Sugeak dira zilindro itxurako gorputz luzedunak, hankarik gabeak eta narrasti haragijaleak. Arrautzetatik jaiotzen dira.
Ez dute entzuten gorrak direlako, baina dardara sumatzen dute. Gorputza ezkatez estalita daukate. Ezin dute keinurik egin, betazalik ez dutelako. Azala lehorra, hotza eta distiratsua dute. Arrastaka ibiltzen dira, eta, azala hondatzen zaienean, osorik aldatzen zaie. Maiz ateratzen dute miztoa, usaintzeko balio dielako.
Mugitu egiten dira beldurtuta, gosez edo urduri daudenean. Beste animalia batzuk edo arrautzak jaten dituzte. Janaria osorik irensten dute, ahoan ezin dutelako txikitu.
Leku hotzetakoek negu guztia lotan pasatzen dute, kobazuloetan edo zuhaitzetan sartuta.
2.800 suge mota daude. Arriskutsuak dira: batzuek harrapakinaren gorputzean biribildu eta ito arte estutzen dute; eta beste batzuek, letaginekin pozoia sartzen dute.
Sugerik handienetakoa pitoia da. Pitoia ez da pozoitsua, baina kiribilduz eta estutuz hiltzen du. Hamar metro luzera neurtu dezake.
Sugerik astunena anakonda da, 180 kiloko pisua har dezake.
Sugerik arriskutsuenak kriskitin-sugea eta kobra dira. Kobra tente jartzen da erasotzeko.