Garraio-zerbitzua

Ikastolak garraio-zerbitzu eroso eta hurbila eskaintzen du herriko hiriguneko edozein auzotatik Añabitarteko eraikinetara igo eta jaisteko. Garraioa Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleei zuzendutako zerbitzua da, beraz.

IBILBIDEAK, GELTOKIAK, ORDUTEGIA ETA BEGIRALEAK

Ezagutu 2019-20 garraio-zerbitzuaren gaineko xehetasunak:

Ordutegia eta ibilbideak aurrez egiaztatuta badaude ere, komenigarria da aipatu ordua baino 5 minutu lehenago egotea geltokian.

Ikastolari dagokio garraio-zerbitzuaren antolaketa. Ikastolaren eskumenekoa da autobusen ibilbideak, geltokien kokaguneak eta ikasleei dagozkien geltokiak zein diren erabakitzea.

Nahitaezkoa da ikasleek ikasturte hasieran egokitu zaizkien autobus eta geltoki berak erabiltzea kurtso osoan zehar. Aldaketak egiteko, hala dagokion baimena behar da.

GOGOAN HARTZEKOAK...

  • Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleek zinta bat eramango dute lehen astean. Zinta horretan ikaslearen izena eta dagokion geltokia azaldu behar dira.
  • DBHko autobusek arratsaldeko jaitsieraren ibilbidea egingo dute eguerdian, jardunaldi murritza eta goizeko jarduna den egunetan (ikasturte hasierako eta amaierako egunetan, Eguberrietako oporrak hartu aurreko azken egunean, eta ikasturtean zeharreko asteazken eta ostiraletan).

TARIFAK ETA KONTRATAZIOA

Kontratazioa aldatu, bertan behera utzi edo bidaia jakinak kontratatu nahi dituzue?

  • Asteko egunen batean (bakarrean bada ere) hiru bidaia edo gehiago egingo baditu haurrak, 66€ kobratuko dira hilean; eserlekua erreserbatu egin behar baita.
  • Zerbitzuaren kontratazioa urtekoa eta kuota bitartekoa da. Hamar kuotetan ordaintzen da (irailetik ekainera).
  • Ikasturte osoko edo denboraldi bateko kontratazio-aldaketa, edota zerbitzu- hartze edo -uzte eskaerak zerbitzu-arduradunari egin behar zaizkio e-mailez edo telefonoz (943 52 03 97). Hark aztertu eta, hala badagokio, emango du onartutzat eskaera. Eskariaren onarpena beharrezkoa da.
  • Bidaia jakinak e-mailez, telefonoz (943 52 03 97) edo whatsappez (660 371 526) kontrata daitezke.
  • Ikastolaren eskumenetik kanpoko gertakariren bategatik zerbitzua eskaintzerik ez dagoenean, ez da itzulketarik egingo; kuota bitartez ordaintzen den zerbitzua baita.

ARAUDIA

IKASLEAK

  • Ikasleak autobuseko begiralea eta gidaria errespetatu behar ditu, baita Ikastolako beste edozein langile ere. Haien erabakiak errespetatuko dira.
  • Autobuseko hizkuntza euskara izango da.
  • Ikaslea bere eserlekuan behar bezala eserita joango da segurtasun-uhala jarrita. Gainontzeko segurtasun-neurriak ere beteko ditu.
  • Autobusean eserita joan behar da, garraisirik egin eta liskarrik sortu gabe. Autobusean ezin da jan. Segurtasunaren mesedetan, autobusean ezin dira jostailuak, baloiak, pilotak... erabili.
  • Autobuseko altzariak eta bestelakoak (gortinak, burukoak...) modu egokian erabili behar dira. Erabilera desegokiagatik ikasleren batek kalterik eragingo balu, konponketa hark ordaindu beharko du.
  • Autobusetako sarrera-irteerak modu egokian egingo dira, bultzakadarik eta korrikaldirik gabe. Ikasleak segurtasun-neurriak errespetatuko ditu autobusaren zain dagoen bitartean: Añabitarten, hesiaren barrualdean egongo da; geltokian, berriz, espaloian.
  • Eskolak amaitzean, ikaslea geltokira joango da eta bertan itxarongo dio autobusari.
  • Ikaslea familiaren ardurapean egongo da, bai geltokirako bidean baita geltokian bertan ere autobusa iritsi bitartean. Autobusetik jaistean, ikaslea familiaren ardurapean geratuko da. Lehen Hezkuntzako ikasleen kasuan, etxera edo dena delako lekura bakarrik joateko baimena badu, begiraleari jakinarazi behar dio ikasleak berak edo haren arduradunak.
  • Ikastolako arduradunak arauak behin eta berriz hausten dituen ikaslearen jarrera hobetzen saiatuko dira elkarrizketaren bitartez. Horrez gain, gurasoak horren jakitun egingo ditu Ikastolak. Horiek eginda ere ikasleak jarrera aldatzen ez badu, diziplinazko neurria ezarriko zaio eta autobus-zerbitzua erabiltzeko eskubidea galdu ahal izango du.


IKASTOLAKO ARDURADUNAK

  • Ikastolako langileak patxadaz, pazientziaz, atentzioz eta egoki zuzenduko zaizkie ikasleei.
  • Malgutasunez, koherentziaz eta arduraz jokatuko dute.
  • Garraio-zerbitzua hezkuntza proiektuaren parte izateko irizpideen baitan egingo dute lan.
  • Euskara izango da lanerako hizkuntza.
  • Autobuseko sarrera-irteerak lasaiak, egokiak eta errespetuzkoak direla bermatzen saiatuko dira.
  • Ikastolako langileek garraio-zerbitzuko arauak errespetaraziko dituzte, bereziki, segurtasunaren mesedetan. Baita bizikidetzarako oinarrizko jokabideak sustatu ere.
  • Ikastolako langileen ardura da autobuseko joan-etorriak behar bezala egitea, ikaslea herriko geltokian hartzen dutenetik bertan uzten duten arte, haren arduradunaren ardurapean (ikasleak etxera edo dena delako lekura bere kabuz joateko baimena duenetan izan ezik).
  • Garraio-zerbitzuaren funtzionamendu egokiaz arduratuko dira. Hala dagokionean, aldez aurretik adostutako disziplinazko nerriak betearazteaz arduratuko dira.


Ikus Ikastolako Funtzionamendu eta Elkarbizitzarako Araudia

Informazio gehiagorako: Maider Veramendi (zerbitzu-arduraduna)

zerbitzuak@oreretaikastola.eus / Tel.: 943 52 03 97 (luzapena: 224)