ESKU PILOTARIEN BIGARREN BELAUNALDIA

Atano III

 

Baina kirol legez, txapelduna bere handitasunean makurtuko zuena agertu zen, eta gizon erraldoi hau goiko mailatik betiko botako zuena Azkoitiar ahul eta esku bigundun bat izan zen, pilota munduan “Atano III” ezizenaz ezagutarazi zena.

 

Mariano Juaristi Mendizabal Azkoitian jaio zen 1904-ko Otsailak 24an, Mondragones baino 13 urte geroago, Atano baserrian. Aita bertsolaria eta anaiak pilotariak zituen (Atano I eta Atano II).

 

Pilotari txiki eta bizia zen. Flexibilitate eta errefleju itzelak zituena eta arkupeetan pilotan ikasia. Esku soltea eta ezker onekoa zen. Honetaz aparte, bere sake pozoitsua aipatu beharra dago, bai luzea, bai laburra, zazpi kuadrora hilik heltzen ziren eta ezker horman sartutako pilotak nahiz kontra kantxara ziztu bizian sekulako efektuaz joaten bait ziren sake hauek.

 

Kolpe izugarria zuen bere altuerako pilotari batentzat, esku gozoa zen ezker eta eskuinez baina esku hauek, horren beste gozatzen zutenak oso ahulak ziren. Atano III-a 1920-tik 1948-ra frontoian ibilia, bere garairik onenean ere, dozena bat partidu baino ez zituen jolasten urtero.

 

Hala ere, ahultasun hau dela eta diru gehiago lortu zuen. Lehen mailako pilotari batzuek 80 edo 90 pezeta irabazte zuten partiduko eta Mondragones eta Atano II-ak 250 eta 150 pezeta inguru. Baina Atano III-ak 1928 inguruan binakako partiduko 6000 pezeta kobratzen zituen eta 7000 buruz buruko bakoitzagatik. Partiduak jolastu baino asteak lehenago sarreren prezioak asko igotzen ziren eta hala eta guzti denak saltzen ziren.

 

Atano III-a Txapelhaundi ezizenez ezagutzen zen baita ere. Ilea galarazten zion gaisotasun bat dela eta beti txapelaz jolasten zuelako.

 

Bere jokoa zela eta, berehala ikusi zen Mondragneseri irabazteko gai izan zitekeela, eta bien arteko partidua denbora kontua baino ez zen izango.

 

Eta nola ez Juan Bautista Azkarate, frontoietako gizalegetsuak, ez zuen desafioa arbuiatu eta onartu egin zuen.

 

Oraindik lau puntu garrantzitsu zeuden negoziatzeko:

 

 Jolastu beharreko partidu kopurua, zein frontoitan, ze pelotarekin eta sakearen kontua. Negoziazio gogor batzuk eta gero, azkenik zera adostu zen: Hiru partidu jolastuko ziren, hiru hilabeteko gehienezko epean. Aukeratutako frontoiak Donostiako “Moderno”, Eibarko Astelehena, eta Bilboko Euskalduna izan ziren. 1926-ko Urriak 31an, Azaroak 7an eta Abenduak 5an jolastuko ziren. Pelotari bietako edozeinek atzerapen bat eska zezakeen, beti ere hiru hilabete horretako epe barnean jokatu beharko zelarik.

 

Lehenengo bi partiduak jokatu eta Atano III-ak irabazi zituen 22-19-ko emaitzaz biak ere. Partidu biak irabazita ez zen beharrezkoa hirugarrena jolastea baina Bilbotarrek protesta egin eta gero eta Atano III-ak atzerapen bat eskatu eta gero, Azkenik, 1927-ko lehenengo egunean jokatu zuten 22-9 ko emaitzaz. Hau ere, Atano III-ren aldekoa izan zelarik.