Baleak itsas ugaztunak dira, zetazeoen taldekoak. Birikak dauzkate eta ur gainera ateratzen dira arnasa hartzera. Balea batzuek hortzak dauzkate, eta beste batzuek bizarrak.
Udan, ur hotzetako itsasoetara joaten dira janari bila. Moluskuak, planktona eta arrain txikiak jaten dituzte. Janariarekin batera, ura sartzen zaie ahotik, eta, gero, bizkarrean duten zulotik ateratzen dute iturri moduan.
Neguan, itsaso epeletara joaten dira kumeak izateko. Bi edo hiru urtetik behin edukitzen dute kume bakarra. Jaiotzean, lau metro baino gehiago dute luzeran. Balea-amak zaintzen eta babesten du kumea, eta, esnea eman behar dionez, beti harekin bidaiatzen du.
Baleak hots bereziak eginez komunikatzen dira: kurrinkak, orroak eta txistuak egiten dituzte.