Hegazti handiena eta astunena da, baina ezin du hegaz egin. Afrikako basamortu eta leku lehorretan bizi da. Hegazti lasterkaria da, eta gai da orduko 65 kilometroko abiadura hartzeko.
Lepo luzea, oso buru txikia eta begi handiak ditu. Hego motzak ditu. Lepoan eta buruan luma txikiak ditu; gorputzekoak, berriz, handiagoak eta ederragoak dira. Luma horiek oso bitxiak direnez, apaintzeko erabiltzen dira. Hanka luze-luzeak ditu, lumarik gabeak, eta, hanketan, bi behatz baino ez ditu.
Emeek lurrean egindako zuloetan bi kilo arteko arrautzak erruten dituzte. Arraren eta emearen artean zaintzen dituzte arrautzak. Ostrukaren arrautzak dira handienak.