Jangela-zerbitzua

Ikastolako sukaldean bertan prestatutako otorduak, etxeko otorduak, izango dituzte ikasle guzti-guztiek; aurten lehenengoz. Elikadura ohitura guztiak zein dieta bereziak aintzat hartzen ditugu otorduak prestatzean. Elikadura ohitura egokiak sustatzeko eta, beste zerbitzuen gisan, jangelako ordua ere hezkuntza proiektuaren parte izateko dihardugu lanean.

MENUAK

Hilero eguneratuko dira jangelako menuak webgunean.

Elikadura ohitura jakinak badituzue edota haurrak dieta berezia behar badu, eman, mesedez, horren berri zerbitzuak@oreretaikastola.eus helbide elektronikora mezua bidalita. Dieta berezien kasuan, medikuaren ziurtagiria behar da.

Zer dugu bazkaltzeko Ikastolan?

TALDEAK, BEGIRALEAK ETA EGUTEGIA

Ezagutu 2019-20 jangela-zerbitzuaren gaineko xehetasunak:

Haur Hezkuntzako ikasleek jangelarako mantal propioa behar dute.

Komenigarria da Añabitarteko ikasle gazteenek aldatzeko arropa ekartzea; hala behar izanez gero, erabil dezaten. Euria deneko egunetarako zira eta oinetako egokiak ekartzen badituzte, askoz hobe.

GOGOAN HARTZEKOAK...

Jardunaldi murritzeko egunetan:

  • Haur Hezkuntzako ikasleak 14:00etatik 15:00ak bitartean jaso behar dira.
  • Lehen Hezkuntzakoak, garraio-erabiltzaileak ez izan arren, Tulleko geltokira jaitsiko dira autobusez bazkalostean (14:45ean).
  • DBHko erabiltzaileak, klaseak 12:00etan bukatzen dituzten egunetan (jardunaldi murritzeko ikasturteko egunetan, alegia), Errioxa biribilgunera jaitsiko dira 13:30erako.

TARIFAK ETA KONTRATAZIOA

Jangela-zerbitzuaren ordainketa erabileraren baitakoa da: erabiltzen diren jangela-egunen baitan egiten da kobraketa, hurrengo hilaren lehen egunean.

Ohiko erabiltzailea: 5,75€/otordua

Otordu jakinak: 7€/otordua

Kontratazioa aldatu, bertan behera utzi edo egun jakinak kontratatu nahi dituzue?

  • Zerbitzuaren kontratazioa urtekoa, denboraldi baterakoa edota egun jakinetarakoa izan daiteke.
  • Ikastolaz kanpoko arrazoiengatik (gaixoaldiak, mediku-hitzorduak...) haurra jangelara ez dela joango abisatuz gero, ez da kobratuko. Beranduenez, egunean bertan goizeko 10:00ak baino lehen eman behar da horren berri e-mailez, telefonoz (943 52 03 97) edo whatsappez (660 371 526).
  • Ikastolak antolatutako ekintzengatik (irtenaldiak...) ez bada haurra jangelara joango, ez da abisatu beharrik. Kasu horietan, Ikastolako arduradunak beraiek arduratuko dira egun horretako jangela ez kobratzeaz.
  • Ikasturtean zeharreko egun solteetarako jangela-zerbitzua kontratatzeko aukera badago. E-mailez, telefonoz (943 52 03 97) edo whatsappez (660 371 526) kontrata daiteke. Beranduenez, egunean bertan goizeko 10:00ak baino lehen eman behar da horren berri.


GOGOAN HARTZEKOAK...

  • Aurten lehenengoz, ez da txartelik beharko jangelako egun jakinak kontratatzeko.

ARAUDIA

IKASLEAK

  • Jangelarako joan-etorriak begiralearekin egingo dira.
  • Jangelako sarrera-irteerak egoki egingo dira: lasaitasunez, eta bultzakada, korrikaldi eta liskarrik gabe.
  • Ikasleak komunera joango dira eskuak garbitzera mahaiean eseri aurretik.
  • Jangelako hizkuntza euskara izango da.
  • Mahaiko elkarrizketak hizkera egokian egingo dira.
  • Ikasleek jangelako altzariak zainduko dituzte. Erabilera desegokiagatik ikasleren batek kalterik eragingo balu, konponketa hark ordaindu beharko du.
  • Ikaslea jangelako tresnak egoki erabiltzen saiatuko da. Haur Hezkuntzako ikasleei lagundu egingo zaie helburu hori lortu artean.
  • Nahitaezkoa da ikasleek plater bakoitzeko gutxieneko kantitatea jatea. Haur Hezkuntzako ikasleekin eta ikasle berriekin malgutasunez jokatuko da.
  • Ikasleak, iradokizunen balu edo zerbait behar izanez gero, errespetuz eskatuko dio begiraleari: eskua altxatuko du, eserita egongo da eta ez da lekuz mugituko.
  • Jangelako begiraleak eta langileak errespetuz tratatuko dira eta haien erabakiak errespetatuko dira.
  • Klase-ordurik gabeko tarteetan, ikasleak ezin izango dira geletara sartu arduradunaren baimenik gabe. Halaber, ezin izango dira Ikastolako eremutik kanpo ere ibili.
  • Ikastolako arduradunak arauak behin eta berriz hausten dituen ikaslearen jarrera hobetzen saiatuko dira elkarrizketaren bitartez. Horrez gain, gurasoak horren jakitun egingo ditu Ikastolak. Horiek eginda ere ikasleak jarrera aldatzen ez badu, diziplinazko neurria ezarriko zaio eta jangela-zerbitzua erabiltzeko eskubidea galdu ahal izango du.


IKASTOLAKO LANGILEAK

  • Ikastolako langileak patxadaz, pazientziaz, atentzioz eta egoki zuzenduko zaizkie ikasleei.
  • Malgutasunez, koherentziaz eta arduraz jokatuko dute.
  • Jangelako ordua hezkuntza proiektuaren parte izateko irizpideen baitan egingo dute lan.
  • Euskara izango da lanerako hizkuntza.
  • Ikastolako langileen ardura da jangelako joan-etorriak behar bezala egitea.
  • Jangelako sarrera-irteerak, otorduak berak eta bazkalosteko tarteak lasaiak, egokiak eta errespetuzkoak direla bermatzen saiatuko dira.
  • Ikastolako langileek jangelako arauak errespetaraziko dituzte.
  • Elikadura- eta jan-ohitura egokiak sustatuko dituzte. Baita bizikidetzarako oinarrizko jokabideak ere.
  • Jangelaren funtzionamendu egokiaz arduratuko dira. Hala dagokionean, aldez aurretik adostutako disziplinazko nerriak betearazteaz arduratuko dira.


Ikus Ikastolako Funtzionamendu eta Elkarbizitzarako Araudia

Informazio gehiagorako: Maider Veramendi (zerbitzu-arduraduna)

zerbitzuak@oreretaikastola.eus / Tel.: 943 52 03 97 (luzapena: 224)