SASTADAK

Bihotza xehatua duen neskato hautsia,

bizitza etsigarri bat ezkutatzen zuen irribarre batez distiratzen ahalegintzen zen.

Gurasoen maitasuna falta zuen eta kolpeak ugariak ziren.

Aitak amari ematen zizkion jipoiak.

Amaren oinazea eta zorigaitza neskato haren gorputz ttipiaren gainera erortzen ziren.

Ubelduraz betez eta zauri emozionalez betez.

Neskatoak amaren besarkadak besterik ez zituen nahi, baina lanpetuegia zegoen.

Eskolara ttipi sentituz joaten zen, isuri nahi zuen malko bakoitza irensten zuen.

Nortzuk ziren pertsona ezezagun horiek guztiak?

Nola egiten ahal zituen neskatoak lagunak arau sozialak ulertzen ez bazituen?

Neskatoa hazten joan zen eta berarekin batera bere oinaze guztia.

Ez zuen inoiz une batez dena ahantzi ahal izateko leku segururik aurkitu.

Gauero egiten zuen negar, munduari bertzeak bezalakoa izatea erregutuz.

Bertzeen jarrerak behatzen zituen eta erreproduzitzen saiatu,

baina robota bertzerik ez zirudien, horrela deskribatzen zuten ikaskideek,

beraiek benetan uste zuten ez zuela sentimendurik.

Izan ere, horixe zuen jazarpenari aurre egiteko modu bakarra,

isilik geratzen zen,

irain bakoitza, umiliazio bakoitza, axola ez balitzaio bezala.

Ohituta zegoen bizitzak kolpeak eman ziezazkion.

Sastadak

Pitinka gero eta ezegonkorragoa bihurtzen ari zen.

Bertze edonora joanda ere, tratu bera jasotzen zuen.

Ilunpetan erori zen azkenean, amildegi sakon batean,

non bere pentsamenduek amildegitik salto egiteko erraten baitzioten.

Bakea topatzeko modurik errazena.

Baina heriotzatik hurbil egon zenean

bizi nahi zuela konturatu zen,

zoriontasuna zer zen jakin nahi zuen.

Eromena eta ezegonkortasuna hurbiletik ikusi zituen,

eta argi izpi bat aurkitu zuen,

azpimundu haren irteera erakutsi ziona.

Pertsona guztiek ez dute lortzen Argito hori aurkitzea,

anitz amildegi horretan galtzen dira,

bertze anitzek bizia galtzen dute zoriona sentitu gabe,

oinazea hain handia zenez berarekin akabatzea erabaki zuten.

Horregatik nago hemen,

pertsona horietako bakoitzak indarra eman dit zuei transmititzeko

egoera horretatik ateratzen ahal dela,

burua uste baino hauskorragoa dela.

Hitzekin ebaki sakonak egiten ahal dituzue.

Irainak eta isekak zauritzen duten nabalak izaten ahal dira.

Sastadak

Inoiz desagertzen ez diren zauriak bihurtzen dira.

Zuen ikaskideak egoera zailetan egoten ahal dira.

Eta burua ezegonkorra denean, halako tormentua eragiten ahal diezue,

non hondamena konponezina den.

Ongi legoke ikastetxea guztiontzat toki segurua izatea,

denok ongi sentitu eta elkarri laguntzen ahal diogun tokia.

Ez duzue uste?


Jessica Son Puglla León