BERRIAK‎ > ‎

Euskararen normalkuntza Koldo Mitxelenan

publicado a la‎(s)‎ 29 oct. 2019 23:36 por Koldo Alijostes Bordagarai   [ actualizado el 31 oct. 2019 6:49 ]
Eneko Etxeberria, Joxema Leitza, Oitia Ortiz de Lazkano eta Endika Larrion.


Koldo Mitxelena institutuak XXIII. Eskola Hiztun Bila jardunaldietan parte hartu zuen. Urriaren 22an eta 23an burutu ziren Bilbon “Euskaraz ahal eta nahi” goiburu pean. Egoera soziolinguistiko desberdinetako 9 ikastetxeren esperientziak aurkeztu ziren bertan eta horietako bat izan zen gurea.

“Euskararen normalizazioa Koldo Mitxelenan” izan zen aurkezpenaren izenburua. Euskara Batzordearen zeregina aipatu zen, ikasleek duten parte-hartzearen garrantzia azpimarratuz. Ikasturtean zehar egiten diren jardueren berri eman ondoren, horiek antolatzeko eta burutzeko ikasleen ezinbesteko inplikazioa nabarmendu zen; izan ere, DBH-ko mailetan 29 ikasleko batzordea dago eta Batxilergoan 30 ikaslekoa (ikasle guztien %13a da hori). 

Galde-erantzunetan parte-hartze honen arrazoiez galdetu zitzaigun eta arrazoi hauek aipatu genituen:

  • Euskarak, sorreratik  bertatik, institutuan izan duen ardatz izaera eta, horren ondorioz, euskara batzordeak duen tradizioa.

  • Ikasleek ardura hartzea giltzarria da. Eta ardura har dezaten, ardura hartzeko aukera eskaini behar zaie. Irakasleen lana euren esku ez dauden gauzetan laguntzea da gehien bat.

  • Irakasleen eta ikasleen arteko harreman horizontalak sustatzea garrantzitsua da, nork bere esparrutik, konfiantzazko giroan, jarduerak diseinatu eta gauzatzeko.

Egiten den guztiaren premian gaudelakoan, geuk ere jaso genuen beste esperientzia batzuen berri. Ea gurean aplikatzeko gai garen!


Comments