lukasena

 







Hitzaurrea. Eskeintza


    1,1 Teofilo agurgarria, askok ekin deutsoe gure artean izan diran gertakarien historia idazteari, 2 hasieran begizko testigu eta gero barrionaren predikari izandakoek jakinazo deuskuenaren arabera. 3 Neuk ere ondo deritzot dana bere harian zuretzat idazteari, hasieratik guztia zehatz-mehatz aztertu ondoren, 4 jaso dituzun iraskaspenak zeinen oinarrituak dagozan ikusi daizun.


JESUSEN AURKEZPENA (1,5—4,13)


Jaiotza eta haurtzaroa (1,5—2,52)


Joan Bataiatzailearen jaiotza iragarri


    5 Herodes Judeako erregearen garaian, bazen Zakarias izeneko abade bat, Abiasen abade-sailekoa; haren emaztea, Elisabet, Aaronen* ondorengoa zan. 6 Zintzoak ziran biak Jainkoaren aurrean, eta Jaunaren agindu eta legeak huts egin barik betez bizi ziran. 7 Ez eben seme-alabarik, Elisabet agorra zan-eta, eta urteetan aurreratuak biak.

    8 Behin baten, Zakariasek abade-zerbitzua egiten ziharduan tenpluan Jainkoaren aurrean, bere abade-sailaren txandea zan-eta. 9 Abadeen ohituren arabera, berari egokitu jakon Jaunaren santutegira sartzea intsentsua eskeintzeko*. 10 Herri guztia kanpoan egoan otoitzean, intsentsua eskeintzen zan bitartean. 11 Haretan, Jaunaren aingeru bat azaldu jakon Zakariasi, intsentsu-aldarearen eskoian zutunik. 12 Ha ikustean, ikaratu egin zan Zakarias eta bildurrak hartu eban. 13 Baina aingeruak esan eutson:

    —Ez bildurtu, Zakarias, entzun dau Jainkoak zure eskaria. Zure emazte Elisabetek semea emongo deutsu eta Joan ipiniko deutsozu  izena. 14 Pozez beteko zara, eta beste jende asko ere poztuko da haren jaiotzaz, 15 handia izango da-ta benetan Jaunaren aurrean. Ez dau ardaurik, ez pattarrik edango*, eta amaren sabeletik bertatik Espiritu Santuaz beteko dau Jainkoak. 16 Israeldar asko bihurtuko ditu euren Jainko Jaunarengana. 17 Eliasen espiritu eta ahalmenaz jantzirik, Jaunaren aurretik etorriko da, gurasoak eta seme-alabak alkarregaz baketzeko* eta errebeldeak zintzoen senera bihurtzeko; horrela, Jauna onartzeko prestatuko dau herria.

    18 Zakariasek esan eutson aingeruari:

    —Zelan jakin daiket horrela gertatuko dena? Ni zaharra naz, eta emaztea ere urteetan aurreratua.

    19 Aingeruak erantzun eutson:

    —Ni Gabriel naz eta Jainkoaren zerbitzura nago; berak bialdu nau zuri hitz egitera eta barri hau emotera. 20 Hara, mutu geldituko zara eta ezin izango dozu hitz egin hau guztia gertatu arte, bere sasoian beteko diran nire hitzak sinistu ez dituzulako.

    21 Bien bitartean, herria Zakariasen zain egoan, santutegian horrenbeste luzatzen zalako harriturik. 22 Urten ebanean, ezin eutsen hitz egin, eta jabetu ziran ikuskariren bat izan ebala santutegian; keinuka egiten eutsen, mutu gelditu zan-eta. 23 Tenpluko bere zerbitzu-egunak amaitu ebazanean, etxera bihurtu zan. 24 Handik laster, Elisabet emaztea seindun gelditu zan, eta bost hilabetez etxetik urten barik egon zan. Hauxe inoan: 25 «Hara zer egin gura izan dauan Jaunak nire alde, jendearen aurrean neban lotsakizuna kentzeko».


Jesusen jaiotza iragarri


    26 Handik sei hilabetera, Jainkoak Gabriel aingerua bialdu eban Nazaret eritxon Galileako herri batera, 27 birjina bategana; birjineak Maria eban izena, eta Jose eritxon Daviden jatorriko gizon bategaz ezkontzeko berbatua egoan. 28 Aingeruak, Mariarenean sarturik, esan eutson:

    —Agur, Jainkoaren gogoko hori! Jauna zurekin.

    29 Hitz honeik entzutean, ikaratu egin zan Maria eta agur horrek zer esan nahi ete eban galdetzen eutson bere buruari. 30 Aingeruak esan eutson:

    —Ez bildurtu, Maria! Jainkoak gogoko zaitu. 31 Hara, seindun gertatuko zara, semea izango dozu eta Jesus* ipiniko deutsozu  izena. 32 Handia izango da, Goi-goikoaren Seme deituko deutsoe, eta bere aita Daviden tronua emongo deutso Jainko Jaunak. 33 Israel herriko errege izango da betiko, eta bere erregetzeak ez dau azkenik izango.

    34 Mariak esan eutson aingeruari:

    —Baina zelan jazo daiteke hori, ez naz-eta gizon bategaz bizi?

    35 Aingeruak erantzun eutson:

    —Espiritu Santua etorriko da zugana, Goi-goikoaren indarrak hodeiak lez* estalduko zaitu; horregaitik, zugandik jaioko dana santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko deutsoe. 36 Begira, Elisabet zure lehengusinea ere seindun gertatu da bere zahartzaroan eta sei hilabeteko dago agorra ei zana; 37 Jainkoarentzat ez dago-ta ezer ezinezkorik.

    38 Orduan, esan eban Mariak:

    —Hona hemen Jaunaren mirabea. Jazo bekit zeuk esan dozun lez.

    Eta aingeruak itzi egin eban.


Mariak Elisabeti ikustaldia


    39 Handik egun batzuetara, Maria etxetik urten eta Judeako mendialdeko uri batera joan zan arin-arin, 40 eta, Zakariasenean sarturik, Elisabeti agur egin eutson. 41 Mariaren agurra entzun ebaneko, Elisabeti punpaka hasi jakon seina sabelean. Une berean, Espiritu Santuaz beterik gelditu zan Elisabet, 42 eta oihuz esan eban: «Bedeinkatua zu emakume guztien artean eta bedeinkatua zure sabeleko frutua! 43 Nor naz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etorteko? 44 Zure agurra nire belarrietara heldu daneko, pozez punpaka hasi jat seina sabelean. 45 Zorionekoa zu, Jaunak esan deutsuna beteko dala sinistu dozulako!»


Mariaren kantika


    46 Orduan, Mariak hauxe esan eban:


47 «Jaunaren handitasuna dot goresten,

pozaren pozez daukat barrua,

Jainkoa salbatzaile dot-eta.

48 Bere mirabe ezerez honegan

jarri dauz begiak;

horregaitik, dohatsu deituko deuste

guztiek gaurtik aurrera.

49 Gauza handiak egin dauz

nire alde Ahalguztidunak.

Santua da

50 eta gizaldiz gizaldi errukitsua

begirune deutsoenentzat.

51 Bere indar guztiaz jokatu dau:

buru-harroak suntsitu egin dauz,

52 ahaltsuak goi-postuetatik bota

eta ezerezak gora jaso;

53 ondasunez bete dauz gose ziranak,

eta esku-hutsik bialdu aberatsak;

54 lagun etorri jako bere herri Israeli,

bere errukiaz oroiturik:

55 halan eutsen zin egina gure arbasoei,

Abrahami eta ondorengoei betiko esana».


    56 Mariak hiru hilabete inguru egin ebazan Elisabetegaz; gero, etxera bihurtu zan.


Joan Bateatzailearen jaiotza


    57 Denporea bete jakonean, Elisabetek semea izan eban. 58 Jakin eben auzokoek eta ahaideek zalango erruki handia izan eutson Jaunak, eta beragaz batera poztu ziran. 59 Jaio eta zortzi egunera, seina erdaintzera joan ziran, eta aitaren izena ipini gura eutsoen, Zakarias. 60 Baina amak esan eban:

    —Ez, Joan izango dau izena.

    61 Esan eutsoen:

    —Ez dozu senitartean inor izen horregazkorik.

    62 Orduan, aitari galdetu eutsoen keinuka, ea zein izen gura eutson jarri.

    63 Harek oholtxo bat eskatu eban eta bertan idatzi: «Joan dau izena». Danak harriturik gelditu ziran. 64 Bat-batean, mihina askatu egin jakon Zakariasi, eta barriro hitz egiten eta Jainkoa goresten hasi zan. 65 Auzoko guztiak bildurrak hartu ebazan, eta Judeako mendialde guztian zabaldu zan gertatuaren barri. 66 Entzuten eben guztiek euren baitarako esaten eben: «Zer izango ete da ume hau?» Jauna lagun eban-eta.


Zakariasen kantika


    67 Zakariasek, seinaren aitak, Espiritu Santuaz beterik, profeta lez jardun eban, esanez:


68 «Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa,

bere herriagana etorri

eta askatu dauana!

69 Salbatzaile indartsua* sortu deusku

bere morroi Daviden ondorengoen artean.

70 Halan eukan berbea emonda antxinatik

bere profeta santuen ahoz:

71 salbatuko ginduzala

gure etsaien menpetik,

gorroto deuskuen guztien eskutik;

72 horrela agertu dau

gure gurasoekanako errukia

eta oroitu da bere itun santuaz,

73 gure arbaso Abrahami

egindako zin-hitzaz:

berak emongo euskula,

74 etsaien menpetik libraturik,

bildur barik bera otseintzea,

75 santutasun eta justiziaz,

beraren aurrean gure bizitza guztian.

76 Eta zuri, umetxo horri,

Goi-goikoaren profeta deituko deutsue,

Jaunaren aurretik joango zaralako

hari bidea prestatuz,

77 haren herriari salbamena,

pekatuen parkamena iragarriz.

78 Gure Jainkoaren

barru errukitsuari esker,

goiz-argia agertuko jaku zeru goitik,

79 ilunperik baltzenean dagozenei

argi egitera,

gure pausoak bake-bidetik zuzentzera».


    80 Haurra gorputzez hazten eta espirituz sendotzen joian; basamortuan bizi izan zan, Israel herriaren aurrean agertu beharreko egunera arte.


Jesusen Jaiotzea

(Mt 11,8-25)


    2,1 Sasoi haretan, mundu guztiko erroldaketea egiteko agindu eban Augusto enperadoreak*. 2 Lehen erroldaketa hau Siriako* gobernari Kirino zala egin zan. 3 Beraz, erroldatzera joan ziran danak, bakotxa bere herrira. 4 Josek ere, Daviden familia eta jatorrikoa zan-eta, Galileako Nazaret herritik Judeako Belen izeneko Daviden herrira igon eban 5 bere emazte Mariagaz, erroldatzera. Maria seindun egoan. 6 Belenen egozala, seina izateko egunak bete jakozan, eta 7 lehen-semea izan eban; oihaletan batu eta abere-aska baten jarri eban, ostatuan ez egoan-eta hareentzat lekurik.


Aingeruak eta artzainak


    8 Baziran inguru haretan artzain batzuk, gauez kanpoan artaldea txandaka zaintzen. 9 Jaunaren aingerua aurkeztu jaken eta Jaunaren aintzak argiz inguratu ebazan; hareik bildur-ikaraz gelditu ziran, 10 eta aingeruak esan eutsen: «Ez bildurtu! Hara, barrion pozgarria dakartsuet, bai zeuentzat, bai herri osoarentzat ere: 11 Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna, jaio jatzue gaur Daviden herrian. 12 Eta hona seinalea: jaiobarri bat aurkituko dozue oihaletan batua eta askan etzunda».

    13 Bat-batean, zeruko aingeru-talde handi bat azaldu zan aingeruaren inguruan, Jainkoa goresten: 14 «Aintza zeru goienean Jainkoari eta bakea lurrean berak hain maite dauzan gizon-emakumeei!»

    15 Aingeruek zerura alde egin ebenean, artzainek inotsoen alkarri: «Goazen Belenera Jaunak adierazi deuskun gertakari hori ikustera».

    16 Joan ziran lasterka eta han aurkitu ebezan Maria, Jose eta jaiobarria askan etzunda. 17 Ikusi ebenean, seintxo haretaz esan jakena kontatu eben. 18 Artzainek esandakoa entzun eben guztiak harriturik gelditu ziran. 19 Mariak, barriz, gertakari guztiok gogoan hartzen ebazan, bere barruan hausnartuz. 20 Artzainak entzun eta ikusi ebenekaitik Jainkoari aintzaka eta goraka bihurtu ziran, dana aingeruak esandako lez gertatu jaken-eta.

    21 Jaio eta zortzi egunera seina erdaindu ebenean, Jesus izena ezarri eutsoen, sortu aurretik aingeruak esandako lez.



Jesus tenpluan aurkeztua


    22 Moisesen legean agindutako garbikuntzea egiteko unea heldu jakenean*, gurasoek Jesus Jerusalemera eroan eben Jaunari aurkezteko. 23 Izan ere, holantxe agintzen dau Jaunaren legeak: Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko jakoz. 24 Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskeini eben: usapal bi edo usakume bi.

    25 Bazan Jerusalemen Simeon izeneko bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain egoana. Espiritu Santua beregaz eban 26 eta aditzera emona eutson ez zala hilgo Jaunak bialdutako Mesias ikusi barik. 27 Espirituak eraginik, tenplura joan zan eta, Jesusen gurasoak legeak agintzen ebana beteteko asmoz tenpluan sartzerakoan, 28 umea besoetan hartu eta Jainkoa goretsi eban esanez:


29 «Orain bai, Jauna,

zeuk hitz emondako lez,

itzi daikeozu zure morroi honi

bakean hilten!

30 Ikusi dabe nire begiok

zure Salbatzailea,

31 herri guztien aurrean zuk aurkeztua:

32 nazinoak argitzeko argi

eta zure herri Israelen ospe».


    33 Aitamak harriturik egozan Simeonek umeaz esaten ebanagaitik. 34 Simeonek bedeinkatu egin ebazan eta umearen ama Mariari esan eutson: «Begira, ume hau israeldar batzuentzat jauspide eta besteentzat jasobide izateko jarrita dago; eztabaidea sortuko dauan seinalea izango da, 35 horrela guztien asmo ezkutuak agerian gelditu daitezan. Eta zuri ere ezpateak zulatuko deutsu bihotza».

    36 Bazan profetesa bat ere, Ana, Fanuelen alabea, Aserren leinukoa. Urteetan oso aurreratua zan: gaztetan ezkondu eta zazpi urtez senarrarekin bizi izan ondoren, 37 alargun gelditu zan, eta bazituan laurogeita lau urte. Ez eban tenplutik urteten, eta gau eta egun Jainkoaren zerbitzuan ziharduan bertan, barau eta otoitz. 38 Une haretan aurkezturik, Jainkori eskerrak emoten hasi zan, eta umeari buruz hitz egiten Jerusalemen askapena itxaroten eben guztiei.


Nazaretera bihurtu


    39 Jaunaren legeak agintzen eban guztia bete ondoren, Jesusen gurasoak Galileara bihurtu ziran, Nazaret euren herrira. 40 Umea hazten eta sendotzen joian; jakinduriaz betea egoan eta Jainkoaren onespena beragaz eukan.


Jesus umea tenpluan


    41 Jesusen gurasoak Jerusalemera joaten ziran urtero erromes Pazko Jaietan. 42 Jesusek hamabi urte* bete ebazanean, jaietara joan ziran, ohitureari jarraituz. 43 Jaiak amaiturik, gurasoak etxera abiatu ziranean, Jesus umea Jerusalemen gelditu zan, hareek jakin barik. 44 Erromeskideen artean zalakoan egun beteko bidea egin ondoren, haren bila hasi ziran ahaide eta ezagunen artean. 45 Eta, aurkitzen ez-eta, Jerusalemera bihurtu ziran bila.

    46 Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu eben, lege-maisuen erdian jesarrita, entzuten eta galdetzen; 47 entzuten eutsoen guztiak txunditurik egozan erantzunetan azaltzen eban argitasunagaitik. 48 Ikusi ebenean, harrituta gelditu ziran gurasoak, eta amak esan eutson:

    —Seme, zergaitik egin deuskuzu hori? Ikusi ze larri genbiltzan aita eta biok zure bila!

    49 Harek erantzun eutsen:

    —Zergaitik zenbizen nire bila? Ez zenkien nik neure Aitaren gauzetan jardun behar dodala?

    50 Baina hareek ez eben ulertu zer esan gura eban. 51 Jesus eurekaz jatsi Nazaretera eta euren menpe bizi izan zan. Amak gogoan hartzen ebazan gertakari guztiok. 52 Jesus hazten joian, bai jakituriaz, bai gorputzez, eta Jainkoak eta gizakiek gero eta gogokoago eben.


Joan Bateatzailearen profetagintza (3,1-20)


Joan Bataiatzailearen profeta-deia

(Mt 31,6; Mk 1,1-6)


    3,1 Tiberio enperadorearen agintealdiko hamabosgarren urtean zan. Pontzio Pilato zan Judeako gobernari, Herodes Galileako agintari, honen anaia Felipe* Itureako eta Trakonitidako agintari, eta Lisanio Abileneko agintari; 2 Anas eta Kaifas ziran abade nagusi. Sasoi haretan, Joanek, Zakariasen semeak, Jainkoaren mezua hartu eban basamortuan*. 3 Jordan inguru guztian zehar ibili zan Joan, bihozbarritzeko eta bateatzeko hots eginez*, pekatuen parkamenerako. 4 Horrela, Isaias profetearen liburuan idatzirik dagoana* gertatu zan:


Ahots batek oihuka dihardu basamortuan:

Prestatu bidea Jaunari,

zuzendu bidexkak hari.

5 Bete daitezela sakanak,

beheratu mendi-muinoak;

bihurtu beitez zalai eta lautada

paraje latz eta malkarrak.

6 Orduan, gizaki guztiek ikusiko dabe

Jainkoak emoten dauan salbamena.


Epai-mehatxua

(Mt 3,7-10)


    7 Honela esaten eutson Joanek bateatzera etorkon jendeari: «Sugekumeok! Nork esan deutsue gainean dozuen haserre-zigorrari ihes egingo deutsozuela? 8 Agertu eizue zeuen egiteetan bihozbarrituak zagozela, eta ez hasi ‘Abrahamen ondorengo gara’ esaten. Egia esan, harriotatik ere atara daikez Jainkoak Abrahamen ondorengoak. 9 Gainera, prest dago aizkorea zuhaitza hondotik joteko: frutu onik emoten ez dauan zuhaitza moztu eta sutara botako da».



Bihozbarritzearen frutuak


    10 Jendeak galdetzen eutson Joani:

    —Zer egin behar dogu, ba?

    11 Harek erantzuten eutsen:

    —Soineko bi daukazanak emon deiola bat jantzirik ez daukanari, eta jatekoa daukanak ere banatu daiala.

    12 Joan ziran zergalari* batzuk ere bateatzera eta galdetu eutsoen:

    —Maisu, zer egin behar dogu?

    13 Harek erantzun eutsen:

    —Ez kendu inori legezko dana baino gehiago.

    14 Soldaduek ere galdetu eutsoen:

    —Eta guk, zer egin behar dogu?

    Joanek erantzun eutsen:

    —Ez atara inori dirurik gogorkeriaz, ez eta guzurrezko salakuntzaz ere; konforma zaiteze daukazuen soldateagaz.


Joanek ondoren datorrenaren barri emon

(Mt 3,11-12; Mk 1,7-8; Jn 1,19-28)


    15 Herria zain-zain egoan eta danak egozan pentsatzen Joan ez ete zan Mesias izango. 16 Joanek, ordea, danen  aurrean esan eban: «Nik urez bateatzen zaituet, baina badator ni baino alhaltsuago dana, eta ni ez naz inor haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere; horrek Espiritu Santuaz eta suz bateatuko zaitue. 17 Eskuan dau sardea garia garbitu eta garaua bere mandioan jasoteko; lastoa, barriz, inoiz amatatuko ez dan sutan erreko dau».

    18 Honela eta beste burubide askoren bidez adierazten eutson barriona herriari. 19 Baina Joanek aurpegira botaten eutsozan Herodes* agintariari bere anaiaren emazte Herodiasegaz alkartu izana eta gainerako gaiztakeria guztiak. 20 Horregaitik, Herodesek, aurreko makurkeria guztiez gainera, Joan kartzelan sartu eban.



Jesusen jatorria

eta deabruaren gaingo garaipena (3,214,13)


«Zeu zaitut nire semea»


(Mt 3,13-17; Mk 1,9-11)


    21 Herri guztiak bateatzen ziharduala*, Jesus ere bateatu egin zan eta, otoitzean egoala, zerua zabaldu 22 eta Espiritu Santua jatsi jakon gainera, uso-itxuran agertuz. Eta ahots hau etorri zan zerutik: «Zeu zaitut nire Semea, nire maitea, zeu zaitut atsegin*».


Jesusen genealogia*

(Mt 1,1-17)

    23 Jesusek hogeita hamarren bat urte ebazan bere egitekoari ekin eutsonean, eta jendearen ustetan Joseren semea zan; Jose, barriz, Elirena, 24 hau Matatena, hau Lebirena, hau Melkirena, hau Janairena, hau Joserena, 25 hau Matatiasena, hau Amosena, hau Nahumena, hau Heslirena, hau Nagairena, 26 hau Maatena, hau Matatiasena, hau Semeinena, hau Josekena, hau Jodarena, 27 hau Joananena, hau Resarena, hau Zorobabelena, hau Salatielena, hau Nerirena, 28 hau Melkirena, hau Adirana, hau Kosamena, hau Elmadamena, hau Errena, 29 hau Jesusena, hau Eliezerrena, hau Jorimena, hau Matatena, hau Lebirena, 30 hau Simeonena, hau Judarena, hau Joserena, hau Jonamena, hau Eliakimena, 31 hau Melearena, hau Menarena, hau Matatarena, hau Natanena, hau Davidena, 32 hau Jeserena, hau Jobedena, hau Boozena, hau Salarena, hau Naasonena, 33 hau Aminadabena, hau Adminena, hau Arnirena, hau Esromena, hau Faresena, hau Judarena, 34 hau Jakobena, hau Isaakena, hau Abrahamena, hau Tararena, hau Nahorrena, 35 hau Serugena, hau Ragaurena, hau Falekena, hau Eberrena, hau Salarena, 36 hau Kainamena, hau Arfaksadena, hau Semena, hau Noerena, hau Lamekena, 37 hau Matusalemena, hau Henokena, hau Jaretena, hau Maleleelena, hau Kainamena, 38 hau Enosena, hau Setena, hau Adamena, eta hau Jainkoarena.


Jesus tentaldian garaile

(Mt 4,1-11; Mk 1,12-13)


    4,1 Jesus Espiritu Santuaz* beterik bihurtu zan Jordandik. Espirituak eroanik, basamortuan ibili zan 2 berrogei egunez, deabruak tentatzen ebala. Egun hareetan ez eban ezer jan, eta azkenean gosetu egin zan. 3 Deabruak esan eutson, orduan:

    —Jainkoaren Semea zaranez, agindu harri honi ogi bihurtzeko.

    4 Jesusek erantzun eutson:

    —Liburu Santuan idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi.

    5 Ondoren, deabruak, toki garai batera eroanik, munduko erreinu guztiak erakutsi eutsozan une baten 6 eta esan eutson:

    —Hara, neureak dodaz erreinu ahaltsu eta aberats guztiok eta gura dodanari emon daikeodaz. 7 Beraz, adoratzen banozu, zeuretzat izango dozuz.

    8 Jesusek erantzun eutson:

    —Idatzia dago: Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera baino ez gurtu.

    9 Orduan, Jerusalemera zuzendu eban deabruak eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik, esan eutson:

    —Jainkoaren Semea zaranez, bota zeure burua hemendik behera, 10 idatzia dago-ta: Bere aingeruei aginduko deutse zu zaintzeko. 11 Besoetan eroango zaitue, harriekaz estropezu egin ez daizun.

    12 Baina Jesusek erantzun:

    —Agindua dago: Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa.

    13 Orduan, bere tentazino guztiak agorturik, deabruak alde egin eban Jesusengandik, hurrengo egokiera arte*.


GALILEAKO MISINOA (4,14—9,50)


Misinoa hasi

(Mt 4,12-17; Mk 1,14-15)


    14 Jesus, Espirituaren indarrez, Galileara bihurtu zan, eta inguru haretan guztian zabaldu zan haren barri. 15 Hango sinagogetan irakasten eutsen, danek goraltzen ebela.


Misino-egitaraua (4,16-30)


Nazaretera bisitan

(Mt 13,53-58; Mk 6,1-6)


    16 Nazaretera* joan zan, bera hazi zan herrira, eta zapatuan sinagogan sartu zan, ohiturea eukan lez, eta irakurgaia egitera zutundu. 17 Isaias profetearen liburua emon eutsoen eskura eta, irekitzean, pasarte hau aurkitu eban:


18 Jaunaren espiritua nire gainean dago,

berak nau bialdu gatibuei askatasuna

eta behartsuei barriona adieraztera,

itsuei ikusmena aldarrikatzera

eta zapalduak askatzera,

19 Jaunak bere ontasuna azalduko dauan

urtea iragartera*.


    20 Liburua itxi, laguntzaileari emon eta jesarri egin zan; danak sinagogan begira-begira eukazan. 21 Eta honela hasi jaken: «Gaur bete da profezia hau entzuten deustazuenontzat».

    22 Denek Jesusen alde hitz egiten eben eta harriturik egozan Jainkoaren ontasunaz esaten ebazanekaitik. Baina bainoen: «Hau ez da, ba, Joseren semea?» 23 Orduan, Jesusek esan eutsen: «Harako esaera ha gogoratuazoko deustazue, nonbait: ‘Sendagile, osatu zeure burua’, eta esango: ‘Egizuz hemen, zeure herrian ere, Kafarnaumen egin ei dozuzan gauzak’». 24 Eta gaineratu eban: «Benetan dinotsuet: Ez da profetarik bere herriari mesedegarri jakonik*. 25 Egiaz esaten deutsuet: Emakume alargun asko egoan Israelen Eliasen aldietan, hiru urte eta erdian euririk egin ez ebalarik, lurralde osoan gosete handia izan zanean; 26 hala ere, Jainkoak ez eban hareetako inorengana bialdu Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargun bategana baino. 27 Eta legendun asko egoan Israelen Eliseo profetearen aldietan; hala ere, ez eban hareetako inor osatu, Naaman siriarra baino».

    28 Hau entzutean, sinagogako danak amorruz bete ziran. 29 Eta, jagirik, Jesus herritik kanpora bota eta herria jasoa egoan mendiko troka batera zuzendu eben, handik behera jaurtiteko. 30 Baina Jesus hareen artetik igaro eta bere bidetik joan zan.


Jesusek nagusitasunez predikatzen

eta osatzen (4,31—5,16)


Jesusek deabruduna osatu. Jesusen hitzaren nagusitasuna (Mk 1,21-28)


    31 Jesusek, Galileako uri batera, Kafarnaumera, jatsi eta jendeari irakasten ziharduan zapatuan. 32 Haren irakaspenaz txunditurik egoan jende guztia, nagusitasunez hitz egiten eutsen-eta. 33 Bazen sinagoga haretan espiritu gaiztoaren menpe egoan* gizon bat. Eta oihu bizian esan eban:

    34—Alde hemendik! Zer dok gugaz, Nazareteko Jesus? Gu hondatzera hator? Bajakiat nor hazan: Jainkoaren Santua.

    35 Jesusek gogor eraso eutson:

    —Isildu hadi eta urten horrengandik!

    Deabruak jendartean lurrera bota eban gizona, baina ezelango kalterik egin barik urten eban harengandik. 36 Harri eta zur gelditu ziran denak, eta alkarri esaten eutsoen:

    —Zer da hau? Espiritu gaiztoei nagusitasunez eta indarrez agintzen deutse, eta horreek urten egiten dabe!

    37 Haren entzutea herrialde haretako bazter guztietara zabaldu zan.


Jesusek Simonen amaginarreba osatu

(Mt 8,14-15; Mk 1,29-31)


    38 Jesus, sinagogaitik urten eta Simonen etxean sartu zan. Simonen amaginarrebea sukar handiaz egoan, eta haren alde zeozer egiteko eskatu eutsoen. 39 Orduan, harengana makurturik, zorrotz agindu eutson sukarrari eta sukarrak alde egin eban; jagi zan amaginarrebea berehala eta zerbitzen hasi jaken.


Gaixo asko osatu

(Mt 8,16-17; Mk 1,32-34)


    40 Eguzkia sartu zanean, gaixoak eukezan guztiek, edozein gaisotasun zala ere, Jesusengana eroan ebezan; eta Harek, bakotxari eskuak ezarriz, osatu egin ebazan. 41 Askorengandik urten eben deabruek ere, deiadarka: «Jainkoaren Semea zara zu».

    Berak zorrotz galazoten eutsen hitz egitea, baekien-eta Mesias zala.


Jesus Judean zehar predikatzen

(Mk 1,35-39)


    42 Eguna zabaldu ebanean, Jesus herritik urten eta bazter bakarti batera joan zan. Jendea haren bila ebilen, eta, aurkiturik, eutsi egin nahi eutsoen, euren artetik alde egin ez eian. 43 Baina Harek esan eutsen: «Gainerako herriei ere iragarri behar deutset Jainkoaren erregetzaren barriona, Jainkoak horretarako bialdu nau-ta».

    44 Eta Judeako* sinagogetan ibili zan barriona iragarten.


Jesusek lehen ikasleei dei

(Mt 4,18-22; Mk 1,16-20)


    5,1 Behin baten, jendea gainera etorkon Jesusi, Jainkoaren mezua entzuteko; Jesus Genesaret aintzira-ertzean egoan. 2 Eta bi untzi ikusi ebazan ur-bazterrean: arrantzaleek, untzitik jatsita, sareak garbitzen ziharduen. 3 Igon eban bietako batera, Simonenera, eta untzia lehorretik apur bat aldentzeko eskatu eutson; gero, jesarri eta jendeari irakasten ziharduan untzitik. 4 Hitzaldia amaitu ebanean, Simoni esan eutson:

    —Jo itsaso zabalera eta bota sareak arrantzurako.

    5 Simonek erantzun eutson:

    —Maisu, gau guztian eginahalak egin eta ez dogu ezer hartu; baina, zeuk dinozun ezkero, botako dot sarea.

    6 Halan egin eben eta, hainbesteko arrantzua egin ebenez, sareak urratzeko zorian egozan. 7 Beste untziko lagunei keinu egin eutseen laguntzera etorteko; hurreratu ziran eta untzi biak ia-ia hondoratzeraino bete ebezan. 8 Gertatua ikusirik, Jesusen oinetara jausi zan Simon Pedro, esanez:

    —Alde nigandik, Jauna, pekataria naz eta!

    9 Izan ere, zur eta lur egozan eginiko arrantzuagaitik Pedro eta beronegaz ziranak, 10 bai eta Pedroren arrantzu-lagun Santiago eta Joan Zebedeoren semeak ere. Baina Jesusek esan eutson Simoni:

    —Ez bildurtu, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara.

    11 Untziak lehorrera atara ebezan eta, dana* itzirik, jarraitu egin eutsoen.


Jesusek legenduna osatu

(Mt 8,1-4; Mk 1,40-45)


    12 Behin, Jesus herri baten zala, legenaz jositako gizon bat azaldu zan; Jesus ikustean, ahuspez lurrera jausi eta erregutu eutson:

    —Jauna, nahi badozu, garbitu naikezu.

    13 Orduan, Jesusek eskua luzatu eta ikutu egin eban, esanez:

    —Nahi dot, izan zaitez garbi.

    Berehala alde egin eutson legenak.

    14 Jesusek inori ez adierazteko agindu eutson eta esan:

    —Zoaz, azaldu abadeagana eta eskeini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa, ezaugarri izan daien*.

    15 Gero eta gehiago hitz egiten zan Jesusi buruz, eta jende-talde handiak batzen ziran hari entzutera eta berak gatxetatik osatu eizan. 16 Jesus, ordea, toki bakartietara joaten zan otoitz egitera.


Jesus fariseuekin eztabaidan (5,17—6,11)


Pekatuen parkamenari buruz: elbarriaren osakuntzea

(Mt 9,1-8; Mk 2,1-12)


    17 Egun baten, Jesusek irakasten ziharduan eta han egozan jesarrita fariseu eta lege-maisu batzuk, Galileako auzo guztietatik, Judeatik eta Jerusalemdik etorriak. Jaunaren indarra berekin eban eta osatzera eragiten eutson. 18 Haretan, gizon batzuk azaldu ziran elbarri bat esku-ohean ekarriz, eta barrura sartu nahi eben, Jesusen aurrean ipinteko. 19 Jendetzagaitik ez ebelako nondik sartu aurkitzen, teilatura igon eta, teilak kendurik, esku-ohe eta guzti eratsi eben erdi-erdira, Jesusen aurrera. 20 Honek, lagun hareen sinismena ikusirik, esan eban:

    —Gizona, parkatuak dozuz pekatuak.

    21 Lege-maisuak eta fariseuak gogoetaka hasi ziran: «Nor da holan biraoka diharduan hau*? Nork parkatu daikez pekatuak Jainkoak baino?» 22 Baina Jesusek hareen gogoetak igarri eta esan eutsen: «Zergaitik dozuez holako gogoetak zuen barruan? 23 Zer da errazago: ‘Parkatuak dozuz pekatuak’ esatea ala ‘Jagi eta ibili zaitez’ esatea? 24 Oraintxe ikusiko dozue, ba, Gizonaren Semeak badauala mundu honetan pekatuak parkatzeko ahalmena».

    Eta esan eutson elbarriari:

    —Zuri dinotsut: Jagi, hartu esku-ohea eta zoaz etxera.

    25 Une berean, elbarria, hareen aurrean jagi, etzunda egoaneko esku-ohea hartu eta etxera joan zan Jainkoa goresten. 26 Harriturik gelditu ziran danak eta Jainkoa goresten eben. Bildurraren bildurrez holan inoen: «Gauza apartak ikusi ditugu gaur».


Lebiri deia. Jesus pekatariekaz bazkaltzen

(Mt 9,9-13; Mk 2,13-17)


    27 Ondoren, urten eban Jesusek handik eta Lebi izeneko zergalari bat ikusi eban, zerga* batzeko mahaian jesarrita, eta esan eutson:

    —Jarraitu niri.

    28 Lebik, dana itzirik, zutundu eta jarraitu egin eutson.

    29 Lebik bazkari ederra emon eutson Jesusi bere etxean; Jesusegaz eta honen ikasleekaz batera jende asko egoan mahaian, zergalari eta beste. 30 Fariseu eta euren lege-maisuak marmarrean ibilkiezan ikasleei, esanez:

    —Zelan jaten eta edaten dozue zergalari eta pekatariekaz*?

    31 Jesusek erantzun eutsen:

    —Ez dabe osasundunek sendagilea behar, gaixoek baino; 32 ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino, bihozbarritu daitezen.


Barauari buruz. Zaharra eta barria

(Mt 9,14-17; Mk 2,18-22)


    33 Orduan, fariseuek eta lege-maisuek esan eutsoen Jesusi:

    —Joanen ikasleek sarri egiten dabe barau* eta otoitz, gauza bera gure ikasleek ere; zureak, ordea, jan eta edan dabilz.

    34 Jesusek erantzun eutsen:

    —Zelan nahi dozue ezteguetara deituek* barau egitea, senar-barria eurekaz daukela? 35 Etorriko jake, bai, senar-barria kenduko deutseen eguna; orduan, egun haretan, egingo dabe barau.

    36 Parabola hau ere esan eutsen: «Inork ez deutso jantzi zaharrari jantzi barriari kendutako ipingirik josten; bestela, jantzi barria hondatu egingo litzateke eta ez leuskio zaharrari barriaren ipingia egoki etorriko. 37 Zaragi zaharretan ere ez dau inork ardau barririk sartzen; ardau barriak zaragiak lehertu egingo leukez, eta ardaua isuri eta zaragiak galdu egingo lirateke. 38 Ez!, ardau barria zaragi barrietan sartu behar da. 39 Eta ardau zaharragaz ohituak ez dau barririk gura, ‘Zaharra hobea dok’ esaten dau-eta».


Jaiegunari buruz

(Mt 12,1-8; Mk 2,23-28)


    6,1 Behin baten, zapatuz, gari-solo baten zehar joioan Jesus. Eta ikasleek, galburuak hartu eta eskuan garandurik, jan egiten ebezan. 2 Fariseu batzuk esan eutseen:

    —Zelan diharduze egiten, zapatuz zilegi ez dana*?

    3 Jesusek erantzun eutsen:

    —Ez dozue irakurri Davidek egin ebana, bera eta bere lagunak gosez aurkitu ziranean? 4 Jainkoaren etxean sartu, Jaunari eskeinitako ogiak hartu eta jan egin ebezan, eta bere lagunei ere emon eutsezan, legez abadeek baino jan ezin leikeezan ogiak izanik.

    5 Eta, gainera, esan eutsen:

    —Zapatuaren nagusi da Gizonaren Semea.


Elbarria zapatuz osatua

(Mt 12,9-14; Mk 3,1-6)


    6 Beste zapatu batez, sinagogan sartu zan Jesus irakastera. Bazan han eskoiko besoa elbarri eukan gizon bat. 7 Lege-maisu eta fariseuak zelatan egokozan ea zapatuz osatzen ete eban, zertan salatu izateko. 8 Jesusek, hareen gogoetak igarririk, beso-elbarriari esan eutson:

    —Jagi eta urten eizu erdira.

    Harek jagi eta urten egin eban. 9 Jesusek esan eutsen, orduan:

    —Galdera bat: zapatuz zer dogu legezko, on egitea ala kalte egitea, bizia salbatzea ala kentzea?

    10 Eta, inguruko guztiei begira, honela esan eutson gizonari:

    —Luzatu beso hori.

    Luzatu eban, eta osatu egin jakon.

    11 Lege-maisu eta fariseuak euren onetik urtenda gelditu ziran, eta Jesusi zer egingo ziharduen euren artean.


Lautadako hitzaldia:

Jainkoaren erregetzeari buruz (6,12-49)


Jesusek hamabi apostoluak izendatu

(Mt 10,1-4; Mk 3,13-19)


    12 Egun hareetako baten, Jesus mendira joan zan otoitz egitera, eta Jainkoari otoitzean igaro eban gaua. 13 Eguna argitu ebanean, ikasleei deitu eta hareetako hamabi aukeratu ebazan, eta apostolu izena emon eutsen: 14 Simon —honi Pedro izena emon eutson—, honen anaia Andres, Santiago, Joan, Felipe, Bartolome, 15 Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Simon —Zelote* eritzona—, 16 Judas Santiagorena eta Judas Iskariote* —Jesusen saltzaile gertatu zana—.


Jesusi jende-taldea batu

(Mt 4,23-25; Mk 3,7-12)


    17 Jesus, ikasleekin menditik jatsi ondoren, zelaigune baten gelditu zan. Ikasleetariko asko ziran beragaz; bai eta herriko jende-talde handia ere, Judea osotik, Jerusalemdik eta Tiro eta Sidongo* itsasaldetik etorria, 18 hari entzutera eta berak gatxetatik osatu eizan. Espiritu gaiztoek oinazetuak osaturik gelditzen ziran. 19 Jende guztiak Jesus ikutu nahi eban, danak osatzen ebazan halako indar bat erion-eta.


Zoriontasunak eta madarikazinoak

(Mt 5,1-12)


    20 Jesusek, ikasleei begira, honela esan eban:

    «Zorionekoak behartsuok*, zeuek dozue-ta Jainkoa errege.

    21 «Zorionekoak orain gose zareenok, aseko zaitue-ta Jainkoak.

    «Zorionekoak orain negar egiten dozuenok, barre egingo dozue-ta.

    22 «Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dala eta, jendeak gorrotatu, kanpora bota eta madarikatuko zaitueenean eta izen txarra emongo deutsueenean. 23 Poztu zaiteze egun horretan eta egin pozez jauzi, handia izango da-ta zuen saria zeruan; gauza bera egin eutseen profetei jende horren gurasoek*.

    24 «Baina ai zuek, aberatsok, badozue-ta zeuen poza!

    25 «Ai zuek, orain aseak zagozenok, gose izango zaree-eta!

    «Ai zuek, orain barre egiten dozuenok, aiene eta negar egingo dozue-ta!

    26 «Ai zuek, mundu guztiak zuetaz ondo hitz egingo dauanean, gauza bera egin eutseen-eta sasiprofetei jende horren gurasoek!


Arerioenganako maitasuna

(Mt 5,38-48; 7,12)


    27 «Baina zuei, entzuleoi, hauxe dinotsuet: Maitatu arerioak, egin ondo gorroto deutsueenei, 28 bedeinkatu madarikatzen zaitueenak, egin otoitz izen ona kentzen deutsueenen alde.

    29 «Masaila baten joten zaituanari eskeini bestea ere; soingainekoa kentzen deutsunari, ez ukatu soinekoa ere. 30 Eskatzen deutsun edonori, emon, eta zeurea kentzen deutsunari, ez bihurtuazo. 31 Eta besteek zuei egitea nahi dozuena, egin zeuek ere besteei.

    32 «Maite zaitueenak baino maite ez badozuez, zer esker on zor jatzue? pekatariek ere maite dabez euren maitaleak. 33 Eta ondo egiten deutsueenei baino egiten ez badeutsezue ondo, zer esker on zor jatzue? pekatariek ere egiten dabe beste horrenbeste. 34 Eta ordaina hartzekotan baino emoten ez badozue maileguz, zer esker on zor jatzue? pekatariek ere aurreratzen deutsoe alkarri, beste hainbeste hartzekotan. 35 Ez! Zuek maitatu arerioak, egin on eta emon maileguz ordainari begiratu barik: handia izango da zuen saria eta Goi-goikoaren seme-alaba izango zaree, ona da-ta bera esker txarreko eta gaiztoentzat. 36 Izan zaiteze errukitsuak, zuen Aita errukitsua* dan lez.


Ez gaitzetsi inor

(Mt 7,1-5)


    37 «Ez gaitzetsi inor eta Jainkoak ere ez zaitue gaitzetsiko; ez kondenatu inor eta Jainkoak ere ez zaitue kondenatuko; parkatu, eta Jainkoak ere parkatuko deutsue; 38 emon, eta emongo deutsue: neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emongo deutsue altzora. Izan ere, zuek ze neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaitue Jainkoak».

    39 Eta parabola bat ere esan eutsen: « Izan ete leiteke itsua itsuaren gidari? Ez ete dira biak zulora jausiko? 40 Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, baina ondo eskolaturiko ikaslea irakaslea haina izango da.

    41 «Zelan ikusten dozu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko hageaz ohartzen ez? 42 zelan esan zeikeo senideari: ‘Adiskide, itzi begian dozun lasto-izpia ataraten’, zuk zeurean dozun hagea ikusten ez dozula? Itxurazale hori! Kendu lehenengo zeure begitik hagea, eta orduan ikusiko dozu garbi, senidearen begitik lasto-izpia atarateko.


Zuhaitza eta frutua

(Mt 7,16-20; 12,33-35)


    43 «Ez dago zuhaitz onik frutu txarra emoten dauanik, ez eta zuhaitz txarrik ere frutu ona emoten dauanik. 44 Bere frutuetatik antzemoten jako zuhaitzari; ez da arantzatik ikorik batzen, ez eta sasitik ere mahatsik hartzen. 45 Ona danak ona ataraten dau bere barruko ontasun-altxorretik; eta gaiztoak txarkeria bere txarkeria altxorretik. Ahoak esan, bihotzari gainezka darionetik esaten dau-eta.


Benetako ikasleak

(Mt 7,24-27)


    46 «Zergaitik esaten deustazue ‘Jauna, Jauna’, eta ez dozue egiten esaten deutsuedana? 47 Erakutsiko deutsuet noren antzeko dan nigana hurreratu eta nire esanak entzun eta beteten dituena: 48 etxea egitean, zulatu, sakondu eta oinarriak hatxean hartu ebazan gizon baten antzekoa da. Uholdea gertaturik, jo eban ur-boladak etxea, baina ezin izan eban dardaratuazo, sendo egina zan-eta. 49 Entzun bai, baina beteten ez dituena, barriz, etxea lur gainean, oinarririk barik, egin eban gizonaren antzekoa da. Jo eban ur-boladak eta berehala jausi zan, eta dana hondatuta gelditu».


Jainkoaren erregetza heldu deneko ezaugarriak (7,1-50)


Erromatar ehuntariaren sinismena

(Mt 8,5-13; Jn 4,46-54)


    7,1 Herriari egindako hitzaldi hau amaiturik, Jesus Kafarnaumen sartu zan. 2 Bazan han erromatar ehuntari bat, eta honek morroi bat eban oso maitea; morroia gaizki egoan, hilzorian. 3 Jesusen barri entzunik, judu-buruzagi batzuk bialdu eutsozan, morroia osatzera etorteko erreguaz. 4 Joan ziran Jesusengana, eta arren eta arren eskatu eutsoen: «Merezi dau zuk hori egitea, 5 maite dau-ta gure herria eta berak egin deusku sinagogea ere».

    6 Jesus eurekin joan zan. Etxetik hur zala, lagun batzuk bialdu eutsozan ehuntariak esatera: «Ez hartu nekerik, Jauna, ni ez naz-eta inor zu nire etxean sartzeko. 7 Horregaitik, ez naz ausartu zuregana neu joaten; nahikoa dozu hitz bat esatea, nire morroia osatzeko. 8 Neuk ere, menpekoa izanagaitik, soldaduak dodaz menpean, eta bati joateko agintzen badeutsot, joan egiten da, beste bati etorteko agindu eta etorri, morroiari zeozer egiteko esan eta halan egiten dau».

    9 Hau entzutean, Jesus harritu egin zan haretaz eta, ondoren etorkon jendeagana bihurturik, esan eban: «Egia esan, Israelen bertan ere ez dot aurkitu horrelako sinistedunik».

    10 Mandatariek, etxera itzultzean, osatuta aurkitu eben morroia.


Emakume alargunaren semea biztu


    11 Ondoren, Nain* izeneko herri batera joan zan Jesus, bere ikasleak eta jende asko lagun ebazala. 12 Herriko sarrerara hurreratu zanean, hildako bat, ama alargun baten seme bakarra, eroien lur emotera. Herriko jende asko joian amagaz. 13 Hau ikustean, errukitu egin jakon Jauna eta esan eutson: «Ez egin negarrik».

    14 Aurreraturik, hilkutxa ikutu eban, eta eroienak gelditu egin ziran. Orduan, esan eban: «Gazte, zeuri dinotsut: Jagi!»

    15 Jagi zan hildakoa eta berbetan hasi, eta Jesusek amari bihurtu eutson. 16 Bildurrak hartu ebazan danak, eta Jainkoa goresten eben, esanez: «Profeta handi bat sortu da gure artean». Eta hauxe ere bai: «Jainkoa bere herria salbatzera etorri da*».

    17 Judea eta inguruko lurralde guztian zabaldu zan gertaera honen barri.


Joan Bataiatzailearen galdera eta Jesusen autortza

(Mt 11,2-19)


    18 Kontatu eutsoen hau guztia Joani bere ikasleek, eta Harek, ikasleetariko biri deiturik, 19 Jaunarengana bialdu ebazan galdetzera: «Zu zara ‘Etortekoa*’, ala besteren baten zain egon behar dogu?»

    20 Joan ziran, ba, hareik Jesusengana eta esan eutsoen:

    —Joan Bataiatzaileak bialdu gaitu zuri galdetzera: «Zu zara ‘Etortekoa’ ala besteren baten zain egon behar dogu?»

    21 Une haretan, gatx, gaisotasun eta espiritu gaiztoak eukazan jende asko osatu eban Jesusek, eta itsu askori ikusmena bihurtu eutsen. 22 Ondoren, mandatariei erantzun eutsen:

    —Zoaze eta esan Joani ikusi eta entzun dozuena: itsuek ikusi egiten dabe, herrenak badabilz, legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten, hildakoak biztu egiten dira eta behartsuei barriona emoten jake. 23 Eta zoriontsua sinisteko oztoporik nigan aurkitzen ez dauana*!

    24 Joanen mandatariek alde egin ebenean, Jesus Joani buruz hitz egiten hasi jakon jendeari: «Zer ikustera urten zenduen basamortura? Haizeak kulunka darabilan kainaberea? 25 Zer ikustera urten zenduen, bestela? Soineko apainez jantzitako gizona? Jantzi ederrez eta luxuan dabizanak errege-jauregietan bizi izaten dira. 26 Zer ikustera urten zenduen, ba? Profetaren bat? Bai, jakina, eta profeta baino ere handiagoa. 27 Berataz dago idatzita Liburu Santuan: Begira, neure mezularia bialtzen dot zure aurretik; Berak prestatuko deutsu aurretik bidea. 28 Egia esan, ez da amaren semerik Joan baino* handiagorik; hala ere, Jainkoaren erreinuko txikiena ere ha baino handiago da.

    29 «Joani entzun eutson herri osoak, bai eta zergalariek ere, Jainkoak arrazoi ebala autortu eben, haren bateoa hartuz. 30 Fariseu eta lege-maisuek, ordea, huts eragin eutsoen Jainkoak eurentzat eukan asmoari, ez eben-eta Joanen bateoa hartu.

    31 «Norekin konparatuko dot, ba, gizaldi honetako jendea? Noren antzeko dira? 32 Plazan jesarrita dagozan mutikoen antzeko dira, alkarri holantxe dinotsoe-ta: ‘Jo deutsuegu txistua eta zuek dantzarik ez; hiletak jo eta zuek negarrik ez’.

    33 «Etorri da-ta Joan Bataiatzailea, ez jan eta ez edan egiten ez ebala, eta burutik egina dagoala* dinozue. 34 Etorri da Gizonaren Semea, jaten eta edaten dauala, eta esaten dozue: ‘A zer tripazain eta mozkorra, zergalari eta pekatarien laguna!’ 35 Baina Jainkoaren jakituria zuzena dala autortzen dabe bera onartzen daben guztiek*».


Fariseua eta emakume pekatari parkatua


    36 Behin baten, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu eban Jesus. Joan zan, ba, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zan. 37 Haretan, emakume bat, herrian pekatari lez ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zala jakinik, bertara joan zan, harzurizko ontzi bat ukendu eroiala. 38 Jesusen atzean oinen ondoan* jarri zan negarrez, eta oinak malkoz bustitzen hasi jakon; gero, uleaz lehortu eta musukatuz, ukenduz igursten eutsozan.

    39 Hau ikustean, gonbidatu eban fariseuak bere barruan inoan: «Benetan profeta balitz, jakingo leuke zelango emakumea dan bera ikutzen dauana, pekataria da-ta».

    40 Jesusek esan eutson:

    —Simon, badot zeozer zuri esateko.

    Harek erantzun:

    —Esaidazu, Maisu.

    41—Diru-mailegari batek bi zordun ebazan: batak bostehun denario zor eutsozan eta besteak berrogeita hamar. 42 Zerez ordaindurik ez eukela-ta, parkatu egin eutsen biei. Bietako zeinek izango ete dau maiteen?

    43 Simonek erantzun eutson:

    —Gehien parkatu eutsonak, nik uste.

    Jesusek esan eutson:

    —Zuzen dinozu.

    44 Eta, emakumeagana bihurturik, Simoni esan eutson:

    —Ikusten dozu emakume hau? Zure etxean sartu nazanean, ez deustazu oinak garbitzeko urik eskeini; honek, barriz, malkoz busti deustaz oinak eta bere uleaz sikatu. 45 Zuk ez nozu musu emonez agurtu; hau, barriz, sartu danetik* ez da gelditu nire oinei musuka. 46 Zuk ez deustazu burua orioz igurtzi; honek, barriz, oinak ukenduz igurtzi deustaz. 47 Beraz, hauxe dinotsut: pekatu asko ditu, baina hainbesteko maitasuna ageri badau, Jainkoak parkatu deutsozan seinalea da; gitxi parkatzen jakonak maitasun gitxi agertzen dau.

    48 Eta emakumeari esan eutson: «Parkatuak dituzu zure pekatuak».

    49 Beste bazkaltiarrak euren artean hasi ziran esaten: «Nor ete dogu pekatuak parkatu ere egiten dituen hau?»

    50 Baina Jesusek esan eutson emakumeari: «Zeure sinismenak salbatu zaitu; zoaz bakean».


Mezuari buruzko jarrerak (8,1-21)


Jesusegaz joian taldea


    8,1 Honen ondoren, herriz herri eta auzorik auzo ibili zan Jesus, Jainkoaren erregetzearen barriona iragarriz. Beragaz ebazan Hamabiak, 2 bai eta espiritu gaiztoetatik eta gatxetatik osatu ebazan emakume batzuk ere*: Magdalako Maria —honegandik zazpi deabru bota ebazan—, 3 Joana —Herodesen etxezain Kusaren emaztea—, Susana eta beste asko. Guztiok euren ondasunez laguntzen eutseen Jesusi eta honen ikasleei*.


Ereilearen parabolea

(Mt 13,1-9; Mk 4,1-9)


    4 Herri guztietatik etorritako jendetza handia batu jakon baten, parabola hau esan eutsen Jesusek: 5 «Urten eban behin ereileak hazia ereitera. Ereitean, ale batzuk bide-bazterrean jausi ziran; zapaldu egin ebezan eta txoriek jan. 6 Beste batzuk harri gainean jausi ziran, eta ernetzean ihartu egin ziran, hezetasunik ez ebelako. 7 Beste ale batzuk sasi artean jausi ziran, eta sasiek, hareekaz batera ernerik, ito egin ebezan. 8 Besteak lur gozoan jausi ziran; erne eta bateko ehun emon eben frutu».

    Hau esanik, honela egin eban oihu: «Ulertzeko gauza danak ulertu bei».


Zergaitik parabola hau?

(Mt 13,10-17; Mk 4,10-12)


    9 Orduan, parabola horrek zer esan gura eban galdetu eutsoen ikasleek Jesusi. 10 Honek hauxe esan eutsen: «Zuei Jainkoaren erregetzearen misterioak ezagutzea emon jatzue; gainerakoei, ostera, parabola bidez hitz egiten deutset. Horrela, ikusten dabe, bai, baina ohartzen ez; entzuten dabe, bai, baina ulertzen ez.


Ereilearen parabolearen azalpena

(Mt 13,18-23; Mk 4,13-20)


    11 «Hona hemen, ba, parabolearen esangurea: Hazia Jainkoaren mezua da. 12 Bide-bazterreko hazia langoak, honeexek dira: mezua entzuten dabenak, baina deabrua etorten jake eta mezua kendu egiten deutse euren bihotzetik, sinistu eta salbatu ez daitezan. 13 Harri gaineko hazia langoak, honeexek dira: mezua entzutean, pozik onartzen dabenak; baina, sustrairik bakoak izanik, alditxo baten sinisten dabe, baina tentaldi-garaian huts egiten. 14 Sasi arteko hazia langoak, barriz, honeexek: mezua entzuten dabenak, baina, bizitzako ardura, diru eta atsegin artean, itota gelditzen dira eta frutu emotera heltzen ez. 15 Lur oneko hazia langoak, honeexek dira: mezua bihotz on eta zabalez entzunik, barruan gorde eta iraupenez frutu emoten dabenak.


Mezua entzun eta onartu beharra

(Mt 5,15; Mk 4,21-25)


    16 «Inork ez dau kriseilua biztu eta ontzipean gordeten edo ohepean ipinten, argimutilaren gainean baino, sartzen diranek argia ikusi daien. 17 Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez danik, ez eta ezkutuan ere jakingo eta argitaratuko ez danik. 18 Kontu izan, ba, zelan entzuten dozuen; izan ere, daukanari emon egingo jako; ez daukanari, ostera, euki daukala uste dauana ere kendu egingo jako».


Jesusen egiazko familia

(Mt 12,46-50; Mk 3,31-35)


    19 Joan jakozan Jesusi bere ama eta anai-arrebak*, baina jendearen jendez ezin heldu ziran beraganaino. 20 Eta jakinazo eutsoen:

    —Ama eta anai-arrebak dozuz kanpoan, zu ikusi guran.

    21 Jesusek, barriz, erantzun eutsen:

    —Honeexek ditut nik ama eta anai-arreba: Jainkoaren hitza entzun eta beteten dabenak.


Ikasleen aurrean ezaugarriak

eta Hamabien Bialketa (8,22—9,17)


Jesusek ekatxa baretu

(Mt 8,23-27; Mk 4,35-41)


    22 Egun baten, Jesusek untzi batera igon eban bere ikasleekaz eta esan eutsen: «Goazen aintziraz beste aldera». Eta untziz urten eben.

    23 Bajoiazala, loak hartu eban Jesus. Aintziran haize-boladea sortu zala, untzia urez beteten egoken eta arriskuan egozan. 24 Ikasleek, Jesusengana hurreraturik, esnatuazo egin eben, esanez:

    —Maisu, Maisu! Galzorian gagoz!

    Harek, itxarturik, haserre egin eutsen haizeari eta olatuei; honeik oneratu eta dana bare gelditu zan. 25 Orduan, esan eutsen ikasleei:

    —Non da zuen sinismena?

    Hareek, bildurrez eta harriturik, alkarri inotsoen: «Nor ete dogu hau, haizeari eta urari ere agindu eta esana egiten deutsoe-ta?»


Jesusek Gerasako deabruduna osatu

(Mt 8,28-34; Mk 5,1-20)


    26 Gerasatarren* lurraldera, Galileaz beste aldeko aintzira-bazterrera, heldu ziran. 27 Jesus lehorrera jatsi zaneko, herriko gizon batek, deabrudunak, urten eutson bidera; aspalditik jantzi barik ebilan, eta ez zan etxean bizi, hilobietan baino. 28 Jesus ikustean, oihuka hasi eta, aurrean ahuspezturik, deadarka esan eban:

    —Zer dozu nirekin, Jesus, Goi-goikoaren Seme horrek? Arren, ez naizu oinazetu.

    29 Izan ere, gizon harengandik urteteko agindu eutson-eta Jesusek espiritu gaiztoari. Sarritan hartzen ebalako deabruak bere menpe; eta, zaintzeko girgiluz eta katez lotzen baeben ere, lokarriak hausi egiten ebazan, eta deabruak toki bakartietara bultzatzen eban.

    30 Orduan, Jesusek galdetu eutson:

    —Zelan daukak izena?

    Harek erantzun:

    —Taldea*.

    Deabru asko ziran-eta harengan sartuak. 31 Eta leize-zulora ez bialtzeko* erregutu eutsoen Jesusi.

    32 Baebilan han txarri-talde on bat mendian uxarrean. Euretan sartzen izteko erregutu eutsoen deabruek Jesusi. Honek baimena emon eutsen. 33 Deabruak gizonarengandik urten eta txarriengan sartu ziran, eta txarri-taldea trokan behera aintzirara joan zan eta ito. 34 Gertatua ikustean, txarrizainek ihes egin eta herrian eta auzoetan zabaldu eben barria. 35 Orduan, zer gertatu ete zan ikustera urten eban jendeak. Jesusen ondora heltzean, han aurkitu eben Jesusen oinetan jesarrita* deabruak atara eutsozan gizona, jantzita eta bere onean, eta biziro izutu ziran. 36 Gertatua ikusi ebenek deabruduna zelan osatua izan zan kontatu eutson jendeari. 37 Orduan, Gerasa inguru hartako jende guztiak euren artetik alde egiteko eskatu eutson Jesusi, bildurrak jota egozan-eta. Jesus untziratu eta bihurtu egin zan. 38 Deabruak atera eutsozan gizonak beragaz ibilten izteko eskatu eutson; baina Jesusek bialdu egin eban, esanez: 39 «Bihurtu zaitez etxera, eta kontatu eizu Jainkoak egin deutsun guztia».

    Eta han joan zan, Jesusek egin eutsona herri guztian zabalduz.


Odol-jarioa eban emakumea eta Jairoren alabea

(Mt 9,18-26; Mk 5,21-43)


    40 Jesus bihurtu zanean, jendeak ondo etorria egin eutson, danak haren zain egozan-eta. 41 Haretan, Jairo eritxon gizon bat etorri jakon, sinagogako buruzagia. Eta Jesusen oinetan ahuspezturik, arren eta arren bere etxera etorteko eskatzen eutson, 42 bere alaba bakarra, hamabiren bat urtekoa, hilzorian eukala-eta.

    Bidean, jendeak ito beharrean estutzen eban. 43 Bazan han emakume bat, hamabi urte hareetan odol-jarioz egoana. Bere diru guztiak mediku artean eralgi ebazan*, baina ezin izan eban inork osatu. 44 Atzetik hurreratu eta soineko-ertza* ikutu eutson Jesusi; eta bat-batean odol-jarioa gelditu egin jakon. 45 Jesusek galdetu eban:

    —Nork ikutu nau?

    Danek ezetz inotsoela, Pedrok* esan eutson:

    —Maisu, ez zaitu, ba, jende guztiak lehertu beharrean estutzen?

    46 Baina Jesusek esan eban:

    —Nonork ikutu nau, niregandik indar batek urten dauala sumatu dot-eta.

    47 Orduan, emakumeak, bere burua ezin ebala gorde ikusiz, bildurrez dardar Jesusen oinetara jausi eta jende guztiaren aurrean agertu eban zergaitik ikutu eban eta zelan bat-batean osatuta geratu zan. 48 Jesusek esan eutson: «Ene alaba, zeure sinismenak osatu zaitu; zoaz bakean».

    49 Oraindik berbetan ziharduala, sinagogako buruzagiaren etxetik morroi bat etorri zan esatera: «Hil jatzu alabea; ez emon gehiago nekerik Maisuari». 50 Baina Jesusek, hori entzunik, esan eutson: «Ez izan bildurrik; zuk sinistu, eta salbatuko da».

    51 Etxera heldu ziranean, ez eutson inori ere itzi berekin sartzen, Pedro, Joan eta Santiagori eta neskatilearen gurasoei izan ezik. 52 Danak negarrez eta aieneka egozan neskeagaitik. Jesusek esan eutsen: «Ez egin negarrik; ez dago hilda, lo dago».

    53 Hareek barre egiten eutsoen, baekien-eta hilda egoana. 54 Baina Jesusek eskutik heldu eta hots egin eutson: «Neskatila, jagi zaitez». 55 Neskatileari arnasea etorri jakon eta bat-batean zutundu zan, eta hari jaten emoteko agindu eutsen Jesusek. 56 Gurasoak zurtz eginda gelditu ziran. Jesusek gertatua inori ez esateko agindu eutsen.


Jesusek Hamabiak bialdu

(Mt 10,1.5-15; Mk 6,7-13)


    9,1 Jesusek, Hamabiak beragana baturik, deabru guztiak botateko eta gatxak osatzeko indarra eta ahalmena emon eutsezan. 2 Eta Jainkoaren erregetzea iragartera eta gaixoak osatzera bialdu ebazan, 3 esanez: «Ez hartu ezer ere biderako, ez makilarik, ez zakutorik, ez ogirik, ez dirurik, eta ez daiala inork aldatzeko jantzirik eroan. 4 Edozein etxetan sartzen zareela, gelditu bertan herri haretatik urten arte. 5 Eta onartzen ez bazaituee, herri haretatik alde egitean, astindu zuen oinetako hautsa*, euren kontrako seinaletzat».

    6 Urten eben, ba, eta herriz herri joan ziran, barriona iragarriz eta alde guztietan gaixoak osatuz.


Herodesek ez daki zer pentsa

(Mt 14,1-2; Mk 6,14-16)


    7 Jakin eban Herodes* agintariak gertatzen zan guztia, eta zer pentsa ez ekiala egoan. Batzuk Joan hilen artetik biztu zala inotsoen; 8 beste batzuk Elias profeta azaldu zala; beste hainbatek, barriz, antxinako profetaren bat biztu zala. 9 Herodesek, barriz, holan inoan: «Joani neuk moztu neutson lepoa. Nor da, ba, hau, horrelakoak entzuten dodaz-eta beroni buruz?» Eta Jesus ezagutzeko egokiera bila ebilan*.


Jesusek jendetzeari jaten emon

(Mt 14,13-21; Mk 6,30-44; Jn 6,1-14)


    10 Apostoluek, bihurtzean, egin eben guztia kontatu eutsoen Jesusi. Orduan, hareik beragaz hartu eta Betsaida eritzon herrialdera joan zan bakarrik. 11 Baina ohartu zan jendea eta jarraitu egin eutson. Jesusek ondo hartu ebazan eta Jainkoaren erregetzaz hitz egin eutsen eta premina euken guztiak osatu ebazan.

    12 Eguna iluntzen hasia zan. Hamabiak hurreratu eta esan eutsoen Jesusi:

    —Bialdu eizu jendea inguruko auzo eta baserrietara, ostatu eta janaren bila joan daitezan, hemen oso aparte gagoz-eta.

    13 Baina Harek erantzun eutsen:

    —Emon zeuek jaten.

    Hareek, orduan:

    —Ez daukagu bost ogi eta arrain bi besterik, jende  guzti honentzat jatekoa erostera geu joaten ez bagara behintzat.

    14 Bost milaren bat gizon ziran. Jesusek esan eutsen ikasleei:

    —Jesarriazo berrogeita hamarnaka.

    15 Halan, danak jesarriazo ebezan. 16 Hartu ebazan Jesusek bost ogiak eta arrain biak, eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazinoa esan, ogiak zatitu eta ikasleei emon eutsezan, jendeari eskeintzeko. 17 Asetzeraino jan eben danek, eta gelditutako hondakinez hamabi otzarakada bete ebezan*.


Jesus Mesiasen neke-zoria eta ikaslearen zoria (9,18-50)


Pedroren autorpena eta nekaldi-biztueren lehen iragarpena

(Mt 16,13-21; Mk 8,27-31)


    18 Jesusi, bakardadean otoitzean ziharduan baten, ikasleak batu jakozan, eta Jesusek galdetu eutsen:

    —Nor nazala dino jendeak?

    19 Hareek erantzun eutsoen:

    —Batzuk Joan Bataiatzailea zarala; beste batzuk Elias; besteek antxinako profetaren bat biztu dala.

    20 Jesusek galdetu eutsen:

    —Eta zuek, nor nazala dinozue?

    Pedrok erantzun:

    —Jainkoaren Mesias.

    21 Jesusek inori ez esateko agindu eutsen zorrotz, 22 eta hau esan eutsen gainera: «Gizonaren Semeak asko sufritu behar dau; zahar, abadeburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dabe eta hil, eta hirugarren egunean biztu egingo da».


Jesusi jarraitzea

(Mt 16,24-28; Mk 8,34—9,1)


    23 Gero, danei  esan eutsen: «Nire ondoren etorri nahi dauanak egin beio uko bere buruari, hartu bei bere eguneroko kurutzea eta jarraitu beist. 24 Izan ere, bere bizia gorde nahi dauanak galdu egingo dau; bere bizia nigaitik galtzen dauanak, ostera, gorde egingo dau. 25 Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere burua galtzen eta hondatzen badau? 26 Beraz, inor nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da haretaz, bere aintzaz, bere Aitaren aintzaz eta aingeru santuen aintzaz etorriko danean. 27 Zinez dinotsuet: Hemen dagozanetako batzuk ez dira hilgo, harik eta Jainkoaren erregetzea ikusi arte».


Antzaldaketa: nekaldi osteko aintza aurrez agertu

(Mt 17,1-8; Mk 9,2-8)


    28 Hitzaldi honetatik zortziren bat egunera, Pedro, Joan eta Santiago beregaz hartu eta mendira igon eban Jesusek, otoitzera. 29 Eta, otoitzean ziharduala, aurpegiaren itxurea aldatu egin jakon, eta jantziak zuri distiratsu bihurtu. 30-31 Haretan, gizon bi azaldu ziran, aintzaz distiratsu: Moises eta Elias, eta Jesusegaz berbetan ziharduen Jerusalemen gertatzekoa zan honen heriotzaz*. 32 Pedro eta lagunak logureak jota egozan; baina izartu ziran eta Jesusen aintza eta haregaz egozan gizon biak ikusi ebezan. 33 Honeik urruntzean, Pedrok esan eutson Jesusi: «Maisu, zein ederto gagozan hemen! Zergaitik ez egin hiru txabola: bata zeuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat?»

    Ez ekian zer esaten eban ere. 34 Eta, hori inoala, hodei* batek estaldu ebazan, eta bildurtu egin ziran hodeipean sartzean. 35 Ahots hau entzun zan hodeitik: «Hauxe dot neure Semea, nik hautatua. Entzun berari!»

    36 Ahotsaren ondoren, Jesus baino ez zan ageri. Ikasleek isilik gorde eben eta, ordukoz, ez eutsoen inori esan ikusitakorik ezer.


Epileptikoaren osakuntzea

(Mt 17,14-18; Mk 9,14-27)


    37 Biharamonean, menditik beherakoan, jende askok urten eutson bidera. 38 Haretan, gizon batek jendartetik oihuka esan eutson:

    —Maisu, arren, begira nire semeari, bakarra dot-eta. 39 Espiritu batek hartzen dau menpean, eta bat-batean garrasika hasten da; gogor astintzen dau eta adurra dariola jarten, eta oso nekez alde egiten dau beragandik, hauts eginda izten dauala. 40 Zure ikasleei eskatu deutset espiritua botateko, baina ezin izan dabe.

    41 Jesusek esan eban:

    —Hau gizaldi sinisgogor eta makurra! Noiz arte egon behar ete dot zuen artean eta jasan behar ete zaituet? Ekarri eizu hona semea.

    42 Mutila etorrela, deabruak lurrera bota eta gogor astindu eban. Jesusek mehatxu egin eutson espiritu gaiztoari, mutikoa osatu eban eta aitari bihurtu eutson. 43 Denak harriturik gelditu ziran Jainkoaren handitasuna ikustean.


Jesusek nekaldia bigarrenez iragarri

(Mt 17,22-23; Mk 9,30-32)


    Jesusek egiten ebazanekaitik txunditurik egozan danak. Harek esan eutsen ikasleei: 44 «Hartu ondo gogoan hitzok: Gizonaren Semea gizakien eskuetara emongo dabe».

    45 Hareek, ordea, ez eben ulertzen zertaz ziharduan; ilun gertatzen jaken, eta ezin ziran esanahiaz jabetu; galdetzera, barriz, ez ziran ausartzen.


Nor handiena?

(Mt 18,1-5; Mk 9,33-37)


    46 Eztabaidea sortu zan ikasleen artean, nor ete zan euren artean handiena. 47 Igarri eutsezan Jesusek burutazinoak eta, ume bat harturik, bere ondoan jarri 48 eta esan eutsen: «Ume hau nire izenean onartzen dauanak neu onartzen nau; eta ni onartzen nauanak, bialdu nauan ha onartzen dau. Zuen artean txikiena, horixe da-ta handiena».


«Zuen kontra ez dagoana...»

(Mk 9,38-40)


    49 Orduan, Joanek esan eutson:

    —Maisu, gizon bat ikusi dogu zure izenean deabruak botaten, eta galazo egin nahi izan deutsogu, gure taldekoa ez da-ta.

    50 Baina Jesusek erantzun:

    —Ez galazo, zuen kontra ez dagoena zuen alde dago-ta.



JERUSALEMERA BIDEAN (9,51—19,27)


Ikaslearen baldintzak eta eginkizunak:

jarraipena eta misinoa (9,51—11,13)


Samariako herrixka batek Jesus hartu ez


    51 Mundu honetatik eroana izateko sasoia baetorkola, Jerusalemera* joateko erabagi sendoa hartu eban Jesusek. 52 Mandatari batzuk bialdu ebazan aurretik, eta Samariako* herri baten sartu ziran Jesusi ostatua prestatzeko. 53 Baina herrikoek ez eben hartu nahi izan, Jerusalemera joiala-eta. 54 Hori ikusirik, Santiago eta Joan ikasleek esan eutsoen: «Jauna, aginduko dogu zerutik tximistea jatsi* eta garbitu daizan?»

    55 Baina Jesusek, hareengana bihurturik, haserre egin eutsen. 56 Gero, beste herri batera joan ziran.


Jesusi jarraitzeko baldintzak

(Mt 8,19-22)


    57 Bidean joiazala, batek esan eutson Jesusi:

    —Edonora jarraituko deutsut.

    58 Jesusek esan eutson:

    —Azeriek badaukez zuloak eta aireko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez dauka burua non jarri.

    59 Beste bati esan eutson:

    —Jarraitu niri.

    Baina harek erantzun:

    —Jauna, itzi eidazu lehenengo aitaren hiletak egitera joaten.

    60 Eta Jesusek:

    —Itzi hilei euren hildakoen hiletak egiten; zu zoaz Jainkoaren erregetzea iragartera.

    61 Beste batek, barriz, esan eutson:

    —Jarraituko deutsut, Jauna, baina itzi eidazu aurretik etxekoei agur egiten.

    62 Baina Jesusek erantzun:

    —Goldeari heldu eta atzera begiratzen dauana ez da gauza Jainkoaren erreinurako.


Hirurogeita hamabien bialketa

(Mt 9,37-38)


    10,1 Ondoren, Jaunak beste hirurogeita hamabi* ikasle izendatu eta bere aurretik bialdu ebazan binaka, bera joatekoa zan herri eta toki guztietara. 2 Eta esan eutsen: «Uzta ugaria da, baina langileak gitxi. Erregutu, ba, uzta-jabeari, bialdu daizala langileak bere uztara.

    3 «Zoaze! Bildotsak otso artera lez bialtzen zaituet.

    4 «Ez eroan aldean poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten. 5 Edozein etxetan sartzen zareela, esaizue lehenengo: ‘Bakea etxe honetakoei’. 6 Han bakezalerik badago, haren gain kokatuko da zuen bakea; bestela, hutsean geldituko da zuen agurra*. 7 Gelditu zaiteze etxe beratan, eta daukenetik jan eta edan, zor jako-eta langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe.

    8 «Herriren baten sartu eta ondo hartzen bazaituee, jan jarten deutsuenetik, 9 osatu bertako gaixoak eta esaiezue: ‘Gainean dozue Jainkoaren erregetza’. 10 Baina herriren baten sartu eta onartzen ez bazaituee, urten plazara eta esan: 11 ‘Oinetan itsatsi jakun zuen herriko hautsa ere hor astintzen* deutsuegu. Dana dala, jakin eizue gainean dozuela Jainkoaren erregetza’. 12 Hona nik esan: Auzi-egunean Sodomak zigor bigunagoa izango dau, herri harek baino.


Galileako herriak madarikatu

(Mt 11,20-24)


    13 «Ai zu, Korozain! Ai zu, Betsaida! Izan ere, Tiro eta Sidon uri jentiletan zuen artean beste mirari gertatu izan balitz, aspaldi ziratekeen bihozbarrituak, dolu-jantziz estalduz eta hautsetan jesarriz*. 14 Horregaitik, Tiro eta Sidonek zigor bigunagoa izango dabe zuek baino. 15 Eta zu, Kafarnaum,


«zeruraino altxatuko zara ala?

Lurraren hondoraino jausiko zara!


    16 «Zuei entzuten deutsuenak neuri entzuten deust, eta zuek onartzen ez zaituenak, neu ez nau onartzen; ni onartzen ez nauanak, barriz, bialdu nauan ha ez dau onartzen».


Hirurogeita hamabien itzulerea


    17 Hirurogeita hamabi* ikasleak poz-pozik bihurtu ziran, eta esan eutsoen Jesusi:

    —Jauna, deabruak ere menpean jarten jakuz zure izena aitatzean.

    18 Jesusek esan eutsen:

    —Tximista lez zerutik erortzen ikusi dot Satanas. 19 Begira, sugeak eta eskorpioiak zapaltzeko eta etsaiaren indar guztiak menperatzeko ahalmena emon deutsuet, eta ezin izango deutsue ezerk kalterik egin. 20 Ha ta guztiz ere, ez poztu espirituak menpean jarten jatzuezalako; poztu, bai, zuen izenak zeruan idatzirik dagozalako.


Ebanjelioa jende xumeari agertua. Aita eta Semea

(Mt 11,25-27; 13,16-17)


    21 Une haretan, Espiritu Santuaren pozez beterik, Jesusek esan eban: «Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza honeik jakintsu eta ikasiei ezkutatu egin deutsezuzalako eta jende xumeari agertu. Bai, Aita, goretsia zu, horixe izan dozu-ta gogoko.

    22 «Nire Aitak neure esku itzi dau dana. Eta inork ez dau ezagutzen Semea nor dan, Aitak baino; ez eta Aita nor dan ere, Semeak baino eta Semeak agertu nahi deutsonak baino».

    23 Eta ikasleak bakarrean harturik, esan eutsen: «Zorionekoak zuek ikusten dozuena ikusten daben begiak! 24 Egia esan, profeta eta errege askok ikusi nahi izan ebezan-eta zuek ikusten dozuena, baina ez eben ikusi, eta entzun, zuek entzuten dozuena, baina ez eben entzun».


Samariar ona

(Mt 22,34-40; Mk 12,28-31)


    25 Orduan, lege-maisu batek jagi eta azpikeriaz galdetu eutson:

    —Maisu, zer egin behar dot ondaretzat betiko bizia jasoteko?

    26 Jesusek esan eutson:

    —Zer dago idatzita Moisesen legean? Zer irakurten dozu?

    27 Harek erantzun:

    Maitatu eizu Jauna, zure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz. Eta lagun hurkoa zeure burua lez.

    28 Jesusek erantzun eutson:

    —Ederto erantzun dozu. Bete hori eta bizia izango dozu.

    29 Baina lege-maisuak, bere galderea bidezkoa zala adierazi nahirik, galdetu eutson Jesusi:

    —Eta nor da nire lagun hurkoa?

    30 Jesusek erantzun eutson:

    —Behin baten, gizon bat joian Jerusalemdik behera Jerikorantz eta lapurren eskuetan jausi zan; eukazanak kendu eta, egurtu ondoren, alde egin eben, erdi hilik itziz. 31 Abade bat gertatu zan, hain zuzen, bide haretan behera, eta, gizona ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo eban. 32 Gauza bera egin eban handik igaro zan tenpluko lebitar* batek ere: ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo eban. 33 Baina bidaian zan samariar* bat bertara heldu eta, ha ikustean, errukitu egin jakon. 34 Hurreratu eta zauriak lotu eutsozan, orioz eta ardoz* igurtzi ondoren; gero, bere asto gainean jarri, ostatura eroan eta bere ardurapean hartu eban. 35 Biharamonean, zidarrezko txanpon* bi atara eta ostalariari emon eutsozan, esanez: «Zaindu eizu eta, gehiago gastatzen badozu, hurren natorrenean ordainduko deutsut». 36 Zure ustez, hirurotan zeinek jokatu eban lagun hurko lez lapurren esku jausitako gizonagaz?

    37 Lege-maisuak erantzun eutson:

    —Haretaz errukitu zanak.

    Jesusek esan eutson, orduan:

    —Zoaz eta egin zeuk ere beste horrenbeste.


Jesusek Marta eta Mariari bisita egin


    38 Bidean joiazala, Jesus herritxo baten sartu zan, eta Marta eritxon emakume batek hartu eban etxean. 39 Baeban honek Maria izeneko ahizta bat, eta hau, Jaunaren oinetan jarrita*, honen hitza entzuten egoan. 40 Marta, barriz, lanpetuta ebilan etxeko zereginetan. Orduan, Jesusengana joan eta esan eutson:

    —Jauna, ondo ikusten dozu nire ahizteak etxeko lan guztiak neure gain iztea? Esaiozu laguntzeko.

    41 Jaunak, ordea, erantzun eutson:

    —Marta, Marta, gauza askogaitik zabiz kezkaz eta larri; 42 baina bat bakarra da beharrezko. Alderik onena aukeratu dau Mariak, eta ez deutso inork kenduko.


Otoitza. «Gure Aita»

(Mt 6,9-15; 7,7-11)


    11,1 Behin baten, Jesusek otoitzean ziharduan toki baten; amaitu ebanean, bere ikasleetako batek esan eutson: «Jauna, irakatsi eiguzu otoitz egiten, Joanek* bere ikasleei irakatsi eutsen lez».

    2 Jesusek esan eutsen: «Otoitz egitean, esaizue*:


«Aita,

agertu santu zure izena,

etorriazo zeure erregetza;

3 emoiguzu egunean eguneko ogia,

4 eta parkatu gure pekatuak,

guk ere zor deuskuen guztiei parkatzen deutsegu-ta,

eta ez itzi gu tentaldian jausten».


    5 Gero, esan eutsen: «emon daigun zuetako batek adiskide bat daukala eta gauerdian jatorkola, esanez: ‘Adiskide, emoidazak hiru ogi, bihurtuko deuadaz-eta; 6 lagun bat etorri jatak bidaian eta ez jeukat ezer eskeintzeko’. 7 Emon daigun besteak barrutik erantzuten deutsola: ‘Itzi nagik bakean, atea itxia jagok eta umeak eta ni oheratuak; ezin naitekek emotera jagi’. 8 Hona nik esan: Adiskidea daualako ez bada ere, aspergarri izan ez dakion behintzat, jagi eta emon egingo deutso behar dauana.

    9 «Hauxe esaten deutsuet, beraz: Eskatu, eta emongo deutsue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko dozue; jo atea, eta zabalduko jatzue. 10 Eskatzen dauanak hartu egiten dau-ta, bilatzen dauanak aurkitu, eta atea joten dauanari zabaldu egiten jako-ta.

    11 «Ba ete da zuen artean aitarik, semeak* arraina eskatu eta arrainaren ordez sugea emongo deutsonik? 12 Edo arrautzea eskatu eta eskorpioia emongo deutsonik? 13 Beraz, zuek, gaiztoak izanik, seme-alabei gauza onak emoten badakizue, zenbat gehiago ez deutse zeruko zuen Aitak Espiritu Santua* emongo eskatzen deutsoenei?»


Jesus eta kontrakoak:

Judaismoa gainditurik (11,14—12,3)


Jesus eta Beeltzebul

(Mt 12,22-30; Mk 3,22-27)


    14 Behin baten, gizon bat mututurik eukan deabrua* botaten ziharduan Jesusek. Deabruak urtetean, mutua berbetan hasi zan, eta jendea harriturik gelditu zan. 15 Baina, batzuk bainotsoen: «Deabruen buruzagi dan Beeltzebulen indarrez botaten ditu honek deabruak». 16 Beste batzuk, azpikeriaz, Jainkoagandiko seinale bat eskatzen eutsoen. 17 Igarri eutsezan Jesusek euren burutazinoak eta esan eutsen: «Bere barruan zatiturik dagoan erreinua errauts bihurtuko da eta etxea etxearen gainera jausiko. 18 Izan ere, Satanas ere bere barruan zatiturik badago, zelan iraun daike haren erreinuak? Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botaten dodazala dinozue-ta zuek. 19 Baina nik deabruak Beeltzebulen indarrez botaten badodaz, noren indarrez botaten dabez zuen ikasleek? Horregaitik, zeuen ikasleak izango dozuez epaile. 20 Deabruak Jainkoaren indarrez* botaten badodaz, ordea, argi dago Jainkoa zuen artean errege izaten hasia dala.

    21 «Gizon indartsu batek, armaturik, bere jauregia zaintzen dauan bitartean, seguru daukaz bere ondasunak. 22 Baina indartsuago batek eraso eta menperatzen badau, segurantzea emoten eutsoen armak kendu eta hari harrapatutako gauzak banatu egingo dauz.

    23 «Nire alde ez dagoena nire kontra dago, eta nigaz biltzen ez dauanak sakabanatzen dihardu.


Espiritu gaiztoaren bihurtzea

(Mt 12,43-45)


    24 «Espiritu gaiztoa, nonogandik urten ondoren, leku idorretan barru ibilten da atseden bila; baina, aurkitzen ez dauala-ta, bere buruari esaten deutso: ‘Noan barriro, urten nebaneko neure etxera’. 25 Heltzean, etxea garbituta eta apainduta aurkitzen dau. 26 Orduan, joan eta beste zazpi espiritu hartzen dauz, bera baino gaiztoagoak, eta gizakiagan sartu eta bertan jarten da bizi izaten; holan, pertsona horren azken egoerea lehengoa baino okerragoa gertatzen da».


Egiazko zoriona


    27 Jesusek gauza honeik esaten ziharduala, emakume batek jendartetik deiadarka esan eutson:

    —Zorionekoa sabelean eroan zinduzan eta bularra emon eutsun emakumea!

    28 Baina Jesusek esan eban:

    —Hobeto esan, zorionekoak Jainkoaren hitza entzun eta beteten dabenak!


Gizonaren Semearen seinalea

(Mt 12,38-42; Mk 8,12)


    29 Jende asko batzen ebilkola, Jesus holan hasi jaken: «Gizaldi hau gaiztoa da; mirarizko seinale eske dabil, baina ez jako seinalerik emongo, Jonas profetearena baino. 30 Jonas ninivetarrentzat seinale gertatu zan lez, hala gertatuko da-ta Gizonaren Semea ere gizaldi honentzat. 31 Hegoaldeko erregineak auzi-egunean gizaldi honetako jendearen kontra jagi eta kondenatu egingo dau, munduaren bazterretik etorri zan-eta Salomonen jakituriazko hitzak entzutera, eta badozue hemen Salomon baino handiago dan bat. 32 Ninivetarrek ere auzi-egunean gizaldi honen kontra jagi eta kondenatu egingo dabe, eurek bihozbarritu egin ziran-eta Jonasen predikuaz, eta badozue hemen Jonas baino handiago dan bat.


Barruko argia

(Mt 5,15; 6,22-23; Mk 4,21)


    33 «Inork ez dau kriseilua bizten eta ezkutuan edo ontzipean* ipinten, argimutilaren gainean baino, sartzen diranek argia ikus daien. 34 Begia dozu gorputzari argi egiten deutson kriseilua. Begia onik dozunean, zure gorputz osoa ere argitan dabil. Begia gaixo dozunean, ostera, zure gorputz osoa ere ilunpetan dabil. 35 Begira, ba, zure barruan argi behar leukeana ez dadin ilun gertatu. 36 Beraz, goitik beheraino argitan bazagoz, inongo ilunperik barik, kriseiluak bere distiraz argitzen zaituenean lez zara argitsu».


Jesusek lege-maisuak eta fariseuak salatu

(20,45-47; Mt 23,1-36; Mk 12,38-40)


    37 Jesusek hitzaldia amaitu ebanean, fariseu batek bere etxean bazkaltzera gonbidatu eban. Jesus sartu eta mahaian jarri zan. 38 Fariseua harriturik gelditu zan bazkal aurretik eskuen garbikuntzarik* ez ebala egin ikustean. 39 Orduan, Jaunak esan eutson: «Zuek, fariseuok, edalontzia eta platera kanpotik garbitzen dozuez, zeuek barrutik lapurretaz eta txarkeriaz beterik zagozen artean! 40 Burugabeok halakook! Ez ete dau kanpokoa egin ebanak berak egin barrua ere? 41 Hobe zeukee daukazuena* limosnatzat emongo bazendue! Holan, gauza guztiak garbiak izango lirateke zuentzat.

    42 «Ai zuek, fariseuok! Barazki kaxkarrenen* hamarrenak ordaintzen dozuez, eta zuzenbidea eta Jainkoaren maitasuna, barriz, alde batera izten. Honeik bete behar zeukeez, hareik itzi barik. 43 Ai zuek, fariseuok! Sinagogetan lehenengo aulkiak eta plazetan jendearen agurrak maite dozuez. 44 Ai zuek! Ikusten ez diran hilobiak lez zaree, jendea oharkabean hareen gainetik dabil-eta*».

    45 Orduan, lege-maisu batek esan eutson:

    —Maisu, horrela hitz eginez, guri ere irain egiten deuskuzu.

    46 Jesusek erantzun eutson:

    —Ai zuek ere, lege-maisuok! Eroanezineko zamak leporatzen deutsezuez besteei, eta zeuek atzamar batez ere ikutu ez.

    47 «Ai zuek, zeuen gurasoek hildako profetei hilarriak jasoten deutsezuezanok. 48 Holan, gurasoek egindakoagaz bat zatozela autortzen dozue; hareek hil egin ebezan profetak, eta zuek hilarriak jasoten deutsezuez. 49 Zeozergaitik esan eban Jainkoak bere jakindurian: ‘Profetak eta apostoluak bialduko deutsedaz eta batzuk hil eta besteak erasoka erabiliko dabez’. 50 Baina Jainkoak munduaren hasieratik isuri dan profeta guztien odolaren kontuak eskatuko deutsoz gizaldi honi: 51 hasi Abelen odoletik, eta aldaretik santutegira bitartean hil zan Zakariasen* odoleraino. Bai, egia esan, gizaldi honexi eskatuko deutsoz kontuak Jainkoak.

    52 «Ai zuek, lege-maisuok, jakintzaren ateko giltzaren jabe egin zareenok. Zeuek ez zaree sartu eta sartu nahi ebenei ez deutsezue sartzen itzi».

    53 Handik urten ebanean, gupidarik barik eraso eutsoen lege-maisuek eta fariseuek, handik eta hemendik galdezka, 54 ea erantzun okerren baten harrapatzen eben.


Itxurazalekeriaren aurka

(Mt 10,26-27)


    12,1 Bitartean, milaka eta milaka lagun batu zan, alkar zapaldu beharrean. Jesus hitz egiten hasi jaken: «Ibili kontuz fariseuen legaminagaz*, hau da, itxurazalekeriagaz. 2 Ez dago ezer gordeta agertuko ez danik, ez eta ezer ezkutuan ere jakingo ez danik. 3 Gau-ilunez esan dozuena egun-argiz entzungo da-ta, eta etxe-zuloan belarrira esan dozuena etxe gainetik iragarriko da.


Jainkoaren Erreinua, dohai eta exijentzia (12,4—19,27)


Nori izan bildur?

(Mt 10,28-31)


    4 «Entzun zuek, nire adiskideok. Ez izan bildurrik gorputza hil bai, baina hortik aurrera ezer egiterik ez daukenei. 5 Esango deutsuet nori izan bildur: Izan bildur hilteko eta ondoren infernura botateko ahalmena daukanari. Bai, izan bildur horri! 6 Ez ete dira bost txori txanpon bitan saltzen? Halan ere, hareetako bat bakarra ere ez dauka Jainkoak ahazturik. 7 Zuen buruko uleak ere danak daukaz zenbatuak Jainkoak. Ez izan bildur: txori guztiek baino gehiago balio dozue.


Jendearen aurrean Jesus autortu

(Mt 10,32-33; 12,32; 10,19-20)


    8 «Egia esan, jendearen aurrean autortzen nauana autortuko dau Gizonaren Semeak ere Jainkoaren aingeruen aurrean; 9 baina jendearen aurrean ukatzen nauana ukatu egingo dabe Jainkoaren aingeruen aurrean. 10 Gizonaren Semearen kontra ezer esaten dauanari, parkatuko deutso Jainkoak; baina Espiritu Santuaren kontra birao* egiten dauanari, ez deutso parkatuko.

    11 «Sinagogetara eta buruzagien eta agintarien aurrera eroango zaitueenean, ez egon kezkatan zelan egin edo zer esan zeuen alde, 12 Espiritu Santuak adieraziko deutsue-ta une haretan bertan zer esan behar dozuen».


Aberats ergelaren parabola


    13 Behin baten, jende arteko batek esan eutson Jesusi:

    —Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nigaz erdibanatzeko.

    14 Jesusek erantzun eutson:

    —Gizon, nork egin nau ni zuen artean epaile edo ondasun-banatzaile?

    15 Orduan, guztiei esan eutsen:

    —Kontuz! Gorde diru-gosetik, ondasunek ez deutsoe-ta inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere.

    16 Gero, parabola hau* kontatu eutsen: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia emon eutson. 17 Eta honela hasi zan bere buruagaz pentsatzen: ‘Zer egin, ez daukat-eta uzta non jasorik?’ 18 Eta beretzat esan eban: ‘Badakit zer egin: mandio zaharrak bota eta handiagoak egingo dodaz eta euretan jasoko nire garia eta gainerakoak. 19 Gero, esango deutsot nire buruari: Ea, mutil, badaukak hor gordeta urteetarako nahiko ondasun; hartu atseden, jan, edan eta bizi izan hadi lasai’. 20 Baina Jainkoak esan eutson: ‘Burugabea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar dozu. Norentzat izango da pilatu dozuna?’»

    21 Eta honela amaitu eban: «Horra zer gertatzen jakon, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, beretzat ondasunak pilatzen dauzanari».


Zertaz arduratu?

(Mt 6,25-34)


    22 Ondoren, bere ikasleei esan eutsen Jesusek: «Horregaitik dinotsuet: Ez kezkatu bizi izateko zer jango, edota gorputza zerez jantziko. 23 Izan ere, bizia janaria baino gehiago da, eta gorputza jantzia baino gehiago. 24 Begira belei: ez dabe ereiten, ez uztarik batzen; ez dabe behitegirik, ez mandiorik; hala ere, Jainkoak janaritzen dauz. Zenbat gehiago ez ete dozue balio zuek hegaztiek baino! 25 Asko arduratu arren, zuetako nork luzatu leike bizitza apurtxo bat ere? 26 Beraz, gauzarik txikiena ere ezin badozue, zertan kezkatu gainerakoaz? 27 Begira zelan hazten diran lorak: ez dira lanean aspertzen, ez dabe iruten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zan janzten horreetako baten pare. 28 Beraz, gaur landan dagoan eta bihar sutan erreko dan bedarra Jainkoak horrela janzten badau, zenbat gehiago ez ete zaitue jantziko zuek, sinismen gutxikook?

    29 «Zuek ez ibili larri jan-edanaren bila. 30 Fedebakoak* arduratzen dira guztiotaz; baina zuen Aitak badaki horren beharra dozuena. 31 Arduratu zaiteze, ostera, Jainkoaren erregetzaz, eta beste hori gehigarritzat emongo deutsue Jainkoak. 32 Ez izan bildur, ene artaldetxo hori, atsegin izan dau-ta zuen Aitak zuen alde errege izatea.

    33 «Saldu zuen ondasunak eta emon limosna. Pilatu eizuez zeruan hondatuko ez diran ondasunak*, huts egingo ez deutsueen aberastasunak, hara ez da-ta lapurrik hurreratzen, ez eta han sitsak jaten ere. 34 Zuen aberastasuna non, zuen bihotza hantxe dago-ta.


Morroi erneak

(Mt 24,43-51)


    35 «Zagoze prest, jantziak loturik eta kriseiluak bizturik; 36 izan zaiteze nagusia ezteguetatik bihurtu zain dagozan morroiak lez, heldu eta atea jo bezain laster irekitzeko prest dagozan morroiak lez. 37 Zorionekoak morroi horreik, nagusiak, heltzean, zain aurkitzen badauz. Benetan dinotsuet: Arropak aldaturik, mahaian jesarriazoko dauz eta zerbitzen hasiko jake. 38 Eta gauerdian edo goizaldera badator eta horrela aurkitzen badauz, zorionekoak hareik!

    39 «Gogoan hartu hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko dan jakingo baleu, ez leuke etxea zulatzen itziko. 40 Egon prest zuek ere, gitxien uste dozuen orduan etorriko da-ta Gizonaren Semea».

    41 Pedrok galdetu eutson: «Jauna, guretzat ala danentzat esan dozu parabola hau?»

    42 Jaunak esan eban: «Izan zaiteze etxezain leial eta zentzuduna lez, nagusiak bere orduan otordua banatzeko morroien buru ipini dauana lez. 43 Zorionekoa morroi hori, nagusiak, heltzean, agindua egiten aurkitzen badau! 44 Benetan dinotsuet: Bere ondasun guztien buru ipiniko dau. 45 Baina morroia, nagusiak luzatu egingo daualakoan, morroi eta neskameak joten, jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada, 46 gitxien uste dauan egunean eta gitxien uste dauan orduan etorriko jako nagusia, eta zigorrik gogorrena ezarriko deutso, eta desleialek merezi daben zoria emongo. 47 Nagusiaren gogoa zein dan jakin arren, gauzak Harek nahi lez eratzen edo egiten ez dauzan morroiak zigor zorrotza izango dau; 48 nagusiaren gogoa zein dan jakin barik, zigorra merezi dauan zeozer egiten dauanak, barriz, biguna. Asko emon jakonari, asko eskatuko jako; askoren kargua emon jakonari, kontu handiagoa eskatuko jako.


Jesusek banaketa sortu

(Mt 10,34-36)


    49 «Lurrean sua jartera etorri naz, eta nahiago neuke dagoeneko biztuta balego! 50 Heriotza-uretan murgildu* behar dot, eta hau nire larria hori bete arte!

    51 «Munduari bakea emotera etorri nazala uste dozue? Egia esan, bakea ez, banaketea baino. 52 Hemendik aurrera, etxe bateko bost senideak, alkarregaz banaturik egongo dira-ta: hiru biren kontra eta bi hiruren kontra; 53 aita semearen aurka eta semea aitaren aurka, ama alabearen kontra eta alabea amaren kontra, amaginarrebea errainaren kontra eta erraina amaginarrebearen kontra».


Garaien ezaugarriak sumatzen jakin

(Mt 16,2-3)


    54 Jesusek hau ere esan eutson jendeari: «Sartaldean lainoa ikusten dozueneko, ‘Euria dator’ esaten dozue, eta halan gertatzen da. 55 Hego-haizea danean, barriz, ‘Sargoria dogu’ esaten dozue, eta hala gertatzen da. 56 Itxurazaleok! Badakizue zeru-lurren itxureari antzematen, eta zelan ez deutsozue antzematen garai honi?


Bakezkoak garaiz egin

(Mt 5,25-26)


    57 «Zergaitik ez dozue zeuen kabuz erabagiten zuzen dana? 58 Esate baterako, etsaiagaz auzitegira zoazela, saiatu zaitez bidean haregaz konponbidea aurkitzen; bestela, epaileagana eroango zaitu eta epaileak ertzainaren eskuetan jarriko eta ertzainak kartzelara botako. 59 Egia esan, ez dozu handik urtengo azken semeikoa ordaindu arte».


Bihozbarritu ala hil


    13,1 Une haretan, batzuek Jesusengana joan eta galilear  batzui gertatua kontatu eutsoen: zelan Pilatok* hil ebazan, eskeintzen ziharduen abereen odolagaz euren odola nahastuz. 2 Jesusek erantzun eutsen: «Galilear horreik gainerakoak baino pekatariago zirela uste dozue, heriotza hori izan ebelako? 3 Ez horixe! Eta zuek ere, bihozbarritzen ez bazaree, bardin hilgo zaree danok.

    4 «Eta Siloeko torreak azpian harrapaturik hil ziran hamazortzi hareik, gainerako jerusalemdarrak baino pekatariago zirala uste dozue? 5 Ez horixe! Eta zuek ere, bihozbarritzen ez bazaree, danok hilgo zaree».


Pikondo agorraren parabolea


    6 Gero, parabola hau esan eutsen Jesusek: «Gizon batek pikondo bat eban bere mahastian aldatua. Joan zan piku bila eta ez eban aurkitu. 7 Orduan, mahastizainari esan eutson: ‘Begira, badira hiru urte pikondo honetara piku bila natorrena, eta ez dot aurkitzen. Moztu eizu. Zertarako egongo da hor lurra alperrik jaten?’ 8 Baina mahastizainak erantzun eutson: ‘Jauna, itzi eizu aurtengoz; bitartean, ondoa atxurtu eta ongarria botako deutsot, 9 ea aurrerakoan fruturik emoten dauan; eta bestela, moztu’».


Emakume konkortua zapatuz osatu

    10 Behin baten, zapatuz, sinagoga baten irakasten ziharduan Jesusek. 11 Bazan han, hamazortzi urte hareetan espiritu baten menpe gaixo egoan emakume bat: erabat konkortua egoan eta ezin zan ezelan ere zuzendu.

    12 Ikustean, Jesusek deitu eta esan eutson: «Emakumea, geldi zaitez libre zure gatxetik».

    13 Eskuak ezarri eutsozan eta bat-batean zuzendu zan eta Jainkoa goresten hasi.

    14 Sinagogako buruzagiak, Jesusek zapatuz osatu ebalako haserre, jendeari esan eutson:

    —Astean sei egun dagoz lanerako. Zatoze egun horreetan osatzera, eta ez zapatuan.

    15 Jaunak erantzun eutson:

    —Itxurazaleok! Zuetako nork ez dau zapatuz ere idia nahiz astoa kortatik askatu eta ura edatera eroaten? 16 Eta Abrahamen ondorengo dan honi, hamazortzi urtez Satanasek lotua euki dauan honi, ez ete jakon zapatuz lokarri hori askatu behar?

    17 Hitz honeekaz, lotsa-lotsa eginik gelditu ziran Jesusen etsai guztiak; jendetza, ordea, pozik egoan Harek egiten ebazan gauza miragarri guztiekaitik.


Mostaza-haziaren eta legaminaren parabolak

(Mt 13,31-33; Mk 4,30-32)


    18 Jesusek jarraitu eban: «Zeren irudiko da Jainkoaren erregetza? Zeren antzeko dala esango neuke? 19 Gizon batek bere ortuan botaten dauan mostaza-haziaren antzekoa da: hazten da eta zugatz egiten, eta txoriek haren adarretan egiten dabez habiak».

    20 Barriro esan eban: «Zeren antzeko dala esango neuke Jainkoaren erregetzea? 21 Legaminaren antzekoa da: emakume batek anega bat urunetan nahasten dau, eta oraldi guztia harrotzen da».


«Sartu zaiteze ate estutik»

(Mt 7,13-14.21-23; 25,10-12)


    22 Jerusalemera* bidean joian Jesus, igaroten ebazan herri eta auzoetan irakatsiz.

    23 Batek esan eutson:

    —Jauna, gitxi izango dira salbatuko diranak?

    Jesusek erantzun eban:

    24—Ahalegindu zaiteze ate estutik sartzen. Egia esan, askok sartu nahi izango dabe, eta ezin izango. 25 Etxeko nagusiak jagi eta atea itxi ezkero, kanpoan geldituok behin eta barriro atea joko deutsozue, «Ireki, Jauna» deadarka, baina Harek erantzungo deutsue: «Ez dakit nongoak zareen». 26 Orduan, holan hasiko zaiakoze: «Zugaz jan eta edan dogu, eta zuk gure plazetan irakatsi izan dozu». 27 Baina Harek erantzungo deutsue: «Ez dakit nongoak zareen. Alde nigandik, gaizkileok!» 28 Orduan, negarra eta hortz-karraska izango da, Abraham, Isaak eta Jakob eta profeta guztiak Jainkoaren erreinuan eta zeuen buruak, barriz, kanpora jaurtiak ikustean. 29 Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, iparretik eta hegotik, eta Jainkoaren erreinuko mahaikide izango.

    30 «Begira, orain azkenengo dan hainbat lehenengo izango da orduan, eta orain lehenengo dan hainbat, azkenengo».


Jesus bere heriotzearen aurrez aurre


    31 Une haretan, fariseu batzuk joan jakozan Jesusi eta esan eutsoen:

    —Zoaz, egizu alde hemendik, Herodes* zu hil nahian dabil eta.

    32 Jesusek esan eutsen:

    —Joan eta esaiozue gizontto* horri: Begira, gaur eta bihar osatzen eta deabruak botaten jarraitu behar dot, eta hirugarren egunean nire azkena izango da. 33 Baina gaur, bihar eta etzi* bideari jarraitu behar deutsot, ezin da-ta profetarik Jerusalemdik kanpora hil.


Jesus Jerusalemegaitik aieneka

(Mt 23,37-39)


    34 «Jerusalem, Jerusalem, profetak hilten eta Jainkoak zuri bialduak harrikatzen dituzuna! Zenbat aldiz ez ditut batu gura izan zure seme-alabak, oiloak bere txitaldea hegopean lez, eta zuek ez dozue nahi izan. 35 Horra ba, hutsik geldituko jatzue etxea. Eta esaten deutsuet ez nozuela ikusiko, hau esango dozuen garaira arte: Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena


Jesusek urminduna zapatuz osatu


    14,1 Behin baten, zapatuz, fariseu-buruetako baten etxera joan zan Jesus bazkaltzera, eta fariseuak zelatan egokozan. 2 Gizon urmindun bat egoan han, Jesusen aurrean. 3 Jesusek lege-maisu eta fariseuei galdetu eutsen: «Zilegi da zapatuz inor osatzea, bai ala ez?»

    4 Hareek isilik gelditu ziran. Orduan, Jesusek gaixoa eskutik hartu, osatu eta bialdu egin eban. 5 Gero, harei esan eutsen: «Zuetako nork, semea nahiz idia putzura jausten bajako, ez dau berehala ataraten, zapatu izanagaitik?»

    6 Erantzun ezinik gelditu ziran.


Azken tokiak aukeratu eta behartsuak gonbidatu


    7 Konturatu zan Jesus gonbidatuek mahaiko lehenengo jarlekuak hartzen ebezela, eta aholku honeik emon eutsezan: 8 «Ezteguetara gonbidatzen zaituanean, ez jarri mahaiburuan, zu baino gonbidatu ospetsuagoren bat izan daiteke eta; 9 hala balitz, biok gonbidatu zaituenak etorri eta esango leuskizu: ‘Itzi tokia honi’; orduan, azkenengo lekuan jesarri behar izango zeuke lotsagorritan. 10 Alderantziz, gonbidatzen zaituanean, jarri azkenengo tokian, gonbidatu zaituanak, datorrenean, esan deizun: ‘Adiskide, igon gorago’. Horrela, oso toki onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean. 11 Bere burua goratzen dauana beheratu egingo dau-ta Jainkoak, eta bere burua beheratzen dauana, goratu».

    12 Eta gonbidatu ebanari esan eutson: «Bazkari edo afariren bat emotean, ez gonbidatu zeure adiskideak, ez eta senide, ahaide edo auzoko aberatsak ere; eurek ere gonbidatu egingo zindukeez-eta, eta, horrela, ordaina hartuko zeuke. 13 Alderantziz, otordu bat emotean, gonbidatu behartsu, elbarri, herren eta itsuak. 14 Zorionekoa zu orduan, ez dauke-ta zuri ordaintzerik! Zintzoak biztuko diranean jasoko dozu ordaina».


Afari handiaren parabola

(Mt 22,1-10)


    15 Hitzok entzutean, mahaikide batek esan eutson Jesusi: «Zorionekoa Jainkoaren erreinuko otorduan parte hartuko dauana!»

    16 Jesusek erantzun eutson: «Gizon bat afari handi bat emotekoa zan eta jende asko gonbidatu eban. 17 Afarikoan, morroia bialdu eban gonbidatuei esatera: ‘Etorri, dana prest dago-eta’. 18 Baina bata bestearen ondoren danak atxakiak jarten hasi ziran. Lehenengoak esan eutson: ‘Soloa erosi dot, eta ikustera joan behar dot; parkatu, arren’. 19 Beste batek, barriz: ‘Bost idi-pare erosi ditut, eta probatzera joan behar dot; parkatu, arren’. 20 Eta hurrengoak: ‘Ezkondu barria naz eta ezin naiteke joan’. 21  Honen guztiaren barri nagusiari emotera bihurtu zan morroia. Etxeko nagusia biziro hasarratu zan eta morroiari esan eutson: ‘Hoa bizkor herriko plaza eta kaleetan zehar, eta ekarri hona behartsu, elbarri, itsu eta herrenak’.

    22 «Geroago, morroiak esan eutson: ‘Egin dot, jauna, zuk agindua, eta oraindino badago tokia’. 23 Orduan, nagusiak esan eutson: ‘Hoa bidez bide eta bazterrik bazter eta sartuazo jendea barrura, etxea bete dakidan. 24 Egia esan, gonbidatu hareetako batek ere ez dau nire afaria dastatuko’».


Nork bere buruari uko, Jesusi jarraitzeko

(Mt 10,37-38)


    25 Jende-talde handiak joiazan Jesusegaz; honek, eurengana bihurturik, esan eutsen: 26 «Inork nigaz etorri gura badau eta ez banau ni bere aitamak eta emaztea, seme-alabak eta anai-arrebak eta bere burua ere baino maiteago*, ezin daiteke izan nire ikasle. 27 Bere kurutzea hartu eta nire ondoren ez datorrena, ezin daiteke izan nire ikasle.

    28 «Izan ere, zuetako nork, torrea egin gura badau, ez dauz lehenago jesarri eta gastuen kontuak ataraten, amaitzeko beste ba ete daukan ikusteko? 29 Bestela, zimenduak hartu ondoren amaitu ezin izango baleu, ikusiko lukeen guztiek barre egingo leuskioe, 30 esanez: ‘Honako hau eraikitzen hasi zoan eta ezin izan jok amaitu’.

    31 «Edo zein erregek, beste baten kontra gerrara joan nahi badau, ez dau lehenago jesarri eta begiratzen, ea hamar mila gizon nahikoa dauzan hogei milagaz kontra jatorkonari aurre egiteko? 32 Eta ezetz ikusten badau, bestea oraindino urrun dala, mandatariak bialduko deutsoz bakea eskatuz.

    33 «Era berean, zuetako inor ezin daiteke izan nire ikasle, daukazan guztiei uko egiten ez badeutse.


Gatz gezatuaren parabola

(Mt 5,13; Mk 9,50)


    34 «Bai, gauza ona da gatza; baina gatza gezatzen bada, zelan gazitu barriro? 35 Ez litzateke gauza ez lurrerako, ez ongarritarako; kanpora botako litzateke. Ulertzeko gauza danak ulertu bei».


Subpáginas (1): Lk_15-24
ĉ
LUKAS.doc
(310k)
Txo Mikel,
12 ene. 2017 0:55
Comments