateko asmotan etorri ziran, burutik egina egoala uste eben eta.

    22 Jerusalemdik jatsitako legemaisuek, barriz, zera inoen: «Beeltzebul dauka honek barruan», eta «Deabruen buruzagiaren indarrez botaten ditu deabruak». 23 Etorriazo eutsen Jesusek, eta parabola honeexek zuzendu eutsezan: «Zelan bota daike Satanasek Satanas? 24 Bere barruan zatiturik dagoan erreinuak ezin dau iraun. 25 Bere barruan zatiturik dagoan familiak ezin dau iraun. 26 Era berean Satanasek ere, bere buruaren aurka jagi eta zatiturik badago, ezin dau iraun; harenak egin dau. 27 Ezin daiteke inor indartsu baten etxera lapurretara joan, aldez aurretik ha lotzen ez badau; orduan bai, harrapa daikez haren etxeko ondasunak. 28 Benetan dinotsuet: dana parkatuko deutse Jainkoak gizakiei, pekatuak eta egin leikeezan birao guztiak; 29 baina Espiritu Santuaren kontra birao egiten dauanak ez dau inoiz parkamenik izango: errudun izango da betiko».

    30 Espiritu gaiztoa eukala inotsoenei erantzun eutsen hau.

    31 Jesusen ama eta anaiarrebak heldu ziran. Kanpoan gelditurik, deituazo egin eutsoen. 32 Jende asko egoan haren inguruan jesarrita, eta esan eutsoen:

    —Aizu, ama eta anaiarrebak kanpoan dozuz zeure bila.

    33 Harek erantzun:

    —Nor dira nire ama eta nire anaiarrebak?

    34 Eta, inguruan jesarrita eukazanei begiratuz, esan eban:

    —Honeexek dodaz nik ama eta anai-arreba. 35 Jainkoaren nahia egiten dauana, horixe dot nik anaia, arreba eta ama.


    4,1 Beste baten, irakasten hasi zan Jesus aintzira-ertzean. Eta uretan egoan txalupa batera igon eta bertan jesarri zan, hainbeste jende batu jakon-eta ondora. Jende-taldea, barriz, lehorrean egoan, aintzira ondoan. 2 Eta parabola bidez hitz eginez, irakaspen asko emon eutsen. Honelaxe ziharduan bere irakasaldian: 3 «Entzun! Urten eban behin baten ereileak hazia ereitera. 4 Ereitean, hainbat ale bidebazterrean jausi zan; eta txoriek etorri eta jan egin eben. 5 Beste hainbat harri artean jausi zan, lur handirik ez zan tokian; eta axaleko lurra izanik, berehala erne zan; 6 baina eguzkiak jo ebaneko, erre egin zan eta, sustrairik ez eukalako, ihartu. 7 Beste hainbat ale sasi artean jausi zan: sasiek, haztean, ito egin eben hazia eta ez eban fruturik emon. 8 Gainerakoak lur onean jausi ziran; erne, hazi eta frutua emon eben: bateko hogeita hamar edo hirurogei edo ehun».

    9 Eta ohar hau egin eutsen Jesusek: «Ulertzeko gauza danak ulertu bei».

    10 Bakarrik gelditu ziranean, Hamabiekin batera Jesusegaz ebiltzanek parabolen esanahiaz galdetu eutsoen. 11 Eta harek hauxe esan eutsen:

    —Zuei Jainkoaren erregetzaren misterioa ezagutzea emon jatzue; kanpokoei, ordea, dana parabola bidez emoten jake. 12 Liburu Santuak dinoan lez,

ikusten dabe, bai, baina ohartzen ez;

entzuten dabe, bai, baina ulertzen ez;

horrela, ez dira Jaunarengana bihurtzen

eta ez jake parkatzen.

    13 Jesusek esan eutsen: «Parabola hau ez dozuela ulertzen? Zelan ulertuko dozuez, ba, beste parabola guztiak? 14 Ereileak mezua dau ereiten. 15 Mezua ereiterakoan, batzuk ‘bidebazterra’ lez dira: entzun baizen laster, Satanasek etorri eta hareengan erein dan mezua kendu egiten dau. 16 Beste batzuk ‘harriartea’ lez dira: mezua entzutean, berehala pozik onartzen dabe; 17 baina sustrairik bakoak eta iraupen gitxikoak izanik, mezua dala-eta estuasun edo erasoaldiren bat sortzen daneko, jausi egiten dira. 18 Beste batzuk, barriz, ‘sasiartea’ lez dira: entzuten dabe mezua, 19 baina bizitza honetako ardurak, diru-gosea eta bestelako grinak nagusitzen jakez eta mezua ito egiten jake, fruturik barik itziz. 20 Eta hona nor diran ‘lur ona’ langoak: mezua entzun, onartu eta frutua emoten dabenak: bateko hogeita hamar edo hirurogei edo ehun».

    21 Beste hau ere esan eutsen: «Ontzipean edo ohepean jarteko bizten ete da gero kriseilua? Ez ete argimutilaren gainean jarteko? 22 Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez danik, ez eta ezkutuan ere argitaratuko ez danik. 23 Inork ulertu ahal badau, ulertu bei».

    24 Esan eutsen ere: «Kontu izan zelan entzuten dozuen! Zuek zein neurritan entzun, neurri berean emongo deutsue Jainkoak, eta gehiago ere bai. 25 Izan ere, badauanari emon egingo jako; ez dauanari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo».

    26 Jesusek esan eban: «Jainkoaren erregetzea gizonak lurrean hazia ereitean gertatzen danaren antzekoa da: 27 Ha lo nahiz iratzarririk egon, gau eta egun, hazia erne eta hazi egiten da, harek zelan ez dakiala. 28 Lurrak berez emoten dau: lehenengo landarea, ondoren galburua, azkenik alea galburu betean. 29 Eta garia heltzean, igitaiaz ekiten jako, uzta-aroa da eta».

    30 Beste hau ere esan eutsen: «Zeren antzeko dala esango geuke Jainkoaren erregetzea? Zein parabolaren bidez adierazi geike? 31 Mostaza-haziaren antzekoa da: lurrean ereitean, hazi guztietan txikiena da; 32 erein eta gero, ordea, gora egiten dau eta beste barazki guztiak baino handiagoa egiten; eta txoriek habia egiten dabe haren gerizpean, hainbestekoak diralako emoten dauzan adarrak».

    33 Horrelako parabola askoren bidez, Jesusek mezua iragarten eutsen, eurek ulertzeko eran. 34 Ez eutsen ezer irakasten parabola bidez izan ezik; baina bere ikasleei, bakarrean, guztien esanahia adierazten eutsen.

    35 Egun berean, ilunabarrez, Jesusek bere ikasleei esan eutsen: «Goazen aintziraz beste aldera».

    36 Jende-taldea itzirik, egoan txalupan bertan eroan eben Jesus, beste hainbat untzi ere beragaz batera bazan arren. 37 Hortan, haizebolada zakarrak urten eban, eta olatuek txalupea joten eben, ia urez beteteraino. 38 Jesus, barriz, txopan lo, buruko baten gainean. Esnatuazo eta esan eutsoen:

    —Maisu, ez al deutsu ardura gu galtzeak?

    39 Harek, esnaturik, haserre egin eutson haizeari, eta aintzirari esan:

    —Hago isilik! Geldi!

    Gelditu zan haizea eta dana bare-bare geratu zan. 40 Jesusek esan eutsen:

    —Zergaitik bildur hori? Zelan dozue oraindik hain sinismen gitxi?

    41 Bildur-ikaraz gelditu ziran, alkarri esanez: «Nor ete dogu hau, esana egiten deutsoe-ta haizeak eta aintzireak ere?»



    5,1 Aintziraz beste aldera heldu ziran, gerasatarren lurraldera. 2 Untzitik jatsi ziraneko, espiritu gaiztoen menpe egoan gizon batek urten eutson Jesusi hilobi artetik bidera. 3 Hilobietan bizi zan, eta ezin eban inork lotuta euki, ez eta katez ere. 4 Hain zuzen, behin eta barriz lotu eben girgiluz eta katez, baina harek beti kateak eten eta girgiluak apurtu egiten ebazan, eta ez zan inor ere ha menperatzeko gauza. 5 Gau eta egun hilobi artean eta mendirik mendi ibilten zan etengabe, marrumaka eta bere burua harriz joka.

    6 Jesus urrundik ikustean, lasterka joan eta aurrean ahozpeztu jakon. 7 Eta deadarka esan eutson:

    —Zer dozu nigaz, Jesus, goi-goiko Jainkoaren Seme horrek? Jainkoarren, ez naizu oinazetu!

    8 Izan ere, Jesusek agindu hau emona eutson-eta: «Urten gizon horrengandik, espiritu gaizto horrek!»

    9 Orduan, galdetu eutson:

    —Zelan dok izena?

    Harek erantzun:

    —Taldea, asko gara eta.

    10 Eta erreguka eskatzen eutson ez eiala lurralde haretatik kanpora bialdu.

    11 Txarri-talde handia ebilan mendi inguru haretan, uxarrean. 12 Espiritu gaiztoek eskatu eutsoen Jesusi:

    —Bialdu gaizuz txarriengana, euretan sartu gaitezan.

    13 Harek baimena emon eutsen. Espiritu gaiztoak gizonarengandik urten eta txarriengan sartu ziran; eta txarri-taldea ezpondan behera aintzirara amildu zan; bi milaren bat txarri ito ziran.

    14 Txarri-zainek ihes egin eta gertatuaren barri zabaldu eben auzoetan eta herrian. Eta zer gertatu ete zan ikustera joan zan jendea. 15 Jesusen ondora heltzean, han ikusi eben deabruduna, jesarrita, jantzirik eta bere onean, lehen deabru-taldearen menpe egoan haxe bera, eta biziro izutu ziran. 16 Ikusi ebenek deabrudunari gertatua eta txarriena kontatu eutseen. 17 Orduan, euren lur-mugetatik alde egiteko eskatu eutsoen Jesusi.

    18 Untzira igotean, deabrudun izanak arren eskatzen eutson beragaz ibilten izteko, 19 baina ez eutson itzi; zera esan eutson, ordea: «Zoaz etxera, zeure senitartera, eta jakinazo Jaunak, zutaz errukiturik, egin deutsun guztia».

    20 Joan zan, ba, eta Dekapolisko lurraldean iragarten hasi zan Jesusek egin eutson guztia. Danak harriturik gelditzen ziran.

    21 Jesus aintziraren beste bazterrera bihurtu zanean, jende-talde handia batu jakon ondora. Oraindik aintzira ondoan egoela, 22 sinagogako buruzagietako bat etorri zan, Jairo eritxona; Jesus ikustean, honen oinetan ahozpezturik, 23 otoi eta arren eskatzen eutson: «Alabea hilzorian dot; zatoz hari eskuak ezartzera, osatu daiten eta bizi».

    24 Beragaz abiatu zan Jesus.

    Jende asko joakon ondoren, estuka eta bultzaka. 25 Bazan han emakume bat, hamabi urte hareetan odol-jarioz egoana. 26 Hamaika sendagileren eskutan jasatekoak jasana zan, eta bere ondasun guztiak ere horretan emonak ebazan; baina osatu beharrean, gero eta txarrago joian. 27 Jesusi buruz esaten zana entzunik, jende artean atzetik joan eta jantzia ikutu eutson. 28 Honela inoan-eta berekautan: «Jantzia besterik ez bada ikutzen badeutsot, osatuko naz». 29 Une berean odol-jarioa gelditu egin jakon, eta gatxa osatuta eukala sumatu eban bere gorputzean. 30 Berehala antzemon eutson Jesusek beragandik halako indar batek urten eutsola eta, jendartean bihurturik, galdetu eban:

    —Nork ikutu deust jantzia?

    31 Bere ikasleek erantzun eutsoen:

    —Hainbeste jendek estutzen zaituela ikusi eta nork ikutu zaituen galdetzen dozu?

    32 Baina Jesus ingurura begira egoan, nork egin ete eutson hori. 33 Orduan, emakumeak, bildurrez dardar —ondo ekian-eta zer gertatu jakon—, oinetara jausi eta egia osoa autortu eutson. 34 Jesusek era honetara hitz egin eutson: «Ene alaba, zeure sinismenak osatu zaitu; zoaz bakean, eta osatua bekizu gatxa».

    35 Oraindik berbetan ziharduala, sinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziran, esatera: «Hil jatzu alabea. Zertarako emon neke gehiago Maisuari?» 36 Baina Jesusek, hitz honei kasurik egin barik, sinagogako buruzagiari esan eutson: «Ez izan bildurrik; zuk sinistu».

    37 Ez eutson inori ere beragaz joaten itzi, Pedro, Santiago eta honen anaia Joani izan ezik. 38 Sinagogako buruzagiaren etxera heltzean, ikusi eban Jesusek hango istilua, jendea negarrez eta garrasika. 39 Sartu eta esan eutsen: «Zer dala-eta horrenbeste istilu eta negar? Neskatxea ez dago hilda, lo dago».

    40 Hareek barre egiten eutsoen. Baina Jesusek guztiak kanpora bialdu ebazan eta, neskearen aita-amak eta beragaz etorriak harturik, neskea egoan tokira sartu zan. 41 Eskutik heldu eta esan eutson: «Talitha kum» (hau da: «Neskatxa, zeuri dinotsut: Jagi zaitez»).

    42 Berehala zutundu eta ibilten hasi zan, hamabi urte baeukazan-eta. Jende guztia harri eta zur gelditu zan. 43 Jesusek zorrotz agindu eutsen inork ere ez eiala jakin. Eta neskatxari jaten emoteko esan eutsen.



    6,1 Handik alde egin eta bere herrira joan zan Jesus, bere ikasleak ondoren zituala. 2 Hurrengo zapatuan, sinagogan irakasten hasi zan. Entzule askok honela inoan harriturik: «Nondik honek hori guztia? Zer da emon jakon jakinduria hori? Eta honen eskuz gertatzen diran mirari horreik? 3 Ez al da, ba, arotza, Mariaren semea eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen anaia? Eta honen arrebak ere ez ete dira hemen geure artean bizi?»

    Eta horregaitik, ezin eben sinistu harengan.

    4 Jesusek esan eutsen: «Profeta bati edonon emoten jako ohore, bere herri, senitarte eta etxean izan ezik».

    5 Eta ezin izan eban han miraririk egin; hala ere, gaixo bakar batzuk osatu ebazan eskuak ezarriz. 6 Eta harriturik egoan hareen sinismenik ezaz.

    Jesus inguruko auzoetan zehar ibili zan irakasten. 7 Hamabiei dei egin eta binaka bialtzen hasi zan, espiritu gaiztoak botateko ahalmena emoten eutsela. 8 Biderako ezer ere ez hartzeko agindu eutsen, makila bat besterik: ez ogirik, ez zakutorik, ez eta gerrikoan dirurik ere; 9 oinetan sandaliak eroan eiezala, baina aldatzeko soinekorik ez. 10 Gero, zelan jokatu esan eutsen: «Etxe baten sartzen zareenean, gelditu bertan herri haretatik urten arte. 11 Eta non edo non onartzen ez bazaituee eta entzun nahi ez, handik alde egitean, astindu zuen oinetako hautsa, euren kontrako seinaletzat».

    12 Joan ziran, ba, hareik eta barriona iragarri eben bihozbarritu eitezan. 13 Deabru asko botaten eben eta gaixo asko osatzen, orioz igurtziz.

    14 Jakin eban Herodes erregeak Jesusen barri, honen izena oso entzuna zan eta. Batzuk inoen: «Joan Bateatzailea hilen artetik biztu da; horregaitik dau mirariak egiteko ahalmen hori». 15 Beste batzuk, barriz: «Elias da». Eta beste hainbatek: «Profeta da, antxinako profetak langoa».

    16 Iritzi honeik entzutean, honela inoan Herodesek: «Nik lepoa moztu neutson Joan haxe biztu da».

    17 Izan ere, Herodesek Joan harrapatu eta kartzelan lotuta eukan, Herodias zala-eta. Herodias Herodesen anaia Feliperen emaztea zan, baina Herodesek bere emaztetzat hartuta eukan. 18 Eta Joanek hau esaten eutson Herodesi: «Ez jatzu zilegi zure anaiaren emaztea eukitea».

    19 Horregaitik, gorroto eban Herodiasek Joan eta hil egin nahi eban; baina ezin, 20 Herodesek begirune eutson eta; gizon zuzen eta santutzat eukan, eta babestu egiten eban. Joanen hitzek buruhausterik sortzen baeutsoen ere, gogoz entzuten eutson. 21 Etorri jakon, ordea, Herodiasi aukerako eguna: Herodesek, bere urtebetetekoan, afaria emon eutsen agintari, gudalburu eta Galileako handikiei. 22 Sartu zan jantokian Herodiasen alabea eta dantzan egin eban, eta atsegin izan jaken Herodesi eta honen mahaikideei. Orduan, erregeak neskatxeari esan eutson:

    —Eskatu nahi dozuna, eta emongo deutsut.

    23 Eta zin ere eginez agindu eutson:

    —Eskatu ahala guztia emongo deutsut, nire erreinuaren erdia bada ere.

    24 Urten eban neskatxeak eta bere amari galdetu eutson:

    —Zer eskatuko deutsot?

    Amak erantzun:

    —Joan Bateatzailearen burua.

    25 Bihurtu zan arin-arin erregeagana eta eskaria egin eutson: «Emoidazu oraintxe berton Joan Bateatzailearen burua azpilean».

    26 Goibel jarri zan erregea, baina mahaikideen aurrean egindako zinagaitik, ez eutson ukatu nahi izan. 27 Bere guardiako bat bialdu eban, Joanen burua ekarteko aginduz. Joan zan ha kartzelara eta lepoa moztu eutson, 28 eta azpil baten ekarri eban burua; neskatxeari emon eutson, eta neskatxeak amari.

    29 Joanen ikasleek, hori jakitean, haren gorpua jasotera etorri eta hilobian ezarri eben.

    30 Apostoluek, barriro Jesusengana batu ziranean, egin eta irakatsi eben guztiaren barri emon eutsoen. 31 Jesusek esan eutsen: «Zatoze zeuek baino ez leku gorde batera, eta hartu atseden apur bat».

    Asko ziran eta joan-etorri ebizanak, eta ez eben jateko ere astirik.

    32 Orduan, bazter batera joan ziran, eurak baino ez, txalupaz. 33 Baina jende askok ikusi ebazan alde egiten, eta nora joiazan igarri ere bai, eta herri guztietatik jo eben bertara lasterka, harei aurrea hartuz.

    34 Txalupatik jatsi zanean, jendetza handia ikusi eban Jesusek. Errukitu egin jaken, artzain bako ardiak lez ebiltzan-eta, eta irakasten hasi jaken luze eta zabal. 35 Berandutu zanean, ikasleek hurreratu eta esan eutsoen:

    —Toki hau oso urruti dago eta berandu da. 36 Bialdu eizuz, inguruko baserri eta auzoetara joan eta jatekoa erosi daien.

    37 Jesusek erantzun eutsen:

    —Emon zeuek jaten.

    Hareek, orduan:

    —Berrehun danarioren ogia erostera joango ete gara, ba, honei jaten emoteko?

    38 Baina Jesusek esan eutsen:

    —Zenbat ogi dozuez? Ea, ikusi.

    Begiratu, eta erantzun eutsoen:

    —Bost ogi, eta arrain bi ere bai.

    39 Orduan, jende guztia zelaian taldeka jesarriazoteko agindu eutsen. 40 Berrogeita hamarnaka eta ehunaka jesarri ziran. 41 Hartu ebazan Jesusek bost ogiak eta arrain biak eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazinoa esan, ogiak zatitu eta ikasleei emon eutsezan, eta honeek jendeari eskeini. Arrain biak ere guztien artean banatu ebezan. 42 Asetzeraino jan eben danek, 43 eta gelditutako ogi eta arrain hondarrez hamabi otzarakada bete ebezan. 44 Bost mila gizon izan ziran jan ebenak.

    45 Berehala, Jesusek ikasleak txalupan satuazo eta bere aurretik beste aldera, Betsaidarantz, joateko agindu eutsen, berak jendeari agur egin bitartean. 46 Jendeari agur egin ondoren, mendira igon eban otoitz egitera.

    47 Ilundu ebanean, untzia aintzira erdian egoan, eta Jesus lehorrean, bakarrik. 48 Arraunketan ezinean ziharduela ikusirik, haizea brankaz euken eta, goiz aldera ikasleengana joan zan Jesus, ur gainean oinez. Aurrera igarotera joiala, 49 ur gainean ibilten ikusi eben eta, mamua zalakoan, oihuka hasi ziran; 50 danek ikusi eben eta erabat izutu. Berehala hitz egin eutsen, ordea, Jesusek eta esan:

    —Lasai! Neu naz. Ez bildurtu!

    51 Txalupara igon jaken, eta haizea baretu egin zan. Orduan eta harrituago gelditu ziran, 52 oraindik ez jaken-eta ogiena buruan sartu, adimena itsu euken-eta.

    53 Aintzira igaro ondoren, Genesaret lurraldera heldu ziran, eta hantxe lehorreratu. 54 Untzitik urten ebaneko ezagutu eban Jesus jendeak, 55 eta lurralde haretan guztian zehar joan ziran; eta Jesus non, haraxe eroaten eutsoezan gaixoak ohatiletan. 56 Jesus joaten zan herri, auzo nahiz baserrietan, nonahi gaixoak atarietara ataraten eutsoezan. Soinekoertza behintzat ikutzen izteko eskatzen eutsoen, eta ikutzen eben guztiak osatzen ziran.



    7,1 Behin baten, fariseuak eta Jerusalemdik etorritako legemaisu batzuk hurreratu jakozan Jesusi, 2 eta konturatu ziran, honen ikasle batzuk otordua esku kutsatuekaz egiten ebela, eskugarbikuntza egin barik, alegia. 3 Izan ere, fariseuek, eta judu guztiek, ez dabe behin ere jaten lehenengo eskuak arretaz garbitu barik, zaharren ohitureari tinko eutsiz. 4 Azokatik etxeratzean ere, ez dabe jaten garbikuntza egin barik; eta badauke beste hamaika ohiturazko betebehar: hala zelan edalontzi, pitxer eta suilen garbiketa.

    5 Horrela ba, galdera hau egin eutsoen fariseuek eta legemaisuek Jesusi:

    —Zergaitik ez dabe zure ikasleek zaharren ohiturari dagokionez jokatzen? Zer dala eta jaten dabe esku kutsatuekin?

    6 Jesusek erantzun eutsen:

    —Itxurazaleok halakook! Bai ederto esan ebala zuetaz Isaias profetak, honako hau idatzi ebanean:


Herri honek ezpainez ohoratzen nau,

baina niregandik urrun dau bihotza;

7 alperrik nabe gurtzen;

honeen irakaspena giza agindu hutsa.


    8 «Zuek, Jainkoaren agindua bazterrera itzi eta giza ohitureari eusten deutsozue».

    9 Eta jarraitu eban:

    —Lasai zokoratzen dozue Jainkoaren agindua zeuen usadioak ezarteko! 10 Esate baterako, Moisesek esan eutsuen: Hartu aintzat aita-amak, eta: Aita nahiz ama madarikatzen dauanak heriotza-zigorra izango dau. 11 Zuek, ordea, beste hau dinozue: Norbaitek aitari edo amari esaten badeutso: «Zuri emon behar izango neuskizuna ‘Korban’ da (hau da, Jainkoarentzat opari)», 12 halakoak ez daukala aitari edo amari lagundu beharrik; 13 horrela, Jainkoaren hitza balio barik izten dozue, zeuen arteko usadioekaitik. Eta horrelakoak asko egiten dozuez.

    14 Jesusek barriro jendeari dei egin eta esan eutson: «Entzun niri danok eta ulertu ondo! 15 Ez da ezer ere, kanpotik gizakiaren barrura sartuz, hau kutsatu daikeanik; barrutik urteten deutsonak, horrexek kutsatzen dau gizakia». ( 16 ).

    17 Jendeagandik alde egin eta etxeratu zanean, hitz horreen esanahiaz galdetu eutsoen ikasleek. 18 Jesusek esan eutsen:

    —Beraz, ez dozue zuek ere ulertzen? Ez dozue ikusten kanpotik sartzen jakon ezerk ezin daikela gizakia zikindu? 19 Sartu, ez jako-eta bihotzera sartzen, sabelera baino, eta handik komun-zulora.

    Hitz honeekin, janari guztiak garbiak dirala adierazi nahi eban.

    20 Eta gehitu eban:

    —Gizakiaren barrutik urteten dauanak, horrexek bai egiten dauala gizakia zikin! 21 Izan ere, barrutik, gizakiaren bihotzetik, urteten dabe asmo txarrek, lizunkeriak, lapurretek, hilketek, 22 adulterioek, diru-goseak, gaiztakeriak, maltzurkeriak, lasaikeriak, bekaizkeriak, irainak, harrokeriak, burugabekeriak. 23 Gaiztakeria guztiok barrutik urteten dabe, eta honeexek dabe gizakia kutsatzen.

    24 Handik, Tiro aldera joan zan Jesus. Etxe baten sartu zan, eta ez eban inork jakiterik nahi; baina ezin izan zan ezkutuan egon. 25 Alabea espiritu gaiztoak hartuta eukan emakume bat, Jesusen barri jakin ebanekoxe, etorri eta oinetan ahozpeztu jakon. 26 Emakumea jentila zan, feniziarra. Eta bere alabeagandik deabrua bota eiala eskatzen eutson Jesusi. 27 Jesusek erantzun:

    —Itzi lehenago seme-alabak asetzen; ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatea.

    28 Emakumeak erantzun eutson:

    —Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jaten dabez semealaben ogi-apurrak mahai azpian.

    29 Orduan, Jesusek:

    —Ederra erantzuna! Zoaz, ba; urten dau deabruak zure alabeagandik.

    30 Bihurtu zan etxera eta ohean etzunda aurkitu eban alabea; alde egina zan deabrua.

    31 Itzi eban Jesusek Tiro aldea eta, Sidonen zehar, Galileako aintzirara heldu zan barriro, Dekapolisko lurraldean zehar.

    32 Gizon gor bat eroan eutsoen, hizmotela gainera, eta eskua ezartzeko eskatu eutsoen. 33 Jesusek, jendeagandik aparte harturik, atzamarrak belarrietan sartu eutsozan eta txistuz mihina ikutu. 34 Gero, zerura begiratuz, antsi egin eta esan eutson: «Effata!» (hau da, «Edegi!»).

    35 Eta une berean, edegi egin jakozan belarriak, mihina askatu eta garbi hitz egiten hasi zan. 36 Gertatua inori ez aitatzeko agindu eutsen Jesusek; baina zenbat eta gehiago agindu, orduan eta gehiago zabaltzen eben. 37 Eta biziki harrituta, honela inoen: «Ondo egin dau dana: gorrei entzunazo eta mutuei hitz eragin».



    8,1 Egun hareetan, barriro jendetza oso ugaria izanik eta jatekorik ez, Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan eutsen:

    2—Errukia emoten deust jende honek: badaroez hiru egun nirekin eta ez dabe ezer ere jateko. 3 Etxera baraurik bialtzen baditut, ahuleziak joko ditu bidean, urrundik etorritakoak ere badira eta.

    4 Ikasleek esan eutsoen:

    —Baina nork atara bakardade honetan honeik asetzeko adina ogi?

    5 Harek galdetu eutsen:

    —Zenbat ogi dozuez?

    —Zazpi —erantzun eutsoen.

    6 Orduan, jendeari lurrean jesarteko agindu eutson. Gero, zazpi ogiak hartu eta, Jainkoari esker onezko otoitza egin ondoren, zatitu eta bere ikasleei emon eutsezan, banantzeko. Hareek jendeari eskeini eutsoezan. 7 Baebezan arraintxo banaka batzuk ere; Jesusek bedeinkazinoa esan, eta hareik ere banatzeko agindu eutsen. 8 Asetzeraino jan eben, eta zazpi otzara bete ebezan hondarrekin. 9 Lau mila inguru ziran. Ondoren, Jesusek agur egin eutsen, 10 eta bere ikasleekin txalupara igon eta Dalmanuta aldera joan zan.

    11 Fariseuak etorri eta Jesusekin eztabaidan hasi ziran: Jainkoagandiko seinale bat eskatzen eutsoen azpikeriaz, bera zelan harrapatuko. 12 Jesusek, barrutik antsi eginez, esan eutsen: «Zer dala-eta dabil gizaldi hau seinale eske? Benetan dinotsuet: Gizaldi honi ez jako seinalerik emongo».

    13 Eta, hareik bertan itzirik, txalupara igon eban eta beste aldera abiatu.

    14 Ikasleei ogia hartzea ahaztu jaken, eta bat bakarra euken untzian. 15 Jesusek oharpen hau egin eutsen: «Begira gero! Ibili kontuz fariseuen eta Herodesen legaminagaz!»

    16 Hareek, barriz, alkarren artean honela ziharduen: «Ogirik ez dogulako jabilkuk».

    17 Konturatu zan Jesus eta esan eutsen:

    —Zer diharduzue ogirik ez daukazuela-eta? Oraindik ez dozue ulertzeko adimenik? Hain burugogorrak zaree? 18 Begiak euki, eta ez dozue ikusten? Belarriak euki, eta entzuten ez? Ez dozue gogoan, 19 bost mila gizonen artean bost ogiak banatu nebazanean, zenbat otzarakada bete zenduezan hondarrekaz?

    —Hamabi —erantzun eutsoen.

    20— Eta lau mila gizonen artean zazpi ogiak banatu nebazanean, zenbat otzarakada bete zenduezan hondarrekaz?

    Hareek erantzun:

    —Zazpi.

    21 Orduan, esan eutsen:

    —Eta oraindik ez dozue ulertzen?

    22 Betsaidara heldu ziranean, itsu bat ekarri eutsoen Jesusi, ikutzeko erreguka. 23 Jesusek itsuari eskutik heldu eta herritik kanpora eroan eban. Begiak txistuz igurtzi ondoren, eskuak ezarri eutsozan eta galdetu:

    —Ikusten dozu ezer?

    24 Harek begiratu eban, eta erantzun:

    —Gizonak-edo nabaritzen dodaz: zuhaitzak dirudie, baina ibili dabilz.

    25 Orduan, barriro eskuak ezarri eutsozan begietan, eta argi ikusten hasi zan gizona; osaturik gelditu zan, guztia garbi-garbi ikusten ebala. 26 Etxera bialdu eban Jesusek, herrian sartu ere ez egiteko aginduz.

    27 Gero, Feliperen Zesarea inguruko auzoetarantz abiatu zan Jesus bere ikasleekaz. Bidean galdera hau egin eutsen:

    —Ni nor nazala dino jendeak?

    28 Hareek erantzun eutsoen:

    —Batzuk Joan Bateatzailea zarala; beste batzuk Elias; beste batzuk profetaren bat.

    29 Jesusek barriro galdetu eutsen:

    —Eta zuek, nor nazela dinozue?

    Pedrok erantzun:

    —Zu Mesias zara.

    30 Eta Jesusek inori ere ez esateko agindu eutsen zorrotz.

    31 Orduan, irakasten hasi jaken, Gizonaren Semeak asko sufritu behar ebala; zahar, abadeburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo ebela eta hil; eta hiru egunen buruan biztu egingo zala. 32 Argi eta garbi azaltzen jaken honetaz. Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi jakon. 33 Baina Jesusek, bihurtu eta ikasleei begira, gogor eraso eutson Pedrori, esanez:

    —Alde nire ondotik, Satanas! Hire asmoak ez dituk Jainkoarenak, gizakiarenak baino.

    34 Gero, jendeari eta ikasleei dei eginik, esan eutsen Jesusek: «Nire ondoren etorri nahi dauanak uko egin beio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarraitu beist. 35 Izan ere, bere bizia gorde nahi dauanak galdu egingo dau; bere bizia nigaitik eta barrionagaitik galtzen dauanak, ordea, gorde egingo dau. 36 Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bizia galtzekotan? 37 Eta zer emon daike gizakiak, barriro bizia bereganatzeko? 38 Beraz, norbait, gizaldi desleial eta pekatari honen aurrean, nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da haretaz, bere Aitaren aintzaz beterik aingeru santuekin etorriko danean».



    9,1 Eta holantxe amaitu eban: «Benetan dinotsuet: Hemen dagozenetako batzuk ez dira hilgo, harik eta Jainkoa errege ahaltsu lez etorten ikusi arte».

    2 Handik sei egunera, Jesusek Pedro, Santiago eta Joan hartu eta mendi garai batera eroan ebazan aparte. Eta antzaldatu egin zan hareen aurrean: 3 jantziak distiratsu bihurtu jakozan, zuri-zuri, munduan inork jarri leikezan baino zuriago. 4 Eta Elias eta Moises agertu jakezan Jesusegaz berbetan. 5 Pedrok esan eutson Jesusi: «Maisu, zein ederto gagozan hemen! Zergaitik ez egin hiru txabola: bata zeuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat?»

    6 Ez ekian zer esaten eban ere, bildurrak jota egozan-eta.

    7 Orduan, hodei batek estaldu ebazan eta ahots hau entzun zan hodeitik: «Hauxe dot neure Seme maitea. Entzun berari!»

    8 Eta haretan, inguruan begiratu eta Jesus baino ez eben ikusi eurekin, eta besterik inor ere ez.

    9 Menditik beherakoan, ikusitakoa inori ez aitatzeko  agindu eutsen, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik biztu arte. 10 Agindu hau bete eben, baina «hilen artetik bizte» horrekin zer adierazi nahi ete eutsen ziharduen euren artean. 11 Eta galdetu eutsoen:

    —Zergaitik dinoe legemaisuek lehenengo Eliasek etorri behar dauala?

    12 Jesusek erantzun:

    —Lehenengo Eliasek etorri eta dana Jaunak nahi lez erabarritu behar badau, zer dala eta dinoe Liburu Santuek Gizonaren Semeak asko sufritu behar dauala eta arbuiatua izan? 13 Hauxe dinotsuet gainera: etorri da Elias, baina gogoak emondako guztia egin deutsoe, hartaz idatzia egoan lez.

    14 Beste ikasleengana bihurtu ziranean, jendetza handia ikusi eben hareen inguruan, eta legemaisu batzuk hareekin eztabaidan. 15 Jendea harriturik gelditu zan Jesus ikustean eta lasterka joan jakozan agurtzera. 16 Jesusek galdetu eutsen:

    —Zer zeuken horreekaz eztabaidan?

    17 Jendarteko batek erantzun eutson:

    —Maisu, hemen ekarri deutsut neure seme hau: hitzik egiten izten ez deutson espiritua dauka. 18 Non edo han espiritua jabetzen jakonean, lurrera botaten dau, eta mutikoa, adurra dariola eta hagin-karraska, gogor-gogor gelditzen da. Zure ikasleei eskatu deutset espiritua botateko, baina ezin izan dabe.

    19 Jesusek esan eutsen:

    —Hau gizaldi sinisgogorra! Noiz arte egon behar ete dot zuen artean? Noiz arte jasan behar ete zaituet? Ekarri mutila.

    20 Eroan egin eutsoen. Jesus ikusteaz batera, espirituak gogor astindu eban mutikoa, eta lurrean biraka eta adurra eriola itzi.

    21 Jesusek mutilaren aitari galdetu eutson:

    —Noiztik dago holan?

    Harek erantzun:

    —Umetatik. 22 Askotan bota izan dau sutara eta uretara ere, hilazoteko. Ezer egin ahal badozu, erruki zaitez gutaz eta lagundu eiguzu.

    23 Jesusek esan eutson:

    —Ahal dodan dinozu? Dana ahal dau sinisten dauanak.

    24 Orduan, mutilaren aitak deadarka:

    —Sinistu nahi dot! Lagundu sinisbako honi.

    25 Jesusek, jendea pilatzen egoala ikusirik, mehatxu egin eutson espiritu gaiztoari:

    —Espiritu gor eta mutua, neuk agintzen deuat: urten egik mutil honengandik eta ez sartu gehiago.

    26 Garrasika eta berebiziko astindua emonez, urten eban espiritu gaiztoak. Mutikoa hilda lez gelditu zan. Ia danek hilda egoala inoen; 27 baina Jesusek eskutik hartu eta jagiazo egin eban, eta mutikoa zutundu egin zan.

    28 Jesus etxeratu zanean, ikasleek bakarrean galdetu eutsoen:

    —Eta guk, zergaitik ezin izan dogu bota espiritu hori?

    29 Erantzun eutsen:

    —Gisa honetako espirituak botateko bide bakarra otoitza da.

    30 Handik urten eta Galilean zehar ebizan. Jesusek ez eban inork jakiterik nahi, 31 bere ikasleei irakastera emona egoan eta. Holan inotsen: «Gizonaren Semea gizakien eskuetara emongo dabe; hil egingo dabe, baina hil eta hiru egunera biztu egingo da».

    32 Hareek, ordea, ez eben ulertzen zer inotsen; galdetzera, barriz, ez ziran ausartzen.

    33 Kafarnaumera heldu ziran. Eta, etxean, Jesusek galdera hau egin eutsen:

    —Zer eztabaida izan dozue bidean?

    34 Baina hareek hitzik ez; euren artean handiena nor ete zan eztabaidatu eben-eta bidean. 35 Jesarri zan Jesus eta, Hamabiei dei eginik, esan eutsen:

    —Lehena izan nahi dauana izan bedi danetan azkena eta danen zerbitzaria.

    36 Eta gero, ume bat hartu, hareen aurrera ekarri eta, altzoan ebala, esan eutsen:

    37—Holako umea nire izenean onartzen dauanak neu onartzen nau; eta ni onartzen nauanak, ez nau ni onartzen, bialdu nauan Ha baino.

    38 Joanek esan eutson:

    —Maisu, gizon bat ikusi dogu zure izenean deabruak botaten, eta galazo egin nahi izan deutsogu, ez da-ta gure taldekoa.

    39 Baina Jesusek erantzun:

    —Ez galazo; ez dago-ta inor, nire izenean mirari bat egin eta gero nitaz txarto-esaka jardungo dauanik. 40 Hau da, gure kontra ez dagoana, geure alde dago. 41 Benetan dinotsuet: Mesiasen jarraitzaile zareelako, ontzitxo bat ur bada ere emoten deutsuen inor ez da saririk barik geldituko.

    42 «Sinisten daben txiki honeetakoren baten sinismena galbidean jarten dauanak, hobe leuke errotarri bat lepotik lotu eta itsasora jaurtiko balebe. 43 Zure eskuak galbidean jarten bazaitu, moztu; hobe dozu eskumotz betiko bizitzan sartzea, bi eskuekaz infernura, amatatu ezineko sutara, jaustea baino(44). 45 Zure oinak galbidean jarten bazaitu, moztu; hobe dozu hankamotz betiko bizitzan sartzea, bi oinekaz infernura jaurtia izatea baino (46). 47 Zure begiak galbidean jarten bazaitu, atara; hobe dozu begibakar Jainkoaren erreinuan sartzea, bi begiekaz infernura jaurtia izatea baino; 48 han ez da barruko harra hilten, ez eta sua amatatzen.

    49 «Izan ere, suaz gazitu behar dira danak. 50 Gauza ona da gatza; baina gatza gezatuko balitz, zelan gazitu barriro? Euki gatza zeuen barruan eta zagoze alkarrekin bakean».



    10,1 Jesus, handik urtenik, Judeako mugetan sartu zan, Jordan ibaiaz beste aldera igaroz. Barriro jendemultzo handiak batu jakozan ondora eta bera, ohi eban lez, irakasten hasi jaken. 2 Fariseu batzuk hurreratu eta, zertan harrapatuko, gizonak bere emaztea uztea zilegi ete eban galdetu eutsoen. 3 Harek erantzun eutsen:

    —Zer agindu eutsuen horretaz Moisesek?

    4 Eta hareek:

    —Moisesek, dibortzioagiria idatzi eta emaztea izteko baimena emon euskun.

    5 Jesusek esan eutsen:

    —Jainkoaren gauzetan itsu zareelako emon eutsuen lege hori Moisesek. 6 Baina, munduaren hasieratik, Jainkoak gizaseme eta emakume egin ebazan; 7 horregaitik, gizasemeak bere aitamak itziko ditu eta emazteari alkartuko jako, 8 eta biak bat izango dira. Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baino. 9 Horrela bada, Jainkoak uztartu dauana, ez bei gizakiak askatu.

    10 Gero, etxean, arazo berari buruz galdetu eutsoen ikasleek. 11 Jesusek esan eutsen:

    —Bere emaztea itzi eta beste bat hartzen dauanak adulterio egiten dau lehenengoaren aurka; 12 eta bere senarra itzi eta beste bat hartzen dauan emakumeak adulterio egiten dau era berean.

    13 Beste baten, umeak eroan eutsoezan Jesusi, ikutu eizan; ikasleek, barriz, haserre egiten eutseen. 14 Hori ikustean, Jesus haserretu egin zan, eta esan: «Itzi umeei nigana etorten, ez galazo, horrelakoek dabe-ta Jainkoa errege. 15 Benetan dinotsuet: Jainkoaren erreinua ume batek lez onartzen ez dauana ez da ezelan ere bertan sartuko».

    16 Eta umetxoak magalean hartu eta bedeinkatu egiten ebazan, eskuak ezarriz.

    17 Bidean abiatzera joiala, gizon bat etorri jakon lasterka eta, aurrean belaunikaturik, galdetu eutson:

    —Maisu ona, zer egin behar dot betiko bizia ondaretzat jasoteko?

    18 Jesusek erantzun eutson:

    —Zergaitik esaten deustazu ona? Inor ez da ona Jainkoa besterik. 19 Badakizuz aginduak: Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin guzurrezko testigantzarik, ez egin kalterik, hartu aintzat aita-amak.

    20 Harek, orduan:

    —Maisu, gazte-gaztetarik bete izan dot hori guztia.

    21 Jesus maitasunez begira jarri jakon, eta esan:

    —Gauza bat baino ez jatzu falta: zoaz, saldu daukazun guztia eta emon behartsuei, zure aberastasuna zeruan izan daizun; gero, zatoz eta jarraitu niri.

    22 Hitz honeik entzutean, ilun jarri zan gizona eta atsekabez joan, ondasun handien jabe zan-eta.

    23 Inguruan begiratuz, Jesusek esan eutsen bere ikasleei:

    —Bai nekez sartuko dirala aberatsak Jainkoaren erreinuan!

    24 Harriturik itzi ebazan ikasleak esaldi honek. Baina Jesusek barriro ere:

    —Ene semeok, gatxa da benetan Jainkoaren erreinuan sartzea. 25 Orratzaren begitik gamelua igarotea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.

    26 Ikasleek, gero eta nahasiago, honela inoen euren artean:

    —Nor salba daiteke, orduan?

    27 Jesusek begira-begira jarri eta esan eutsen:

    —Gizakientzat bai ezinezko, baina Jainkoarentzat ez, dana daike-eta Jainkoak.

    28 Orduan, Pedrok esan eutson Jesusi:

    —Hara, guk dana itzi dogu zuri jarraitzeko.

    29 Jesusek erantzun:

    —Benetan dinotsuet: nigaitik eta barrionagaitik etxea, senideak, ama, aita, seme-alabak eta lurrak izten dituanak, 30 orain, mundu honetan, ehun halako etxe, senide, ama, seme-alaba eta lur jasoko dau, erasoaldiekaz batera; eta gero, datorren munduan, betiko bizia. 31 Orain lehenengo diran asko azkenengo izango dira orduan, eta orain azkenengo diranak lehenengo.

    32 Jerusalemerako bidean gora joiazan, eta Jesus aurretik. Txunditurik egozan; jarraitzen eutsoenak bildurrez joiazan. Barriro Hamabiak beregana batu, eta zer gertatuko jakon adierazten hasi jaken: 33 «Hara, Jerusalemera igoten gagoz, eta Gizonaren Semea abadeburuen eta legemaisuen eskuetara emongo dabe; heriotzara kondenatuko dabe eta atzerritarren eskuetara emongo; 34 honeek iseka egingo deutsoe eta txistua botako, zigortu eta hil egingo; baina handik hiru egunera biztu egingo da».

    35 Santiago eta Joanek, Zebedeoren semeek, Jesusengana hurreratu eta esan eutsoen:

    —Maisu, eskatuko deutsuguna zuk emotea nahi geuke.

    36 Jesusek galdetu eutsen:

    —Zer nahi dozue, ba, nigandik?

    37 Eta hareek:

    —Zu zeure aintzara heltzean, bata zure eskoialdean eta bestea ezkerrean jarri gaitezela.

    38 Jesusek esan eutsen:

    —Ez dakizue zer eskatzen zabizen. Gauza zaree nik edan behar dodan edari saminetik edateko, edo nik murgildu behar dodan uretan murgiltzeko?

    39—Bai, gauza gara —esan eutsoen.

    Jesusek, orduan:

    —Nik edan behar dodan edari saminetik, bai, edango dozue, bai eta nik murgildu behar dodan uretan murgilduko ere; 40 baina nire eskoi-ezkerretan jesarri ahal izate hori ez dago nire esku inori emotea; Jainkoak norentzat prestatua dauan, harexi emongo jako.

    41 Beste hamarrak, hori entzutean, Santiago eta Joanen aurka haserre jarri ziran. 42 Jesusek dei egin eta esan eutsen: «Dakizuenez, herrien buruzagi diranek menpean hartzen dabez herriak, eta handimandiek euren agintea ezarten deutsee. 43 Zuen artean, ordea, ez dau horrela izan behar. Zuen artean handien izan nahi dauana izan bedi zuen zerbitzari. 44 Eta zuen artean lehenengo izan nahi dauana izan bedi guztion morroi. 45 Gizonaren Semea ere ez da etorri-eta zerbitzuak hartzera, zerbitzari izatera baino, bere bizia guztien alde ordain-saritzat emotera».

    46 Jerikora heldu ziran. Eta Jesus bere ikasleekaz eta jendetza handiagaz uritik urteterakoan, Bartimeo itsua, Timeoren semea, eskean egoan bide-ertzean jesarrita. 47 Jesus Nazaretarra zala jakitean, oihuka hasi zan:

    —Daviden Semea, Jesus, erruki zakidaz!

    48 Askok gogor egiten eutsoen, isilduazoteko; baina harek areago oihu:

    —Daviden Semea, erruki zakidaz!

    49 Jesusek gelditu eta hari dei egiteko agindu eban. Dei egin eutsoen itsuari, esanez:

    —Izan bihotz! Jagi, deika daukak.

    50 Bere soingainekoa jaurtiz, salto baten zutundu eta Jesusengana joan zan. 51 Jesusek galdetu eutson:

    —Zer nahi dozu nigandik?

    Itsuak erantzun:

    —Barriro ikustea, Jauna.

    52 Jesusek esan eutson:

    —Zoaz, zeure sinismenak osatu zaitu.

    Une berean ikusmena etorri jakon barriro, eta Jesusen ondoren joian bidean.



    11,1 Jerusalemera hurreratu ziranean, Oliamendi inguruko Betfage eta Betania herrixketara heldurik, bere ikasleetako bi bialdu ebazan Jesusek, 2 esanez: «Zoaze aurreko herrixka horretara; sartu orduko, astakume bat aurkituko dozue lotuta, gainean inor jarri ez jakona; askatu eta ekarri. 3 Inork zertan zabizen galdetuko baleutsue, erantzun: ‘Jaunak behar dau, baina berehala bihurtko dau’».

    4 Joan ziran, ba, eta han aurkitu eben astakumea ate ondo baten kanpotik lotuta, eta askatzen hasi ziran. 5 Bertan egozanetariko batzuk esan eutseen: «Zertan zabize hor astakumea askatzen?»

    6 Jesusek esandakoa erantzun eutseen, eta hareek astakumea itzi.

    7 Jesusi eroanik, euren jantziak astakumeari bizkarrean ezarri eutsoezan, eta Jesus gainean jesarri zan. 8 Askok jantziak zabaltzen ebezan bidean; beste batzuk, barriz, bazterretan batutako abarrostoak. 9 Aurretik eta atzetik joiazanek honela inoen oihuka: «Hosanna! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! 10 Bedeinkatua badatorren erreinua, gure aita Daviden erreinua. Gora Jainko gorena

    11 Jerusalemen, Jesus tenplura joan zan. Eta inguru guztiak begiratu ondoren, ordurako berandu zan-eta, Betaniarantz urten eban Hamabiekin.

    12 Biharamonean, Betaniatik urten ebenean, Jesus gosetu egin zan. 13 Hostotan egoan ikondo bat urrutitik ikusirik, bertara joan zan, ea ikorik aurkitzen eban; baina ondora iristean, ez eban hostoa besterik aurkitu, ez zan-eta ikosasoia. 14 Orduan, ikondoari esan eutson: «Ez daiala gehiago inork higandik fruturik jan!»

    Bere ikasleek ere entzun eutsoen.

    15 Heldu ziran Jerusalemera. Tenpluan sarturik, bertan salerosketan ziharduenak kanpora botaten hasi zan Jesus eta dirutrukalarien eta usosaltzaileen mahaiak irauli egin ebazan. 16 Eta ez eutson inori izten tenplu barrura ezer eroaten. 17 Gero, irakasten hasi jaken, esanez: «Ez ete dino Liburu Santuak: Nire etxea otoitz-etxe izango da herri guztientzat? Zuek, barriz, lapur-zulo egina dozue».

    18 Abadeburuak eta lege-maisuak, hori jakin ebenean, Jesus zelan hilgo hasi ziran; baina bildur eutsoen, jende guztia haren irakatsiaz harriturik egoen eta. 19 Iluntzean, uritik urten egin eben Jesusek eta ikasleek.

    20 Hurrengo goizean goiz, handik igarotean, ikondoa sustraietaraino ihartuta ikusi eben. 21 Oroitu zan Pedro, eta Jesusi esan eutson:

    —Maisu, begira, zuk madarikatutako ikondoa dana ihartu da.

    22 Jesusek erantzun:

    —Izan sinismen Jainkoarengan! 23 Benetan dinotsuet: Nor edo nork esaten badeutso mendi honi: «Ken hadi hortik eta jaurti hadi itsasora», eta mendiari agindu deutsona gertatuko dala zalantzarik barik sinisten badau, halaxe gertatuko jako. 24 Horregaitik dinotsuet: Otoitzean eskatzen dozuen edozer gauza, sinistu lortu dozuela, eta emongo deutsue Jainkoak. 25 Eta otoitzean diharduzuela, parkatu inoren kontra ezer badozue, zeruko Aitak ere zeuen hutsegiteak parkatu deizuezan. ( 26 )

    27 Jerusalemera heldu ziran. Jesus tenpluan ebilela, abadeburuak, lege-maisuak eta zaharrak hurreratu jakozan, 28 galdezka:

    —Zein aginpidez jokatzen dozu horrela? Nork emon deutsu horretarako aginpidea?

    29 Jesusek erantzun eutsen:

    —Neuk ere gauza bat galdetuko deutsuet; erantzun zuek, eta neuk ere esango deutsuet zan aginpidez jokatzen dodan horrela. 30 Joanek Jainkoaren aginduz ala giza aginduz bateatzen eban?

Esan!

    31 Hareek honela inoen euren artean: «Jainkoaren aginduz ziharduala esaten badeutsogu, zergaitik ez geutson sinistu erantzungo deusku. 32 Baina, zelan esan giza aginduz ziharduala?» Honetarako, jendearen bildur ziran, guztiek profetatzat euken eta Joan. 33 Beraz, erantzun eutsoen:

    —Ez dakigu.

    Jesusek, orduan:

    —Ba, neuk ere ez deutsuet esango zein aginpidez jokatzen dodan horrela.



    12,1 Jesus parabola bidez hitz egiten hasi jaken: «Gizon batek mahastia landatu eban eta harresiz inguratu; lurrean dolarea egin eta mahastizainaren dorrea eraiki eban. Gero, nekazari batzuei errentan itzirik, urrutira joan zan. 2 Bere sasoian, morroi bat bialdu eutsen nekazariei, mahastiaren frututik egokion partea jasotera. 3 Baina hareek morroia hartu, jo eta esku-hutsik bialdu eben. 4 Barriro beste morroi bat bialdu eutsen; hau ere buruan astindu eta irainez bete eben. 5 Beste bat ere bialdu eutsen geroago, eta hil egin eben. Ondoren, beste asko, eta batzuk jo eta besteak hil egin ebezan. 6 Baeban oraindik beste nor edo nor, bere seme maitea; eta Haxe bialdu eutsen azkenik, holan pentsatuz: ‘Nire semeari behinik behin izango deutsoe begirune’. 7 Nekazariek, ordea, esan eben euren artean: ‘Oinordekoa dok! Hil daigun eta mahastiaren jabe izango gozak!’ 8 Hartu, hil eta mahastitik kanpora bota eben.

    9 «Zer egingo ete dau mahastijabeak? Joan eta garbitu egingo dauz langile horreik, eta mahastia beste batzuen esku itziko. 10 Ez al dozue irakurri Liburu Santuetako ha:

«Etxegileek bazterturiko harria

giltzarri gertatu da.

11 Jaunak egin dau hori,

gure begien harrigarri?»»


    12 Legemaisu eta zaharrak Jesus atxilotu guran ebiltzan, ondo jabetu ziran-eta eurekaitik esan ebala parabola ha. Baina, jendearen bildurrez, itzi eta alde egin eben.

    13 Gero, fariseu eta Herodesen alderdiko batzuk bialdu eutsoezan Jesusi, hitzen baten harrapatzeko asmoz. 14 Etorri eta esan eutsoen:

    —Maisu, badakigu egiazale zarana eta ez deutsuna ardura inoren zeresanak; zuk, gizakiaren itxureari begiratu barik, Jainkoaren bidea behar lez irakasten dozu. Zilegi da Zesarri zerga ordaintzea, bai ala ez? Ordaindu behar deutsogu, bai ala ez?

    15 Baina Jesusek, hareen azpikeriaz oharturik, esan eutsen:

    —Zergaitik zatortaze zirika? Ekarri txanpon bat, ikusteko.

    16 Ekarri eutsoen, eta Jesusek galdetu eutsen:

    —Norenak dira irudi eta izen honeik?

    Hareek erantzun:

    —Zesarrenak.

    17 Jesusek, orduan:

    —emon Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari.

    Txunditurik itzi ebazan erantzun honegaz.

    18 Ondoren, saduzear batzuk etorri jakozan Jesusi. Honeek ez dabe sinisten hildakoak bizten dirana. Eta holan galdetu eutsoen:

    19—Maisu, Moisesek idatzi euskun: Norbaiti anaia hilten bajako, emaztea seme-alabarik barik itziz, ezkondu bedi alargunagaz, anaiari ondorengoa emoteko. 20 Behin baten, baziran zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik barik hil zan. 21 Bigarrena alargunagaz ezkondu zan, eta seme-alabarik barik hil zan ha ere. Bardin hirugarrena. 22 Horrela, ondorengorik barik hil ziran zazpiak. Azkenik, hil zan emakumea ere. 23 Biztuerakoan, hildakoak biztuko ei diranean, noren emazte izango da, zazpiek izan eben-eta emazte?

    24 Jesusek erantzun eutsen:

    —Ez ete zabilze oker? Eta oker, hain zuzen, Liburu Santuetan esana eta Jainkoaren ahalmena ezagutzen ez dozuezelako? 25 Izan ere, hildakoak biztean, ez da inor ezkonduko: zeruko aingeruak langoak izango dira danak. 26 Gainera, hildakoen biztueraz, ez al dozue irakurri Moisesen liburuan, sutan egoan sasiaren pasartean, zelan esaten deutson Jainkoak berak: Ni Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoa naz? 27 Ez da hilen Jainkoa, biziena baino. Oker, baina oker, zagoze.

    28 Ondoren, aurreko eztabaidea entzundako legemaisu bat aurreratu jakon. Jesusek ze jator erantzun eutsen ikusirik, galdera bat egin eutson:

    —Zein da agindu guztietan nagusia?

    29 Jesusek erantzun:

    —Hona hemen nagusia: Entzun, Israel: Jauna da gure Jainkoa, Jauna bat bakarra da! 30 Maitatu eizu Jauna, zure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz. 31 Eta hona hemen bigarrena: Maitatu lagun hurkoa zeure burua lez. Ez da agindu honeik baino handiagorik.

    32 Legemaisuak, orduan:

    —Ederto, Maisu; egia dinozu Jainkoa bakarra dala eta ez dala besterik esatean. 33 Bera bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere burua lez maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea da.

    34 Eta Jesusek, zuhurki erantzun eutsola ikusirik, esan eutson:

    —Ez zagoz Jainkoaren erreinutik urrun.

    Eta harrezkero, ez zan inor galderarik egitera ausartzen.

    35 Tenpluan irakasten ziharduala, galdera hau egin eban Jesusek: «Zelan esan daikee legemaisuek Mesias Daviden ondorengoa dala? 36 Hona zer dinon Davidek berak Espiritu Santuaren argiz:


«Hona Jaunak nire Jaunari esana:

‘Jesarri nire eskoian,

zure etsaiak oinazpian

jarten deutsudazan bitartean’.»


    37 «Davidek berak Jauna esaten deutso; beraz, zelan izan daike ondorengo?»

    Jendetza ugariak atseginez entzuten eutson.

    38 Bere irakasaldian, beste hau ere esan eutsen: «Zabilze kontuz legemaisuekin! Gogoko dabe-ta harro-harro jantzita ibiltea eta plazetan jendeak agur egitea; 39 gogoko dabez sinagogetan lehenengo aulkiak eta jai-otorduetan mahaiburuak. 40 Eta, azkengabeko otoitzen atxakiaz, alargunen ondasunak irusten dabez. Epairik zorrotzena izango dabe horrelako horreek».

    41 Jesus tenpluko dirutegiaren aurrean jesarrita egoan, jendeak kutxetara dirua zelan botaten eban begira. Aberats askok ugari emoten eban. 42 Etorri zan emakume alargun behartsu bat, eta txanpon bi bota ebazan, huskeria bat. 43 Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan eutsen: «Benetan dinotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota dau kutxara. 44 Izan ere, beste guztiek gainez dabenetik emon dabe; honek, ordea, bere eskasian, eukan guztia, bizi izateko behar ebana, emon dau».


    13,1 Jesusek tenplutik urtetean, bere ikasleetako batek esan eutson:

    —Maisu, begira zalango harriak eta zalango eraikinak!

    2 Jesusek esan eutson:

    —Harri-lan ikusgarriak benetan! Baina horra, ez da harririk harri gainean geldituko: dana suntsituko dabe.

    3 Gero, Oliamendin, tenpluaren aurrez aurre jesarrita egoala, Pedro, Santiago, Joan eta Andresek bakarrean galdetu eutsoen:

    4—Esaguzu noiz gertatuko dan hori, eta zertan ezagutuko dan hori dana burutzera doala.

    5 Honela jardun eban, orduan, Jesusek: «Kontuz! Ez zaizela inork engainatu. 6 Asko etorriko dira, nire izena bereganatuz eta esanez: ‘Neu naz Mesias’; eta jendea erruz engainatuko dabe. 7 Gerra-hots eta zurrumurruak entzutean, ez izutu: gertatu beharrekoa da hori guztia; baina oraindik ez da azkena. 8 Izan ere, nazinoa nazinoaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; han eta hemen lurrikarak eta goseteak izango dira. Hori guztia erdiminen hasiera da.

    9 «Kontu izan zeuen buruagaz! Auzitegi eta sinagogetara eroango zaituee eta zigortu egingo; agintari eta erregeen aurrean jarriko zaituee nigaitik, eta autormen egingo dozue hareen aurrean. 10 Azkena baino lehen, herri guztiei iragarria izan behar dau-eta barrionak. 11 «Auzitegira zaroezela, ez egon zer esango dozuen kezkatan; une haretan bertan Jainkoak adierazoko deutsuena, esan haxe, ez dozue-eta zeuek hitz egingo, Espiritu Santuak baino. 12 Anaiak anaiea emongo dau heriotzara, eta aitak semea; seme-alabak gurasoen kontra altxatuko dira eta hil egingo dabez. 13 Mundu guztiak gorroto izango deutsue nigaitik; baina azkeneraino sendo irauten dauana, horixe izango da salbatua.

    14 «Profanatzaile higuingarria behar ez dan tokian ezarria ikusiko dozuenean —irakurleak uler beza—, orduan, Judean dagozenek ihes egin beie mendietara; 15 etxe gainean dagoana ez bedi jaitsi etxetik ezer hartzera, 16 eta soloan dana ez bedi bihurtu soingaineko bila. 17 Dohakabeak egun hareetan haurdun dagozanak eta bularreko seinak dabezenak! 18 Eskatu Jainkoari, hori guztia neguan gerta ez dadin. 19 Egun hareik egun larriak izango dira-eta; ez da horrelako larrialdirik izan Jainkoak sortu eban mundu honen hasieratik orain arte, ez eta izango ere. 20 Eta Jaunak aldi hori laburtuko ez baleu, ez leuke inortxok ere bizirik urtengo; baina, berak hautatu dituen aukeratuak dirala eta, laburtu egingo ditu egun horreik.

    21 «Orduan, nor edo norl ‘Hona hemen Mesias! Hara han!’ esango baleutsue, ez sinistu. 22 Izan ere, guzurrezko mesiasak eta sasiprofetak agertuko dira eta aukeratuak eurak ere, ahal balitz, engainatzeko moduko mirariak eta egintza harrigarriak egingo dabez. 23 Zuek, beraz, kontu izan! Jakinaren gainean jarri zaituet aurretiaz.

    24 «Egun hareetan, larrialdi horren ondoren, eguzkia ilundu egingo da, ilargiak ez dau argirik egingo, 25 izarrak zeru goitik jausten hasiko dira eta ortzia dardarka ibiliko. 26 Orduan, Gizonaren Semea hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etorten ikusiko dabe. 27 Orduan, aingeruak bialdu eta bere aukeratuak batuko ditu lau haizeetatik, lur-muga batetik besteraino.

    28 «Ikasi ikondoaren irudi honetatik: kimua barritzen eta orriak zabaltzen jakoneko, badakizue uda laster dala. 29 Era berean, gauza horreik gertatzen ikustean, jakizue laster dala, Gizonaren Semea ate ondoan dozuela. 30 Benetan dinotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok. 31 Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete barik igaroko. 32 Baina zein egunetan edo ordutan gertatuko dan, ez daki inork, ez zeruko aingeruek, ez Semeak, Aitak baino.

    33 «Kontuz, ba! Egon erne! Ez dakizue-ta ordua noiz dan. 34 Gizon bat urrutira doanean lez da: morroien gain izten dau bere etxea, bakotxari bere lana emonez, eta zain egoteko agintzen deutso atezainari.

    35 «Egon zain, beraz, ez dakizue-eta etxeko jauna noiz etorriko dan; arratsean, gauerdian, oilarrak jotean ala goizean. 36 Ez zaiezela ustekabean etorri eta lotan aurkitu. 37 Zuei esaten deutsuedan hau, danentzat esaten dot: Egon zain!»



    14,1 Handik egun bira, Pazko Jaia eta Legamibako Ogien Jaia ospatzen ziran. Abadeburu eta legemaisuak Jesus maltzurkeriaz zelan atxilotuko ebilzan, hilteko. 2 Baina hau inoen: «Ez gero jaiegunean, herrian iskanbilarik sortu ez daian».

    3 Jesus Betanian zan, Simon legendunaren etxean. Mahaian egoala, emakume bat etorri zan, hartzurizko ontzian nardozko ukendu garbi eta garestia ekarrela. Ontzia hautsi eta Jesusi burura isuri eutson. 4 Batzuk, haserre, honela inotsoen alkarri:

    —Zergaitik horrela alperrik galdu ukendu hori? 5 Hirurehun danarioz goitik saldu leitekean eta dirua behartsuei emon.

    Eta marmarrean ziharduen emakumearen kontra. 6 Baina Jesusek esan eutsen:

    —Itzi bakean honi; zergaitik gogaituazoten dozue? Egintza ona egin dau nigaz. 7 Izan ere, behartsuak beti dozuez zeuen artean, eta nahi dozuenean egin zeikeoe on. Baina ni ez nozue betiko zuekaz. 8 Ahal ebana egin dau: nire gorputza ukenduz igurtzi dau aurretiaz hilobirako. 9 Benetan dinotsuet: Mundu guztian zehar, barriona iragarriko dan edonon aitatuko da emakume hau eta beronek egina.

    10 Judas Iskariote, Hamabietako bat, abadeburuengana joan zan, Jesus eurei eskuetara emoteko asmotan. 11 Entzutean, poztu egin ziran hareik eta dirua agindu eutsoen. Jesus hareen eskuetara emoteko egokiera bila hasi zan Judas.

    12 Legamibako Ogien Jaiko lehen eguna zan, Pazko-bildotsa hilten zaneko eguna. Ikasleek esan eutsoen Jesusi:

    —Non egin behar doguz Pazkoafarirako prestaketak?

    13 Harek ikasleetako bi bialdu ebazan, esanez:

    —Zoaze urira, eta ursuila daraman gizon bategaz egingo dozue topo. Jarraitu berari, 14 eta sartuko dan etxeko nagusiari esan: «Maisuak galdetzen dau non dauan ikasleekaz Pazkobildotsa jateko tokia». 15 Berak gela zabal bat erakutsiko deutsue goian, jantzirik eta atondua; prestatu hantxe behar doguzanak.

    16 Joan ziran ikasleak eta, urira heltzean, dana Jesusek esan lez gertatu jaken, eta Pazkoafaria prestatu eben.

    17 Ilunabarrean, joan zan Jesus Hamabiekin, 18 eta mahaian afaltzen egozala, Jesusek esan eban:

    —Benetan dinotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau, nigaz jaten dagoan batek.

    19 Hareek, goibeldurik, galdezka hasi jakozan bata bestearen ondoren:

    —Nik ala?

    20 Jesusek erantzun:

    —Hamabiotako batek, nigaz plater beretik jaten diharduanak. 21 Gizonaren Semea badoa, bai, Liburu Santuek haretaz dinoen lez; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko dauana! Hobe leukean jaio izan ez balitz!

    22 Afaltzen ziharduela, ogia hartu eban Jesusek eta, bedeinkazinoa esan ondoren, zatitu eta emon egin eutsen, esanez: «Hartu eizue, hau nire gorputza da».

    23 Gero, kopea hartu eta, esker onezko otoitza egin ondoren, emon egin eutsen eta danek edan eben. 24 Eta esan eutsen: «Hau nire odola da, Jainkoagazko ituna barrituko dauana, guztiekaitik isuria. 25 Benetan dinotsuet: Ez dot gehiago ardaurik edango, Jainkoaren erreinuan ardau barria edan arte».

    26 Gorazarreak kantatu ondoren, Oliamendira abiatu ziran.

    27 Jesusek esan eutsen: «Zuen sinismenak huts egingo dau, honela dago-eta idatzia Liburu Santuetan: Joko dot artzaina eta ardiak sakabanatu egingo dira. 28 Baina biztu ondoren, aurretik joango naiatzue Galileara».

    29 Pedrok esan eutson:

    —Beste guztien sinismenak huts egiten badau ere, nireak ez.

    30 Jesusek erantzun:

    —Benetan dinotsut: Gaur gauean, oilarrak bitan jo baino lehen, zuk hirutan ukatuko nozu.

    31 Baina Pedrok, gero eta errimeago:

    —Zugaz hil behar badot ere, ez zaitut ezelan ere ukatuko.

    Eta beste hainbeste inotsoen danek.

    32 Getsemani izeneko landa batera heldu ziran, eta Jesusek esan eutsen bere ikasleei: «Geratu hementxe, nik otoitz egin bitartean».

    33 Pedro, Santiago eta Joan eroan ebazan beragaz. Ikara eta larria sentitzen hasi zan, 34 eta esan eutsen: «Hilteko zorian nago tristuraz. Gelditu hemen eta egon erne». 35 Eta aurreraxeago joanik, lurrean jausi eta otoizka zuzendu jakon Jainkoari, urrundu eiola ordu ha, ahal bazan. 36 Honela inoan: «Abba, Aita! Zeure esku dago guztia; urrundu egizu nigandik edari samin hau! Baina egin bedi zeure nahia, ez nirea».

    37 Ikasleengana joan eta lotan aurkitu ebazan. Pedrori esan eutson: «Simon, lotan? Ordu bete ere ezin izan zara erne egon? 38 Zagoze erne eta egizue otoitz, tentaldian ez jausteko: gogoz gartsu izan arren, ahula da-ta gizakia».

    39 Barriro aldendu eta otoitz egin eban, lehengo hitz bardinak esanez. 40 Barriro bihurturik, lo aurkitu ebazan, begiak astun eukezan-eta; hareek ez ekien zer esan.

    41 Joan jaken hirugarren aldiz eta esan eutsen: «Egin lo eta hartu atseden! Kito! Heldu da ordua: hona Gizonaren Semea pekatarien eskuetara emona. 42 Jagi, goazen, hementxe da salduko nauana!»

    43 Jesus berbetan egoala, han agertu zan Judas, Hamabietako bat; gizon-multzo bat etorren haregaz, ezpata eta makilak eskuetan, abadeburu, legemaisu eta zaharrek bialduirik. 44 Saltzaileak seinale hau jarria eutsen: «Nik musu emongo deutsodana, horixe da; atxilotu eta eroan arduraz». 45 Heldu zaneko, Jesusengana hurreratu eta esan eutson: «Maisu!»

    Eta musu emon eutson.

    46 Besteek heldu eta atxilotu egin eben. 47 Han egoan batek ezpatea atara, abade nagusiaren morroia jo eta belarria moztu eutson. 48 Jesusek esan eutsen: «Ezpataz eta makilaz etorri zaree, lapur baten bila lez, ni harrapatzera! 49 Egunero nengoan zuen artean tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen atxilotu. Baina hala behar dau, Liburu Santuetan idatzia bete dadin».

    50 Ikasleek Jesus itzi eta ihes egin eben. 51 Gazte bat ondoren joakon, soinean oihal bat besterik ez ebala. Heldu eutsoen, 52 baina oihala itzi eta ihes egin eutsen biloisik.

    53 Abadenagusiaren etxera eroan eben Jesus eta han batu ziran abadeburu, zahar eta legemaisu guztiak. 54 Pedro Jesusen ondoren joana zan, urrutitik jarraituz, abadenagusiaren jauregi barruraino. Eta morroiekaz batera jesarrita, sutondoan berotzen egoan.

    55 Abadeburuak eta Batzar Nagusi osoa Jesusen kontrako lekukotasun bila ebilzan, heriotzara kondenatzeko, baina ezin eben aurkitu; 56 askok haren kontra guzurrezko testigantzak egiten baebezan ere, hareen lekukotasunak ez etozan bat. 57 Batzuk zutundu eta guzurrezko testigantza hau egin eben Jesusen kontra: 58 «Geuk entzun deutsogu esaten: Nik, giza eskuz egindako santutegi hau desegingo dot eta hiru egunean beste bat eraikiko, giza eskuz egin bakoa».

    59 Baina honetan ere ez etozan bat euren esanetan.

    60 Orduan, abade nagusiak, batzarrraren erdian zutunik, galdetu eutson Jesusi:

    —Ez deutsezu ezer ere erantzun behar zure kontra ataraten dabezenei?

    61 Baina Jesus isilik egoan, eta ez eban ezer erantzuten. Abadenagusiak barriro galdetu eutson:

    —Zu zara Mesias, Jainko bedeinkatuaren Semea?

    62 Jesusek erantzun:

    —Bai, neu naz, eta Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskoian jesarrita eta zeruko hodei artean etorten ikusiko dozue.

    63 Abade nagusiak bere jantziak urratu ebazan eta esan:

    —Ba ete dogu lekuko beharrik? 64 Zeuek entzun dozue biraoa. Zer deritzozue?

    Heriotza merezi ebala erabagi eben danek.

    65 Batzuk txistu botaka hasi jakozan eta, aurpegia estaldurik, ukabilkadak emoten eutsoezan, esanez: «Igarri egik, profeta!»

    Guardek ere masailakoka erabilen.

    66 Pedro beheko patioan egoala, Abadenagusiaren neskame bat etorri zan. 67 Pedro berotzen ikusirik, begira jarri eta esan eutson:

    —Hi ere Nazareteko Jesusekin bizi hintzen.

    68 Baina harek ukatu, esanez:

    —Ez jakinat zer dinonan ere, ez deunat ulertzen.

    Atarira urten eban, eta oilarrak jo eban. 69 Ikusi eban neskameak eta han egozanei ere honela hasi jaken:

    —Hau ere hareetakoa joaguk.

    70 Pedrok barriro ukatu eban. Geroxeago, ingurukoek ere esan eutsoen:

    —Bai, hareetakoa haz, jakina, galilearra haz-eta.

    71 Orduan, Pedro biraoka eta maldizioka hasi zan:

    —Ez dot ezagutzen zuek dinozuen hori.

    72 Une haretan, bigarren bider jo eban oilarrak. Gogoratu jakon Pedrori Jesusek esana: «Oilarrak bitan jo baino lehen, zuk hirutan ukatuko nozu», eta negarrari emon eutson.



    15,1 Eguna argitzeaz batera, abadeburu, zahar eta legemaisuak batu ziran —Batzar Nagusi osoa—, eta, erabakia hartu ondoren, Jesus lotuta eroan eben eta Pilatoren eskuetara emon. 2 Pilatok galdetu eutson:

    —Juduen erregea zara Zu?

    Jesusek erantzun eutson:

    —Zeuk dinozu.

    3 Abadeburuek salaketa asko egiten ebezan haren kontra. 4 Pilatok esan eutson:

    —Ez dozu ezer erantzun behar? Begira zenbat gauzaz salatzen zaituen.

    5 Baina Jesusek ez eutsolako gehiago erantzun, harriturik gelditu zan Pilato.

    6 Pazko Jaiero preso bat askatu ohi eban Pilatok, herriak eskatzen ebana. 7 Bazan kartzelan Barrabas eritzon bat, matxinadakoan giza hilketa bat egina, beste batzuekaz batera. 8 Igon eban jendeak gobernariaren jauregira eta ohitura eukana emoteko eskatu eutsoen. 9 Pilatok erantzun eutsen:

    —Nahi dozue juduen erregea askatzea?

    10 Ondo ekian-eta abadeburuek bekaizkeriaz emona eutsoela Jesus. 11 Baina abadeburuek jendea berotu eben, Barrabas libratzeko eskatu eian.

    12 Barriro zuzendu jaken Pilato:

    —Eta zer egin behar dot juduen errege deitzen dozuen honegaz?

    13 Jendeak, orduan, oihu:

    —Gurutzera hori!

    14 Eta Pilatok:

    —Zer oker egin dau, ba?

    Hareek, orduan eta oihu handiagoz:

    —Gurutzera hori!

    15 Orduan, Pilatok, jendeari poz emotearren, Barrabas askatu eutsen eta Jesus, zigorkatuazo ondoren, hareen eskuetara emon eban, gurutzeratu eien.

    16 Soldaduek gobernariaren jauregira sartu eben Jesus, eta gudu-taldeko danak batu ebezan. 17 Purpurazko jantzia ipini eutsoen soinean eta arantzaz egindako koroia buruan.

    18 Eta agurka hasi jakozan: «Agur, juduen erregea!»

    19 Kainaberaz joten eben buruan, txistua botaten eutsoen eta, belaunikatuz, aurrean ahuzpez jarten jakozan. 20 Nahikoa iseka egin ondoren, purpurazko jantzia erantzi eta bere soinekoak jarri eutsoezan. Gero, atara eta gurutzean josteko eroan eben.

    21 Solotik etxerakoan handik joian bat, Simon ziranekoa (Alexandro eta Ruforen aita), Jesusen gurutzea eroatera behartu eben.

    22 Golgota izeneko tokira eroan eben Jesus (Golgotak «Buru-hazur» esan gura dau).

    23 Mirraz nahastutako ardaua eskeini eutsoen, baina ez eban hartu. 24 Josi eben gurutzean, eta haren jantziak banatu egin ebezan, zer zeinentzat zotz eginez.

    25 Bederatziak ziran gurutzean josi ebenean. 26 Eta honela inoan kondenaren arrazoia adierazten eban idazkunak: «Juduen erregea». 27 Jesusegaz batera, lapur bi gurutzeratu ebezan, bata eskoian eta bestea ezkerrean. (28).

    29 Handik igaroten ziranek irain egiten eutsoen Jesusi, buruari eragin eta esanez: «Hara, santutegia desegin eta hiru egunean eraikitzen ei dauana! 30 Salbatu egik heure burua! Jatsi hadi gurutzetik!»

    31 Era berean, abadeburu eta legemaisuek ere irri egiten eutsoen, alkarri esanez: «Besteak salbatu jozak, eta bere burua ezin. 32 Mesias ei dok hori, Israelgo erregea; jatsi dadila orain gurutzetik, ikusi eta sinistu daigun».

    Beragaz gurutzean josiak egozanek ere irain egiten eutsoen.

    33 Eguerdian, ilundu egin eban lurbira osoan hirurak arte. 34 Hiruretan, Jesusek oihu handiz esan eban: «Eloi, Eloi, lema sabaktani?» (Hau da: «Ene Jainko, ene Jainko, zergaitik itzi nauzu?»)

    35 Hau entzutean, bertan egozan batzuk esan eben: «Eliasi deika jabilk».

    36 Orduan, batek, lasterka joan, belaki bat ozpinetan busti eta, kainabera bati muturrean lotuz, edatera emon eutson, esanez: «Egon, ea jatorkon Elias gurutzetik erastera».

    37 Baina Jesusek, deadar handia eginez, azken arnasea emon eban. 38 Orduan, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zan, goitik behera.

    39 Aurrean egoan erromatar ehuntariak, zelan hil zan ikustean, esan eban: «Zinez, gizon hau Jainkoaren Semea zan».

    40 Baziren han emakume batzuk ere, urrutitik begira; hareen artean, Magdalako Maria, Santiago gaztearen eta Joseren ama Maria, eta Salome. 41 Honeek Jesusen ondoren eta beraren zerbitzuan ibiliak ziran, Galilean egoala; baegozan beste emakume asko ere, Jesusegaz Jerusalemera igondakoak.

    42 Ilunabarrean —zapatubezpera zan egun ha, festarako prestaketak egiteko eguna—, 43 Arimateako Jose Pilatogana joatera ausartu zan, Jesusen gorpua eskatzera. Jose hau kontseiluko kide ospetsua zan, eta Jainkoaren erregetzea noiz iritsiko zain egoan. 44 Harritu zan Pilato ordurako hilda egoteaz, eta ehuntariari dei egin eta galdetu eutson ea egia zan hilda egoala. 45 Ehuntariaren argibideak jaso ondoren, gorpua eroateko baimena emon eutson Joseri. 46 Honek izara bat erosi eta, Jesus gurutzetik eratsirik, izaran batu eban eta hatxean zulaturiko hilobi baten ezarri. Gero, harri bat irauliz itxi eban hilobiko sarrerea. 47 Magdalako Maria eta Maria, Joseren ama, non ezarten eben begira egozan.



    16,1 Zapatua igaro zanean, Magdalako Mariak, Santiagoren ama Mariak eta Salomek usain-gozoko ukenduak erosi ebezan, Jesusen gorpua gantzutzeko. 2 Eta asteko lehen egunean, goizean goiz, eguzkiak urten orduko, hilobira joan ziran. 3 Honela ziharduen euren artean: «Nork kenduko deusku hilobi-sarrerako harria?»

    4 Begiratu eta harria alboratuta egoala ohartu ziran, oso astuna zan arren. 5 Hilobian sarturik, gazte bat ikusi eben eskoialdean jesarria, soineko zuriz jantzia, eta zeharo bildurtu ziran. 6 Baina esan eutsen harek: «Ez izutu! Nazareteko Jesus gurutzean josiaren bila zabilze. Biztu da, ez dago hemen. Ikusi jarri ebeneko tokia. 7 Zoaze, ba, haren ikasleei, eta Pedrori batez ere, esatera: ‘Zuen aurretik joango da Galileara; hantxe ikusiko dozue, berak esan lez’».

    8 Emakumeek hilobitik iheska egin eben alde, sartu jaken izuaz eta ikareaz; eta, bildurraren bildurrez, ez eutsoen inori ezer esan.

    9 Asteko lehen egunaren goizean bizturik, Jesus lehenengo Magdalako Mariari, zazpi deabru bota eutsozanari agertu jakon. 10 Ha Jesusekin bizi izan ziranei barri emotera joan zan, nahigabez eta negarrez egozan-eta. 11 Baina hareek, bizi zala eta berak ikusi ebala entzutean, ez eutsoen sinistu.

    12 Gero, euretako biri agertu jaken, beste itxura batez, auzo batera bidean joiazela. 13 Honeek ere besteei barri emotera bihurtu ziran; baina ez eutseen sinistu.

    14 Azkenik, Hamaikei agertu jaken, mahaian jesarrita egozala, eta aurpegira bota eutsezan euren sinisgabetasuna eta burugogorkeria, bizturik ikusi ebenei sinistu ez eutseelako. 15 Eta esan eutsen: «Zoaze mundu guztian zehar eta iragarri barriona izaki guztiei. 16 Sinisten eta bateatzen dan guzti, salbatua izango da; sinisten ez dauana, barriz, kondenatua. 17 Sinistedunek seinale honeik izango dabez eurekaz: nire izenean deabruak botako dabez, hizkuntza barriak hitz egingo dabez, 18 sugeak eskuetan hartuko dabez eta, edari hilgarriren bat edanik ere, ez deutse kalterik egingo; gaixoei eskuak ezarriko deutseez eta osatu egingo dira».

    19 Horrela hitz egin ondoren, Jesus Jauna zerura jasoa izan zan eta Jainkoaren eskoian jesarri zan.

    20 Hareik, barriz, alde guztietara joan ziran barriona iragartera. Eta Jaunak berak ziharduan Hareekin, egiten ebezan mirarien bidez baietsiz mezua.




oooooooooo0000000000000ooooooooooooo



Comments