Uretako neurri handiko hegazti palmipedoa da.
Burua handia eta hanka motzak ditu. Hanka motzak direla eta, ibilera astuna eta geldoa du.
Mokoa ikusgarria da. Mokoaren goialdea sendoa, zuzena eta oso luzea da; eta mokoaren punta beherantz okertuta dauka. Mokoaren behealdean, berriz, matrail-hezurrean eta leporaino, poltsa moduko mintz mehea du. Poltsa barruan, umeak elikatzeko janaria gordetzen du. Arrainekin eta krustazeoekin elikatzen da.
Taldean egoten da, eta hegan ere taldean egiten du. Itsasbazterrean eta laku ertzetan bizi da.
Igerilari ona da, eta badaki ur azpian murgiltzen. Oso habia traketsak egiten ditu, eta bizpahiru arrautza erruten ditu. Txitak oso ahul jaiotzen direnez, gurasoek euren moko handietan sartzen dituzte; eta txitek bertako janari xehatua jaten dute.