Portfolioa diseinatzen
Adinaren arabera protfolio formatu bat aukeratuko dugu: kutxa, karpeta, maleta, portfolio digitala.
Ebidentziak jasotzearekin batera prortfolioaren ordenari eta itxurari garrantzia eman behar diogu ikaskuntza prozesua gordetzea benetako altxorra dela sentitu behar dugulako.
Formatua erabakitzerakoan kontuan izan behar dugu zer nolako ebidentzia mota gorde nahi diren: papera, 3 dimentsioko lanak, formatu digitalean egindakoak, argazkiak, bideoak, ...
Gainera, lanak gordetzeko orden eta sailkapen ezberdinak egon daitezke: kronologikoki gordeta, proiektuka, arloka, konpetentziaka, ...
Portfolioaren atalak
Hona hemen zeintzuk izan daitezke portfolioaren atalak:
Portada: jarduera honekin lortu behar dugu ikasleek sentitzea portfolioa garrantzitsua izango dela, zerbait pertsonala eta besteengandik ezberdina izango dela. Adinaren arabera aldatzen joan daiteke.
Aurkibidea: ordena adierazteko era izango da. Ikasleek bere lanak ordenaturik mantentzeko barneratu egin behar dute zein izango den portffolioaren aurkibidea. Batzuetan, atal hau ez da beharrezkoa izango, adibidez dataren arabera ordenatzea erabakitzen bada.
Niri buruz: espazio honetan ikasleak bere buruari buruz hausnarketa egingo du. Nolakoa naizen, zer gauzak ditudan gustuko, zertan ikusten dut nire burua ondo eta zertan hobetu behar, nola ikasten dudan hobeto. Alde emozionala eta motibazioak agertzeko espazioa izan daiteke.
Dokumentazioa edo ebidentziak: portfolioan ezin da dena gorde, aukeraketa bat egin behar da. Aukeraketa hori egiteko irakaslearen rola oso garrantzitsua da txikiak direnean. Berak lagunduko die aukeraketa hori egiten beti ere berarekin interakzioan. Aurrerago ikasleek beraiek gai izango dira aukeratzeko zer lanak gorde eta zeintzuk ez. Ikaskuntza prozesua dokumentatu nahi badugu batzuetan bi lan gorde daitezke hasierakoa eta bukaerakoa eta horrela iksusiko da zertan hobetu dugun (hasierako eta bukaerako ebaluazioaren momentukoak, adibidez). Jasotako ebidentziak iruzkinak izan ditzake bai auto-ebaluazioa, ko-ebaluazioa edo hetero-ebaluazioarenak.
Norberaren Plana eta egunerokoa: irakasleok lortu nahi ditugun helburuak eta haiekin lotutako ebaluazio irizpide eta adierazleak oso argi izan behar ditugu eta ikasleekin partekatu eta adostu behar ditugu. Horretarako askotan, kontrol zerrendak (orientazio oinarriak) edo errubrikak lagungarriak gerta daitezke. Helburu horiek bi mailetan egon daitezke, ikasturte osoan lortzekoak edo proiektu edo gai /arlo bati lotuta. Norberaren Plana ikaskuntzan hobetzeko plan pertsonala da. Plan horretan irakasleekin adosutako helburuak kontuan izango dituzte eta estratagiak ezarriko dituzte helburu horiek lortzeko. Plana denbora jakin baterako diseinatzen da (astea, hilabetea edo hiruhilabetea) eta noizbehinka errebisatu egin behar da. Honekin batera eta errebisio horretan laguntzeko eguneroko bat aurrera eramatea proposatu dezakegu. Egunerokoan egun horretako ikaskuntzen inguruko hausnarketa egiten da: zer ikasi dut gaur, nola sentitu naizen, motibatuta nagoen ala ez, zer galderak bururatu zaizkit horren inguruan, zer gauzak atera zaizkidan ondo ala txarto.
Ebaluaziorako tresnak: ikaskuntzan laguntzen dizkiguten tresnak gordeko ditugu atal honetan, adibidez errubrikak, kontrol zerrendak, ikaskideek, irakasleek edota familien iruzkinak, .... Azken finean ikasteko lagundu egin diguten tresnak eta baliabideak.