Erronkaraba






Arabako Berritzeguneak

Kaixo hezitzaile,

Ikasleak etxean sarturik ditugun egun hauetan, eta irakasleen buruhausteak arindu nahian, Gasteizko Berritzeguneetatik, gure aletxoa ekarri nahi izan dugu. Alde batetik sinistuta gaudelako, koiuntura honetan, hobe dela ikasleei erronkak gainditzeko gonbitea egitea, ariketa sorta amaigabeak bidaltzea baino. Bestetik, jarduera irekiak eta konpetentzialak aproposagoak ikusten ditugulako, familiak eta horien baliabide eta egoerak hain anitzak direla ikusita. Honegatik guztiagatik animatu gara baliabide hau eskaintzera. Baliabide bankua baino, inspirazio iturri izateko asmoa duena. Zinez espero dugu baliagarria izatea.

Modu berean, hezitzaile, erronka hauek zure beharretara egokitzean, hiru printzipio hauek kontuan har ditzazun proposatzen dizugu:



  1. Feedbacka

Ikasleari edozein erronka proposatzerakoan, ezinbestekoa da etengabeko feedbaka egotea prozesu osoan zehar. Haurrek, erronka burutzean, zalantza asko eta desberdinak izango dituzte. Horregatik oso garrantzitsua da prozesu osoan zehar irakaslearekin kontaktua izatea ongi dabilela baieztatzeko edo, behar izanez gero, norabidea aldatzeko. Feedbacka nola egingo den, hezitzaile, zure eskuetan dago noski. Ahalik eta gehien pertsonalizatzea beharrezkoa izango da ikasleek gertu senti gaitzaten.



  1. Lan kooperatiboa

Dagoeneko antzemango zenuenez, etxeko bakardadean lan egiteak haur eta gaztetxoen isolamendua dakar, besteak beste. Hori dela eta, aparteko ahalegina egin beharko dugu, ikasle bakoitzak egiten duena besteekin partekatzeko edo haur batek beste bati laguntzeko, ikusi Orain ni naiz irakasle! izeneko LHko erronka, adibidez.

Zorioneko kasuetan zure ikasleek izango dute era kooperatiboan ikasteko aukera (drive, classroom...), badakigu, ordea, hori ez dela posible kasu guztietan; eta horietan, hezitzaile, zeu zara ardatza zure haurrak isolatu ez daitezen. Zeu zara beraien arteko zubia.



  1. Irakasleak sortutako bideoak

Argi dago faktore humano eta afektiboa garatu beharra daukagula, bereziki, bizi dugun egoera honetan (irakurri ARGIA aldizkariko artikulu hau). Aurreko bi printzipioekin lotuta, gainera, berebiziko garrantzia ematen diogu, haurrek beren irakaslearen bideo-mezuak jasotzeari.

Hezitzailaren esku gelditzen da erronka hasieran (horiek azaltzeko), bitartean edo bukaeran egitea; baita norberaren irudia bideoan agertzea edo ahotsa baino ez agertzea ere, baina arestian esan bezala, zure ikasleek gertu sentitzea da gakoa.