Justifikazioa

 

           

            Lan honek balioak eta teknologia berriak uztartzea du helburu nagusia, bizikidetzaren atal bat osatu, eta, osotasunean, marko orokor bat eraikitzea da haren xedea.

Dima-Ugarana LHIn bizikidetza-proiektua jarri genuen abian duela zenbait ikasturte. Proiektu horren helmuga ikasleak konpetentzietan eta balioetan heztea da, era inklusibo eta eraikitzaile batean. Hori guztia ahalbidetzeko, ikastetxeak ikasbide  sistematizatua du, ikasleei jarrerak, trebetasunak eta estrategiak eskuratzen laguntzeko.

Plangintza horrek Haur Hezkuntzako bi urteko ikasleetatik hasita Lehen Hezkuntzako seigarren maila arteko ikasleak hartzen ditu barnean, eta, hilero eta mailaka, hainbat eremu lantzen ditu ikasleekin: emozioen eremua, identitatearen eremua, gorputzaren eremua, adimenaren eremua eta gizartearen eremua, batez ere.

Hemen aurkezten den materiala, HGEH edo Alternatiba deritzon ikasgaian lantzeko da. Helburua, esan bezala, balioak landuz ikasleak teknologia berrietan murgiltzea eta trebatzea da, eguneroko gizarteari eraginkortasunez aurre egiteko.

Lan honetan Haur Hezkuntzako lau eta bost urteko ikasleekin erabiltzeko materiala aurki dezakegu. Maila bakoitzeko, proposamen didaktikoa eta Open Oficceko diapositiba-bilduma prestatu dugu, baina argibide edo ildo batzuk besterik ez dira: irakasleak berak erabaki beharko du zer eta nola erabili. Materialean aurkezten diren jarduerak hiru azpisailetan sailka daitezke: alde batetik, irakasleak berak erabiltzeko (ipuinak…); beste batetik, irakasleak ikasleak bideratzeko (hausnarketa sorrarazteko proposamenak…); eta, azkenik, ikasleek burutu behar dituzten jarduerak. Hala ere, kontuan hartu behar dugu aurkezten diren jarduerak lagungarriak eta baliagarriak direla, bereziki, gure ikastetxean zehaztutako helburuak lortzeko; hau da, teknologia berrietara hurbiltzeko eta, aldi berean, balioak eta emozioak lantzeko.

Diapositiben diseinua erakargarriago egiteko, hainbat jatorritako marrazkiak baliatu ditugu, den-denak software librekoak. Marrazkiei dagozkien jatorri zehatzak proposamen didaktikoen bukaeran zerrendatu ditugu. Izan ere, ikasleen adina kontuan hartuta, arreta marrazkian bertan ardaztu beharra dago, eta, marrazkiaren jatorria bertan adieraziz gero, arreta desbideratzeko arriskua nabaria da.

Eskolako ordutegiaren banaketa kontuan izanik, astean saio bat eta erdi eskainiko zaio proposamen honi. Horietako batzuk gelan bertan izango ditugu; besteak, berriz, informatika-gelan.

Bukatzeko, argi eta garbi izan behar dugu teknologia berriak ezagutzeak eta egoki erabiltzeak berebiziko garrantzia dutela egungo gizartearen eskari eta premiei erantzuteko. Hori dela eta, errealitate horretara adinean ahalik eta arinen hurbiltzea interesgarria eta beharrezkoa iruditzen zaigu, eta, gure ustez, horrek aukera paregabea eskaintzen digu, aldi berean, balioak eta emozioak lantzeko.