46 urte bete dira Mendebaldeko Sahara Marokok okupatu zuenetik, Espainiako Estatuaren oniritziarekin. Ordutik hona, Herri Sahararra behartua izan da bere giza eskubideak zapaltzen dituen herrialde baten okupaziopean bizitzera, edota munduko deserturik lehorrenaren erdian dauden Tindufeko saharar errefuxiatu kanpamentuetan bizirautera, edota haien lurraldetik urrun emigratzera.
Saharar errefuxiatuen kanpamentuak
Duela 46 urte baino gehiago Herri Sahararrak bere lurraldetik ihes egin eta Argeliak utzitako lur zati batean (Argeliako hammadan) kokatu zenetik hona, errefuxiatu sahararren kanpamentuen egoera asko aldatu da.
Udako tenperatura 50ºCtik gorakoa den eta neguko hotzak izozten duen lurralde honetara heldu zirenean, area besterik ez zuten aurkitu. Baina Herri honen ezaugarri diren antolaketa eta elkartasunari esker desertuan modu duin batean bizi ahal izateko toki bat eraiki dute, haien lurraldera itzuli bitartean.
Gaur egun, Mendebaldeko Sahara, Maroko eta Mauritaniaren mugetatik gertu, Tindufen, Argelian, kokatutako kanpamentuak 5 wilayatan (kanpamentu edo barrutia) antolatuta daude. Wilaya bakoitza Mendebaldeko Saharako hiri garrantzitsuenetako baten izena jaso du: Aaiun, Smara, Dajla, Auserd eta Bojador. Horietaz gain, Rabounni izeneko zonalde administratibo bat ere badago.
Basamortuak ez dauka errefuxiatu guztientzako elikagaiak emateko gaitasunik, urteetan zehar hainbat elikagai ekoizpen proiektu gauzatu badira ere (ortu txikiak, oilo etxalde bat, gamelu eta ahuntz taldeak…). Errefuxiatuek, errefuxiatu moduan bizi izan behar izatearen ondorioz, kontsumitzen dituzten elikagai gehienak Laguntza Humanitarioaren bidez jasotzen dituzte, bai ACNUR edo PAM bezalako nazioarteko Agentzien eskutik, baita gizarte zibilaren elkartasunaren isla diren elikagai karabanen bitartez.
Horren ondorioz, jaten dituzten elikagaien artean aniztasunik ez izatea sortzen du (gehien bat lekale eta zerealak jaten dituzte), eta elikagai fresko eta proteina iturri gutxi izatea. Horrek guztiak anemia, diabetesa edota malnutrizioa bezalako arazoak sortzen ditu.
Kanpamentuetako etxebizitzek, orokorrean, bi elementu izaten dituzte: haimma bat (kanpadenda modukoa) eta adobezko eraikin bat. Bata bero gehien egiten duen hilabeteetarako balio du, eta besteak hilabete hotzenetarako; basamortuko klimaren eraso bortitzen kontrako estruktura egonkorrago bat izateaz gain (haize bortitzak, momentu puntualetako euriteak…).
Kanpamentuetan osasun sistema zabala dago, baina pertsonala eta errekurtsoak falta zaizkio. Lehen arretako zentroak, wilayako ospitaleak eta ospitale orokor bat daude.
Sahararren artean ematen diren osasun arazo nagusiak jasotzen duten elikadura, uraren kalitatea eta basamortuaren baldintza gogorretatik eratorriak dira.
Kanpamentuetako hezkuntza sistemak bertako biztanleriaren egoera kulturala aldatzea lortu du. Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenean sahararren arteko analfabetismo tasa %95ekoa zen, kolonizazio espainiarraren oinordetza. Gaur egun, 40 urte baino gehiagoko erbesteratzea eta gero, analfabetismo tasa %10etik behera dago, eta SEAD Afrikako alfabetatze mailarik altuena duen bigarren herrialdean bilakatu da, UNESCOren azken datuen arabera.
Daira guztietan haurtzaindegiak daude, eta wilayetan lehen hezkuntzako eskolak. Bigarren Hezkuntzarako barnetegiak eraiki dira, eta hainbat ikasle Argelia edo Cubako unibertsitateetara doaz. Analfabetismoarekin bukatzeko esfortzu handia egin da, eta heldu gehienek irakurri eta idazten ikasteko aukera dute. Horretaz gain, hainbat dairetan hezkuntza bereziko zentroak daude ere.
Ura desertuko altxorrik preziatuena da. Kanpamentu batzuk akuiferoak dituzte behealdean, baina ura gazia da eta ezin da giza-kontsumorako erabili. Hargatik, ura lortzeko putzu sakonetara jo behar dago, potabilizatu eta biztanleen artean kamioien bitartez banatu. Familia bakoitzak hilabetean behin, batez beste, betetzen den ur-biltegi bat dauka (metalezkoa edo plastikozkoa), pertsonako 20 litro eguneko baino gutxiago bermatzen dituena (emergentzia egoeratarako estandarrek zehazten dutena baino gutxiago, alegia).