URA, ONDARE OSO BEREZIA

Planeta azalaren zatirik handiena urak osatzen badu ere (%70), argi dago gutxi dagoela, eta, gainera, gaizki banatuta. Ehuneko txikia da ur geza –%3 baino ez–, eta ezin da guztia eskuratu; izan ere, zatirik handiena Ipar eta Hego poloetako glaziarretan dago. Uraren %1 soilik eskura dezakegu, lakuetakoa, ibaietakoa eta lur azpian sakonera gutxira dagoena. Euriteekin eta elurteekin, berritu egiten da ur hori. Egoera horri beste eragile bat gaineratu behar zaio; planetako eskualde batzuetan ur asko dago; beste batzuetan, berriz, ia batere ez.

 

Beraz, gizateriaren erdiarentzat baliabide urria da ura. Eta egoera larriagotu egingo da, munduko biztanleria handitzen den heinean uraren kontsumoa handitzen baita, eta gero eta ur gutxiago baitago. Lehen egoera zaila bazen orain aldaketa klimatikoak okerrera eramango du.

 

Gutxi gorabehera, 1.000 haur hiltzen dira egunero ur zikinak edota egokiak ez diren osasun-instalazioek eragindako infekzioengatik; infekzio horiei aurrea har dakieke berez.

Nazio Batuen Erakundeak 2015. urtean onartutako Garapen iraunkorreko Helburuetako batek “2030erako denek edateko ura eta saneamendua izatea ziurtatzea“ dio.

 

Eusko Jaurlaritzaren Garapen Jasangarrirako Estrategiaren xedetako bat “ur garbia eta osasungarria izatea bermatzea“ da. Izan ere, guretzat ere ura baliabide urria da, ezin dugu dena guretzat hartu, baliabide hori beste bizidunekin konpartitzen dugulako; eta bestetik berriz guretzat daukagun uraren zati bat kutsatuta dago.

 

Oso garrantzitsua eta presakakoa da zera ulertzea, ura ekosistemen osagaia dela eta ekosistemen kontserbazioa ezinbestekoa dela bai orain bizi garen gizakion bizi kalitaterako, bai ondorengo belaunaldientzat.


Agenda 21 etik, uraren kontsumoa murrizteko eta hala eskolan nola gure etxeetan ahalik eta gutxien zikintzeko proposamenak landuko ditugu

Uraren erabilgarritasunean eta erabileran herrialde aberats eta pobreen arteko desberdintasun handiak ezagutuko ditugu baita uraren kontrolaren inguruko konfliktoak ere, hala nola baliabidearen neurriz gaineko ustiaketa, kutsadura edo ibaien egoera txarra.