SARRERA

Bizikasi, EAEko Sare publikoan eskola jazarpenaren aurkako eta elkarbizitza positiborako ezartzen ari den ekimena da. Hau da, era antolatuan, doituan eta hezkuntza neurriak ikasle guztiontzat bermatzen duen eredu errestauratzailetik abiatuta, eskola-jazarpenari aurre egiteko eta elkarbizitza positiborako, garatzen ari den ekimen bat da.

Eskola jazarpena fenomeno sozial konplexua eta paradoxikoa da. Jendarte heteropatriarkalaren ezaugarria den  menderatze-menpekotasun eskema eta isiltasunaren kodea bere erregai  nagusiak izanik, asko eta anitzak dira bertan eragiten duten aldagaiak. Horrez gain, barne kode eta dinamika batez doituta dago, ezkutuan ematen da, iluna eta sakona da, detektatzeko zaila, eta batez ere, min handia eginez, ikasleen ongizate emozionala erabat suntsitzeko potentzialitate izugarria dauka, ikaste-irakaste prozesua bera, arriskuan jarriz.

Beraz, premiazko eta ezinbesteko dugu jazarpenaren inguruan prebentzio neurriak hartzea. Baina, prebentzioari ekiteko ezinbestekoa izango dugu probentzioan urratsak egiten joatea. Hau da, Hezkuntza Sisteman diharduten guztiak formatu, doitu, hornitu, eta aberastu, beharrezko ikuskera, gaitasun, trebezia eta tresneriaz, ikastetxeetan izan litezkeen jazarpen kasuei aurre egiteko.

Horrela bada, Hezkuntza Komunitate osoa izango da, bakoitza bere eremutik eta erantzukizun partekatuaren etengabeko konpromisoari ekinez,  jazarpenaren aurrean tinko eta gertu jarriko dena ikastetxea jazarpen zona askea bilakatzeko.

Hezkuntza komunitatean bada, bereziki, kolektibo erabakigarria jazarpenari aurre egiteko: ikasleak. Izan ere, hainbat ikerketen ondorioetan azpimarratu egiten da lekukoen erabateko garrantzia jazarpenari aurre egiteko esku-hartze eraginkorra eta iraunkorra garatu nahi bada.

Sarritan, eskola jazarpenak aurrera egiten du jokabide erasotzaileak etekin soziala lortzen duelako berdinen artean. Egoera horretan, lekukoak arazoaren parte dira. Baina lekukoak konponbidearen giltzarria ere izan daitezke. Horretarako, ezinbestekoa dugu, jazarpen dinamikek etekin soziala jaso beharrean, errefusa eragitea eta baztertu beharreko jokabidea izatea. Helburu hori lortzeko funtsezkoa da lekuko kideengan eragitea.

Horretarako, ikasleak prestatu eta ahaldundu egin behar dira, eta hori da, hain zuzen ere, ikasgelan sistematikoki lantzeko aurkeztera gatozkizuen ikasmaterial hauen betekizuna. Finean, ikasleak banakako zein kolektiboki hartutako konpromisoen bitartez, beraiek izatea jazarpenarekin lotutako jokabideak moztuko dituztenak.