joanena


  JATSI HEMENTXE (".doc")

SARREREA (1,1-51)


Jainkoaren Hitza gizon egin


    1,1 Hasieran bazan Hitza.

Hitza Jainkoagaz zan

eta Hitza Jainko zan.

2 Hasieran Jainkoagaz zan Hitza.

3 Gauza guztiak beronen bidez egin ziran,

eta egindakotik ezer

ez da berau barik egin.

4 Hitzagan zan bizia,

eta bizia gizakien argia zan;

5 argi horrek ilunpetan argi egiten dau,

baina ilunpeek ez eben onartu*.


    6 Agertu zan gizon bat Jainkoak bialdua; Joan* eban izena. 7 Testigu izatera etorri zan, argiaz testigantza egitera, bere mezuaren bidez sinistu eien. 8 Ez zan ha argia, argiaren testigantza egin behar ebana baino.


9 Hitza zan egiazko argia,

mundura etorriz

gizaki guztiak argitzen dauzana*.

10 Munduan zan

eta, mundua* haren bidez

egina izan arren,

mundukoek ez eben onartu.

11 Bere etxera etorri zan,

baina beretarrek ez eben onartu.

12 Onartu eben guztiei, barriz,

hau da, beragan sinisten dabenei

Jainkoaren semealaba izateko

ahalmena emon eutsen.

13 Honeik* ez dira giza odolekoak,

ez eta gizakiaren borondatez sortuak ere,

Jainkoagandik jaioak baino.

14 Eta Hitza gizon egin zan

eta geure artean jarri bizi izaten*.

Ikusi dogu haren Jainkoaintza,

Aitagandik maitasun eta egiaz betea

datorren Seme bakarrari dagokion aintza.


    15 Joanek beronetaz egin eban testigantza, oihu eginez: «Honetaz niharduan nik, “Nire ondoren datorrena nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa zan-eta” esan nebanean».

16 Izan ere, guztiok hartu dogu

haren betearen betetik,

eta maitasuna maitasunaren gain*

hartu ere.

17 Legea Moisesen bidez emon zan;

maitasuna eta egia, barriz,

Jesus Mesiasen bidez.

18 Jainkoa ez dau inork inoiz ikusi;

Aitaren barruan dagoan eta Jainko dan

Seme bakarrak emon deusku haren barri.


Joan Bataiatzailearen testigantzea

(Mt 3,1-12; Mk 1,2-8; Lk 3,1-6.15-17)


    19 Juduagintariek* Jerusalemdik abade- eta lebitartalde bat bialdu eutsoen Joani nor zan galdetzera. 20 Harek argi eta garbi autortu eban:

    —Ni ez naz Mesias.

    21—Orduan, zer? Elias zara? —galdetu eutsoen.

    Joanek erantzun:

    —Ez.

    —Etortekoa dan profetea* zara?

    Harek erantzun:

    —Ez.

    22 Barriro galdetu eutsoen:

    —Nor zaitugu, bada? Bialdu gaituenei erantzunen bat bihurtu behar deutsegu. Zer dinozu  zeure buruaz?

    23 Joanek, Isaias profetaren hitzak aitatuz, esan eban:


—Ni, «Prestatu bidea Jaunari»

basamortuan oihuka diharduanaren

ahotsa naz.


    24 Talde haretako batzuk fariseuak ziran. 25 Honeek galdetu eutsoen:

    —Beraz, Mesias ez bazara, ez Elias, ez eta etortekoa dan profetea ere, zelan diharduzu bateatzen?

    26 Joanek erantzun eutsen:

    —Nik urez bateatzen dot; zuen artean badozue, ordea, ezagutzen ez dozuen bat, 27 nire ondoren datorrena, eta ni ez naz inor hari oinetako lokarriak askatzeko ere.

    28 Hau dana Betanian* gertatu zan, Jordan ibaiaren beste aldean, han ziharduan-eta Joanek bateatzen.


Joanek Jesus, Jainkoaren Bildotsa, aurkeztu


    29 Biharamonean, Joanek Jesus beragana etorten ikusi eta esan eban: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduko pekatua kentzen dauana. 30 Honetaz niharduan, “Nire ondoren datorren gizona nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa zan-eta” esan nebanean. 31 Neuk ere ez neban ezagutzen; baina ni urez bateatzera etorri banaz, bera Israel herriari agertuazoteko izan da».

    32 Eta beste hau ere autortu eban Joanek: «Espiritua ikusi dot, usoitxuran, zerutik jaisten eta honen gainean gelditzen. 33 Neuk ere ez neban ezagutzen, baina urez bateatzera bialdu ninduanak esan eustan: “Espiritua jaisten eta gizon baten gainean gelditzen ikusiko dozu; bera da Espiritu Santuaz bateatzen dauana”. 34 Eta neuk ikusi dot eta autortzen hauxe dala Jainkoaren Semea».


Lehenengo ikasleak


    35 Hurrengo egunean, barriro ere bertan egoan Joan bere bi ikaslegaz. 36 Jesus handik igaroten ikusirik, esan eban: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa».

    37 Ikasle biek, hori entzutean, Jesusi jarraitu eutsoen. 38 Jesusek, atzera begiratu eta ondoren etorkozala ikusirik, galdetu eutsen:

    —Zeren bila zabize?

    Hareek erantzun:

    —Rabbi, non bizi zara? (Rabbik «Maisu» esan gura dau).

    39 Jesusek esan eutsen:

    —Etorri eta ikusi.

    Joan, non bizi zan ikusi eta beragaz gelditu ziran egun haretan. Arratsaldeko laurak inguru ziran.

    40 Joani entzun eta Jesusi jarraitu eutsoen bietako bat Andres zan, Simon Pedroren anaia. 41 Lehenengo, bere anaia Simonegaz egin eban topo eta esan eutson: «Mesias aurkitu joaguk» (Mesiasek «Kristo» —hau da, Gantzutua— esan gura dau).

    42 Eta Jesusengana eroan eban. Jesusek, begirabegira jarririk, esan eutson: «Simon zara zu, Joanen semea, baina aurrerantzean Kefas deituko zara» (Kefasek «Pedro» —hau da, hatx— esan gura dau).

    43 Biharamonean, Jesusek Galilearantz joatea erabagi eban. Felipe aurkitu eta esan eutson: «Jarraitu niri».

    44 Felipe Betsaidakoa zan, Andres eta Pedroren herrikoa. 45 Felipek Natanael aurkitu eban, eta esan eutson:

    —Moisesek legearen liburuan eta profetek euren idazkietan aitatu eben ha aurkitu joaguk: Jesus, Joseren semea, Nazaretekoa.

    46 Natanaelek esan eutson:

    —On dan ezerk urten ete daikek Nazaretetik?

    Felipek erantzun eutson:

    —Etorri eta ikusi.

    47 Ikusi eban Jesusek Natanael etorkola, eta esan eban:

    —Hona benetako israeldar bat, faltsukeriarik bakoa.

    48 Natanaelek galdetu eutson:

    —Nondik ezagutzen nozu?

    Jesusek erantzun:

    —Felipek deitu aurretik ikusi zindudazan ikopean.

    49 Natanaelek esan eutson:

    —Maisu, zu Jainkoaren Semea zara, zu Israelgo erregea zara.

    50 Jesusek gaineratu eutson:

    —Ikopean ikusi zindudazala esan deutsudalako sinisten dozu? Handiagorik ere ikusiko dozu!

    51 Eta gaineratu eban:

    —Benebenetan dinotsuet: Zerua irekia ikusiko dozue, eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera Gizonaren Semearen gainean.


JESUSEN MIRARIZKO SEINALEAK (2,112,50)


Ezteguak Galileako Kanan


    2,1 Hiru egunera, ezteguak izan ziran Galileako Kanan, eta bertan zan Jesusen ama. 2 Jesus eta beronen ikasleak ere gonbidatu ebezan ezteguetara. 3 Eta ardoa amaitu zan-eta, esan eutson amak Jesusi:

    —Ez dauke ardaurik.

    4 Jesusek erantzun eutson:

    —Itzi naizu bakean, emakume. Oraindino ez da etorri nire ordua*.

    5 Jesusen amak honela esan eutsen zerbitzariei: «Egin horrek esango deutsuena».

    6 Baziran han harrizko sei ur-ontzi, juduek euren garbikuntzetarako erabilten ebezanak, ehunen bat litrokoa bakotxa.

    7 Jesusek esan eutsen zerbitzariei:

    —Bete ontziak urez.

    Hareek goraino bete ebezan. 8 Orduan, esan eutsen:

    —Atara apur bat eta eroan mahaizainari.

    Halan egin eben hareek.

    9 Dastatu eban mahaizainak ardau bihurtutako ura, nongoa zan jakin barik; zerbitzariek, bai, baekien, ura eurek atara eben-eta. Ardau barria dastatu ebaneko, senarrari dei egin 10 eta esan eutson: «Jende guztiak ardaurik onena atarten dau lehenengo eta, jendea nahikoa edanda dagoanean, arruntagoa; zuk, barriz, oraintxe arte gorde dozu ardaurik onena».

    11 Bere lehenengo mirarizko seinale hau Galileako Kanan egin eban Jesusek; holan, bere Jainkoaintza agertu eban, eta ikasleek sinistu egin eben harengan. 12 Ondoren, Kafarnaumera joan zan bere ama, anaiarreba eta ikasleekaz, eta hantxe egon ziran egun batzutan.


Jesusek tenplu barria iragarri

(Mt 21,12-13; Mk 11,1517; Lk 19,4546)


    13 Hurrean zan juduen Pazko Jaia, eta Jerusalemera joan zan Jesus. 14 Tenpluan merkatariak aurkitu ebazan idi, ardi eta usoak saltzen, eta dirutrukalariak ere bai, han jesarrita. 15 Jesusek, lokarriz zartailu bat eginez, tenplutik kanpora bota ebazan danak, bai eta ardiak eta idiak ere; eta trukalarien diruak sakabanatu eta mahaiak irauli egin ebazan. 16 Usosaltzaileei esan eutsen: «Kendu hemendik hau guztia. Ez bihurtu nire Aitaren etxea merkatuetxe».

    17 Ikasleei, Liburu Santuak dinoana etorri jaken gogora: Zure tenpluaren maiteminak erreko nau.

    18 Orduan, galdetu eutsoen juduagintariek:

    —Zer seinale emoten deuskuzu hori egiteko aginpidea dozula frogatzeko?

    19 Jesusek erantzun eutsen:

    —Desegizue tenplu hau eta hiru egunean berreraikiko dot.

    20 Juduek erantzun eutsoen:

    —Berrogeita sei urte* behar izan dira tenplu hau eraikitzeko, eta zuk hiru egunean berreraikiko dozula?

    21 Harek, ordea, bere gorputzaren tenpluaz ziharduan. 22 Horregaitik, hilen artetik biztu zanean, esandako hori gogoratu jaken haren ikasleei, eta sinistu egin eben Liburu Santuko eta Jesusek esandako berbea.


Jesusek gizakien barrua ezagutzen


    23 Pazko Jaian Jesus Jerusalemen egoala, askok sinistu eben harengan, egiten ebazan mirarizko seinaleak ikusirik. 24 Baina, Jesus bera ez zan fidatzen haietaz, guztiak ezagutzen ebazan-eta, 25 eta ez eban inoren autorpenbeharrik, berak ondo ezagutzen eban-eta gizakiaren barruan dagoena.


Jesus eta Nikodemo


    3,1 Nikodemo eritxon gizon batek, fariseuen taldekoa eta juduen buruetakoa bera, 2 gauez Jesusengana etorri eta esan eutson:

    —Maisu, seguru gagoz Jainkoak guri irakasteko bialdu zaituana, inork ezin daikez-eta egin zuk egiten dozuzan mirarizko seinaleak, Jainkoa beragaz ez bada.

    3 Jesusek erantzun eutson:

    —Benebenetan dinotsut: Ezin dau inork Jainkoaren erreinua ikusi, barriro* jaioten ez bada.

    4 Nikodemok galdetu:

    —Zelan jaio daiteke inor, behin zaharra izanik? Sartu ete daiteke amaren sabelean eta barriro jaio?

    5 Jesusek erantzun:

    —Benebenetan dinotsut: Ezin izango da inor Jainkoaren erreinuan sartu, uretik eta Espiritutik jaioten ez bada. 6 Gizakiagandik berez jaioa gizaki da, Espiritutik jaioa espiritu. 7 Ez harritu barriro jaio behar dozuela esan deutsudalako. 8 Haizeak* edonondik joten dau; entzuten dozu haren hotsa, baina ez dakizu nondik datorren, ez nora doan. Gauza bera jazoten da Espiritutik jaioagaz.

    9 Nikodemok galdetu eutson:

    —Zelan jazo daiteke hori?

    10 Jesusek erantzun:

    —Eta zuk, Israelen maisu izanik, ez dakizu hori? 11 Benebenetan dinotsut: Dakiguna esaten dogu guk, eta ikusi doguna autortzen; baina zuek ez dozue gure testigantzea onartzen. 12 Nik lurreko gauzak esatean sinisten ez badeustazue, zelan sinistuko deustazue zerukoak esatean?

    13 «Ez dau inork zerura igon, zerutik jatsi zanak baino, Gizonaren Semeak*. 14 Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea hagean jaso eban lez, halantxe izan behar dau jasoa Gizonaren Semeak, 15 harengan sinisten daben guztiek betiko bizia izan daien.

    16 «Izan ere, Jainkoak, mundua hain maite izan eban-eta, bere Seme bakarra emon eutson munduari, harengan sinisten dauanik inor galdu ez dadin, betiko bizia izan daian baino. 17 Jainkoak ez ebalako Semea mundura bialdu mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baino. 18 Harengan sinisten dauana ez da kondenatua; sinisten ez dauana, barriz, kondenatua dago, ez dau-ta sinistu Jainkoaren Seme bakarragan. 19 Hauxe da kondenearen arrazoia: argia mundura etorria dala eta gizakiak ilunpea argia baino maiteago izan dauala, bere jokabidea gaiztoa dalako. 20 Izan ere, txarto jokatzen dauanak gorroto deutso argiari, eta ez da hurreratzen argitara, bere jokabidea agirian gelditu ez dadin. 21 Egiaren arabera dabilana, barriz, argitara hurreratzen da, bere egintzak Jainkoaren borondatearen arabera eginak dirala agertu dadin».


Joan Bataiatzailearen azken testigantzea


    22 Geroago, Jesus Judea aldera joan zan bere ikasleekaz, eta han egon ziran aldi batez, bateatzen. 23 Joanek ere bateatzen ziharduan Enonen, Salim ondoan*, han ur asko egoan-eta. Eta jendea bateatzera etorten jakon. 24 Sasoi haretan Joan ez egoan oraindino preso.

    25 Joanen ikasleen eta judutar baten artean* eztabaidea sortu zan garbikuntzaohikuneez. 26 Eta Joanengana etorri eta esan eutsoen:

    —Hara, Maisu; Jordanez bestaldean zugaz egoan harek, zuk testigantzea egin zeutsonak, orain bateatzen dihardu, eta beragana doaz danak.

    27 Joanek erantzun eutsen:

    —Gizakiak ez dauka ezer Jainkoak emoten deutsona baino. 28 Zeuek zaituet lekuko zera esan nebala: «Ez naz ni Mesias, haren aurretik bialdua baino». 29 Emaztea senarrarena* da. Senarraren adiskidea senarraren ondoan egoten da, hari entzuteaz pozik. Horixe dot nik ere poza, poz betebetea. 30 Harek hazi egin behar dau eta nik txikiagotu.


Goitik datorrena


    31 «Goitik datorrena danen  gain dago. Lurretik sortua lurrekoa da, eta lurrekoaz dihardu; zerutik datorrenak 32 ikusi eta entzun dauanaren testigantzea egiten dau; baina haren testigantzea ez dau inork onartzen. 33 Haren testigantzea onartzen dauanak, Jainkoak egia dinola baieztatzen dau. 34 Izan ere, Jainkoak bialduak berba egitean, Jainkoak berak egiten dau berba, bere Espiritua neurririk barik emoten dautso-ta. 35 Aitak Semea maite dau, eta haren esku jarri dau dana. 36 Semeagan sinisten dauanak betiko bizia dau; baina Semeagan sinistu nahi ez dauanak ez dau bizia ikusiko, bere gainean Jainkoaren zigorra dau-eta».


Jesus eta emakume samariarra


    4,1 Jakin eben fariseuek Joanek baino ikasle gehiago egin eta jende gehiago bateatzen ebala Jesusek, 2 bateatu, Jesusek berak bateatzen ez eban arren, haren ikasleek baino. 3 Jesus, hori jakitean, Judea itzi eta Galileara joan zan barriro.

    4 Bere ibilbidean Samarian zehar igaro beharra eban. 5 Heldu zan, ba, Sikar izeneko Samariako urira, antxina Jakobek bere seme Joseri ondaretzat emondako lur-sailetik hur. 6 Han egoan Jakoben osina dalakoa. Jesus, bideaz nekaturik, osinertzean jesarri zan. Eguerdi ingurua zan. 7-8 Ikasleak urira joanak ziran janaria erostera. Hortan, Samariako emakume bat etorri zan osinera ur bila. Jesusek esan eutson:

    —Emoidazu edaten.

    9 Orduan, emakume samariarrak esan eutson:

    —Zelan zuk, judu izanik, eskatzen deustazu edatekoa niri, samariar nazan honi? (Juduek eta samariarrek* ez dabela alkarregaz hartu-emonik jakin behar da).

    10 Jesusek erantzun eutson:

    —Jainkoak emoten dauana ezagutuko eta edatekoa nork eskatzen deutsun jakingo bazendu, zeuk eskatuko zeuskio berari, eta Harek ur bizia* emongo leuskizu.

    11 Emakumeak esan eutson:

    —Jauna, ez daukazu ura zerez atara, eta osina sakona da. Nondik atarako dozu, beraz, ur bizi hori? 12 Gure aita Jakobek itzi euskun osin hau eta bertatik edan eben berak, bere semealabek eta abereek. Ha baino handiagoa zara zu ala?

    13 Jesusek erantzun eutson:

    —Ur honetatik edaten dauana barriro ere egarri izango da; 14 nik emongo deutsodan uretik edango dauana, barriz, ez da inoiz egarri izango; nik emongo deutsodan ura barruan betiko bizia darion iturburu bihurtuko jako-eta.

    15 Orduan, emakumeak:

    —Jauna, emoidazu ur horretatik, barriro egarritu ez nadin, eta hona uretara etorri beharrik izan ez daidan.

    16 Jesusek esan eutson:

    —Zoaz etxera, egiozu dei zeure senarrari eta bihurtu hona.

    17 Emakumeak erantzun:

    —Ez dot senarrik.

    Eta Jesusek:

    —Ondo dinozu  ez dozula senarrik; 18 bost izan dituzu, eta oraingoa ez dozu senarra; horretan egia dinozu.

    19 Emakumeak esan eutson:

    —Jauna, profeta zarala ikusten dot. 20 Gure gurasoek mendi honetantxe* emon eutsoen kultu Jainkoari; zuek, juduok, barriz, Jerusalemen emon behar jakola dinozue.

    21 Jesusek esan eutson:

    —Sinistu eidazu, emakume, badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita gurtuko ez dozuena. 22 Zuek, samariarrok, ez dakizue zer gurtzen dozuen; guk badakigu zer gurtzen dogun, salbamena juduongandik dator-eta. 23 Baina badator ordua —hobeto esanda, heldu da—, egiazko gurtzaileek Aita egiaren arabera eta Espirituak eraginda gurtuko dabena; horrela gurtu daiela nahi dau Aitak. 24 Jainkoa Espiritu da, eta ha gurtzen dabenek egiaren arabera eta Espirituak eraginda gurtu behar dabe.

    25 Emakumeak esan eutson:

    —Badakit Mesias, hau da Kristo, etortekoa dana, eta Harek, etortean, gauza guztiak agertuko deuskuzana.

    26 Jesusek esan eutson:

    —Neu naz, zugaz berbetan nagoan hau.

    27 Une haretan ikasleak heldu eta harritu egin ziran Jesus emakume bategaz berbetan egoala ikustean; halan ere, inor ez zan ausartu galdetzera zer nahi eban edo zertaz ziharduan emakumeagaz.

    28 Emakumeak ur-ontzia itzi, urira bihurtu eta esan eutson jendeari: 29 «Zatoze egin dodan guztia esan deustan gizon bat ikustera. Ez ete da bera Mesias?»

    30 Jendea uritik urten eta Jesusengana joan zan.

    31 Bien bitartean, Jesusi erreguka ziharduen ikasleek, esanez:

    —Maisu, jan zeozer.

    32 Baina berak esan eutsen:

    —Badaukat nik beste janari bat, zuek ez dakizuena.

    33 Ikasleek galdetu eutsoen alkarri:

    —Inork ekarri ete deutso jatekoa?

    34 Jesusek esan eutsen:

    —Nire janaria, bialdu nauanaren nahia egitea da, haren salbamenegintza burutu arte. 35 Ez dozue esaten zuek: «Lau hilabete barru uzta-aroa dogu?» Horra, ba, nik esan: Jaso begiak eta ikusi gari-soloak, uztarako horituak. 36 Honezkero igitariak bere saria hartzen dihardu, eta betiko bizirako frutua jasoten, ereileak lez igitariak ere, biak poztu daitezan. 37 Honetan bai beteten dala esaerea: «Batek erein, bestek uzta batu». 38 Zeuek landu ez dozuena batzera bialdu zaituet nik; besteak nekatu dira lanean, eta zeuek jasoten dozue hareen nekearen frutua.


Samariarrek Jesusengan sinistu


    39 Uri haretako samariar askok sinistu eban Jesusengan emakumeak emondako testigantzagaitik: «Egin dodan guztia esan deust».

    40 Beraz, samariarrek, Jesusengana etorri ziranean, eurekaz gelditzeko eskatu eutsoen Jesusi, eta egun bi  emon eban eurekaz. 41 Jesusen mezua entzutean, askoz gehiagok sinistu eben, 42 eta emakumeari esaten eutsoen: «Orain ez dogu zure esanagaitik bakarrik sinisten; geuk entzun dogu, eta badakigu hauxe dana egiaz munduaren Salbatzailea».


Jesusek funtzionarioaren semea osatu

(Mt 8,513; Lk 7,110)


    43 Handik egun bira, inguru haretatik urten eta Galilearantz jarraitu eban. 44 Jesusek berak autortuta eukan profetea ez dabela bere herrian aintzat hartzen. 45 Halan ere, Galileara heldu zanean, galilearrek harrera ona egin eutsoen. Izan ere, Jerusalemen izanak ziran eurak ere Pazko Jaietan, eta ikusita euken Jesusek orduan egindako guztia.

    46 Jesus Galileako Kanara joan zan barriro, ura ardau bihurtu eban herrira. Bazan han erregefuntzionario bat, semea Kafarnaumen gaixorik ebana. 47 Funtzionarioak, Jesus Judeatik Galileara heldu zala jakitean, harengana jo eta bere semea osatzera Kafarnaumera jaisteko eskatu eutson, hilzorian egoala-eta. 48 Jesusek erantzun eutson:

    —Mirariak eta egintza harrigarriak ikusten ez badozuez, ez dozue sinisten.

    49 Baina erregefuntzionarioak barriro:

    —Jauna, zatoz, arren, nire umea hil baino lehen.

    50 Jesusek esan eutson:

    —Zoaz etxera, semea onik dozu-eta.

    Gizonak sinistu egin eban Jesusek esandakoa eta joan egin zan.

    51 Etxera bidean, morroiek urten eutsoen bere semea ondo egoala esatera. 52 Orduan, hoberantz zer ordutan hasi zan galdetu eutsen. Eta hareek erantzun:

    —Atzo eguerdiko ordubatetan egin eutson alde sukarrak.

    53 Konturatu zan aita ordu haretantxe esan eutsola Jesusek: «Onik dozu semea», eta sinistu egin eben Jesusengan berak eta etxeko guztiek.

    54 Bigarren mirarizko seinale hau Judeatik Galileara bihurtzean egin eban Jesusek.


Jesusek elbarria zapatuz osatu


    5,1 Handik aldi batera, juduen jai bat* ospatzen zan, eta Jesus Jerusalemera abiatu zan. 2 Bada Jerusalemen, Ardien Atea deritzonaren ondoan, uraska bat, bost aterpe dituana. Hebreeraz Betzata* deitzen deutsoe. 3 Aterpeetan gaixo asko egoten zan, lurrean etzunda: itsu, herren eta elbarriak. (3 b4*). 5 Bazan han gizon bat, hogeita hamazortzi urtez gaixo egoana. 6 Jesusek, han etzunda ikusi eta era haretan denbora luzea eroiala jakinik, esan eutson:

    —Nahi dozu osatu?

    7 Gaixoak erantzun eutson:

    —Jauna, ez dot inor ura mugitzean uraskara botako nauanik; ni heldu orduko besteren batek hartzen deust aurrea.

    8 Jesusek esan eutson:

    —Jagi, hartu esku-ohea eta ibili.

    9 Une berean osaturik gertatu zan gizona, esku-ohea hartu eta ibilten hasi zan.

    Egun ha zapatua zan, atsedeneguna.

    10 Juduagintariek, orduan, esan eutsoen osatuari:

    —Zapatua da; ez dozu zilegi esku-ohea garraiatzea.

    11 Harek erantzun eutsen:

    —Osatu nauanak berak esan deust: «Hartu esku-ohea eta ibili».

    12 Hareek galdetu eutsoen:

    —Nor da esku-ohea hartu eta ibilteko esan deutsun hori?

    13 Baina osatuak ez ekian nor zan, Jesus inguruan egoan jendetza artean ezkutatu egin zan-eta.

    14 Gerotxoago, Jesusek tenpluan topo egin eban beragaz eta esan eutson:

    —Begira, osatuta zagoz; ez egin barriro pekaturik, okerragorik jazo ez dakizun.

    15 Joan zan gizona, eta agintariei adierazi eutsen Jesus zala osatu ebana.


Semearen aginpidea. Aita eta Semea


    16 Honexegaitik, izan ere, zapatuz halako gauzak egiten ebazalako, agintariak Jesus pertsegitzen hasi ziran.

    17 Jesusek, orduan, hauxe azaldu eutsen: «Nire Aitak etengabe dihardu lanean, eta neuk ere bai».

    18 Esandako honegaitik, agintariak orduan eta gehiago ebiltzan Jesus hil nahian, zapatuko atsedena ez errespetatzeaz gainera, Jainkoa bere Aita ebala esaten eban-eta, horrela bere burua Jainkoaren pareko eginez.

    19 Jesusek esan eutsen gainera: «Benebenetan dinotsuet: Semeak ezin daike ezer ere bere kabuz egin; ez dau egiten Aita egiten ikusten dauana besterik: Aitak zer egin, haxe bera egiten dau Semeak ere. 20 Izan ere, Aitak Semea maite dau, eta berak egiten dauan guztia erakusten deutso, eta gauza handiagoak erakutsiko deutsoz oraindino, harritu egingo zaitueenak. 21 Aitak hilak biztu eta bizia emoten deutsen lez, Semeak ere bizia emoten deutse, berak nahi dabenei.

    22 «Aitak ez dau inor ere epaitzen, epaitzeko ahalmen guztia Semearen esku itzi dau-eta, 23 guztiek, bera goresten daben lez, Semea ere goretsi daien. Semea goresten ez dauanak, ha bialdu dauan Aita ere ez dau goresten. 24 Benebenetan dinotsuet: Nire mezua onartu eta bialdu nauanagan sinisten dauanak betiko bizia dau. Ez da kondenatua izango; igaroa da dagoaneko heriotzatik bizitzara.

    25 «Benebenetan dinotsuet: Badator ordua —hobeto esan, heldu da—, hilek* Jainkoaren Semearen ahotsa entzungo dabena; eta entzungo dabenak bizi izango dira. 26 Aitak bizia bere barruan daukan lez, Semeari ere bizia bere barruan eukitea emon deutso. 27 Gainera, epaitzeko aginpidea emon deutso, Gizonaren Semea dalako. 28 Ez harritu esaten deutsuedanaz, badator-eta ordua hildako guztiek haren ahotsa entzungo dabena, 29 eta hilobietatik urtengo dabena: on egin ebenak betiko bizirako biztuko dira; txarra egin ebenak, barriz, kondenatuak izateko.

    30 «Nik neurez ezin daiket ezer ere egin: Aitak agintzen deustan lez epaitzen dot; eta nire epaia zuzena da, ez dot-eta helburu neure nahia egitea, bialdu nauanarena baino.


Aitaren testigantzea eta Joan Bataiatzailearena


    31 «Nik neure buruaren aldeko testigantzea egingo baneu, nire testigantzea ez litzateke baliozkoa izango. 32 Beste batek dau nire alde testigatzen, eta jakin badakit haren testigantzea baliozkoa dana. 33 Zuek gizatalde bat bialdu zeutsoen Joani, eta harek egiaren alde egin eban testigantzea. 34 Ez dot hau esaten giza testigantzearen beharrik dodalako, zuek salba zaitezen baino. 35 Joanek argi egiten eban kriseilu biztuaren antzera, eta zuek alditxo batez bakarrik egon zineen prest haren argiaz gozatzeko.

    36 «Nik, ordea, badot neure alde Joanena baino balio handiagoko testigantzea: nik beteteko Aitak nire gain itzitako egintzak, izan ere; nik egiten dodazan egintzek testigatzen dabe nire alde eta Aitak bialdu nauala ziurtatzen. 37 Eta bialdu nauan Aitak berak ere eginda dauka nire aldeko testigantzea. Baina zuek ez dozue inoiz haren ahotsik entzun, ez haren aurpegirik ikusi, 38 eta haren berbeak ere ez dau zuen barruan lekurik, Harek bialduagan ez sinisteak erakusten dauan lez. 39 Liburu Santuak arretaz aztertzen dozuez, betiko bizia euretan aurkituko dozuelakoan; horra, ba, Liburu Santuek ere neure alde egiten dabe testigantza; 40 halan ere, ez dozue nigana hurreratu nahi betiko bizia izateko.

    41 «Ez dot gizakiengandiko aintzarik onartzen. 42 Baina ondo ezagutzen zaituet eta badakit ez dozuela Jainkoa maite. 43 Neure Aitaren izenean etorria naz ni, baina zuek ez nozue onartzen; inor bere izenean etorriko balitz, ha bai, onartuko zeukee. 44 Zelan sinistuko dozue zuek, alkarri aintza emoten ahalegintzen bazaree eta Jainko bakarragandik datorren aintzaz arduratzen ez? 45 Ez uste izan Aitaren aurrean nik salatuko zaituedanik; Moisesek berak, zeuen itxaropena dozuenak, salatuko zaitue. 46 Izan ere, Moisesi sinistuko bazeutsoe, neuri ere sinistuko zeuskite, harek neutaz idatzi* eban-eta. 47 Baina, harek idatzia sinisten ez badozue, zelan sinistuko dozue nik esana?»


Jesusek jendetzeari jaten emon

(Mt 14,1321; Mk 6,3044; Lk 9,1017)


    6,1 Handik aldi batera, Galilea edo Tiberiades aintziraz* beste aldera joan zan Jesus. 2 Eta jendetza handia joakon atzetik, gaixoak osatuz egiten ebazan mirarizko seinaleak ikusten ebezan-eta. 3 Jesusek mendira igon eban eta han jesarri zan bere ikasleekaz. 4 Laster zan Pazkoa, juduen jai nagusia. 5 Jesusek, jende asko etorkola ikusirik, esan eutson Feliperi:

    —Non erosiko geuke ogia honei jaten emoteko?

    6 Zirikatzeko esan eutson hori, ondo ekian-eta berak zer egin behar eban.

    7 Felipek erantzun eutson:

    —Berrehun denarioren ogia* ez litzateke nahikoa bakotxak apur bat eskuratzeko.

    8 Haren ikasleetako batek, Simon Pedroren anaia Andresek, esan eutson:

    9—Bada hemen bost garagarogi eta arrain txiki bi dituen mutiko bat; baina zer da hori honenbesterentzat?

    10 Jesusek jendea jesarriazoteko agindu eutsen ikasleei. Bedar asko egoan leku haretan, eta jesarri egin ziran danak. Bost milaren bat gizonezko ziran. 11 Jesusek ogiak hartu eta, esker onezko otoitza egin ondoren, banatu egin ebazan jesarrita egozanen artean; bardin arrainak ere, nahi adina. 12 Eta asetu ziranean, esan eutsen Jesusek ikasleei: «Batu eizuez hondakinak, ezer galdu ez dadin».

    13 Batu ebezan, ba, eta bost garagarogietatik jan ebenei gelditu jakezan hondakinez hamabi otzarakada bete ebezan. 14 Jendeak, orduan, Jesusen mirarizko seinale ha ikusirik, honela inoan: «Hauxe da egiaz mundura etortekoa zan profetea».

    15 Jesusek, barriz, errege egiteko indarrez eroan nahi ebela ikusirik, alde egin eban barriro mendira berak bakarrik.


Jesus ur gainean oinez

(Mt 14,2227; Mk 6,4552)


    16 Iluntzean, Jesusen ikasleak aintzirara jatsi 17 eta, txalupara igonda, aintziraz beste aldera abiatu ziran, Kafarnaumerantz. Ilunduta egoan, eta artean Jesus ez zan eurekaz. 18 Aintzireak haserretzen ziharduan, haize handia ebilan-eta. 19 Arraunean bost edo sei kilometro* egin ondoren, Jesus ur gainean oinez eta txaluparantz hurreratzen ikusi eben, eta bildurrak hartu ebazan. 20 Jesusek, barriz, esan eutsen: «Neu naz. Ez bildurtu!»

    21 Hareek, orduan, txalupan hartu nahi izan eben, eta txalupa berehala heldu zan joiazan tokira.


Biziogiaz hitzaldia


    22 Biharamonean, aintziraz beste aldean egoan jendea konturatu zan han txalupa bat bakarra izan zala eta Jesus ez zala untziratu ikasleekin, honeik bakarrik joan zirala baino. 23 Bitartean, beste txalupa batzuk heldu ziran Tiberiadesetik, Jaunak esker onezko otoitza egin ondoren ogia jan eben ingurura. 24 Jesus eta ikasleak han ez egozala konturatzean, jendea txalupetara igon eta Kafarnaumera joan zan, Jesusen bila. 25 Aintziraz beste aldean aurkitu eta esan eutsoen:

    —Maisu, noiz etorri zara hona?

    26 Jesusek erantzun eutsen:

    —Benebenetan dinotsuet: Nire bila zabize, ez ikusi dozuezan mirarizko seinaleekaitik, ogia asetzeraino jan dozuelako baino. 27 Ahalegindu zaiteze, ez galtzen dan janariagaitik, irauten eta betiko bizia emoten dauan janariagaitik baino; hori Gizonaren Semeak emongo deutsue, Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkari egin dauanak.

    28 Orduan, galdetu eutsoen:

    —Zer egin behar dogu Jainkoak nahi dauana egiteko?

    29 Jesusek erantzun eutsen:

    —Hauxe da Jainkoak nahi dauana: berak bialdu dauanagan zuek sinistea.

    30 Galdetu eutsoen, orduan:

    —Zer seinale emoten deuskuzu, ba, guk ikusi eta zuri sinisteko? Zer egiten dozu? 31 Gure arbasoek mana jan eben basamortuan, Liburu Santuak dinoan lez: Zeruko ogia emon eutsen jaten.

    32 Jesusek erantzun eutsen:

    —Benebenetan dinotsuet: Ez eutsuen Moisesek emon zeruko ogia neure Aitak baino; harexek emoten deutsue zeruko egiazko ogia. 33 Jainkoaren ogia, zerutik jatsi eta munduari bizia emoten deutsona da-ta.

    34 Orduan, eskatu eutsoen:

    —Jauna, emoiguzu beti ogi horretatik.

    35 Jesusek erantzun eutsen:

    —Neu naz bizia emoten dauan ogia*; nigana hurreratzen dana ez da, ez, sekula gose izango, eta nigan sinisten dauana ez da behin ere egarri izango. 36 Zuek, barriz, lehen ere esan deutsuet, ez dozue sinisten, ikusi nozuen arren. 37 Aitak niri emoten deustazan guztiak neugana hurreratuko dira eta nigana hurreratzen danik ez dot ezelan ere kanpora botako, 38 ez naz-eta zerutik jatsi neure nahia egitera, bialdu nauanaren nahia egitera baino. 39 Eta hauxe da bialdu nauanaren nahia: berak emon deustazan guztietatik, ez daidala bat ere galdu, biztu daidazala baino azken egunean. 40 Hauxe da nire Aitak gura dauana: Semea ikusi eta harengan sinistu daianak betiko bizia izan daiala; eta neuk biztuko dot azken egunean.

    41 Orduan, marmarka hasi ziran entzuleak, «Neu naz zerutik jatsitako ogia» esan ebalako, 42 eta hauxe inoen:

    —Ez da, ba, hau Jesus, Joseren semea? Ez doguz, ba, ezagunak honen aitamak? Zelan dino orain, zerutik jatsia dala?

    43 Jesusek erantzun eutsen:

    —Ez jardun marmarka zuen artean. 44 Ezin da inor nigana hurreratu, bialdu nauan Aitak erakarten ez badau; eta neuk biztuko dot azken egunean. 45 Holan esaten da profeten liburuan: Jainkoaren ikasle izango dira danak. Aitari entzun eta Harek irakatsia bereganatzen dauana neugana hurreratzen da. 46 Horrek ez dau esan nahi inork Aita ikusi dauanik; Jainkoagandik etorri danak baino ez dau ikusi Aita.

    47 «Benebenetan dinotsuet: sinisten dauanak* betiko bizia dauka. 48 Neu naz bizia emoten dauan ogia. 49 Zuen gurasoek mana jan eben basamortuan eta, halan ere, hil egin ziran. 50 Bestelakoa da zerutik jaisten dan ogia: beronetatik jaten dauana ez da hilgo. 51 Neu naz zerutik jatsia dan ogi bizia; ogi honetatik jaten dauanak betiko bizia izango dau. Eta nik emongo dodan ogia neure gorputza da, mundua bizi dadin emona».

    52 Berbok eztabaida gogorra sortu eben entzuleen artean. Holantxe inoen:

    —Zelan emon leikigu honek bere gorputza jaten?

    53 Jesusek esan eutsen:

    —Benebenetan dinotsuet: Gizonaren Semearen gorputza jaten eta haren odola edaten ez badozue, ez dozue bizirik izango zuengan. 54 Nire gorputza jaten eta nire odola edaten dauanak betiko bizia dau, eta neuk biztuko dot azken egunean. 55 Nire gorputza benetako janari da-ta, eta nire odola benetako edari. 56 Nire gorputza jaten eta nire odola edaten dauana neugaz bat eginda dago, eta ni beragaz. 57 Bizia dauan Aitak bialdu ninduan eta hari esker dot nik bizia; halaxe, ni jaten nauanak ere neuri esker izango dau bizia. 58 Hauxe da zerutik jatsi dan ogia; ez da zuen gurasoek jan ebena langoa, hareek hil egin ziran-eta; ogi honetatik jaten dauanak betiko bizia izango dau.

    59 Hau guztia Kafarnaumgo sinagogan irakatsi eban Jesusek.


Betiko bizia daben berbak


    60 Jesusen berbok entzutean, haren ikasleetariko askok esan eban: «Onargatxa da mezu hau. Nork jaramon egin?»

    61 Jesusek, ikasleek marmarka ziharduela konturaturik, esan eutsen: «Honek eragozten deutsue sinistea? 62 Ba, Gizonaren Semea lehen egoan lekura igoten ikusiko bazendue, zer gertatuko ete? 63 Espiritua da bizia emoten dauana; gizakia berez ez da ezertarako. Nik emon deutsuedazan irakatsiak espiritu eta bizi dira. 64 Baina badira zuen artean sinisten ez daben batzuk».

    Izan ere, Jesusek hasieratik ekian nork ez eban sinisten eta nork salduko eban. 65 Eta esan eban gainera: «Horregaitik esan deutsuet ezin dala inor ere nigana hurreratu, Aitak ez badeutso horretarako gaitasuna emoten».

    66 Ordutik, haren ikasleetariko askok atzera egin eban, eta aurrerantzean ez ziran haregaz ibili. 67 Orduan, esan eutsen Jesusek Hamabiei:

    —Zuek ere alde egin gura dozue?

    68 Erantzun eutson Simon Pedrok:

    —Jauna, norengana joango gara? Betiko bizia dabe zure irakatsiek. 69 Eta guk sinistu dogu eta badakigu zeu zarala Jainkoaren Santua.

    70 Jesusek gaineratu eutsen:

    —Ez zaituet neuk aukeratu Hamabiok? Halan ere, zuetariko bat deabru da.

    71 Simon Iskarioteren seme Judasez ziharduan; hauxe zan-eta, Hamabietako bat izan arren, Jesus salduko ebana.


Jesusen senideek sinistu ez


    7,1 Jesus Galilean ebilan. Ez eban Judean azaldu gura, juduagintariak bera hil nahian ebizan-eta. 2 Txabola Jaia*, juduen jaietariko bat, hurrean zala, 3 anaiarrebek esan eutsoen Jesusi:

    —Urten hemendik eta zoaz Judeara, egiten dozuzan egintzak han ere zure ikasleek ikusi daiezan. 4 Bere burua ezagutuazo gura dauanak ez dau ezkutuan jarduten. Holako gauzak egiten dozuzan ezkero, egizuz mundu guztiak ikusteko moduan.

    5 Haren senideek ere ez eben, izan ere, beragan sinisten. 6 Jesusek esan eutsen:

    —Nire sasoia ez da oraindino heldu; zuentzat, barriz, edozein sasoi da ona. 7 Munduak ez dau zuek gorrotatzeko arrazoirik; niri, barriz, bai, gorroto deust, argi azaltzen dot-eta haren egintzak gaiztoak dirala. 8 Joan zeuek jaietara; ni ez noa, nire sasoia ez da-ta oraindino bete.

    9 Hori esan eta Galilean gelditu zan Jesus. 10 Baina haren senideak jaietara joan ondoren, bera ere joan egin zan; ez, barriz, agerian, erdi ezkutuan baino.


Jaietan Jesusek Jerusalemen irakatsi


    11 Juduagintariak Jesusen bila ebizan jaietan, esanez: «Non ete da hori?» 12 Eta jendeak txutxumutxuka ziharduan haretaz; batzuk inoen: «Gizon ona da». Beste batzuk, ordea: «Ez, herria engainatzen dihardu». 13 Halan ere, inor ez zan haretaz agerian berba egiten ausartzen, agintarien bildurrez.

    14 Jaien erdialdera, tenpluan azaldu zan Jesus, eta irakasten hasi zan. 15 Agintariek, harrituta, inoen:

    —Nondik da hau hain ikasia, eskolan ibili gabe*?

    16 Jesusek erantzun eutsen:

    —Nire irakaspena ez dot neurea, bialdu nauanarena baino. 17 Jainkoaren nahia egiteko prest dagoanak jakingo dau irakaspen hau Jainkoagandikoa dan ala neure kabuz nabilan. 18 Bere kabuz dabilana bere buruaren aintzaren bila ibilten da; baina bialdu dauanarentzat aintzaren bila dabilana fidagarria da, eta ez dau faltsukeriarik. 19 Ez eutsuen Moisesek legea emon? Halan ere, zuetariko inork ez dau beteten legea. Zergaitik zabize ni hil nahian?

    20 Jendeak erantzun eutson:

    —Burutik zagoz! Nor dabil zu hil nahian?

    21 Jesusek erantzun eutsen:

    —Harriturik zagoze zapatuz egin dodanagaitik. 22 Baina pentsa: Moisesek erdainkuntzaren legea ezarri eutsuen (egia esan, ohitura hau ez zan Moisesegaz hasi, arbasoekaz baino), eta zapatuz ere erdaintzen dozue gizona. 23 Horrela ba, Moisesen legea ez haustearren, erdainkuntza zapatuz ere egiten bajako gizonari, zergaitik haserretzen zaree nigaz, zapatuz gizon baten gorputz osoa osatu dodalako? 24 Ez epaitu itxuren arabera, zuzentasunez baino.


Jesusen jatorriaz eztabaidea


    25 Orduan, Jerusalemen bizi ziran batzuk galdezka hasi ziran: «Ez da hau hil nahi dabena? 26 Ba, agerian dihardu berba egiten, eta ez deutsoe ezer esaten. Benetan onartu ete dabe buruzagiek Mesias berau dala? 27 Mesias etorriko danean, ez dau inork jakingo nongoa dan; hau, barriz, badakigu nongoa dan».

    28 Jesusek, orduan, tenpluan irakasten ziharduala, esan eban oihu eginez: «Ni ezagutzen nozue, eta badakizue nongoa nazan; baina ni ez naz neurez etorri, fidagarria danak bialduta baino, eta zuek ez dozue ha ezagutzen. 29 Nik, bai, ezagutzen dot, beragandik nator-eta, eta berak bialdua naz».

    30 Orduan, atxilotu egin gura izan eben; baina ez eutson inork eskurik ezarri, ez zan-eta artean haren ordua. 31 Askok sinistu eben harengan, eta holan inoen: «Mesias etorriko danean, honek baino mirarizko seinale gehiago egingo ete dau?»

    32 Fariseuek entzun eben jendeak haretaz esaten ziharduana eta, abadeburuekaz alkar harturik, guardak bialdu ebezan atxilotu eien. 33 Orduan, Jesusek esan eban: «Oraindik alditxo batez egongo naz zuekaz, eta gero bialdu nauanagana joango. 34 Orduan, nire bila ibiliko zaree, baina ez nozue aurkituko; ni egongo nazan tokira, zuek ezin zaree-eta joan».

    35 Juduagintariek inotsoen alkarri: «Nora joango da hau, guk bera ezin aurkitu ahal izateko? Jentilen artean sakabanaturiko judualkarteetara joan nahi ete dau, jentilei* irakastera? 36 Zergaitik esaten ete dau “Nire bila ibiliko zaree, baina ez nozue aurkituko; ni egongo nazan tokira, zuek ezin zaree-eta joan”?»


Jesus eta Espiritua


    37 Jaietako azken egunean, nagusienean, Jesusek zutundu  eta oihu egin eban, esanez: «Egarri dana betor neugana, eta edan bei 38 nigan sinisten dauanak. Liburu Santuek dinoen lez, ur biziko errekak jarioko jakoz barrubarrutik*».

    39 Harengan sinistuko ebenek hartuko eben Espirituaz esan eban hori; izan ere, ez zan artean Espiriturik, Jesusen Jainkoaintza ez zalako oraindino azaldu.


Iritzi desbardinak Jesusi buruz


    40 Jesusen hitzok entzutean, batzuk inoen: «Benetan hauxe da itxaron dogun profetea*». 41 Beste batzuk esaten eben: «Hauxe da Mesias». Baina beste hainbaitek kontra urten eban: «Galileatik etorri ete daiteke Mesias? 42 Ez dinoe, ba, Liburu Santuek Daviden hazitik eta haren herritxo Belendik etorriko dala?»

    43 Iritzi kontrajarriak egozan, ba, jendearen artean Jesusi buruz.

    44 Batzuk atxilotu egin gura eben, baina inork ez eutson eskurik ezarri. 45 Guardak abadeburu eta fariseuengana bihurtu ziran. Honeek galdetu eutseen:

    —Zergaitik ez dozue ekarri?

    46 Guardek erantzun eutseen:

    —Ez dau sekula inork honek lez hitz egin.

    47 Orduan, fariseuek:

    —Zuek ere engainatu zaitue? 48 Sinistu ete dau harengan buruzagi edo fariseuetakoren batek ere? 49 Baina legea ezagutzen ez dauan jendemodu hau madarikatuta dago.

    50 Nikodemok, fariseuetako batek, behinola Jesusengana joan zanak, esan eutsen:

    51—Zilegi ete dogu geure legearen arabera inor gaitzestea, aldez aurretik berari entzun eta zer egin dauan jakin barik?

    52 Besteek erantzun eutsoen:

    —Zu ere galilearra ete zaitugu? Aztertu Liburu Santuak, eta ikusiko dozu Galileatik ez dala inoiz profetarik sortu.


Emakume adulteriogilea*


    53 (Ondoren, bakotxa bere etxera joan zan.


    8,1 Jesus Oliamendira joan zan. 2 Biharamonean, egunsentian, tenplura bihurtu zan, eta herri guztia etorri jakon. Jesus, jesarririk, irakasten hasi zan.

    3 Orduan, legemaisu eta fariseuek emakume bat, adulterioan harrapatua, ekarri eutsoen. Erdierdian ipiniz, 4 esan eutsoen Jesusi:

    —Maisu, emakume hau adulterioan ziharduala harrapatu dabe. 5 Moisesek legean honelakoak harrika hilteko agindu euskun; zuk zer dinozu?

    6 Galderea azpikeriaz egin eutsoen, ha salatzeko atxakiaren baten bila ebilzan-eta. Jesus, ordea, makurturik, atzamarrez lurrean idazten hasi zan. 7 Hareik, barriz, galdetu eta galdetu ebilkozan-eta, zutundu zan Jesus eta holan esan eutsen:

    —Zuen artean pekaturik barik dagoanak jaurti deiola lehenengo harria.

    8 Eta barriro makurturik, lurrean idazten jarraitu eban. 9 Hareik, barriz, hori entzutean, bananbanan alde egiten hasi ziran, zaharrenetatik hasita. Jesus bakarrik gelditu zan, emakumea aurrean ebala. 10 Jesusek zutundu eta esan eutson:

    —Emakume, non dira salatzaileak? Ez zaitu inork ere gaitzetsi?

    11 Harek erantzun:

    —Inork ere ez, Jauna.

    Orduan, Jesusek:

    —Nik ere ez zaitut gaitzesten; zoaz, eta ez egin barriro pekaturik.)


Jesus munduko argia


    12 Jesusek barriro egin eutson berba jendeari:

    —Neu naz munduarentzat argia*; niri jarraitzen deustana ez da ilunpetan ibiliko, bizia emoten dauan argia izango dau-eta.

    13 Orduan, fariseuek esan eutsoen:

    —Zuk zeure buruaren alde egiten dozu autorra; beraz, zure autorkuntzeak ez dau balio.

    14 Jesusek erantzun eutsen:

    —Nik autorkuntzea neure buruaren alde egiten badot ere, balio dau nire autorkuntzeak, ondo dakit-eta nik nondik etorria nazan eta nora noan; baina zuek ez dakizue, ez nondik natorran, ez nora noan. 15 Zuek giza erara dozue epaitzen; nik ez dot inor epaitzen*. 16 Eta epaituko baneu ere, nire epaia baliozkoa litzateke, ez dot-eta nik bakarrik epaitzen, bialdu nauan Aitak eta biok baino. 17 Eta zuen legean idatzita dago, lagun biren testigantzea baliozkoa dala. 18 Holan ba, nik neure buruaren alde egiten dot testigantzea, baina bialdu nauan Aitak ere neure alde egiten dau testigantzea. 19 Orduan, hareek galdetu eutsoen:

    —Non da zure Aita?

    Jesusek erantzun eutsen:

    —Ez dakizue ezer, ez nitaz, ez nire Aitaz; ni ezagutuko baninduzue, nire Aita ere ezagutuko zeukee.

    20 Adierazpenok tenpluan irakasten ziharduala egin ebazan Jesusek dirutegi ondoan*. Halan ere, ez eutson inork eskurik bota, haren ordua oraindino ez zan-eta heldu.


Sinisten ez dabenen pekatua


    21 Barriro esan eutsen Jesusek:

    —Ni banoa, eta zuek nire bila ibiliko zaree, baina zeuen pekatuan hilgo zaree. Ni noan tokira zuek ezin zaree joan.

    22 Orduan, entzuleek:

    —Bere burua hil behar ete dau? Horregaitik esaten ete dau «Ni noan tokira zuek ezin zaree joan»?

    23 Jesusek jarraitu eban:

    —Zuek behekoak zaree, ni goikoa naz; zuek mundu honetakoxeak zaree, ni ez naz mundu honetakoa. 24 Horregaitik esan deutsuet, zeuen pekatuan hilgo zareela; nazana nazala* ni sinisten ez badozue, zeuen pekatuetan hilgo zaree-eta.

    25 Orduan, esan eutsoen:

    —Nor zara zu?

    Jesusek erantzun:

    —Hasieratik dihardut zuei esaten*. 26 Badot zuetaz zer esanik eta zer gaitzetsirik asko. Baina bialdu nauana fidagarria da; eta nik hari entzun deutsodana, horixe bera esaten deutsot munduari.

    27 Baina ez ziran jabetu Aitaz egiten eutsela berba. 28 Esan eutsen, ba, Jesusek:

    —Gizonaren Semea jasoko dozuenean, orduan konturatuko zaree nazana nazala ni, eta ez dodala neurez ezer egiten, Aitari ikasia baino ez dodala esaten. 29 Neugaz dot bialdu nauana; ez nau, ez, bakarrik itzi, beti egiten dot-eta Harek atsegin dauana.

    30 Gauzok esan ebazanean, askok sinistu eben harengan.


«Egiak aske egingo zaitue»


    31 Orduan, esan eutsen Jesusek sinistu eutsoen juduei:

    —Nire mezuan tinko irauten badozue, benetan izango zaree nire ikasle; 32 horrela, egia ezagutuko dozue, eta egiak aske egingo zaitue.

    33 Erantzun eutsoen:

    —Gu Abrahamen hazikoak gara, eta ez gara inoiz inoren esklabo izan. Zelan dinozu  aske izango garala?

    34 Jesusek erantzun eutsen:

    —Benebenetan dinotsuet: pekatu egiten dauana pekatuaren esklabo da. 35 Eta esklaboa ez da betiko etxean geratzen; semea, ostera, bai. 36 Beraz, Semeak askatzen bazaitue, benetan aske izango zaree. 37 Badakit, bai, Abrahamen hazikoak zareena; baina ni hil nahian zabize, nire mezua zuengan itsasten ez dalako. 38 Neure Aitaren ondoan ikusi dodanaz dihardut nik; zuek, ostera, zeuen aitagandik ikasi dozuena egiten dozue.


Jesus eta Abraham


    39 Erantzun eutsoen Jesusi:

    —Abraham dogu aita.

    Jesusek esan eutsen:

    —Abrahamen seme bazinee, Abrahamek egin ebana egingo zeukee. 40 Zuek ni hil nahian zabize, Jainkoagandik ikasi neban egia esan deutsuedalako; Abrahamek ez eban horrelakorik egin. 41 Zuek zeuen aitak egin ebana egiten dozue.

    Erantzun eutsoen:

    —Gu ez gara sasikume*; aita bakarra dogu, Jainkoa.

    42 Jesusek, orduan:

    — Jainkoa balitz zuen aita, maite izango nindukezue, ni Jainkoagandik urten eta etorri naz-eta; ez naz neure kabuz etorri, Harek bialduta baino. 43 Zergaitik ez dozue ulertzen nire berbea? Nire mezua onartu nahi ez dozuelako. 44 Zuek deabrua dozue aita, harexenak zaree, eta zeuen aitaren gogoa nahi dozue egin. Ha hiltzaile izan da hasieratik eta, egian oinarritua ez dagoanez, ez dau sekula egiarik esaten. Guzurra dinonean, bereberea dauanetik dihardu, guzurtia da-ta, eta guzurraren aita. 45 Niri, barriz, egia dinodalako, ez deustazue sinisten. 46 Ea zuetariko zeinek aurpegiratzen deustan pekaturik! Baina egia badinot, zergaitik ez deustazue sinisten? 47 Jainkoarena danak onartzen dau Jainkoak irakatsia; zuek ez dozue onartzen, Jainkoarenak ez zareelako.

    48 Orduan, judu hareek erantzun eutsoen:

    —Ez dogu arrazoi samariarra* zarala eta deabruaren menpe zagozala esatean?

    49 Jesusek erantzun eutsen:

    —Ni ez nago deabruaren menpe; nik neure Aita goraltzen dot, eta zuek ni izengetzen diharduzue; 50 baina ni ez naz neure izen onaz arduratzen; beste bat arduratzen da horretaz, eta Berak dau epaitzeko ahalmena. 51 Benebenetan dinotsuet: Nire mezua onartzen dauanak ez dau inoiz heriotzarik ikusiko.

    52 Entzuleek esan eutsoen:

    —Oraintxe bai dakigula deabruaren menpe zagozana. Abraham hil egin zan eta profetak ere bai; eta zuk dinozu: «Nire hitza onartzen dauanak ez dau inoiz heriotzarik jasango». 53 Gure aita Abraham baino handiagoa zara zu? Ha hil egin zan eta profetak ere bai; nor zaralakoan zagoz?

    54 Jesusek erantzun eban:

    —Nire burua neuk goraltzen badot, nire ohore horrek ez dau ezer ere balio; baina ni Aitak goraltzen nau, zeuen Jainkoa dala dinozuenak. 55 Zuek, barriz, ez dozue ezagutzen; nik, bai, ezagutzen dot eta, ez dodala ezagutzen esango baneu, guzurti nintzateke zeuek lez; baina ezagutzen dot, eta onartzen ere bai haren mezua. 56 Zuen aita Abraham pozik egoan nire eguna ikusiko eban itxaropenez; ikusi eban, eta poztu egin zan.

    57 Orduan, esan eutsoen entzuleek:

    —Ez dituzu oraindik berrogeita hamar urte, eta Abraham ikusi dozula?

    58 Jesusek erantzun eutsen:

    —Benebenetan dinotsuet: Abraham sortu baino lehenagokoa naz ni.

    59 Orduan, harriak hartu ebezan hari jaurtitzeko; baina Jesus ezkutatu egin zan eta tenplutik urten egin eban.


Jesusek itsu jaiotakoa osatu


    9,1 Bidez joiala, jaiotzatik itsua zan gizon bat ikusi eban Jesusek. 2 Eta ikasleek galdetu eutsoen:

    —Maisu, nork egin eban pekatu hau itsu jaioteko, beronek ala beronen gurasoek?

    3 Jesusek erantzun eutsen:

    —Ez beronek, ez beronen gurasoek, ez eben pekatu egin; honengan Jainkoaren egintzak ager daitezen jaio zan itsu. 4 Egun-argi dan bitartean, bialdu nauanaren egintzak bete behar dodaz; badator gaua, eta orduan ezin izango dau inork lanik egin. 5 Munduan nazan bitartean, munduaren argia naz.

    6 Hau esanik, lurrera txistua bota, txistuaz lohia egin eta lohiaz itsuari begiak igurtzi eutsozan. 7 Gero, esan eutson:

    —Zoaz garbitzera Siloeko urputzura* (Siloek «bialdua» esan nahi dau).

    Joan zan, ba, garbitu eta ikusten ebala bihurtu zan. 8 Auzokoek eta lehen eskean ikusten ebenek esaten eben:

    —Ez da hau jesarrita eskean egoten zana?

    9 Batzuk inoen:

    —Bai, bera da.

    Beste batzuk, barriz:

    —Ez, ez da ha, haren antzeko bat baino.

    Berak, barriz, inotsen:

    —Bai, neu nozue.

    10 Hareek galdetu eutsoen:

    —Zelan ikusten dozu, ba, orain?

    11 Harek erantzun eutsen:

    —Jesus dalakoak txistuaz lohia egin dau, begiak igurtzi deustaz eta agindu: «Zoaz Siloera, eta garbitu han»; joan, garbitu eta ikusten hasi naz.

    12 Orduan, galdetu eutsoen:

    —Non da orain gizon hori?

    Harek erantzun:

    —Ez dakit.


Fariseuak osakuntza ikertzen


    13-14 Zapatua zan Jesusek lohia egin* eta begiak ireki eutsozan eguna. Horregaitik, fariseuengana eroan eben itsu izandako ha, 15 eta fariseuek barriro galdetu eutsoen ea zelan hasi zan ikusten. Harek erantzun eutsen:

    —Lohia ezarri eustan begietan, garbitu nintzen, eta ikusi egiten dot.

    16 Orduan, fariseuetariko batzuk inotsoen:

    —Gizon hori ez dator Jainkoagandik, ez dau-ta atsedeneguna errespetatzen.

    Beste batzuk, barriz, inoen:

    —Zelan egin daike pekatari batek holango mirarizko seinalerik?

    Eta ez etozan bat euren iritzietan.

    17 Orduan, barriro galdetu eutsoen itsuari:

    —Eta zuk, zer dinozu  begiak ireki deutsuzanaz?

    Harek erantzun:

    —Profeta dala.

    18 Juduagintariek, barriz, ez eben sinistu gura gizon ha itsu izan eta gero ikusten hasi zanik. Beraz, haren gurasoei deitu 19 eta galdetu eutseen:

    —Hau da zuen semea, itsu jaio zala dinozuena? Zelan ikusten dau, ba, orain?

    20 Gurasoek erantzun eutseen:

    —Guk dakiguna geure semea dala da eta itsu jaio zala; 21 baina orain zelan ikusten dauan edo begiak nork ireki deutsozan, hori ez dakigu. Galdetu berari, badau adinaeta bere buruaren barri emoteko.

    22 Gurasoek agintarien bildur ziralako erantzun eben horrela, ordurako agintariek erabagita euken-eta Jesus Mesias zala autortzen ebana euren alkartetik botatzea. 23 Horregaitik esan eben gurasoek: «Badau adina, galdetu berari».

    24 Agintariek itsu izandakoari bigarren aldiz dei egin eta esan eutsoen:

    —Autortu egia Jainkoaren aurrean*. Guk badakigu gizon hori pekatari dana.

    25 Berak erantzun eutsen:

    —Ez dakit pekatari dan ala ez. Dakidan gauza bakarra hauxe da: itsua nintzela, eta orain ikusi egiten dodala.

    26 Hareek barriro:

    —Zer egin deutsu? Zelan ireki deutsuz begiak?

    27 Eta harek erantzun:

    —Esan deutsuet, eta ez deustazue jaramonik egin. Zergaitik nahi dozue barriro entzun? Zeuek ere haren ikasle izan nahi dozue ala?

    28 Hareek irainez bete eta esan eutsoen:

    —Zeu zara, zu, haren ikasle; gu Moisesen ikasle gara. 29 Guk seguru dakigu Moisesi Jainkoak berba egin eutsola, baina hori nongoa dan ere ez dakigu.

    30 Harek erantzun eutsen:

    —Hori bai harrigarria! Zuek nongoa dan ere jakin ez, eta horrek niri begiak ireki. 31 Jakina da Jainkoak ez deutsola pekatariari entzuten, berari begirune izan eta bere nahia beteten dauanari baino. 32 Gaur arte ez dogu entzun itsu jaiotako bati inork begiak ireki deutsozanik. 33 Gizon horrek, Jainkoagandik ez baletor, ezin izango leuke ezer ere egin.

    34 Hareek erantzun eutsoen:

    —Goitik beheraino pekatari jaio zinen, eta zu guri irakatsi nahian?

    Eta alkartetik kanpora bota eben.


Bihotzeko itsukeria


    35 Jakin eban Jesusek osatutako itsua alkartetik kanpora bota ebela eta, harekin topo egitean, galdetu eutson:

    —Sinisten dozu Gizonaren Semeagan?

    36 Harek erantzun:

    —Esaidazu nor dan, Jauna, sinistu daidan.

    37 Jesusek esan eutson:

    —Ikusi dozu. Zugaz diharduana bera da.

    38 Orduan, Jesusen aurrean ahuspeztu eta esan eutson:

    —Sinisten dot, Jauna.

    39 Ondoren, esan eban Jesusek:

    —Mundu hau auzitan jartera etorri naz ni. Ondorioz, ikusten ez dabenek ikusi egingo dabe, eta ikusten ei dabenak itsu bihurtuko dira.

    40 Jesusegaz egozan fariseuetako batzuk, hori entzunik, esan eutsoen:

    —Gu ere itsu ete gara?

    41 Jesusek erantzun eutsen:

    —Itsu bazinee, ez zeukee pekaturik izango; baina ikusten dozuela dinozuenez, zeuen pekatuzko egoeran irauten dozue.


Artzaina eta ardiak


    10,1 «Benebenetan dinotsuet: Artegian atetik barik, beste nonondik sartzen dana lapurra da eta harraparia. 2 Atetik sartzen dana, barriz, artzaina da. 3 Hari ireki egiten deutso atezainak, eta haren ahotsa entzun egiten dabe ardiek; ardi bakotxari bere izenez deitu eta artegitik ataraten dauz. 4 Bere ardi guztiak atara dauzanean, aurretik joaten jake, eta ardiek atzetik jarraitzen deutsoe, ezaguna dabe-ta haren ahotsa. 5 Arrotzari, ordea, ez deutsoe jarraituko; ihes bai egingo deutsoela, arrotzaren ahotsa ezaguna ez dabelako».

    6 Adibide hau emon eutsen Jesusek, baina hareek ez eben ulertu zer esan nahi eutsen.


Jesus artzain ona


    7 Orduan, honela azaldu eutsen Jesusek: «Benebenetan dinotsuet: Neu naz ardientzako atea*. 8 Nire aurretik etorritako guztiak lapurrak ziran eta harrapariak; horregaitik, ardiek ez eutseen jaramonik egin. 9 Neu naz atea; ate honetan zehar sartzen dana, onik izango da, eta ez dau ezelango eragozpenik izango larreak aurkitzeko. 10 Lapurra ez doa artaldera ebatsi, hil eta hondatzera baino. Ni, barriz, bizia —eta bizia ugari gainera— izan daien etorri naz.

    11 «Neu naz artzain ona*; artzain onak bere burua emoten dau ardien alde. 12 Morroiak, otsoa etorten ikusi orduko, ardiak itzi eta ihes egiten dau, ez da-ta artzaina eta ardiak ere ez dauz-eta bereak. Orduan, otsoak ardiak harrapatu eta sakabanatu egiten dauz. 13 Izan ere, morroiaren ardura bakarra lansaria da, eta ez ardiak.

    14 «Neu naz artzain ona. Ezagutzen dodaz* nire ardiak, eta ni ere ezagutzen nabe nireek, 15 Aitak ni ezagutzen eta nik ere bera ezagutzen dodan lez. Nik neure burua emoten dot ardien alde. 16 Badodaz artegian ez dagozan beste ardi batzuk ere; hareik ere erakarri egin behar dodaz; nire ahotsa entzungo dabe eta artalde bakarra izango dira, artzain bakarraren gidaritzapean.

    17 «Horregaitik maite nau Aitak, neure bizia emoten dodalako eta horrela eskuratzen barriro. 18 Ez deust bizia inork kentzen, nik neurez emoten dot-eta. Neure esku dot emotea, eta neure esku barriro hartzea. Horixe da neure Aitagandik hartu dodan agindua».

    19 Jesusek esandakoaren aurrean, iritzi kontrajarriak egozan jendearen artean. 20 Askok holan inoan: «Deabruaren menpe eta burutik egina dago. Zergaitik egiten deutsozue jaramon?» 21 Beste batzuk, barriz: «Hitzok ez dira deabrudun zoroarenak. Ireki ete daikez deabru batek itsuen begiak?»


Sasiartzainek Jesus baztertu


    22 Negua zan. Jerusalemen tenpluaren sagarapenjaiak* ospatzen ziran, 23 eta Jesus tenpluko Salomonen aterpean* ebilan. 24 Orduan, agintariek inguratu eta esan eutsoen:

    —Noiz arte euki behar gaituzu zalantzan? Zu bazara Mesias, esaiguzu argi eta garbi.

    25 Jesusek erantzun eutsen:

    —Esan deutsuet, eta ez deustazue sinisten. Nik neure Aitaren izenean egiten dodazan egintzek emoten dabe nire alde testigantza; 26 zuek, barriz, ez dozue sinisten, nire ardietakoak ez zareelako. 27 Nire ardiek neure ahotsa entzuten dabe, eta ezagutzen dodaz nik; hareek atzetik jarraitzen deuste, 28 eta nik betiko bizia emoten deutset: ez dira sekula galduko, eta ez deustaz inork ere eskutik kenduko. 29 Emon deustazan nire Aita, danak baino handiagoa da*, eta ezin dauz inork kendu nire Aitaren eskutik. 30 Aita eta biok bat gara.

    31 Agintariek barriro harriak hartu ebezan hari jaurtitzeko. 32 Jesusek esan eutsen:

    —Nire Aitaren aginduz egintza eder asko egin dot zuen aurrean; hareetako zeinegaitik egin gura deustazue harrika?

    33 Erantzun eutsoen:

    —Ez zaitugu egintza ederrekaitik harrikatu gura, Jainkoaren kontra birao egiteagaitik baino, gizaki izanik, zeure burua Jainko egiten dozulako.

    34 Jesusek erantzun eutsen:

    —Ez dago zuen Liburu Santuetan idatzita: Neuk esan dot: Jainko zaree*? 35 Beraz, Jainkoak jainko deitzen deutse bere mezua zuzendu eutsenei, eta Liburu Santuek esana ukaezina da. 36 Zelan dinozue, ba, nik, Aitak sagaratu eta mundura bialdu nauan honek, birao egiten dodala, «Jainkoaren seme naz» esateagaitik? 37 Aitaren egintzak egiten ez badodaz, ez sinistu niri. 38 Baina, egiten badodaz, niri sinisten ez badeustazue ere, sinistu egintzei. Horrela, behin betiko jakingo dozue ni Aitagaz bat eginda nagoala eta Aita neugaz.

    39 Barriro atxilotu egin gura izan eben, baina Harek ihes egin eutsen eskuetatik.

    40 Barriro Jordanez beste aldera joan zan Jesus, sasoi baten Joan bateatzen ebilan lekura. Hantxe gelditu zan aldi batez, 41 eta jende asko joaten jakon. Holan inoen: «Joanek, egia esan, ez eban mirarizko seinalerik bat ere egin, baina honetaz esan eban guztia egia zan».

    42 Eta han askok sinistu eben Jesusengan.


Lazaroren heriotzea


    11,1 Gizon bat, Lazaro izenekoa, gaixorik egoan. Betaniakoa* zan, Maria eta honen ahizta Martaren herritxokoa. 2 (Maria hau —gaixorik egoan Lazaroren arrebea— Jauna ukenduz igurtzi eta oinak bere uleadatsez sikatu eutsozana zan). 3 Ahizta biek Jesusi albistea bialdu eutsoen: «Jauna! Zure adiskidea gaixorik dago». 4 Jesusek, hori jakitean, esan eban: «Gaixotasun hau ez da heriotzara eroateko, Jainkoaren aintza azaltzeko baino, bere bidez Jainkoaren Semearen aintza azaldu dadin».

    5 Marta, honen ahizta eta Lazaro oso adiskide ebazan arren, 6 hau gaixorik egoala jakinda ere, Jesus beste egun bian gelditu zan egoan lekuan. 7 Ondoren, esan eutsen ikasleei:

    —Goazen barriro Judeara.

    8 Ikasleek esan eutsoen:

    —Maisu, oraintsu juduek harrika egin gura eutsuen, eta hara zoaz barriro?

    9 Jesusek erantzun eutsen:

    —Ez ditu hamabi ordu egunak? Egunez dabilanak ez dau estropezurik egiten, eguzkiak argitzen deutso-ta bidea; 10 baina gauez dabilanak, estropezu egiten dau, ez dauka-eta argirik.

    11 Eta gehitu eban:

    —Lazaro gure adiskidea loak hartu dau*; baina banoa iratzartzera.

    12 Esan eutsoen, orduan, ikasleek:

    —Jauna, loak hartu badau, osatuko da.

    13 Jesusek Lazaroren heriotzaz esan eban hori, baina ikasleek ohiko loaz ziharduala uste eben.

    14 Azkenik, argi eta garbi esan eutsen Jesusek:

    —Lazaro hil egin da, 15 eta pozten naz han ez izanaz, zeuen onerako izango da-ta, holan sinistu daizuen. Goazen, ba, haren etxera.

    16 Orduan, Tomasek, Bikia eritzoenak, bere ikaskideei esan eutsen: «Goazen geu ere beragaz hiltera».


Jesus, biztuerea eta bizia


    17 Jesus heldu zanean, lau egun eroiazan Lazarok hilobian. 18 Betania Jerusalemdik hurrean dago, hiru kilometrora edo; 19 eta judu asko etorri zan Maria eta Martagana, nebeagaitik doluminak emotera. 20 Martak, Jesus etorrela entzun ebaneko, bidera urten eutson; Maria, barriz, etxean gelditu zan. 21 Martak esan eutson Jesusi:

    —Jauna, hemen izan bazina, gure nebea ez zan hilgo. 22 Baina, halan ere, badakit eskatu deiozun guztia emongo deutsula Jainkoak.

    23 Jesusek erantzun eutson:

    —Biztuko da zure nebea.

    24 Eta Martak:

    —Badakit, bai, biztuko dala azken egunean, hildakoen biztuerakoan.

    25 Jesusek esan eutson, orduan:

    —Neu naz biztuerea eta bizia*; nigan sinisten dauana, hilda ere, bizi izango da. 26 Eta bizi dana, nigan sinisten badau, ez da betiko hilgo. Sinisten dozu hau?

    27 Martak erantzun eutson:

    —Bai, Jauna, sinisten dot zeu zarala Mesias, Jainkoaren Semea, mundura etortekoa zana.


Jesusek hilobi ondoan negar


    28 Ondoren, Marta bere ahizta Mariari dei egitera joan zan, eta esan eutson isilka: «Maisua hemen dun eta dei egiten deuna».

    29 Berehala jagi eta Jesusengana joan zan. 30 Jesus artean herritxoan sartu barik egoan, Martak topatu eban lekuan bertan. 31 Orduan, hari doluminak emoten etxean egozan juduek, Mariak arin jagi eta urten egin ebala ikusirik, jarraitu egin eutsoen, hilobian negar egitera joialakoan. 32 Mariak, Jesusengana heldu eta ikustean, oinetara ahuspeztu eta esan eutson: «Jauna, hemen izan bazina, gure nebea ez zan hilgo».

    33 Jesusi, orduan, Maria eta beronegaz etozan juduak negarrez ikusirik, barruak zirrara egin eutson eta, zeharo hunkiturik, 34 esan eban:

    —Non ipini dozue?

    Erantzun eutsoen:

    —Jauna, zatoz eta ikusi.

    35 Jesusek negarrari emon eutson. 36 Han egozan juduek esan eben:

    —Bai maite ebala!

    37 Baina batzuk esan eben:

    —Itsuaren begiak ireki ebazan honek, ezin ete eban hau hiltea galazo?


Lazaroren biztuerea


    38 Jesus, barriro ere hunkiturik, hilobira hurreratu zan. Hartzulo bat zan, harri batez estaldua. 39 Jesusek esan eban:

    —Kendu harria.

    Martak, Lazaro zanaren arrebeak, erantzun eutson:

    —Jauna, hatsa botako dau, lau egun daroaz-eta.

    40 Jesusek erantzun eutson:

    —Ez deutsut, ba, esan sinisten badozu Jainkoaren aintza ikusiko dozula?

    41 Kendu eben, ba, harria. Jesusek, begiak zerurantz jasorik, esan eban: «Eskerrak zuri, Aita, entzun deustazulako. 42 Nik badakit beti entzuten deustazuna; baina inguruan dan jendeagaitik dinot, zeuk bialdu nozula sinistu daien».

    43 Ondoren, ozen egin eban deiadar: «Lazaro, zatoz kanpora!»

    44 Eta hildakoak hartzulotik urten egin eban. Eskuoinak oihalzerrendaz loturik eta aurpegia zapi batez estaldurik eukazan. Jesusek esan eutsen: «Askatu eizue eta itzi joaten».


Agintariek Jesus hiltea erabaki

(Mt 26,15; Mk 14,12; Lk 22,12)


    45 Jesusek egina ikusi ebenean, Maria ikustera joandako judu askok sinistu eben harengan. 46 Hareetariko batzuk, barriz, fariseuengana joan eta Jesusek egin ebana kontatu eutseen. 47 Orduan, abadeburu eta fariseuek batzar Nagusia batu eben eta esan:

    —Zer egin? Gizon honek mirarizko seinale asko egiten dihardu! 48 Horrela jarraitzen izten badeutsogu, guztiek sinistuko dabe berorrengan. Orduan, erromatarrek etorri eta birrindu egingo dabez bai tenplua, bai herria.

    49 Batzarkideetako batek, urte haretan abade nagusia zan Kaifasek, esan eutsen:

    —Zuek ez dakizue tautik ere. 50 Ez zaree konturatzen hobe dela gizon bat herriagaitik hiltea, herri osoa galtzea baino?

    51 Kaifasek ez eban hori bere kabuz esan, urte haretan abade nagusia zanez, Jainkoaren izenean hitz egin ebalako baino, Jesus herriaren alde hilgo zala adieraztean; 52 eta ez herriaren alde bakarrik, bai eta sakabanaturik egozan Jainkoaren semealabak alkartzeko ere.

    53 Beraz, ordutik aurrera, Jesus zelan hilgo pentsatzen hasi ziran; 54 hagaitik, Jesus ez zan ibilten agerian juduen artean; alde egin eban basamortu ondoko bazter batera, Efraim* izeneko herrira, eta hantxe egon zan bere ikasleekaz.

    55 Hurrean zan Pazkoa, juduen jai nagusia, eta herrietako jende asko Jerusalemera joan zan Pazkoa baino lehen, garbikuntzaohikuneetan parte hartzeko. 56 Jerusalemera etorriak Jesusen bila ebiltzan eta, tenpluan topo egitean, galdetzen eutsoen alkarri: «Zer deritzozue? Ez ete da etorriko jaietara?»

    57 Abadeburu eta fariseuek aginduta euken, inork Jesus non zan jakiten baeban, salatu egieela, atxilotu ahal izateko.


Emakume batek Jesus ukenduz igurtzi

(Mt 26,613; Mk 14,39)


    12,1 Pazkoa baino sei egun lehenago, Jesus Betaniara joan zan, han bizi zan-eta Lazaro, hilen artetik biztu ebana. 2 Afari bat eskeini eutsoen han; Marta ebilan afaria zerbitzen, eta Lazaro Jesusegaz mahaian egozanetariko bat zan. 3 Orduan, Mariak, nardo* garbizko kilo erdi bat ukendu, balio handikoa, harturik, oinak igurtzi eutsozan Jesusi, eta gero bere uleadatsez sikatu. Etxea lurrunusainez bete zan. 4 Judas Iskariotek, salduko eban ikasleak, esan eban: 5 «Zergaitik ez da saldu ukendu hori hirurehun denariotan*, eta behartsuei emon?»

    6 Hori esan eban, ez behartsuen ardureak jota egoalako, lapurra zalako baino, eta, diruzorroa berak eukanez, hara botaten ebenetik ostu egiten ebalako. 7 Jesusek esan eutson: «Itzi bakean honi; nire hilobiratzeegunerako egin dau hori. 8 Izan ere, behartsuak beti dozuez zeuen artean, baina ni ez nozue betiko zeuekaz».


Agintariek Lazaro hil gura


    9 Juduetariko askok jakin eben Jesus Betanian egoala, eta bertara joan ziran, ez Jesusegaitik bakarrik, bai eta hilen artetik biztu eban Lazaro ikusteagaitik ere. 10 Abadeburuek, orduan, Lazaro ere hiltea erabagi eben, 11 berau zala-eta, herritar askok alde egiten eutsen-eta eta Jesusengan sinisten.


Jesus Jerusalemen sartu Mesias lez

(Mt 21,111; Mk 11,111; Lk 19,2840)


    12 Biharamonean, jaietarako Jerusalemera etorrita egoan jendetza handia, Jesus etorrela jakitean, 13 palmadarrak harturik, bidera urten eutsoen, eta oihuka hasi: «Hosanna*! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! Bedeinkatua Israelen erregea!»

    14 Eta Jesus, astotxo bat aurkiturik, gainean jarri zan, Liburu Santuak dinoan lez:


15 Ez bildur izan, Sion uri eder!

Hara, bajatortzu zeure erregea,

astakume baten gainean jesarrita.

    16 Haren ikasleak ez ziran orduan profezia honetaz jabetu, baina gero, Jesusen Jainkoaintza azaldu zanean, konturatu ziran Liburu Santuak inoan haxe egin eutsoela Jesusi.

    17 Jesusek Lazaro hilobitik deitu eta hilen artetik biztu ebanean bertan zan jendeak jazotakoaren barri emoten eban. 18 Horregaitik urten eutson hainbeste jendek Jesusi bidera, egin eban mirarizko seinalearen barri izan ebelako, hain zuzen. 19 Orduan, fariseuek inoen euren artean: «Argi dago ez dogula ezer ere aurreratzen; begira zelan joakon jende guztia atzetik».


Greziar batzuek Jesus ikusi gura


    20 Jaietan Jainkoari kultu emotera joan ziranen artean baziran greziar batzuk*. 21 Honeek Galileako Betsaidako Feliperi hurreratu eta eskabide hau egin eutsoen: «Jauna, Jesus ikusi gura geuke».

    22 Felipe Andresi esatera joan zan, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi jakinazo eutsoen. 23 Jesusek erantzun eutsen: «Heldu da Gizonaren Semearen aintza azalduko dan ordua. 24 Benebenetan dinotsuet: Galgarua, lurrean sartu eta hilten ez bada, bera bakarrik gelditzen da; hilten bada, barriz, frutu asko emoten dau. 25 Bere bizia maite dauanak galdu egingo dau; baina mundu honetan bere bizia gitxiesten dauanak betiko bizirako gordeko dau. 26 Nire zerbitzari izan nahi dauanak jarraitu beist eta, ni nagoan tokian, hantxe izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dana, Aitak aintzat hartuko dau.


Jesus bere heriotzearen aurrean


    27 «Larri dot orain nire barrua. Baina zer esan? Larrialdi honetatik atarateko eskatuko deutsot Aitari? Ez horixe, honetarakoxe etorri naz-eta! 28 Aita, azaldu zeure aintza!»

    Ahots bat entzun zan orduan zerutik: «Azaldu dot, eta barriro ere azalduko».

    29 Han egozanetako batzuk, ahotsa entzunik, trumoia izan zala inoen; beste batzuk, barriz, aingeru batek hitz egin eutsola.

    30 Jesusek adierazi eban: «Ahots horrek ez dau niretzat hitz egin, zeuentzat baino. 31 Oraintxe da mundu honen epaiketa; oraintxe galduko dau bere boterea mundu honetako buruzagiak. 32 Eta nik, lurretik jaso naienean, neugana erakarriko dodaz danak».

    33 Hitzon bidez, zelango heriotzaz hilgo zan adierazi eban.

    34 Jendeak esan eutson:

    —Mesiasek betiko iraungo dauala irakasten deuskue Liburu Santuek. Zelan dinozu, ba, zuk Gizonaren Semea lurretik jaso behar dabela? Nor da Gizonaren Seme hori?

    35 Jesusek erantzun eutsen:

    —Oraindik apur baten argia zeuen artean dozue; ibili argia dozuen bitartean, ilunpeek harrapa ez zaiezen, ilunpetan dabilanak ez daki-eta nora doan. 36 Argia dozuen bitartean, sinistu argiari, argiaren partaide izan zaitezen.

    Gauzok esan ondoren, Jesus hareengandik alde egin eta ezkutatu egin zan.


Konklusioa: juduek sinistu ez


    37 Jesusek herriaren aurrean mirarizko hainbat seinale egin eban arren, gehienek ez eben harengan sinistu; 38 holan, Isaias profeteak esandakoa bete zan:


Jauna, nork sinistu dau gure mezua?

Eta nori agertu deutso Jaunak

bere ahalmena?


    39 Isaiasek berak esan eban zergaitik ezin eben sinistu:


40 Itsutu egin dauz hareen begiak,

gogortu hareen burubihotzak.

Ez beie euren begiez ikusi,

ez eta buruaz ulertu ere,

horrela nigana bihurtu ez daitezen

eta salbatu ez daidazan.


    41 Isaiasek Jesusi buruz esan eban hau, ikusita eukan-eta beraren Jainkoaintza.

    42 Ha ta guztiz ere, askok, bai eta buruzagietakoek ere, sinistu eben harengan; baina, fariseuen bildurrez, ez eben agerian autortzen, judualkartetik bota ez eiezan; 43 izan ere, giza ohorea maiteago eben Jainkoagandik datorrena baino.

    44 Jesusek oihu eginez esan eban: «Nigan sinisten dauanak ez dau nigan bakarrik sinisten, bai eta ni bialdu nauanagan ere baino. 45 Eta ni ikusten nauanak, ni bialdu nauana ere ikusten dau. 46 Ni argia lez etorri naz mundura, nigan sinisten dauanik inor ilunpeen menpe gelditu ez dadin. 47 Nire irakatsiak entzun bai, baina beteten ez dauzana, ez dot nik gaitzetsiko, ez naz-eta mundua gaitzestera etorri, mundua salbatzera baino. 48 Ni ukatu eta nire irakatsiak onartzen ez dauzanak badau nork gaitzetsi: nik adierazitako mezuak berak gaitzetsiko dau azken egunean; 49 nik ez dot-eta neure kabuz hitz egin, bialdu nauan Aitak agindu deust-eta zer esan eta irakatsi. 50 Eta badakit bai, Aitaren aginduak betiko bizia dakarrena. Horrela, ba, nik esaten dodan guztia Aitak agindu lez esaten dot».


JESUSEN NEKALDIA ETA BIZTUEREA (13,120,31)


Jesus bere ikasleen oinak garbitzen


    13,1 Pazko Jaia gainean zan. Jesusek baekian mundu hau itzi eta Aitagana joateko ordua heldu jakona. Munduan ziran beretarrak beti maite izan ebazan-eta, azkenean betebetean maitatu ebazan.

    2-3 Deabruak Simonen seme Judas Iskarioteri sartuta eukotson buruan Jesus saltzeko asmoa. Jesusek baekian dana bere esku jarri eutsola Aitak, eta Jainkoagandik etorria zala eta Jainkoagana joiala. Afaltzen egoala, 4 mahaitik jagi, soingainekoa erantzi eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu eban. 5 Ondoren, ura konketara bota eta ikasleei oinak garbitzen hasi zan, eta gerrian eukan eskuzapiaz lehortzen.

    6 Simon Pedrogana heldu zanean, honek esan eutson:

    —Jauna, zuk niri oinak garbitu?

    7 Jesusek erantzun eutson:

    —Nik egiten dihardudana zuk ez dozu orain ulertzen, baina geroago ulertuko dozu.

    8 Pedrok, barriro:

    —Zuk ez deustazu sekula niri oinik garbituko.

    Jesusek erantzun:

    —Garbitzen ez bazaitut, ez dozu nigaz zerikusirik izango.

    9 Simon Pedrok esan eutson:

    —Jauna, orduan, oinak ez ezik, eskuak eta burua ere bai.

    10 Jesusek erantzun:

    —Bainua hartu dauanak ez dau garbitu beharrik*, garbituta dago-ta, eta zuek garbi zagoze, baina ez danok.

    11 Izan ere, baekian nork salduko eban; horregaitik esan eban: «Ez zagoze danok garbi».

    12 Oinak garbitu eutsezanean, soingainekoa jantzi, barriro mahaian jesarri eta esan eutsen: «Ulertzen dozue egin deutsuedana? 13 Zuek Maisu eta Jauna deitzen deustazue, eta arrazoi dozue, halaxe naz-eta. 14 Beraz, nik, Jauna eta Maisua nazan honek, zuei oinak garbitu badeutsuedaz, zuek ere garbitu oinak alkarri. 15 Ikasbide emon deutsuet, zeuek ere, nik zuekin lez, jokatu daizuen.

    16 «Benebenetan dinotsuet: Ez da morroia nagusia baino handiago, ez eta bialdua ere bialtzailea baino handiago. 17 Ulertzen dozue hau, ezta? Ba, zorionekoak izango zaree, beteten badozue.

    18 «Ez dihardut zuek guztiotaz; badakit, bai, nortzuk aukeratu dodazan, baina bete beharra dau Liburu Santuak dinoan honek: Neure mahaikide nebana kontra jagi jat. 19   Aurretiaz, jazo baino lehen, esaten deutsuet, jazo daitenean, ni nazana nazala* sinistu daizuen. 20 Benebenetan dinotsuet: Nik bialdua onartzen dauanak, neu onartzen nau, eta ni onartzen nauanak, bialdu ninduana onartzen dau».


Jesusek Judasen saldukeria iragarri

(Mt 26,2025; Mk 14,1721; Lk 22,2123)


    21 Hori esanik, larritu egin jakon Jesusi barrua, eta argi adierazi eutsen: «Benebenetan dinotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau».

    22 Ikasleak alkarri begira hasi ziran, zeinetaz ziharduan igarri ezinik. 23 Ikasleetako bat, Jesusek gehien maite eban ha, beren ondoan egoan mahaian*. 24 Simon Pedrok hari keinu egin eutson, zeinetaz ziharduan galdetzeko adieraziz. 25 Eta Harek, burua Jesusen bular gainean jarriz, galdetu eutson:

    —Jauna, zein da?

    26 Jesusek erantzun eutson:

    —Ogizati bustia emongo deutsodana, haxe da.

    Eta ogizati bat bustiz, Simon Iskarioteren seme Judasi emon eutson.

    27 Ogizatia hartuaz bat, Satanas sartu zan haren barrura. Orduan, Jesusek esan eutson: «Egin behar dozuna, egizu bizkor».

    28 Mahaikideetako inork ez eban ulertu zergaitik esan eutson hori. 29 Judasek dirupoltsearen ardurea ebanez, jairako behar zana erosteko edota pobreei zeozer emoteko esan eutsola uste izan eban hainbatek. 30 Judasek ogizatia hartu eta berehala alde egin eban. Gaua zan.


Jesusen agindu barria


    31 Judasek urten ebanean, esan eutsen Jesusek: «Oraintxe azaltzen da Gizonaren Semearen aintza, eta haren bidez Jainkoarena. 32 Jainkoaren aintza haren bidez azaltzen bada, Jainkoak ere bere aintzaz beteko dau ha, eta laster gainera.

    33 «Semetxook, ez jat denbora asko gelditzen zuekin egoteko. Nire bila ibiliko zaree, baina juduei esan neutsena bera dinotsuet zuei ere: ni noan tokira zuek ezin zaree joan. 34 Agindu barria emoten deutsuet: alkar maitatu daizuela. Nik maitatu zaituedan lez, maitatu zuek ere alkar. 35 Honetantxe ezagutuko dabe guztiek zuek nire ikasle zareela: zuek alkar maite izatean».


Jesusek Pedroren ukoak iragarri

(Mt 26,3335; Mk 14,2931; Lk 22,3134)


    36 Simon Pedrok galdetu eutson Jesusi:

    —Jauna, nora zoaz?

    Jesusek erantzun eutson:

    —Ni noan tokira zuk ezin deustazu orain niri jarraitu; geroago bai, jarraituko deustazu.

    37 Pedrok barriro:

    —Jauna, zergaitik ezin deutsut jarraitu orain? Neure burua emongo dot zugaitik.

    38 Jesusek erantzun eutson:

    —Nigaitik zeure burua emongo dozula? Benebenetan esaten deutsut: Oilarrak jo baino lehen, hiru bider ukatuko nozu.


Jesus eta Aita


    14,1 «Ez izan kezkarik: sinistu Jainkoagan eta sinistu nigan ere. 2 Nire Aitarenean toki asko dago; horrela ez balitz, esango neutsuen. Orain, zuentzat tokia prestatzera noa*. 3 Joan eta tokia prestatu ondoren, barriro etorri eta neugaz eroango zaituet, ni nagoen lekuan zeuek ere egon zaitezen. 4 Zuek badakizue ni noan tokirako bidea».

    5 Tomasek esan eutson:

    —Jauna, ez dakigu nora zoazan; zelan jakin bidea?

    6 Jesusek erantzun:

    —Neu naz bidea, egia eta bizia*. Ezin da inor Aitagana joan neure bidez izan ezik. 7 Ni benetan ezagutuko baninduzue, Aita ere ezagutuko zeukee. Gehiago oraindino, ezagutzen dozue dagoeneko, eta ikusi ere ikusi dozue.

    8 Orduan, Felipek esan eutson:

    —Jauna, erakutsi eiguzu Aita, eta nahikoa dogu.

    9 Jesusek erantzun:

    —Honenbeste denboran zuekaz, Felipe, eta ez nozu ezagutzen? Ni ikusten nauanak Aita ere ikusten dau. Zelan dinozu: «Erakutsi eiguzu Aita?» 10 Ez dozu sinisten ni Aitagaz bat eginda nagoala eta Aita nigaz? Nik irakatsi deutsuedana ez deutsuet neure kabuz irakatsi. Nigan bizi dan Aita da bere salbamenegintza burutzen diharduana. 11 Sinistu eidazue: ni Aitagaz bat eginda nago eta Aita nigaz. Besterik ez bada, sinistu egiten dodazan egintzekaitik. 12 Benebenetan dinotsuet: Nigan sinisten dauanak, nik egiten dodazan egintzak egingo dauz berak ere, eta baita handiagoak ere, ni Aitagana noa-ta. 13 Nire izenean eskatu daizuen guztia emongo deutsuet, Aitaren aintza Semearen bidez azaldu dadin. 14 Nire izenean eskatuko dozuen guztia neuk emongo deutsuet.


Jesusek Espiritua agindu


    15 «Maite banozue, beteko dozuez nire aginduak. 16 Nik Aitari eskatuko deutsot eta beste Laguntzaile* bat emongo deutsue, beti zeuekaz izango dana, 17 egiaren Espiritua. Mundutarrek ezin dabe hartu, ez dabe-ta ikusten, ez ezagutzen; baina zuek ezagutzen dozue, zeuengan bizi da-ta eta zeuekaz egongo betiko.

    18 «Ez zaituet umezurtz itziko, bihurtuko naz zuengana. 19 Laster munduak ez nau gehiago ikusiko; zuek, barriz, ikusiko nozue, nik bizia dot-eta eta zuek ere bizi izango zaree-eta. 20 Egun haretan ulertuko dozue ni Aitagaz bat eginda nagoala, zuek neugaz eta ni zeuekaz. 21 Nire aginduak onartu eta beteten dauzanak, horrexek nau maite. Ni maite nauana, barriz, nire Aitak maite izango dau, eta neuk ere maite izango dot eta agertuko naiako berari».

    22 Honela esan eutson Judasek (ez Iskariotek, besteak baino):

    —Jauna, zer dalaeta agertuko zaiakuz guri eta ez munduari?

    23 Jesusek erantzun eutson:

    —Maite nauanak onartuko dau nire mezua; nire Aitak maite izango dau, eta Aita eta biok beragana etorriko gara, eta beragan bizi izango. 24 Maite ez nauanak, barriz, ez dauz onartzen nire hitzak. Eta iragarri deutsuedan mezua ez dot neurea, bialdu nauan Aitarena baino.

    25 «Zuekaz nazan artean esan deutsuet hau guztia. 26 Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bialduko deutsue nire izenean, eta berak gogoratuazoko deutsue nik irakatsitako guztia eta ulertzen lagunduko.


Agurra: Bakearen dohaia


    27 «Agurtzerakoan, bakea, neure bakea, emoten deutsuet; nik emoten deutsuedan bakea ez da munduarena langoa. Ez kezkatu, ez izan bildur. 28 Entzun dozue esan deutsuedana: “Banoa, baina bihurtuko naz zuengana”. Benetan maite baninduzue, poztu egingo zinateke Aitagana noalako, Aita ni baino handiago da-ta. 29 Eta orain esan deutsuet, jazo baino lehen, jazo daitenean sinistu daizuen. 30 Ez dot zuekaz luze jarduteko ia aukerarik, gainean da-ta mundu honetako buruzagia. Horrek ez dau nire gain ahalmenik; 31 baina jakin behar dau munduak maite dodala nik Aita eta Harek agindua zintzo beteten dodala. Jagi, goazen hemendik!


Jesus egiazko mahatsondoa


    15,1 «Neu naz egiazko mahatsondoa*, eta neure Aita da nekazaria. 2 fruturik emoten ez dauan aihena moztu egiten dau Aitak, eta frutua emoten dauana garbitu eta inausi, frutu gehiago emon daian. 3 Zuek garbi zagoze dagoaneko, adierazi deutsuedan mezuaren bidez. 4 Zagoze neuri itsatsita, ni zuei lez. Aihenak, mahatsondoari itsatsita ez badago, fruturik emon ezin daiken lez, zuek ere ez, niri itsatsita ez bazagoze.

    5 «Neu naz mahatsondoa, eta zuek aihenak. Inor niri itsatsita badago, ni berari lez, horrek frutu asko emongo dau; ni barik ezin dozue-ta ezer egin. 6 Niri itsatsirik ez dagoana kanpora botaten dabe, moztu eta ihartzen dan aihena lez; gero, batu, sutara bota eta erre egiten dabe. 7 Niri itsatsirik bazagoze, eta nire irakatsiek zuengan tinko irauten badabe, eskatu nahi dozuena eta izango dozue. 8 Honetantxe azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, frutu asko emotean. 9 Aitak maite nauan lez, halantxe maite zaituet nik ere zuek; iraun tinko nire maitasunean. 10 Nire aginduak beteten badozuez, nire maitasunean iraungo dozue, nik neure Aitaren aginduak betez haren maitasunean irauten dodan lez. 11 Hau guztia nire poza zeuengan izan daizuen esan deutsuet, eta poz hori betebetea izan dadin.


Maitasunaren agindua


    12 «Hauxe da nire agindua: maitatu daizuela alkar nik maite izan zaituedan lez. 13 Ez deutse inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua hareen alde emoten dauanak baino. 14 Zuek nire adiskide izango zaree nik agintzen deutsuedana egiten badozue. 15 Aurrerantzean ez deutsuet morroi deituko, morroiak ez dau-ta jakiten nagusiaren asmoen barri; zuei adiskide deitzen deutsuet, neure Aitak jakinazotako guztia adierazi deutsuet-eta. 16 Ez ninduzuen zuek ni aukeratu, neuk zindudazen zuek aukeratu. Eta eginkizun hau emon deutsuet: edonon frutu ugaria eta iraunkorra emon daizuela. Nire izenean Aitari eskatuko deutsozuen guztia emon egingo deutsue. 17 Hauxe agintzen deutsuet: maitatu daizuela alkar.


Mundu sinisgabea Jesusen ikasleen aurka


    18 «Munduak* gorroto badeutsue, jakizue zuei baino lehen neuri izan deustala gorroto. 19 Mundukoak bazinee, munduak maite izango zindukeze, nork berea maite dauan lez; baina nik aukeratu eta mundutik atara zindudazenez, munduak gorroto deutsue, mundukoak ez zareelako. 20 Gogoratu esan neutsuena: morroia ez da nagusia baino handiago. Ni pertsegitu banabe, zuek ere pertsegituko zaituee; nire mezua zelan hartu, halaxe hartuko dabe zuena ere. 21 Neugaitik erabiliko zaituee horrela, bialdu nauana ezagutzen ez dabelako.

    22 «Ni etorri ez banintz eta hitz egin ez baneutse, ez ziran errudun izango; orain, barriz, ez dabe atxakiarik euren pekatuarentzat. 23 Niri gorroto deustanak, gorroto deutso nire Aitari ere. 24 Euren artean beste inork ez lezko egintzak egin ez banitu, ez ziran errudun izango; baina orain ikusi dabez, eta halan ere niri eta Aitari, bioi deuskue gorroto. 25 Horrela, hareen Liburu Santuetan idatzita dagoan hau bete zan: Arrazoirik barik gorroto izan deuste.


Espirituaren eta ikasleen testigantza


    26 «Nik Laguntzailea, Aitagan jatorria dauan egiaren Espiritua, bialduko deutsuet Aitaren ondotik. Etortean, Berak egingo dau testigantza nire alde. 27 Eta zeuek ere egingo dozue testigantza, hasieratik neugaz egon zaree-eta.


    16,1 «Hau guztia, zuen sinismenak huts egin ez daian* esan deutsuet. 2 Judualkartetik bota egingo zaituee-eta; gehiago oraindino, badator ordua, zuek hilgo zaituenak Jainkoari kultu emoten deutsola uste izango dauana. 3 Eta horrela jokatuko dabe ez Aita, ez ni, ezagutu ez gaituelako. 4 Aurrez esaten deutsuet, hori jazotean esana neutsuela gogoratu daizuen.


Espirituaren jarduna


    «Ez neutsuen hori hasieratik esan, ni zeuekaz nengoalako. 5 Orain, barriz, bialdu nauanagana noa, eta zuetariko inork ez deust nora noan galdetzen. 6 Baina esan deutsuedanagaitik, barrua tristuraz bete jatzue; 7 halan ere, egia dinotsuet: Hobe da zuentzat ni joatea; izan ere, joaten ez banaz, ez jatzue etorriko Laguntzailea; joaten banaz, barriz, bialdu egingo deutsuet. 8 Ha etortean, pekatu, zuzentasun eta epaiari buruz oker dagoela erakutsiko deutso munduari: 9 pekatuari buruz, nigan sinisten ez daualako; 10 zuzentasunari buruz, Aitarengana noalako, zuen artetik desagertuz; 11 epaiari buruz, gaitzetsia dagoalako mundu honetako buruzagia.

    12 «Badot oraindik hamaika gauza esateko, baina oraingoz ez zaree gauza ondo ulertzeko. 13 Baina egiaren Espiritua etortean, berak gidatuko zaitue egia beteraino. Ez dau jardungo bere kabuz; neuk jakinazoko deutsodana azaldu eta etorkizuna iragarriko deutsue ostera. 14 Harek nire Jainkoaintza azalduko dau, jakinazoko deutsuena neugandik hartuko dau-ta. 15 Aitak dauan guztia neurea da. Horregaitik esan deutsuet Espirituak neugandik hartuko dauala jakinazoko deutsuena.


Tristura poz bihurtuko


    16 «Gitxi barru ez nozue gehiago ikusiko, baina apur bat geroago barriro ikusiko nozue».

    17 Orduan, ikasleetako batzuk honela ziharduen euren artean: «Zer ete da esaten deuskun hau: “Gitxi barru ez nozue gehiago ikusiko, baina apur bat geroago barriro ikusiko nozue” eta “Aitagana noa”? 18 Zer esan nahi ete dau “gitxi barru” horregaz? Ez deutsogu antzik ere emoten zertaz diharduan».

    19 Konturatu zan Jesus galdetu egin gura eutsoela, eta esan eutsen: «Eztabaidan diharduzue zeuen artean nire hitz honeen esanguraz: “Gitxi barru ez nozue gehiago ikusiko, baina apur bat geroago barriro ikusiko nozue”. 20 Benebenetan dinotsuet: Negar egingo dozue eta aiene; mundua, barriz, poztu egingo da. Zuek triste egongo zaree, baina zuen tristurea poz bihurtuko da. 21 Emakumea, erditzerakoan, triste egoten da, ordua heldu jakolako; umea jaio ondoren, barriz, ahaztu egiten da larrialdiaz, mundura gizaki bat ekarri daualako. 22 Zuek ere triste zagoze orain, baina barriro agertuko naiatzue, eta poztu egingo zaree, eta poz hori inork ez deutsue kenduko.

    23 «Egun haretan ez dozue ezer galdetu beharrik izango. Benebenetan dinotsuet: Nire izenean Aitari eskatuko deutsozuen guztia, emon egingo deutsue. 24 Orain artean ez dozue ezer eskatu nire izenean. Eskatu eta hartuko dozue, zuen poza betebetea izan dadin.


Jesusek mundua garaitu


    25 «Orain arte irudi bidez egin deutsuet berba; baina badator ordua ez deutsuedana irudi bidez egingo berba, Aitaren barri argi eta garbi emongo deutsuedana baino. 26 Orduan, nire izenean eskatuko dozue, eta ez dot nik zuen alde Aitari erregutu beharrik izango, 27 Aitak berak maite zaitue-eta, ni maite izan nozuelako eta Jainkoagandik etorri nazala sinistu dozuelako. 28 Aitagandik urten eta mundura etorri nintzan; orain mundua itzi eta barriro Aitagana noa».

    29 Ikasleek esan eutsoen:

    —Orain bai diharduzula argi, eta ez irudi bidez. 30 Ziur dakigu orain dana dakizula eta ez dozula inork galdetu beharrik; horrexegaitik sinisten dogu Jainkoagandik etorri zarala.

    31 Jesusek erantzun eutsen:

    —Orain sinisten dozuela? 32 Hara, badator ordua —hobeto esan, heldua da—, bakotxak bere aldetik ihes egin eta bakarrik itziko nozuena. Baina ni ez nago bakarrik, nigaz Aita dago-ta. 33 Hau guztia, nigaz alkarturik bakea izan daizuen esan deutsuet. Munduan larrialdirik izango dozue; baina izan adore! Nik garaitua dot mundua.


Jesusek sinistedunen alde otoitz egin


    17,1 Holan berba egin ondoren, Jesusek begiak zerurantz jaso eta esan eban: «Aita, heldu da ordua. Azaldu eizu zure Semearen aintza, Semeak zure aintza azaldu daian. 2 Gizonemakume guztien gain aginpidea emon deutsozun ezkero, berak betiko bizia emon deiela zuk berari emondakoei. 3 Honetantxe azaltzen da betiko bizia: zu, egiazko Jainko bakar hori, eta zuk bialdutako Jesus Mesias ezagutzean*.

    4 «Nik zure aintza azaldu dot munduan, zeuk emon zeustan egitekoa betez. 5 Orain, Aita, emoidazu aintza zeure ondoan, emon mundua mundu izan baino lehen zeure ondoan neban aintza. 6 Emon deutset zure barri mundutik bereizi eta emon zeustazan gizonemakumeei. Zeureak ziran, zuk neuri emon zeustazan, eta onartu dabe honeek zure mezua. 7 Badakie orain zuk emon deustazun guztia zeugandik datorrela. 8 Niri emon deustazuzan irakatsiak emon deutset nik, eta honeek onartu egin dabez. Eta benetan dakie zeugandik etorri nazala, bai eta sinistu ere zeuk bialdu nozula.

    9 «Euron alde erregutzen dot; ez dot munduaren alde erregutzen, zuk emon deustazuzanon alde baino, zureak diralako; 10 daukadan guztia zeurea da eta zurea neurea; eta eurongan azaldu da nire aintza.

    11 «Ez naz aurrerantzean munduan egongo; honeek, barriz, bai, munduan jarraituko dabe. Ni zeugana noa. Aita santu horrek, zaindu zeure ahalmenaz zuk emon deustazuzanok, bat izan daitezen gu geu bat garan lez. 12 Eurokaz izan nazan bitartean, neuk zaindu dodaz emon deustazuzanok. Euron ardurea izan dot eta honeetako bat ere ez da galdu, galdu behar izan ebana* baino; horrela, Liburu Santuek dinoena bete da. 13 Orain, barriz, zeugana noa. Hau guztia, oraindik munduan nagoala esaten dot, nire poza eurengan izan daien, eta betebetea izan ere.

    14 «Zure mezua adierazi deutset nik; baina munduak gorroto deutse, mundukoak ez diralako, neu ere mundukoa ez nazan lez. 15 Ez deutsut eskatzen mundutik atarateko, Gaiztoagandik* babesteko baino. 16 Ez dira mundukoak, neu ere mundukoa ez nazan lez. 17 Hartu eizuz zeuretzat* egiaren bidez: zure mezua egia da. 18 Mundura bialdu dodaz, zeuk bialdu ninduzun lez. 19 Eta eurokaitik emoten deutsut osorik neure burua, honeik ere egiaren bidez zeuretzat hartu daizuzan.

    20 «Ez dot erregutzen honeen alde bakarrik; erregutzen dot baita euron iragarpenaren bidez nigan sinistuko dabenen alde ere. 21 Egizu guztiak bat izan daitezela. Aita, zu nigaz eta ni zugaz biok bat garan lez, honeik ere bat izan daitezala gugaz. Horrela, sinistuko dau munduak zeuk bialdu nozula. 22 Zuk emon zeustan aintza bera emon deutset nik, bat izan daitezan, gu biok bat garan lez: 23 ni honeekaz bat eta zu nigaz bat. Horrela, guztiz bat izango dira, eta munduak ezagutu ahal izango dau zeuk bialdu nozula eta ni neu maitatu nozun lez maitatu dozuzala eurok ere. 24 Aita, zuk emon deustazuzanak ni nagoan lekuan nigaz egotea nahi dot, nire aintza, mundua sortu aurretik maite izan nozulako emon deustazun aintza, ikusi daien.

    25 «Aita zuzen hori, munduak ez zaitu ezagutu; nik, barriz, ezagutu zaitut, eta jakin dabe honeek zeuk bialdu nozula. 26 Zu nor zaran jakinazo deutset, eta aurrerantzean ere jakinazoko, zuk deustazun maitasuna eurongan izan dadin, eta ni neu ere eurongan izan nadin».


Nekaldia. Jesus atxilotua

(Mt 26,4756; Mk 14,4350; Lk 22,4753)


    18,1 Hitzaldi horreik amaitu ondoren, Jesus eta ikasleak Zedron errekea* igaro eta beste aldean egoan ortu batera sartu ziran. 2 Judasek ere, Jesus salduko ebanak, ezagutzen eban leku ha, askotan alkartu zan-eta Jesus han bere ikasleekaz. 3 Judas, beraz, tenpluko gudu-taldea* eta abadeburu eta fariseuen guardak harturik, bertara joan zan. Armaturik eta zuzi eta argiontziz horniturik joiazan. 4 Jesusek, jazoko jakon guztia ondo ekian-eta, bidera urten eta esan eutsen:

    —Noren bila zatoze?

    5 Erantzun eutsoen:

    —Jesus Nazaretarraren bila.

    Harek, orduan:

    —Neu naz.

    Bertan zan goardiekaz Judas saltzailea ere. 6 Jesusek «Neu naz» esan eutsenean, atzeraka hasi eta lurrera jausi ziran. 7 Barriro galdetu eutsen Jesusek:

    —Noren bila zatoze?

    Hareek erantzun:

    —Jesus Nazaretarraren bila.

    8 Eta Jesusek:

    —Esan deutsuet neu nazala; nire bila bazatoze, itzi honei joaten.

    9 Horrela bete zan Jesusek berak esandakoa: «emon deustazuzanetatik ez dot bat ere galdu».

    10 Orduan, Simon Pedrok, aldean eban ezpatea atara, abade nagusiaren morroia jo eta eskoiko belarria moztu eutson. Morroiak Malko eban izena. 11 Jesusek esan eutson Pedrori: «Bihurtu ezpatea zorrora. Ez ete dot, ba, edan behar Aitak leporatu deustan edari samina*?»


Jesus Anasen aurrean

(Mt 26,57; Mk 14,53; Lk 22,54)


    12 Orduan, gudu-taldeak bere buruzagiagaz eta juduagintarien guardek Jesus preso hartu eben eta, loturik, 13 Anasen etxera eroan eben lehenengo. Anas, urte haretako abade nagusi Kaifasen aitaginarreba* zan. 14 (Kaifas zan juduagintariei aholku hau emon eutsena: «Hobe da gizon bat herriagaitik hiltea»).


Pedrok Jesus ukatu

(Mt 26,58.6970; Mk 14,54.6668; Lk 22,5557)


    15 Simon Pedro eta beste ikasle bat* Jesusen ondoren joan ziran. Ikasle hau abade nagusiaren ezaguna zan, eta Jesusegaz batera sartu zan abade nagusiaren jauregiko patiora; 16 Pedro, barriz, kanpoan gelditu zan, ate ondoan. Urten eban, orduan, abade nagusiaren ezaguna zan ikasleak eta, atezainari berba egin ondoren, Pedro sartuazo eban. 17 Atezain egoan neskameak esan eutson Pedrori:

    —Ez ete haz hi ere gizon horren ikasleetakoa?

    Pedrok erantzun:

    —Ez, ez nona.

    18 Morroiek eta guardek sua egin eta berotzen ziharduen, hotz zan-eta. Pedro ere eurekaz egoan berotzen.


Apaiz nagusiak Jesus galdekatu

(Mt 26,5966; Mk 14,5564; Lk 22,6671)


    19 Abade nagusiak bere ikasleez eta bere irakatsiaz galdetu eutson Jesusi. 20 Jesusek erantzun eutson:

    —Ageriagerian egin izan deutsot berba nik mundu guztiari; sinagogetan eta tenpluan irakatsi izan dot beti, judu guztiak batzen diran lekuan, eta ezer ere ez dot ezkutuan esan. 21 Zer dalaeta galdeketa hau niri? Galdetu nire entzuleei eta emongo deutsue esan dodanaren barri.

    22 Hori esan ebaneko, han egoan guarda batek masailako bat emon eutson Jesusi, eta esan:

    —Horrela erantzuten jako abade nagusiari?

    23 Jesusek erantzun eutson:

    —Txarto egin badot berba, esan zertan; baina ondo egin badot berba, zergaitik joten nozu?

    24 Anasek, orduan, Kaifas abade nagusiari bialdu eutson Jesus, lotuta.


Pedrok Jesus barriro ukatu

(Mt 26,7175; Mk 14,6972; Lk 22,5862)


    25 Bitartean, Simon Pedro sutondoan egoan berotzen, eta galdetu eutsoen:

    —Ez ete haz hi ere horren ikasleetakoa?

    Harek ukatu egin eban, esanez:

    —Ez, ez nok.

    26 Abade nagusiaren morroietariko batek, Pedrok belarria moztu eutsonaren ahaideak, esan eutson:

    —Zelan ezetz! Neuk ikusi hindudan-eta ortuan horregaz.

    27 Baina Pedrok ukatu egin eban barriro, eta berehala oilarrak jo eban.


Jesus Pilatoren aurrean

(Mt 27,12.1114; Mk 15,15; Lk 23,15)


    28 Kaifasenetik gobernariaren jauregira* eroan eben Jesus. Goizaldea zan. Juduagintariak ez ziran sartu jauregira, ez kutsatzeko, bestela ezin izango eben-eta Pazkoafarian parte hartu. 29 Pilatok kanpora urten eta galdetu eutsen:

    —Zertaz salatzen dozue gizon hau?

    30 Hareek erantzun eutsoen:

    —Gaizkilea ez balitz, ez geuskizun ekarriko.

    31 Pilatok esan eutsen:

    —Eroan zeuek eta epaitu zeuen legearen arabera.

    Juduagintariek erantzun:

    —Guri ez jaku zilegi inor heriotzara kondenatzea*.

    32 Horrela beteko zan Jesusek esandakoa, zein heriotzaz hilgo zan adierazi ebanean.

    33 Pilato barrura sartu zan barriro eta, Jesusi deituz, galdetu eutson:

    —Zu zara juduen erregea?

    34 Eta Jesusek:

    —Zeure kabuz galdetzen deustazu hori ala besteek esan deutsue hori nitaz?

    35 Pilatok erantzun eutson:

    —Judua ete naz, ba, ni? Zeure herrikoek eta abadeburuek ekarri zaitue nigana. Zer egin dozu?

    36 Jesusek erantzun:

    —Nire erregetzea ez da mundu honetakoa. Nire erregetzea mundu honetakoa balitz, nire jendeak burrukan egingo eban ni juduagintarien menpe ez jausteko; nire erregetzea, barriz, ez da hemengoa.

    37 Orduan, Pilatok esan eutson:

    —Beraz, errege zara zu?

    Jesusek erantzun eutson:

    —Errege naz, zeuk dinozun lez. Horretarakoxe jaio eta etorri naz mundura: egiaren testigantzea egitera. Egiarena danak entzuten dau nire ahotsa.

    38 Pilatok galdetu eutson:

    —Egia, zer da egia?


Jesus heriotzara kondenatua

(Mt 27,1531; Mk 15,620; Lk 23,1325)


    Hori esanik, Pilatok barriro urten eta juduagintariei esan eutsen:

    —Nik ez dot gizon hau kondenatzeko batere arrazoirik aurkitzen. 39 Baina badozue ohitura bat nik Pazko Jaietan preso bat askatzekoa. Nahi dozue juduen erregea askatzea?

    40 Hareik oihuka hasi ziran:

    —Hori ez! Askatu Barrabas!

    Barrabas hau bidelapurra* zan.


    19,1 Pilatok, orduan, Jesus zigorkatzeko agindu eban. 2 Soldaduek, arantzazko koroia eginik, buruan ezarri eutsoen eta purpurazko mantua bota eutsoen gainera. 3 Eta bata bestearen ondoren hurreratuz, esaten eutsoen: «Agur, juduen errege!» Eta masailakoka erabilen.

    4 Urten eban barriro ere Pilatok eta esan eutsen:

    —Hara, kanpora dakartsuet, jakin daizuen gizon hau kondenatzeko arrazoirik ez dodala aurkitzen.

    5 Orduan, Jesusek kanpora urten eban arantzazko koroia eta purpurazko mantua eroiazala. Pilatok esan eutsen:

    —Horra hor gizona!

    6 Ikusi ebenean, abadeburuak eta guardak oihuka hasi ziran:

    —Kurutzera, kurutzera hori!

    Pilatok esan eutsen:

    —Eroan zeuek eta josi kurutzean; nik ez dot gizon hau kondenatzeko arrazoirik aurkitzen.

    7 Juduagintariek ihardetsi eutsoen:

    —Guk badaukagu lege bat, eta lege horren arabera heriotzazigorra merezi dau, Jainkoaren semetzat jo dau-ta bere burua.

    8 Hori entzutean, oraindino ta gehiago bildurtu zan Pilato. 9 Barriro jauregira sartu eta galdetu eutson Jesusi:

    —Nongoa zara zu*?

    Jesusek, barriz, ez eutson erantzun ere egin. 10 Orduan, Pilatok esan eutson:

    —Ez deustazu erantzun behar? Ez dakizu aginpidea daukadana zu askatzeko edo kurutzeratzeko?

    11 Jesusek erantzun eutson:

    —Ez zeuke nire aurka batere aginpiderik izango, Jainkoak emon ez baleutsu; horregaitik, zure eskuetara emon nabenek pekatu handiagoa dabe.

    12 Ordutik, Jesus askatu nahian ebilan Pilato. Baina juduagintariak oihuka hasi jakozan:

    —Hori askatzen badozu, ez zara enperadorearen adiskide; bere burua errege egiten dauan guztik enperadorearen aurka dihardu.

    13 Orduan, hitzok entzutean, Pilatok kanpora bihurtu eban Jesus eta auzitegian* jesarri zan, «Harlosatua» —hebreeraz Gabbata— eritzon tokian. 14 Pazko Jairako prestaketak egiteko eguna zan, eguerdialdea*. Pilatok esan eutsen juduei:

    —Hementxe dozue zeuen erregea.

    15 Orduan, hareek oihuka:

    —Kendu hori, kendu! Kurutzera!

    Pilatok, barriro:

    —Zuen erregea behar ete dot kurutzeratu?

    Abadeburuek erantzun eben:

    —Ez dogu enperadorea beste erregerik.

    16 Orduan, Pilatok hareen esku itzi eban kurutzean josi eien.


Jesus kurutzean josia

(Mt 27,3244; Mk 15,2132; Lk 23,2638)


    Hartu eben, beraz, Jesus, 17 eta, kurutzea lepoan ebala, uritik «Buru-hazur» —hebreeraz Golgota— eritzon tokirantz urten eban. 18 Han josi eben kurutzean eta haregaz beste bi, alde bakotxean bana.

    19 Pilatok kartel bat idatzi eta kurutze gainean ezarri eban. Hau egoan idatzita: «Jesus Nazaretarra, juduen erregea». 20 Judu askok irakurri eban kartela, uritik hurrean egoan-eta Jesus kurutzeratu eben lekua; gainera, hebreeraz, latinez eta grekoz egoan idatzita. 21 Juduen abadeburuek esaten eutsoen Pilatori:

    —Ez idatzi «juduen erregea», «juduen erregea dala dinola» baino.

    22 Pilatok erantzun eban:

    —Idatzitakoa idatzia bego.

    23 Soldaduek, Jesus kurutzeratu ondoren, haren jantziak hartu eta lau zati egin ebezan, bakotxarentzat bana, eta gero tunika hartu eben, baina josturarik gabea zanez, goitik behera ehundua, 24 akordio hau hartu eben: «Ez daigun urratu; zotz egin daigun ea zeini egokitzen jakon». Honela, Liburu Santuak dinoana bete zan:


Nire jantziak banatzen dabez,

nire tunika zotz egiten.


    Hain zuzen ere, horixe egin eben soldaduek.


Jesus eta beronen ama


    25 Jesusen kurutzearen ondoan egozan haren ama, amaren ahiztea*, Maria Kleofasen emaztea, eta Magdalako Maria. 26 Jesusek, bere ama eta honen ondoan maite eban ikaslea ikusirik, esan eutson amari: «Emakume, horra hor zure semea». 27 Gero, ikasleari esan eutson: «Horra hor zure ama». Eta ordutik ikasleak bere etxean hartu eban.


Jesusen heriotzea

(Mt 27,4556; Mk 15,3341; Lk 23,4449)


    28 Ondoren, Jesusek, guztia beteta egoala jakinik, Liburu Santuak esana osoan bete zedin, esan eban: «Egarri naz».

    29 Bazan han pitxar bat ozpinez betea. Orduan, belaki bat ozpinetan busti eta, kainabera bati muturrean erantsirik, ahora hurreratu eutsoen. 30 Ozpina edan ebanean, Jesusek esan eban: «Bete da dana». Eta, burua makurtuz, azken arnasea emon eban.


Jesusen saihetsa lantzaz zulatua


    31 Pazko Jairako prestaketak egiteko eguna zan, eta juduagintariek ez eben gura gorpuak zapatuz kurutzean gelditzerik, zapatu ha oso jaiegun handia zan-eta. Horregaitik, kurutzean josiei berna-hazurrak hausi* eta handik kentzeko eskatu eutsoen Pilatori.

    32 Joan ziran, ba, soldaduak eta hausi eutseezan berna-hazurrak Jesusegaz kurutzeratu ebezan biei. 33 Baina, Jesusengana heltzean, ordurako hilda egoala ikusirik, ez eutsoezan berna-hazurrak hausi; 34 soldadu batek saihetsa zulatu eutson lantzaz, eta bat-batean odolak eta urak urten eben. 35 Ikusi ebanak berak autortzen dau eta haren autorra egiazkoa da. Berak badaki egia dinoana, zuek ere sinistu daizuen. 36 Hau Liburu Santuak dinoana bete zedin gertatu zan: Ez jako hazurrik hausiko. 37 Eta beste pasarte baten ere hauxe dino: Zulatu ebenari begiratuko deutsoe.


Jesus hilobian ezarria

(Mt 27,5761; Mk 15,4247; Lk 23,5056)


    38 Jose Arimateakoak Jesusen gorpua eroateko baimena eskatu eutson Pilatori. Jose Jesusen ikasleetakoa zan, baina isilpean, juduagintarien bildurrez. Pilatok baimena emon eutson, eta Josek joan eta eroan egin eban haren gorpua. 39 Etorri zan Nikodemo ere —behin baten gauez Jesus ikustera joan zan ha— hogeita hamarren bat kiloko mirra eta aloenahasturea* ekarrela. 40 Jesusen gorpua bien artean hartu eta oihalzerrendaz lotu eben, tartean usainkiak ezarriz, juduek hobiratzeko eben ohitureari jarraituz.

    41 Jesus kurutzeratu eben lekutik hurrean ortu bat egoan eta, ortuan, ordura arte inor ipini gabeko hilobi barri bat. 42 Hilobia hurrean egoanez, hantxe ezarri eben Jesusen gorpua, juduen atsedeneguna hastear egoan-eta.


Jesus biztu. Hilobia hutsik

(Mt 28,110; Mk 16,18; Lk 24,112)


    20,1 Asteko lehen egunean* Magdalako Maria hilobira joan zan goizean goiz, artean ilun egoala, eta harria hilobitik kendua ikusi eban. 2 Orduan, Simon Pedrogana eta Jesusek maite eban beste ikasleagana bihurtu zan lasterka, eta esan eutsen: «Eroan egin dabe Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini daben».

    3 Urten eben, orduan, Pedrok eta beste ikasleak, eta hilobirantz jo eben. 4 Biak batera joiazan korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago joian, eta lehenago heldu zan hilobira. 5 Barrura begiratzeko makurturik, oihalzerrendak lurrean  egozala ikusi eban, baina ez zan sartu. 6 Heldu zan haren atzetik Simon Pedro, eta sartu zan hilobira. Oihalzerrendak lurrean ikusi ebazan, 7 bai eta Jesusen burua batzen egoniko zapia ere; baina hau ez egoan oihalzerrendekin batera jarria, beste toki baten aparte batuta baino. 8 Orduan, sartu zan beste ikaslea ere, hilobira lehenengo heldu zana. Ikusi eta sinistu egin eban. 9 Izan ere, ordura arte ez eben-eta ikasleek ulertu Liburu Santuak dinoana; hau da: Jesusek hilen artetik biztu egin behar ebala.

    10 Pedro eta beste ikaslea etxeratu egin ziran.


Jesus, Magdalako Mariari agertu

(Mk 16,911)


    11 Maria hilobi ondoan gelditu zan, kanpoan negarrez. Halako baten, oraindik ere negarrez, hilobirantz makurtu zan, 12 eta aingeru bi ikusi ebazan zuriz jantziak, Jesusen gorpua egon zan tokian jesarrita, bata burukaldean eta bestea oinetan. 13 Aingeruek esan eutsoen:

    —Emakume, zergaitik zagoz negarrez?

    Harek erantzun eutsen:

    —Nire Jauna eroan egin dabe, eta ez dakit non ipini daben.

    14 Berehala, atzera begiratu eta Jesus ikusi eban zutunik, baina ez zan konturatu Jesus zanaz. 15 Jesusek esan eutson:

    —Emakume, zergaitik zagoz negarrez? Noren bila zabilz?

    Harek, ortuzaina zalakoan, esan eutson:

    —Jauna, zuk eroan badozu, esaidazu non ipini dozun, eta neuk jasoko dot.

    16 Jesusek esan eutson:

    —Maria!

    Honek, hurreratuz, esan eutson hebreeraz:

    —Rabbuni! (Hau da, Maisu).

    17 Jesusek esan eutson:

    —Itzi naizu*, oraindik ez dot-eta igon Aitagana. Ea, zoaz nire senideengana eta esaiezu neure eta zuen Aitagana noala, neure eta zuen Jainkoagana.

    18 Magdalako Mariak joan eta ikasleei barri hau emon eutsen: «Jauna ikusi dot». Eta Harek esana kontatu eutsen.


Jesus ikasleei agertu


    19 Asteko lehen egun haretan bertan, arratsean, ikasleak etxe baten baturik egozan; juduagintarien bildurrez, ateak itxirik eukezan. Sartu zan Jesus eta, erdian jarririk, agurtu ebazan esanez: «Bakea zuei». 20 Gero, eskuak eta saihetsa* erakutsi eutsezan. Pozez bete ziran ikasleak Jauna ikustean.

    21 Jesusek barriro esan eutsen: «Bakea zuei. Aitak ni bialdu nauan lez bialtzen zaituet nik zuek ». 22 Eta hareen gainera arnasa botaz, esan eutsen: «Hartu eizue Espiritu Santua. 23 Zuek pekatuak parkatzen deutsezuezanei parkatu egingo deutsez Jainkoak ere; zuek parkamena ukatzen deutsezuenei, ukatu egingo deutse».


Jesus eta Tomas


    24 Tomas, Hamabietako bat, Bikia eritzona, ez egoan hareekin Jesus etorri zanean. 25 Alkartu ziranean, beste ikasleek esan eutsoen:

    —Jauna ikusi dogu.

    Tomasek erantzun eutsen:

    —Haren eskuetan untzeen seinalea ikusten ez badot, eta nire atzamarra untzezuloetan eta nire eskua haren saihetszuloan sartzen ez badot, ez dot ezelan ere sinistuko.

    26 Zortzi egunen buruan, etxean egozan barriro ikasleak, eta Tomas ere bertan zan. Ateak itxita egozan arren, sartu zan Jesus eta, erdian jarririk, agurtu ebazan esanez: «Bakea zuei». 27 Gero, esan eutson Tomasi:

    —Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihetszuloan. Eta ez izan sinisgogor, sinistedun baino.

    28 Tomasek erantzun eutson:

    —Ene Jauna eta ene Jainkoa!

    29 Jesusek esan eutson:

    —Ikusi nozulako sinistu dozu? Zorionekoak ikusi barik sinisten dabenak.


Ebanjelioaren helburua


    30 Mirarizko beste seinale asko egin ebazan Jesusek bere ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez dagozanak. 31 Hemen kontatuak Jesus Mesias eta Jainkoaren Semea dala sinistu daizuen idatzi dira eta, sinistuz, betiko bizia izan daizuen hari esker.


ERANSKINA* (21,125)


Jesus zazpi ikasleri agertu


    21,1 Geroxeago, barriro agertu jaken Jesus bere ikasleei Tiberiades aintziraertzean. Honela gertatu zan agerpena: 2 Alkarregaz egozan Simon Pedro, Tomas —Bikia eritzona—, Natanael —Galileako Kanakoa—, Zebedeoren semeak eta beste ikasle bi. 3 Hortan, Simon Pedrok esan eutsen:

    —Arrantzura noa.

    Besteek erantzun eutsoen:

    —Zeugaz goaz geu ere.

    Urten eta untziratu egin ziran. Baina gau haretan ez eben ezer harrapatu.

    4 Eguna argitu ebanean, aintziraertzean agertu zan Jesus; baina ikasleak ez ziran konturatu Jesus zala. 5 Jesusek esan eutsen:

    —Mutilok, badozue jatekorik?

    Hareek erantzun:

    —Ez.

    6 Jesusek esan eutsen:

    —Bota sarea txalupearen eskoira eta aurkituko dozue.

    Hala egin eben. Eta hainbeste arrain harrapatu ebenez, ez ziran sarea aterateko gauza. 7 Orduan, Jesusek maite eban ikasle harek esan eutson Pedrori: «Jauna da». Simon Pedrok, Jauna zala entzun bezain laster, soinekoa jantzi (erantzita eukan-eta) eta salto egin eban uretara. 8 Gainerako ikasleak txalupaz joan ziran, sarea arrainekaz tiraka ekarrela, lehorretik hurrean egozan-eta, ehunen bat metrora.

    9 Lehorreratzean, sutxingarrak ikusi ebezan, gainean arrain bat zala, eta ogia. 10 Jesusek esan eutsen: «Ekarri harrapatu barri dozuezan arrainetariko batzuk».

    11 Igon eban untzira Simon Pedrok eta lehorrera atara eban sarea, ehun eta berrogeita hamahiru arrain handiz betea. Eta, hainbeste izanik ere, ez zan sarea apurtu.

    12 Jesusek esan eutsen: «Etorri gosaltzera».

    Ikasleetako inor ez zan ausartzen nor zan galdetzera, ondo ekien-eta Jauna zana. 13 Orduan, Jesusek, hurreraturik, ogia hartu eta emon egin eutsen, bai eta arraina ere.

    14 Hirugarren aldia zan hau, Jesus, hilen artetik biztu ondoren, bere ikasleei agertzen jakena.


Jesus eta Pedro


    15 Gosaldu ebenean, Jesusek esan eutson Simon Pedrori:

    —Simon, Joanen semea, maiteago nozu honeek baino?

    Harek esan eutson:

    —Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana.

    Orduan, Jesusek:

    —Larratu eizuz nire bildotsak.

    16 Bigarrenez galdetu eutson Jesusek:

    —Simon, Joanen semea, maite nozu?

    Pedrok, barriro:

    —Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana.

    Jesusek orduan:

    —Zaindu nire ardiak.

    17 Hirugarrenez galdetu eutson Jesusek:

    —Simon, Joanen semea, maite nozu?

    Pedro goibeldu egin zan maite eban hirugarrenez galdetu eutsolako, eta erantzun eutson:

    —Jauna, zuk dana dakizu, badakizu maite zaitudana.

    Orduan, esan eutson Jesusek:

    —Larratu eizuz nire ardiak. 18 Benebenetan dinotsut: Gazteago zinanean, zeuk lotzen zendun gerrikoa eta nora joan erabagiten; zahartzean, barriz, zuk besoak luzatu eta beste batek lotuko deutsu gerrikoa eta nahi izango ez dozun lekura eroango zaitu.

    19 Horrela, Jainkoari aintza zelako heriotzeaz* emongo eutson adierazi eban Jesusek. Ondoren, esan eutson:

    —Jarraitu eidazu.


Ikasle maitea


    20 Pedrok bihurtu eta Jesusek maite eban ikaslea ondoren etorrela ikusi eban, afarikoan, burua Jesusen bular gainean jarririk, «Jauna, nor da salduko zaituana?» galdetu eutsona. 21 Ha ikusi ebanean, ba, Pedrok galdetu eutson Jesusi:

    —Jauna, eta hau zer?

    22 Jesusek erantzun eutson:

    —Ni bihurtu arte hori gelditzea nahi badot, zuri zer? Zuk jarraitu neuri.

    23 Hitzok zirala-eta, ikasle ha hilgo ez zalako zurrumurrua zabaldu zan senideen artean. Jesusek, barriz, ez eutson esan ez zala hilgo, beste hau baino: «Ni bihurtu arte hori gelditzea nahi badot, zuri zer?»


Konklusioa


    24 Ikasle haxe da gauza guzti honeetaz testigantza egin dauana eta idatzi dauzana, eta guk ondo dakigu egiazkoa dana haren testigantzea.

    25 Beste gauza asko ere egin ebazan Jesusek. Guztiak bananbanan batuko balira, nik uste mundu osoan ere ez liratekela sartuko idatzi leitekezan liburuak.




https://sites.google.com/site/ebanjelioak/joanena/JOAN.doc?attredirects=0&d=1

ĉ
JOAN.doc
(220k)
Txo Mikel,
11 ene. 2017 23:10
Comments