Gurasoen txokoa

Txoko honetan, erabilgarria izango duzun hainbat material bildu nahi izan dugu. Gehienak ERANAFARROA.EUS webgunetik harturikoak, webgune hau Nafarroako hainbat euskara zerbitzuk elkarlanean osatu dute eta harribitxi bat da, gaurkoan zurekin konpartitu nahi duguna. Gozatu eta erabili!

Dekalogoa: 10 aholku euskaraz hazteko

Zenbat gairen inguruko dekalogoak ezagutzen ditugu? Osasuna, elikadura, ingurumena, … Interneten ohikoak dira horrelakoak, baita gomendio sorta, iritziak, edo egitekoen zerrendak ere. Horien guztien ondoan, zergatik ez haurrak euskaraz hazteko dekalogoa? Hona hemen:

Etxean…

1. Erabili hizkuntza jolasteko eta jolasa hizkuntza barneratzeko: aho korapiloak, jostailuak, onomatopeiak, haurren hizkera … Dena izan daiteke jolas, gozatu!

2. Baliatu euskarazko kantuak etxeko edozein egoera festa bihurtzeko. Estresaren kontra, seme-alabekin dantza egin eta ozenki abestu! ERAn abesti zerrenda asko topatuko dituzu adinka sailkatuta; etxeko kontuetarako, jolasteko, urtebetetze eta sehaska kantuak…

3. Aukeratu marrazki bizidunak euskaraz. Telebistaren aurrean pasatutako orduak hizkuntza aberasteko denbora izanen da. Pantaila txikietarako ere bilatu app-ak euskaraz!

4. Haurrak lotara doazen unea magikoa izan daiteke. Zabaldu irudimenaren atea ipuinekin edo lotarako kantuek gordetzen duten poesiarekin. Handitzen direnean hurbildu komikien mundura, irakurzaletasunerako zubia izan daitezke.

5. Izan eredu zure seme-alabentzat eguneroko errutinetan eta euskararekiko interesa eta maitasuna adierazi…

Etxetik kanpo…

6. Aukeratu euskarazko eskaintza aisialdiko jardueretan. Haurrek eskolaz kanpoko jarduera askotan parte hartzen dute: kirola, musika, dantza, eskulanak, antzerkia … Aisialdia tresna hobezina da eskolan eskuratutako gaitasun linguistikoak garatzeko eta, bide batez, modu informalagoak bereganatzeko.

7. Ezagutu euskarazko kultur eskaintza zabala, zure seme-alabentzat nahi adina aukera duzu-eta: antzerkia, zinema, musikalak, ipuin-kontaketak, zirkua, magia…

8. Erabili euskara zure inguruko beste familiekin eta guraso eta parke-lagun ekimenetan parte-hartzera animatu.

9. Udan ez eman oporrik euskarari. Udaleku eta hiri kanpaldietan haurrek lagun berriak egiten dituzte eta, oharkabean, hizkuntza ohiturak sortu eta finkatzen dituzte.

Eta har daitekeen hauturik garrantzitsuenetakoa:

10. Euskarazko irakaskuntzan matrikulatu zure seme-alabak.

© ERA